Ekoboluntariogoan engaiatu eskautak

Abadia eremuko zaintzaileek Rueil-Malmaison hiriko Frantziako eskout eta giden elkarteko gazteak hartu dituzte bi astez parte hartze bidezko natura lantegi baten karietara.

Kotte Ecenarro auzapezak, Ganix Grabières Bizi Ingurune/Ingurumenaren eta Herritartasunaren arduradun auzapezordeak, Lionel Sevilla Abadia eremuaren babesleak eta Txomin Millet itsasertzaren zaintzaileak eskerrak eman dizkiete eskout gazteei ukan duten parte hartzeagatik. Gosari batetan mintzatu dira elkarrekin garapen iraunkorraren eta naturaguneen kudeaketaren inguruan eraiki duten proiektuari buruz.

Abadia eremuaren itsasertzaren zaintzaileen lantaldea maiz aritzen da parte hartze bidezko natura lantegiak koordinatzen, hala Abadia eremuan nola baita herriko beste naturaguneetan ere, hala nola Zokoburuko hareamuinoetan, Txingudi badian edota Bidasoa ertzeetan.

Halatan, bada, 2023ko uztail honetan, partzuergo bat egin da Frantziako eskout eta giden elkarteak eskaturik eta horrek gazte talde bati eman dio herriko naturaguneen kudeaketa jarduera errazetan aritzeko. Bi aste horietan, goizero, hiru natura lantegi motatan aritu dira:

  • Belar espezie inbaditzaileen kudeaketa, nagusiki Senecio landareak errotik atereaz Zokoburu hareamuinoetan,
  • Girondar hesiak, hau da, gaztainondo latak luzeran mozturik egin hesiak, kokatuz hareamuinoen babesteko,
  • Zuhaixka espezie inbaditzaileen kudeaketa, nagusiki Abadia eremuko zenbait oihanpe inbaditzen dituzten gerezi-erramuak moztuz.

INGURUAN DUTEN MUNDUARI ADI IZATEA

Jarduera horiek guztiak itsasertzaren zaintzaileek gidatu dituzte eta zaintzaileen jarduna laguntzeaz gain, arazoak ulertzeko xedea zuten, bai eta jarduera horiek naturaguneen eta duten bioaniztasunaren babesteko duten garrantzia ulertzeko ere.

Natura bizitzaren ezagutzea haien printzipioetan izateaz gain, gizarte bizitzan engaiatzea ere garrantzitsu zaie. Hori horrela izan eta Haizpean zahar etxeko egoiliarrekin arratsalde bat eman nahi ukan dute eta askaria parteka eta antolaturiko lantegiak animatzen lagundu (abestiak, hizki jokoak, asmakizunak etab…).

Herrian ostatatzea zaila denez eta eremutik hurbil urririk akanpatzeko aukera ukan ez dutenez, 6 gazte horiek akanpaleku batean kokatu dira azkenik. Herri Kontseiluak 375

euroko ezohiko dirulaguntza bozkatu du uztailaren 26an ostatatze gastuetan parte hartzeko.

Navigation de l’article