Bizi ezazu Euskal Herria jatorrizko bertsioan

Irailaren 1etik 30era, bigarren urtez segidan, komunikazio-kanpaina zabala abiatzen du Euskal Elkargoak, helduek euskara klaseetan izena eman dezaten ikasturte hastapenean. “Vivez le Pays Basque en VO” (Bizi ezazu Euskal Herria
jatorrizko bertsioan) lema mantendu du aurten ere, eta umorea baliatzen du erdaldunak euskarara erakartzeko.

“Ados ne veut pas dire jeune” (“Ados” hitzak ez du frantsesezko nerabeak erran nahi), “Zorro n’est pas un super-héros” (Zorro ez da superheroia), “Gabon ce n’est pas qu’un pays” (Gabon ez da herrialde bat soilik)… Euskal Elkargoak umorea baliatzen du, helduak euskara ikastera akuilatzeko. Izan ere, lema guziak euskara-frantsesa homografietan oinarritzen dira, eta euskaraz ez dakitenen jakin-mina pizten dute. Kanpainaren xedea da jokoa eta umorearen bidez erdaldunek euskararekin lehen harremana izatea eta haiei gure hizkuntza ikasteko gogoa piztea. Gainera, betiere umorea baliatuz, euskaldunei zuzendu irudi espezifikoak sortu dira, haiek ere erdaldunen izen emateak bultza ditzaten.

WEB ORRIA ETA BIDEOKLIPAK

Kanpaina hau www.japprendslebasque.com web orrian ikus daiteke. Webgunea iaz sortu zen, eta lurraldean proposatzen diren formakuntzak biltzen ditu. Euskararen Erakunde Publikoak eta bost formakuntza erakundeek –AEK, Adixkideak Urruñan, Angeluko ikasleak, Elealdi Angelun, Jakinola Baionan– parte hartu dute kanpainan, eta Hendaia bezalako herriek ere horren berri ematen dute.
Aurtengo berritasuna: ikasturte sartzean, irailaren 10etik goiti, egoera komikotasunean oinarritu bideoak zabalduko dira sare sozialetan, jendeek euskara ikasteko gogo bizia izan dezaten!

ZERGATIK HELDUAK?

Datu soziolinguistikoek erakusten dute kasik euskaradunen erdiak 50 urte baino gehiago dituela. Bestalde, lehen mailako irakaskuntzako ikasleen % 41k hezkuntza elebiduna jasotzen du, eta azken urteetan etengabe emendatzen den kopurua da. Baina, bien artean, hau da, 25-
49 urte artekoen baitan, %16 baizik ez da euskalduna. Ondorioz, euskara lurraldean biziarazteko eta euskararen transmisioa bermatzeko ezinbestekoa da jende multzo honek euskara bereganatzea.

Navigation de l’article