Hizkuntza politikaren urrats nagusiak Hendaian

Hemen beherean dituzu 1983 urteaz geroztik Hendaiaren hizkuntza politikak ukan duen bilakaeraren etapa nagusiak, urteka eta denboran gibelka emanik.

2000 urtetik honakoa

2017

Kultura eta Hizkuntza Politikaren zuzendari postuaren sortzea

2016

Euskararen Plan Estrategikoa

Herritarrekin hainbat bilkura antolatu ondoren, euskararen egoera herrian neurtzeko eta egoera hori hobe lezaketen ekimenak proposatzeko xedearekin, Euskararen Plan Estrategikoa osatu da, Elhuyar sozietatearen laguntzarekin. Horren ondorioz, besteak beste, udaletik kanpoko Euskara taldea sortu da, herriko hizkuntza politikan parte hartzeko asmoz.

2015

Hendaiako Hobekuntza Kontratuaren izenpetzea

2015ean, Hendaiako Herriko Etxeak Hobekuntza Kontratua izenpetu zuen, Euskararen Erakunde Publikoarekin eta Hego Lapurdiko Herri Elkargoarekin. Horren helburua lehentasunezko zerbitzu batzuk pixkanaka autonomizatzea da, herritarrei euskarazko zerbitzua eskain diezaieten. Kontratu horretan, udal langileen formakuntza, dokumentu elebidunen sortzea eta herriaren eraikinen seinaletika elebiduna aurreikusten da.

2010

Euskararen Erakunde Publikoarekiko hitzarmena

2010ean, bere hizkuntza politika garatzen jarraitzeko eta euskararen aldeko engaiamendua baieztatzeko xedearekin, Hendaiako Herriko Etxeak hitzarmen bat izenpetu zuen Euskararen Erakunde Publikoarekin (leiho berria). Horrek arlo anitz sartzen ditu barne, hala nola udal langileen formakuntza, komunikazioa, seinaletika, haurtzaroa eta gazteria, kultura egitaraua, mugaz gaindiko harremanak edota euskararen alde ari diren elkarte eta erakundeen laguntzea. Engaiamendu horien truke, Euskararen Erakunde Publikoak teknikoki eta diruz laguntzen du Hendaiako Udala.

Horrez gain, beste hiru alderdiko hitzarmen bat izenpetu da Hego Lapurdiko Hirigunearekin eta EEPrekin.

2008

Lehen Euskara auzapezorde postuaren sorkuntza

2005

Euskara teknikariaren kontratatzea

2005eko urtarrilean, Hendaiako Udalak sortu zuen lehen euskara teknikari lanpostua Iparraldeko Herriko Etxe batean. Euskara Zerbitzua da euskararen erabilpenaren sostengatze eta emendatze politikaren obratzeaz arduratzen.

2004

Lehen euskara zinegotzi postuaren sorkuntza

2003

Euskal Konfederazioarekiko hitzarmenaren izenpetzea

2003ko apirilaren 23an, Hendaiak Euskal Konfederazioarekiko hitzarmena izenpetu zuen. Hitzarmen horren helburu nagusia euskararen erabilpena Herriko Etxean eta udal zerbitzuetan sostengatzea eta emendatzea da. Ipar Euskal Herri osoko Herriko Etxeak euskararen alde engaiatzera bultzatzeko asmoz, erakunde horrek hitzarmenak Iparraldeko udalerri anitzekin izenpetu ditu, bakoitzaren errealitatea eta beharrak kontutan hartuz.

Hitzarmen horren ondorioz, Hendaiako Herriko Etxeak neurri konkretu batzuk hartu ditu, hala nola:

  • seinaletika elebiduna ezartzen segitzea,
  • dokumentu ofizial batzuk pixkanaka itzultzen joatea,
  • euskara sartzea udal aldizkarian,
  • euskara kontutan hartzea langile batzuen kontratatzeko orduan,
  • euskarazko ezkontzak bai eta ere herriko langileen formakuntza.

2000 urte baino lehen

1995

Euskara Batzordearen sorkuntza ofiziala Herriko Kontseiluaren barnean

Batzorde horren lehen ekimena azterketa soziolinguistikoa martxan jartzea izan zen. Azterlan horren emaitza nagusiak honako hauek dira: Hendaiako biztanleriaren %19 euskalduna da (kopuru hau %31raino igotzen da 15 urte pekoen artean) eta hendaiarren %82k iritzi baikorra dute euskararen aldeko ekintzen antolatzeari buruz.

Ikerketa horren ondorioz, Hendaiako Herriko Etxearen hizkuntza-politikaren bi ardatz nagusiak horrelaxe definituak izan ziren:

  • euskararen presentzia indartzea paisaia linguistikoan eta publikoari eskainitako zerbitzuetan;
  • haurrei euskaraz hazteko aukera ematea eskolan eta jarduera ludikoetan.

Orain arte abian jarri diren ekintzak, baita proiektuan direnak ere, bi helburu horietan oinarritzen dira.

1989

Irakaskuntza elebidunaren aldeko engaiamendua

1989an, Herriko Etxeak Ikastolaren* eraikuntza finantzatu zuen, eta gero, 2005ean, haren handitzea, hots, oro har 1.270.000 euroko gastua. Hendaiako udalak ikasgela elebidunen* sorkuntza bultzatu zuen ere. Gaur egun, Hendaiako ikasleen erdia baino gehiagok euskarazko irakaskuntza segitzen du (*Ikastola: euskarazko murgiltze irakaskuntza – Ikasgela elebidunak: irakaskuntza frantsesez eta euskaraz berdintasunean).

1983

Euskararen aldeko aurrekontua

1983an, Hendaiako Herriko Etxeak bere aurrekontuaren %1 euskararen alde erabiltzea erabaki zuen. Garai hartan 190.000 libera ziren, eta 2004an 140.000€.