GUITARALDE 2022 

2022ko ekainaren 16an, Kotte Ecenarro auzapezak, Michelle Mounios Adurriaga Kultura auzapezordeak, Laurent Pelegrin Animazioen eta Besten hautetsi arduradunak, eta Jean Marie Ecay festibalaren zuzendari artistikoak Guitaralde jaialdiaren hamaikagarren edizioaren egitaraua aurkeztu dute. Festibala heldu den uztailaren 7tik 9ra iraganen da.

2012an sortu zen Guitaralde festibala eta, urteotan guztietan, sei soken izen handiak ekarri ditu Hendaiara, hala nola Thomas Dutronc, Michael Jones, Scott Henderson, Pierre Bensusan, Sylvain Duc eta abar luze bat…

Aurten, 11. urteurrena ospatzeko, Hendaiako Herriko Etxeko Kultura zerbitzuak, Guitaralde elkarteak, Besta Batzordeak eta Hendaia Turismo & Merkataritzak talentu berriei nola toki mailan, nazio mailan edota nazioarte mailan ospea lortu duten artistei lekua egiten dien egitaraua prestatu dute: lehen egunean, Many Years After, Matteo Mancuso eta ondotik Chacon, GAmez eta Juanco hirukotea, bigarrenean June Agirre, Hyleen eta Mike Stern, eta azken egunean, JAC, JM Ecay, Gari, Virna Nova eta Patrick Rondat jaialdia amaitzeko!

Festibalak, aurten, «arrabitarien azoka» hartuko du ere, gitarra eder-ederren inguruko arte lanbideak ezagutzeko. Zatoz tokiko eskulangile horien ezagutzera eta haiekin mintzatzera, uztailaren 8 eta 9an, Gaztelu aretora (sartzea urririk).

Txartelak hemen erreserba itzazue. Argibide gehiago behar izanez gero helbide honetara idatz ezazu: edo 05 59 48 30 49 telefonora dei egizu, asteartetik ostiralera, 9:30etik 12:30era eta 14:00etatik 18:00etara.

Jarrai iezaguzu Facebook eta Instagram sare sozialetan, ezusteko ederrak jasoko dituzu eta! Oraingoz, hemen ikus dezakezu 2021eko apirilaren 9ko prentsaurrekoa.

EGITARAUA

Uztailaren 7an (osteguna)

19:00 – Many Years After – Errepublika plazan

Jaialdia irekitzeko, “Hiri-barneko ostegunak” egitarauaren baitan, Many Years After taldeak joko du Errepublika plazan. Arrats horrek 60-70 urteetara eramanen gaitu, poparen eta rockaren historia osatu duten talde handien revival bat eskainiko digu, haien artean Eagles, Neil Young, David Bowie, Creedence Clearwater edo The Kinks…

21:00 – Matteo Mancuso eta Chacon, Gamez, Juanco – Gaztelu aretoan

26 urte, 10 hatz eta sei soka: ez du besterik behar Matteo Mancuso-k galdu behar ez den mirarigile berri gisa agertzeko.

Chacon, Gamez, Juanco. Hiru izen ditugu burbuilatze horri energia eta talentu guztia ematen diotenak: Javier Juanco, Joaquín Chacón eta José Luis Gámez. Hogeita hamar urte elkarren adiskide eta miresle, eta hor nola azkenean beren artea hirukote berri-berri batean bildu dutela; Guitaralde harro asko da haien lehen jokalekua izanik.

Uztailaren 8an (ostirala)

19:00 – June Agirre – Abadia gazteluko kaperan

June Agirrek errezital bat proposatzen digu, zeinen egitarau zehatza egun zenbait lehenago sareetan iragarri eta gero, kontzertu klasikoen tradizioari jarraikiz, Abadia gazteluko kapera eder-ederrean une intimo berezia eskainiko digu

21:00 – Hyleen eta Mike Stern – Gaztelu Zahar pilotalekuan

Soul, funk, jazz eta pop: Hyleen-en musika ukan dituen eraginetako bakoitzak duen onenaren bilduma da.

Mike Stern. Bere belaunaldiko gitarra elektrikoaren jole estimatuenetako bat da; rock-fusion izan zenaren indarra jazz harmonia sofistikatuekin elkartzen ditu eta berez bluesy den soken plegatze balentriak ere egiten.

Uztailaren 9an (larunbata)

19:00 – All Stars gaualdia -Talasoterapiaren terrazan

JAC. Bere haurtzaroan, Valentzian hasieran eta Santiago de Compostelan gero, Jaime Alvarellos Correcher, JAC ezizenez ezaguna, musikaren unibertsoan blaiturik izan zen, gitarrajolea zen aitak Hendrix, Clapton, Springsteen edo Peter Gabriel entzunarazten dizkiolarik. JAC gitarraren inguruko formula guztietan aritzen da.

Jean-Marie Ecay Ipar Euskal Herriko gitarra jolea da. 2006tik 2016ra bitarte, batez ere Billy Cobham-en taldean aritu da. Itoizekin hasi zen Espainia aldean; gero Lubat konpainian aritu zen eta erregularki aritu da ere honako artista hauekin: Eddy Louiss, Claude Nougaro, Eric Lelann, Didier Lockwood, Alain Caron, edota Terez Montcalm.

21:00 – Pop Rock gaualdia – Gaztelu Zahar pilotalekuan

Gari. 1983tik, Gari bere ahots erlatsarekin dabil euskal rockaren munduan zehar. Hertzainak euskal talde mitikoaren kantari ohia bakarrik aurkeztuko da, gitarra-ahots unplugged formula batez, emozioa biluztu eta bipil uzten duen formula batez. Ezagutu beharrekoa edo berriz dastatzekoa, 2022ko edizio honen ezusteko eder-ederretako bat baita.

Virna Nova. Jotzen entzuten dugunean, ikusten dugunean, Prince beraren hilondoko combo berri batetik zuzenean jalgi dela erranen genuke. Bazen garaia haren bidean Hendaia kokatzeko eta super Nova horrek bere kantu konstelazio guztia bertan dirdiraraz dezan, musikazaleak zorionean jarriko dituen kontrastez eta lehen ezagutzaz aberats den arratsari amaiera emanez.

Patrick Rondat. Esperimentuzale nekaezina, berritzaile akiezina generoen gurutzaketan eta musiken arteko trenkaden haustean, Patrick Rondat birtuos teknikoa da, Vivaldirekin egin eta gero hard-rockaren xehagailura pasatu zen Al Di Meola-ren eragina da eta badu bere garrantzia, noski.

OFF ABERATS BAT

Kontzertuen aitzinetik eta ondoren (Guitar Apéro / Guitar After), festibalariei musika une horiek baso baten inguruan luzatzeko gonbita eginen zaie, kalitate handiko musikariekin, partaide ditugun merkatarienean, kafe-etxeetan, hoteletan, akanpaleku edo jatetxeetan. Hona hemen Off jaialdian aritu diren tokiko musikari batzuen adibideak: Pauline eta Juliette, Marc Allibert, Mario Gachis, Jorge Gonzales, Pascal Segala, Thomas Letheule, James Mc Cartney, Renaud Morelle, Eric Ruiz, Tommy Lorente hirukotea, Dan livingstone, Victor Mauget, Julie Lambert Group, Undercover, Piscine, Iznogood, Just in time, Swing 64, JMX bikotea, Kotwest.

Navigation de l’article