Bere idurikoak bezala, euskal erle beltza ere mehatxupean da. Hendaiar anitzek, erle horrek dituen arriskuetaz eta gure bioaniztasunerako duen zeregin garrantzitsuaz oharturik, proiektu horren alde bozkatu zuten.
ABERE ETA LANDARE BIOANIZTASUNA BULTZATZEA
Kotte Ecenarro auzapeza, Ganix Grabières Ingurumen eta Herritartasun auzapezordea, jarraipen batzordekide zenbait, Abadia eremuaren zaintzailea eta Michel Echeveste proiektu eramailea erlategiaren kokalekua ikustera hurbildu dira. Herriaren 100m2 zabal den lursail batean da kokatua, leku lasai eta egokian: goizean eguteran, erleak iratzartzean; loreak eta gaztainondoak, haritzak eta akaziak dituen basoa hurbil da, han zer jan atzeman dezaten.
Proiektuak behar zuen erlezaintza materiala erosi du Hendaiako Herriak eta Michel Echevesteri utzi dio hitzarmen batez; kofoinak ditu, kofointxoak eta bestelako material bereizi; orotara 1202 €.
Tokiko etxe erleen multzoak atxikitzeko balioko du, erlekumeak sortzen lagunduko baitu, bai eta orotako intsektu polinizatzaile espezieetakoak ere. Gainera, asiar lozerraz babestu eta kofoinaren hegaldatze oholean koka eta erlea jalgitzean haren kontra jo eta jaten duen harrapakari lazgarri horren aurka borrokatzeko, Herriak lozerren harrapagailuak erosi ditu 100 eurotan.
Hitzarmena bi urtetarako da. «Arte horretan, dio Michel-ek, ahal beste erle multzo sortzen saiatu beharko dugu. Ez da gauza erraza izanen, halere, asiar lozerrarengatik. Helburua ez da eztia egitea, ezbada tokiko erle beltzen multzoak salbatzea besterik ez, biderka daitezen».
Egun arras gutxitu dira mikroabere horietako multzoak. «Ohartu beharra dugu eta bioaniztasunaren galera izugarri horren gelditzeko ahalegin betean aritu. Landare erreinua eta abere erreinua elkarri hertsiki loturik dira. Bataren galerak bestearenak dakar berez.
Alta, bizi kate horren muturrean, «ikusezinak» ere barne, gizakiak gara» dio Ganix Grabières.
… Eta gure erleak loreetan xurgaka ari diren bitartean, eztia egiten duten bitartean, gogoetan arituko gara gu eskola haurrentzako eta elkarteentzako pedagogia proiektu bat egituratzeko.
Ba zenekien?
Erle batek, bere bizitza osoan zehar, kafe koilaratxo bat ezti ekoizten omen du.