Marea ontziak gure ingurumena zaintzeko

Parte hartze bidezko lehen aurrekontuaren harira hendaiarrei hautatzeko aurkeztu zitzaizkien proiektuen artean, marea ontziena izan zen hautatu zuten lehena. Aste honen bukaerarako, jadanik, nahi duten ibiltariek itsasoak ekarri hondakinak utzi ahalko dituzte.

Iragan uztailean hondartza kiroleko 4 zelai plantan eman ondoren, marea ontzien kokatzeko garaia izan zen, berriz, urriaren 12an. Hendaye Bidassoa Surf Club delakoaren «Agir pour l’océan – Plage et littoral propres» taldearen ideia bati jarraikiz, 6 marea ontzi kokatu dituzte Herriaren zerbitzu teknikoek hondartzaren ertzeetan (areamuinoen aldean, Dunba harrien aldean, Armatondon), Txingudi badian (Itsas zentroan) eta Bidasoa ertzeetan (Intzuran, Errotazilio aldean), eta gure ur ertzetik hara -hondartzara nola Bidasoa ertzeetara- heldu hainbat hondakin ateratzeko aukera emanen digute ontzi horiek.

ITSASOKO IZAKI BIZIAK BABESTEA

Ganix Grabières zinegotziak eskertu ditu, Herriaren izenean, «Marie-Jeanne, Nadine, Joëlle, Aurélia, Imanol, Fabienne, Karine, Lili eta Jeanette, hor izan baitira bilkuretan, lekuetako hitzorduetan, bideo mintzaldietan, bai eta klubeko lizentzia duten gazteekin egin hondakin bilketetan eta marearteko zonaren aberatsari buruz eta itsas ertzean utzi hondakinen arazoaren inguruan egin animazioetan ere». Talde horrek parte handia ukan du ere udal zurginek asmatu dituzten ontzi ludiko-ludikoen asmakuntzan. Izan ere, ontzi bakoitzak bere mezu ludopedagogikoa baitu honako pertsonaia hauekin: Balea, Dortoka, Izurdea, Octopus olagarroa, Huguette ixkira edota Nanar karramarroa, guztiak Blanca Martin Hernandez-ek borondate onez sortu dituen maskotatxoak. Leku bakoitzean mezu batek ematen ditu, pedagogikoki, dagokion abereari buruzko informazioak eta jendeak eta bereziki gazteenak hondakinak biltzera gonbidatzen ditu, hala hondakin handiak nola zati-zati eginez joatearen ondorioz mikrohondakin bilakatu diren milaka puxkañoak ere.

ONTZIAK ONGI BALIA DITZAGUN

Urraspide pedagogiko batez, marea ontzietan kokatu afixa batek azaltzen die ibiltariei zer behar den bildu eta zer ez. Ibiltzera abiatu aitzin, dauden piktogramak irakurtzeko tartea har ezazu: berinak, plastikoak, oinetakoak, mikro-plastikoak, metalak, ehunak, sokak, zigarreta muturrak bil litezke. Bestalde, itsasoak gibel egiten duenean, itsas utzikinak uzten ditu hondarrean, egurrak edota maskorrak… Horiek guztiak baitezpadakoak zaikio bioaniztasunari eta ez dira ukitu behar.

Horra ekimen ederra, urraspide ekoherritar eta parte hartze bidezkoa, gutako bakoitzari itsas ertza eta Bidasoa zaintzen parte hartzeko eta itsas aberedia babesteko aukera ematen diguna.

Navigation de l’article