Segurtasunerako eta Delinkuentziaren Prebentziorako Tokiko Kontseilua: aitzindu, lagundu eta gaiari kolektiboki lotu

Prebentzioa, lasaitasun publikoa, buru osasuna, bortizkerien aurkako borroka… 2026ko azaroaren 24an, asteartea, Hendaiako Udalak Segurtasunerako eta Delinkuentziaren Prebentziorako Tokiko Kontseiluko partaideak bildu ditu, auzapezaren zuzendaritzapean eta suprefetaren eta Errepublikaren prokuradore laguntzailearen presentzian, aurten eramaniko ekintzei buruzko puntua egiteko eta 2027ko lehentasunak zehazteko.

Hiru lehentasun dira urraspide horren ardatz: lasaitasun publikoa, mendekotasun-jokamoldeen eta jokabide arriskutsuen prebentzioa, eta familien arteko bortizkerien eta bereizkerien aurkako borroka.

Tokian tokiko presentzia indartua

2026an, Hendaiako Udalak bere prebentzio ekintzak aitzina eraman ditu biztanleengandik ahal bezain hurbil, arreta berezia eskainiz gazteen aldera. Ikastetxeetan, udaltzaingoak esku hartu du bide segurtasunaren eta bizikleta baimena prestatzeko programaren harira, besteak beste. Autodefentsarako saioak ere proposatuak izanen zaizkie Aizpurdi lizeoko ikasleei.

Bestalde, udaltzaingoa eta polizia nazionalaren arteko lankidetza indartua izan da, elkarrekin eramaniko esku hartzeen eta prebentzio ekintzen bitartez. Lankidetza operatiboko bost taldek tokiko arazo berezi batzuei egokituriko erantzunak ekartzea ahalbidetu dute. Bideo bidezko babesak ere zenbait auzi argitzean parte hartu dute.

Zenbakien aldetik, polizia nazionalak jakinarazi dituen emaitzek egoera oro har egonkorra dela erakusten dute 2025. urtearen aldean, argituriko kasuak %7,67z emendatu direlarik. Adierazle batzuk hobera ari dira: ohointzek %20,7z gibelera egin dute, beribil barneko ebasteek %19,6z  eta ezkon-bortizkeriek %23z. Joera bihotz-sustagarria da, egintza horien mailak zaintza jarraikia mantentzea eskatzen badu ere.

Gazteak jokabide arriskutsuen aitzinean lagundu

Beste erronka nagusia: mendekotasun-jokamoldeak eta jokabide arriskutsuak aitzintzea. Ikastetxeetan eta auzotegietan animatzaileek astero eramaten dituzten esku hartzeak luzatuak izan dira, France Addiction eta Adoeniako segurtasunezko zerbitzuei ekarririko sostengua bezala. Ikastetxeekin eta elkarteekin eraikiriko herritar ibilbidea ere aitzina eramana izan da.

Udalak urrunago joan nahi izan du hitza gazteei emanez zuzenean. Horrela, Hendaiako 350 gazte baino gehiagok beren kezkak eta beharrak hobeki ulertzeko galdeketa bati erantzun diote.

Ondotik, emaitzak aurkeztuak eta eztabaidatuak izan dira Irandatz eta San Bixente kolegioetako hirugarren urteko bederatzi ikastalderekin. Buru osasuna, eskola-herstura, pantailak, sare sozialak, elikamoldea edota sexualitatea: horra nerabeekin aipaturiko hainbat gai, elkarrizketa akuilatzeko eta buru egin behar dieten erronkak hobeki identifikatzeko.

Urraspide hori Irandatz kolegioan luzatu da bi ikastalderen aldera, Scroll ikuskizunaren inguruko antzerki-eztabaidarekin. Gazteak beren ohitura numerikoak eta sare sozialen erabilera urruntasun gehiagorekin ikustera gomitatzen dituen ekimena.

Bortizkeriak hobeki hauteman eta biktimak lagundu

Familien arteko bortizkerien eta bereizkerien aurkako borroka Segurtasunerako eta Delinkuentziaren Prebentziorako Tokiko Kontseiluko ekintzaren hirugarren atala da. Urte osoan zehar, hainbat kultura- eta sentsibilizazio-ekimen antolatuak izan dira martxoaren 8ko eta azaroaren 25eko egunen harira. Formakuntzak ere proposatuak izan zaizkie profesionalei, besteak beste familien arteko bortizkeriek haurrei eta nerabeei eragiten dizkieten ondorioei eskainiriko hiru eguneko saio bat.

Biktimak laguntzeak lehentasunetako bat izaten jarraitzen du. Orduan, udalak ACJPB, CIDFF eta Bagera-Nous sommes elkarteen segurtasunezko zerbitzuei ekartzen dien sostengua luzatu du, hunkituriko pertsonak informatzeko, bidatzeko eta laguntzeko funtsezko bitartekaritza guneak direlako.

Angela dispositiboa ere maila berri batera iritsi da. Hogei bat aholkulari gazte baino gehiago formatuak izan dira Hendaiako bi kolegioetan. Beren eginkizuna: beren ikaskideak jazarpenari buruz sentsibilizatzea eta jadanik dauden baliabideak eta laguntza aukerak ezagutaraztea.

2027an, talde-dinamika jarraitu eta emendatu

  1. urterako, udalak jadanik dauden dispositiboak sendotu nahi ditu eta lurraldean identifikaturiko arazoei erantzun berriak ekarri.

Lasaitasun publikoaren arloan, gazteen alderako prebentzio ekintzak eta hurbileko esku hartzeak berrituak eta indartuak izanen dira. Gaitasun psikosozialak dituzten esku hartzaileen sare bat sortzea ere lan-bideetako bat da, oieskerien aurkako borroka segitzea bezala.

Buru osasuna eta jokabide arriskutsuak ere arreta berezi baten gaia izanen dira. Hitzordu nagusi bat antolatua izan daiteke hurrengo Buru osasunari buruzko informazio asteen harira, mendekotasunak, jazarpena, bortizkeriak, erabilera numerikoak, elikamoldea eta loa bezalako gaien inguruan.

Azkenik, bortizkerien eta bereizkerien aurkako borroka sentsibilizazio-tresna berri batzuetan, biktimak hautemateko eta bidatzeko sare baten egituratzean eta bortizkeria sexistak eta sexualak seinalatzeko herriko protokolo baten apailatzean oinarritu beharko litzateke. Angela dispositiboa ere indartua izanen da.

Dispositiboez eta programaturiko ekintzez gain, Segurtasunerako eta Delinkuentziaren Prebentziorako Tokiko Kontseilua, oroz gainetik, lurraldeko eragileen arteko lankidetzan oinarritzen da. Herriko zerbitzuak, segurtasun indarrak, ikastetxeak, erakundeak, osasun arloko profesionalak eta gizarte arloko eragileak beren arteko lankidetza jarraitzera gomitatuak dira, zailtasunak hobeki aitzintzeko, ahultasun egoerak identifikatzeko eta erantzun egokiak ekartzeko.

Hendaian, hurbilpen kolektibo horrek xede argia erakusten du: prebentzioa hurbileko lan jarraikia eta partekatua egitea, biztanle guzien segurtasuna, ongizatea eta bizi kalitatea indartzeko gisan.

Navigation de l’article