Herria enpresen eta saltegien ondoan

COVID 19aren epidemiari buru egiteko, Estatuak, kolektibitateek eta ekonomia alorreko erakundeek ekonomia eragileen sostengurako neurriak eman dituzte plantan.

Krisi honi loturiko ekonomia ondorioek azkarki jo dituzten enpresa eta saltegiak laguntzeko, Herria ere engaiatzen da diru mailan sostengu plan batez. Tokiko enpresa eta saltegiak laguntzeko zortzi neurri bozkatu ditu aho batez herri kontseiluak iragan ekainaren 8an, eta horrenbestez jadanik baziren neurriak osatu ditu.

JABARI PUBLIKOAREN ERABILERA

Zergen dispentsa. Jabari publikoan merkataritza jardunean diren erabiltzaile guztioi dispentsa osoa eskaini zaie martxoaren 15etik ekainaren 15 bitartean. Garai horri loturik jadanik ordaindu dituzten diru kopuruak itzuliko zaizkie.

Terrazak. Jabari publikoaren erabiltzeagatiko zergaren dispentsa irailaren 30 arte luzatuko zaie kafe-etxe, ostatu eta jatetxeetako jabeei.

Terrazen hedatzea. Jendearteko distantzia bete beharrak dakarkien leku galera berreskura dezaten, utz dakieke terrazak heda ditzaten urririk, betiere oinezkoen pasaera eta zirkulazio askea zainduz.

Aldi baterako erabileren baimena (salbu terrazak eta salmahiak). Sasoiko jarduerei zerga dispentsa eskain dakieke, sasoiaren bukaeran txosten bat aurkeztuz gero.

KANPOKO PUBLIZITATEAREN GAINEKO TOKIKO ZERGA (KPTZ-TLPE)

Kanpoko publizitatearen gaineko 2020ko tokiko zergaren dispentsa osoa bozkatu da enpresa guztientzat.

ALOKAIRUAK

Herriaren lokaletan kokaturik diren enpresentzako dispentsa osoak edo zati batekoak aztertuko dira.

APARKATZEA

Ordainpeko aparkatze sektoretan lan egiten dutenen aldeko neurriak erabaki dira. Hilean 20 € ordainduz, lehen neurriak herri osoan aparkatzeko abonamendua eskaintzen die, eta bigarrenak Vinci aparkalekua abenduaren 31 arte erabiltzeko aukera.

ZAILTASUNETAN DIREN ENPRESENTZAKO BESTE LAGUNTZAK

Akitania Berriko Eskualdea. 90 milioi euroko ekonomia larrialdiko plana

Pirinio Atlantikoetako Departamentua. 16 milioi euro elkarteen sektorea laguntzeko

Euskal Hirigune Elkargoa. 190 0000 euroko larrialdi funtsa

Hendaia Turismo eta Merkataritza. 2020ko lehen hiruhileko egonaldi zergaren ordainketa gibelatzea turismo ostatatzaileei eta merkatariei osasun materiala (biserak, maskak eta gel hidroalcoholikoa) taldean erosteko aukera ematea.

USTIATZE GALERETARAKO ASURANTZA

Abokatu bulego baten talde ekintza batek hotel jabeei eskaintzen die COVID 19 osasun krisian ukan duten ustiapen galera beren asurantza emaileei ordainaraz diezaieten.

 

Navigation de l’article