2022ko abenduaren 4an (igandea), 16:30ean, Hendaiako Herriko Etxeko Euskara zerbitzuak eta Hezkuntza eta Haurtzaro zerbitzuko eskolaldi inguruko animatzaileek antolatu 9. Eskolarteko Euskal Kantu Txapelketaren kontzertua iraganen da, Daniel Ugarte pilotalekuan. Lehen mailako ikastetxe guztietako haurrei irekia (CPtik CM2ra), normalean bi urtetan behin iragaten da baina 2021ean iragan beharrekoa pandemiarengatik atzeratua izan da.
Proiektu horren bidez, haurrek euskal kantu herrikoien ikasteko aukera dute, eta gisa horretan euskara eta kultur ondarearen transmisioa era ludiko batez sustatzen da. Bestalde, euskararen bitartez lotura humanitario bat sortu nahi da, kontzertuaren diru-sartze guztiak Hendaiako Gurutze Gorriari emanez. Sartzea 2 eurotan da helduentzat, baina nahi dutenek gehiago emateko aukera dute. Eta Gurutze Gorriaren boluntarioek kafea, txokolatea, zukuak eta bixkotxak salduko dituzte bertan.
Aurten, inoiz baino gehiago, haurrek kopuru handiz parte hartuko dute euskara eta kantuaren inguruko festa handi horretan: oro har, Hendaiako 1. mailako eskola guztietako 212 haurrek eman dute izena Beltzeniako agertokian kantatzeko. Hendaian bizi diren bi musikari profesionalek lagunduko dituzte, Mattin Sorzabalbere trikitixarekin eta Urbil Artola gitarrarekin.
Irabazleek euskal musika tresna tradizionalak ezagutzeko eta jotzeko parada ukanen dute, Donostiako San Telmo museora eginen duten ateraldiaren kari. Beste batzuek Bixintxoko festetako musika taldeen kontzertuan kantatuko dute, 2023ko urtarrilaren 29an. Azkenik, txalaparta tailerra antolatuko da talde batentzat. Gurutze Gorriak ere, haurrak eskertu nahian, sari berezia eskainiko du: sorospen lehen keinuak ikasteko tailer batean parte hartzera gonbidatuko ditu haur guztiak.
Aurten ere, haurrek beren kantuak marrazkien bidez irudikatu dituzte, hizkuntza lantzeko xedearekin. Marrazkiak Beltzeniako sartzean erakutsiko dira kontzertuaren egunean. Eta 2019an bezala, Txapelketaren afitxa haurrek egin dute, Laurence Bouillier animatzailearen laguntzarekin.
Azkenik, Hendaiako musika elkarteak ere proiektu horren partaide dira, batzuek epaimahaian parte hartuko baitute, eta Lanetik Eginako ikasle bat kantuz arituko da ere, kontzertuaren bukaeran.
Gure Hendaiako talentu gaztetxoak entzutera joateko parada paregabea!