Kotte Ecenarro Hendaiako auzapezaren 2021erako agiantzak

Osasun krisia dela eta Herriak komunikatzeko zituen bideak berritu behar izan ditu.
Halatan, bada, lehen aldia da Kotte Ecenarro Hendaiako auzapezak bideo baten bidez eman nahi dizkiela hendaiarrei agiantzak.
Urte Berri on eta zoriontsua.

Hendaiar maite horiek,
Andre eta jaun horiek,

2020 bukatzera doa eta gutako anitzek ez dugu faltan botako, inoiz ezagutu gabeko osasun krisia ekarri baitigu.
Zibilizazioen historia moderno osoan ez du munduak, zeinahi izanik ere erregimena, tamaina hortako osasun arrapostua eman.

Gure planetak ezagutu ditu, noski, lehendik ere pandemiak, baina lehen aldia dugu historian munduko ekonomia gelditzen dela giza bizitzak babesteko.
Hendaian ere, geure mailan, buru egin behar ukan diogu eta osasun krisia hasi zenetik azaldu dizkizuet gure lehentasunak:

  • adinekoak eta ahulenak laguntzea,
  • artatzaileei eta laguntzaileei beren egitekoan laguntzea.

Udal langileek jakin dute berehala antolamendu berrira egokitzen. Beste behin ere, udal langileen engaiamendua eta profesionaltasuna zerbitzu publikoari guztiz loturik direnaren argigarri gertatu dira.
Elkartasun oldar handi batean, anitz izan zarete espontaneoki segurtasun zibileko erreserbara lotu zaretenak guztion ahaleginean parte hartu nahiz; eskertu nahi dizuet berriro ere zuen engaiamendu hori.

Zuei esker GEUZaren udal taldeak indartu eta apairuak etxeetara eraman ditugu, atergabe zirenak horretarako antolatu konfinamendu zentro batean bildu ditugu, kultura eta liburuak banatu ditugu, egunerokoan lagundu ditugu guztitik eta guztiengandik isolaturik zirenak.
Estatuak erabaki neurrien gidaritza publikoa egin behar ukan dugu ere, batzuetan ezin ulertuzkoak baitziren neurri haiek pandemiaren tokiko kudeaketarako.

Gero «hondartza dinamikoa», baitezpadako maskarak, gaueko hetsialdiak, jardun honen edo horren zati bateko edo erabateko hesteak, 30, 10, 6… besterik ez biltzeko baimenak. Hori guztia gurekin batera bizitu duzue eta honetan ere eskertu nahi dizuet ukan duzuen ulermena eta erakutsi duzuen herritartasuna.
Osasun krisi horrek pausa zerbait eman zigun udako zenbait hilabetez eta hemen beste lekutan baino gehiago bizitu dugu uda bikaina.

Kalitate handiko harrera maila duelako eta gainera Euskal Herria pandemiaren udaberriko lehen oldeak jo ez zuela baliaturik, turistak, batez ere akitaniarrak, anitz izan dira aurten gure itsas hegian uda pasatzen. Beroak eta eguzkiak egin dute gainerakoa.
Gure herriak gutxitan ukan du hainbeste bisitari, batzuetan gaina hartzeraino ere, eta hor ere zerbitzu guztietan egokitzera izan gara behartuak.

Hondartzako gure Covid-19 enbaxadore gazteek erran dezakete zenbat eta zenbat galdera egin dieten.
Udazken honetan berriz eta «etxeratu» gara eta urte zaharreko gure jaiak ez dira lehengoak bezalakoak izan. Aldi bakoitzean herria egokitzera izan da behartua eta zerbitzu publikoa berriz ere aztertzera gero eta eraginkorrago izan zedin hondarra bezain mugikor zen osasun testuinguru batean…

Nik proposatu eta Herri Kontseiluko hautetsiek aho batez onartu dituzte hartu ditugun sostengu neurriak, bereziki familientzako elkartasun txekeak, iragarkien zerga kentzea merkatariei, zailtasunetan ziren enpresak laguntzea, kulturaren tokiko eragileen sostengua.

Gogoan ditut ere Bidasoa arazorik gabe egunero pasa zezaketen haiek, 2020. urtean zehar murrizpenak jasan baitituzte, maiz Estatuek koordinatu ere egiten ez zirela. Hondarribiko eta Irungo auzapezekin batera, etengabe galdetu diegu nazio mailako ordezkariei batzuetan ulertezin ziren neurrien gainean.

2020 jardun demokratiko batek ere markatu du, hori ere inoiz ikusi gabekoa. Lehen txanda martxoaren 15ean egin eta herri hautespena ekainean burutu da!
Azkarki berritu dugun udal taldearen buru izan nedin berriz ere konfiantza egin didazuenez, argi utzi duzue 2014az geroztik generaman jardun publikoa bide onetik zihoala. Niri dagokidanean, kontuan hartu ditut hautesontziek lehen txandan eman zizkidaten mezuak.

