Zuhaitzen Begiratzeko Nazio mailako Taldea (GNSA) herriko etxean hartua

Errepublika plazaren berriztapena dela eta horko zuhaitzen gaia, bereziki 3 ezki Donoxenera aldatzea, bilkura baten gaia izan da GNSA taldearen Géraldine Jourdan lehendakarietako baten eta Ganix Grabières garapen iraunkorraren auzapezordearen artean, bertan zirelarik ere zerbitzu teknikoen zuzendaria eta Bizi Ingurune eta Ondarearen Kudeaketa Sailetako arduradunak ere. 

Zuhaitzen aldaketari buruzko erabaki hori 2019an herriko zuhaitz handienetaz egin osasun azterketaren ondorioa da. Azterketa horrek zioen zuhaitzak egoera txarrean zirela (zuloak, sostenga ehunen andeatzea, onddoak…) eta, halatan, urtebete eta 10 urte arteko bizitza epea besterik ez zutela.

Azterketa txostenak zenbait zuhaitz lehenbailehen mozteko gomendatzen bazuen ere, hiru zuhaitz besterik ez ziren bota 2019an, eta haien ordez, izari handiko beste zuhaitzak landatu dira.

Herriak ezki gehienak atxikitzea erabaki du, betiere erregularki begiratzen direlarik. Halarik ere, 2022an, ezki bat lehenbailehen bota behar izan zen, arrakala handi bat sortu zitzaiolako. Orduan ikusi genuen kanpoko itxura ona izanik ere, barnea erabat ustel zuela.

Errepublika plazaren berriztapenaren harira, sareetan egin beharreko lanak, zolen estalduren aldatzeko eta plazaren maila berdintzeko lanak bigarren mailako sustrai sistemaren kaltetan gerta litezke eta horrek jadanik ahul diren zuhaitzen kaltetan gerta liteke. Hartara, zuhaitzen erortzeko arriskua areagotuko da eta bizi iraupena laburtuko zaie.

Solas eta gardentasun asmo batekin, Ganix Grabières auzapezordea GNSA taldeari informazioa ematera engaiatu da, datozen asteotan plazarako dauden asmoen plana eta landareztatze plana (zuhaitz kopurua eta espeziea) igorriz. Azkenerako, proiektuak landareztatze handiagoa du aurreikusia.

Ingurumenaren ardura duen hautetsiak baieztatu du herriko etxeak «herria zuhaitzeztatzeko asmoa duela (azterbidean diren proiektuak herri barneko lorategietan eta Jean Jaures ikastetxeko korraleari iragakaiztasuna kendu eta landareztatzea), bai eta atxiki daitekeen guztia atxikitzeko». Nolanahi ere, hori ezinen da egin ondasunen eta pertsonen segurtasunaren kaltetan. Norbait arriskuan jartzea auzapezaren erantzukizuna litzateke. Eta zuhaitzak moztea ez bada ere erraz hartzen den erabakia, erabaki behar ote dugu pertsona baten bizitzak eri den zuhaitz bat atxikitzeak baino garrantzi gutxiago duela?

3 ezki dongoxenera aldatuak

Kontuan hartuz zuhaitzak aldatzeko garai egokiena, 3 ezkiak heldu den astearen hastapenean birlandatuko ditugu. Halako eskuhartze batek zuhaitzek leku berrian berriz ere ez hartzeko arriskuak ditu, baina ahalegin guztiak eginen dira gauzak ongi egin eta guztia ongi atera dadin, leku egokiago batean bizi berria har dezaten. Dongoxenean, ongi hedatzen ahalko dira, kimaketa gutxiago egin beharko zaie eta, hartara, bizi iraupen luzaeagoa ukan dezakete.

aldaketaren xehetasunak

Aldatuak izan ondoren hobe har dezaten, abarrak kimatuko zaizkie aitzinetik. Gero, pala mekaniko batez, zuhaitzaren inguruan zulatu eta lur mokor bat hartuko da. Sustraiak esku zerra batez moztuko dira. Ebakitzen diren sustraien gainean ore orbaintzailea emanen da.

Zuhaitzean zauririk gerta ez dadin, jutezko oihala emanen da enborrera lotuko den uhalaren azpian. Zuhaitzak garabi kamioi batez kargatu eta Dongoxenera zuzenean eramanen dira. Han, aitzinetik eginiko zuloan landatuko dira, ateratzeko hartu diren babes neurri berdinak erabiliz; zuloa lur beltzez estaliko da, zuhaitzak berriz ere har dezan bermatzeko behar diren ongarriak ere emanez.

Zuhaitza hirian politikaz gehiago jakiteko

Hendaiako Herrian, landareen ardura duen lantaldeak zuhaitzetaz arduratzen da bereziki, zuhaitzen kalitate estetikoaz, osasunaz, eta urte osoan zehar aritzen da herrian zuhaitz berriak landatzen. Kimatze eskariak, edota mozketak egiten zaizkie gehienetan, eta, gehien-gehienetan, ez dituzte halako eskariak xuhur-xuhurki baizik betetzen, beste nonahi landatzea ez bada.

 

Navigation de l’article