Ikasturte honetan, Hondarraitz auzoko San Bixente eskolako bi ikasgela, lehen mailako bigarren eta hirugarren urteko ikasgela elebidunak, Hendaiako ondareaz eta hari loturiko gaietaz ari dira lanean.
Abadia gaztelu-behatokia, Abadia eremua eta Dunba harriak, lehengo kasino zaharra, edota palmondoaren biribilgunea… hain hurbil ditugun, egunerokoan ibiltzen ditugun, eta, halere, duten historia beharbada ezagutzen ez ditugun leku horiek.
Mila eta Sandrine irakasleek honela azaldu dute gaia: «haurrak batzuetan bidaian joaten dira urruneko leku eta historiak ezagutzera, baina ez dute beti inguruan duten ondarea ezagutzen. Urraspide honen bitartez lekuak ezagutzen ditugu, hala nola eremu tekniko hau, maiz hurbil aparkatuagatik ere ez baitugu ezagutzen. Hurbil-hurbil leku anitz, baliabide anitz izateko xantza dugu eta agerian eman nahi genituen»
Portualdea kontatuko balidate
Apirilaren 28 ostiralarekin, haurrek Hendaiako portuaren eremu teknikoa bisitatzeko aukera ukan zuten; beraien irakasleez gain, portualdearen ustiapenaz arduratzen diren teknikariek ere lagundu zituzten. Itsasontziak garbitu eta zaintzeko lanetarako lehorreratzeko 300 tona jaso ditzakeen garabi bat ezagutu zuten, bai eta ia 20 metro luze, 25 tonako eta ia 100 urteko belauntzi bat, Lucretia izenekoa, uretaratzen ikusi. Kapitainarekin eta eskifaiarekin mintzatzeko aukera ukan zuten ere.
Grégory eta Claude, eremuaren ustiapenaren ardura duten teknikariek honako hau erran digute: «haurren bihotz berotasuna irrigarria zen. Galdera anitz zuten, baita ea Titanic ontzia altxatzeko gai ote ginen… Pozgarri zaigu eremu honetaz mintzatu ahal izatea, profesionalek bai, ezagutzen baitute, baina herritarrek gehienetan ez baitute batere ezagutzen. Itsasketaren, laket itsasketaren eta arrantzaren ingurunea ezagutzera ematea atsegin gertatu zitzaigun egiazki».
Bilbotik Arroxelaraino parekorik ez duen eta 300 tona altxa litzakeen garabi horren ezagutzeak hunkitu ditu haurrak: 13 m gora, 15 m luze eta 13 m zabal da garabia eta 300 tona, 9 m luze eta 35 m luze arteko ontziak altxa ditzake.
Begiak zabal-zabal, ez dute ikuskizun horretatik ezertxo ere galdu eta galdera anitz egin eta guztietarako arrapostua ukan dute bisita osoan zehar… ikasleek ez dute aipamenik gorde, noski… «Ni, gurpilen handiak nau harritzen; ni ontzia altxatzen duten hariek naute harritzen; ni ezagutzeko den guztiak nau harritzen»…
Bisita hori lehen aldi bat zen. Ekimena eskertzeko, Kotte Ecenarro auzapeza eta Portuaren ardura duen herri kontseilaria, Laurence Beaufort, haurren ezagutze hori partekatzera hurbildu dira eta azpimarratu dute «eskolak eta irakasleek egin duten urraspide berritzailea. Garrantzitsua iruditzen zaigu haurrak beraien ingurumena, beraien herria, inguruan dituzten lanbideak eta jendeak ezagutzen laguntzea. Erronka delikatua zen ikasle talde bat hartzea halako leku batean, baina arrakastatsu gertatu den erronka izan da, gure langileen inplikazioari esker. Errepikatzeko esperientzia izan da».