Hasi berri den agintaldiak funtsezko proiektuen jarraipena ekarriko du, baina baita metodo aldaketa sakonak eta orientabide berriak ere.
Udal gehiengo berria mota askotarikoa izanik ere azalpenetan, funtsezkoan baturik da; hala erakutsi dute orain arte herri kontseiluak onartu dituen hamarnaka deliberamenduek. Udal batzordeak eta lantaldeak erritmo arras trinkoari jarraikiz biltzen dira; hor ikusten da zuen aitzinean hartu ditugun engaiamenduak gauzatzeko dugun nahi azkarra.
Zenbait hilotan eman dira aldaketak.
Osasun krisiak eta haren ondorio diren ekonomia eta gizarte krisiek ez digute ahantzarazi behar klima aldaketa areagotzen ari dela eta ez dugula soilik horretarako prestatu behar baizik eta joera are eta gehiago ez areagotzeko geure egitekoa behar dugula egin. Garapen iraunkor eta jasangarriak ezin du kontzeptu lauso bat izan ezpada gure orientabideen eta gure erabakien bultzatzailea.

Mugikortasun berriak, naturaren zaintza, kontsumitzeko jokamolde berriak, energiaren xahutzearen aurkako edota lurren artifizialtzearen aurkako borroka adibide jakinak dira gure jarduna seinalatuko dutenak datozen urteotan.
2020 bukatzera doa eta urte berriaren atalasean baikortasun garaia dugu.

Osasun krisia ez da bukatu, noski, baina gure ohituren aldaketa, ohiko egin zaizkigun babes keinu horiekin, gero eta arrakastatsuago diren tratamenduekin eta, batez ere, txertoen heltzearekin, pentsa dezakegu 2021 bestelakoa gertatuko zaigula. Krisi honek gure artean elkartasun handiagoa izatearen beharra erakutsi digu, bai eta oso-oso laster erantzun beharra ere.
Halatan, bada, argi da herriaren maila dugula krisiak kudeatzeko malguen eta eraginkorren den maila.
Jardunean jarraitzeko gure planak eta hendaiarrak babesteko hartu ditugun neurri guztiek eraginkorrak zirela erakutsi digute. Covid-19ak Hendaia jo duelarik ere, orain arte, beste lekutan baino biktima gutxiago egin du, baina erne izan gaitezen beti!
Udal talde berriak proiektu anitz du gogoan eta hori etorkizunerako seinale ona da. Gazteluko azokaren lanak bururatzearekin herri barnearen berriztapenaren fase garrantzitsu bat gauzatzen dugu.

Hori dugu, argi eta garbi, heldu diren hilotako lehentasuna eta Errepublika plazari, Portu karrikari, Kaneta eta Hostailbideari dagozkien eragiketa berrietarako zuekin kontatuko dugu.
Proiektu horietan Estatuak lagunduko gaitu «Biharko hiri txikiak» programarekin, horretarako hautatuak izan baikara.

Espero dut zenbait aste barne ahantzirik izanen direla Kanetako zaldainari buruzko nahaste-borrasteak eta uda honetan zuetako anitzek ibiliko duzuela zaldain berri hori egunero gure badiaz are eta hobeki gozatzeko.
Geltokian, Aldagune Multimodalaren lan luzeak udaberrian bururatuko dira. Kritikak entzun ditut eta kontuan hartuko ditugu proiektua azken zatian doitzeko.

Beste hainbat ekintza ere izanen dira 2021. urtean, hala nola herritarren parte hartzeari zabalduriko lehen aurrekontua abian ematea, Legarralden laborariak kokatzen jarraitzea, Euskal Elkargoarekin igerilekuaz daramatzagun gogoetak, hondakindegia, araztegiaren berriztapena.
Eskualdearekin ari gara bigarren mailako irakaskuntza hirueledun baten gainean; Lasaitasun publikoaren alorrean ere ahalegintzen darraigu,
Dosier horren gainean polizia nazionalarekin aitzin eginen dugula espero dut, bai eta Departamenduaren gizarte zerbitzuak iraunkorki kokatko direla lehengo zahar etxearen eraikinean.
Proiektu horiek erakusten dute garaiak dituen zailtasunak zailtasun, badakigula goiari eusten eta eman diguzuen xedeari buruz jarraitzen. Gure herriak dinamika ona darama; hala azaldu digu INSEEren azken erroldak zeinaren arabera 17 240 biztanle baikara.

Gure departamenduko 5. hiria gara eta 2021 urte berri hau oinarri sendoen gainean has genezake. Urruña, Biriatu eta Ziburu auzo herriekin ditugun partzuergoak sendotzen ari gara eta zerbaitetan gauzatuko ditugu. Urtean zehar mintzatuko gara horretaz.
2021erako, herri kontseilu osoaren izenean, agiantzarik zintzoenak eman nahi dizkizuet.
Bat eginik eta elkartasunean, jakinen dugu erronkak altxatzen; funtsezkoa den horren inguruan elkartuko gara

eta une atsegin zenbaitetan elkartu eta hendaiar izatearen atsegina partekatuko dugu agian!

Urte berri on

Navigation de l’article