Antzerkiaren Maiatza: karrika arteei eskainiriko 4 egun

40. edizioaren tinta idortu gabe dagoela, horren oihartzunek oraindik dardaratzen dutelarik jendearen oroimenetan, hara non oihala berriz altxatuko den Antzerkiaren Maiatzaren 41. ediziorako. Antzerkia, dantza, zirkua eta beste arte mota hibrido batzuk nahasten dituen karrika arteen jaialdi saihestezina gero eta ikusgarriagoa da urte batetik bestera. Sarrera libre eta urririk.

Oihala altxatu baino lehen, “40 Antzerkiaren Maiatza gogoratuz” erakusketa aurkeztua izanen da Mendi Zolan kulturgunean apirilaren 22tik maiatzaren 30era, jaialdiaren nortasuna moldatu dutenek luzaturiko oroimen-zeharkaldi baterako gomita. Ondotik, maiatzaren 15 eta 16an, Les Chimères konpainia eta Itsas ospitalea elkarretaratuko dira, kultura eta osasunaren arteko nehoiz ikusi gabeko sorkuntza bat proposatzeko. Maiatzaren 5, 12 eta 21ean, heldu batek lagundauta datozen haurrek Haurren herrixka apaintzeko tailerretan parte hartzen ahalko dute.

Denentzako kultura, etortzen ez direnen bila joatean ere datza. Lehen eta bigarren mailako ikastetxeetako eta lizeoetako ikasleek Donc y chocs konpainiaren « TOM »ekin, 800 litres de pailles konpainiaren « Le mariage forcé »rekin eta Théâtre des Chimères-en « Finalement on est devenus très précis »rekin aski gozatuko dute Erietxeetako eriei ere hitzordu bereziak eskainiko zaizkie Ibawa dantza konpainiarekin, bere sorkuntzak zuzenean haien bizi guneetara eramanen dituelarik.

Jaialdiaren bihotzak mota anitzeko proposamen ausarten erritmoari jarraikiko dio. Les Arts Oseurs konpainiak publikoa lau oreneko auzi batean murgilduko du Héroïne (Emazte heroia) ikuskizunarekin. 2026ko afixaren mundu artistikoa mamitzen duen Mizu ikuskizunak esperientzia paregabea eskainiko du uraren gaineko antzezlan batekin Kaneta badian. Iazko hatsa omentzeko, Mobile Homme eskaini zigun Transe Express konpainia famatuaren sortzaileak diren Burdin-Rhode artistek beren aireko abenturaren zorabioak eta oldarrak kontatuko dizkigute.

Familiek aurkituko dute beren tokia Haurren herrixkan: mugarik gabe partekatzeko eta sortzeko gune bat, aurten leku berri batean kokatua.

Ikuskizun guziak urririk dira. Haatik, leku kopuru mugatuagatik, izena eman beharko da ekitaldi batzuetarako. Publikoari egitaraua irakurtzea edo orrialde honetako informazio baliagarrien atala bisitatzea gomendatzen zaio, sarrera baldintzak ezagutzeko.

Bere nortasunari zintzoki jarraikiz, Antzerkiaren Maiatzak eremu publikoa aire zabaleko agertoki bihurtuko du eta biztanleak eta bisitariak sorkuntza helgarri eta garaikideak ezagutzera gomitatuko ditu. Zuei dagokizue une horiek bizitzea.

Navigation de l’article