Egun kokatu dugu Txiki Handi multzoaren lehen harria; asmo handiko proiektua dugu hori, Lizardi auzoaren erdi-erdian. Ekitaldian auzapeza izan da, bai eta herri hautetsiak, Departamendu Kontseiluaren lehendakaria, Pirinio Atlantikoetako FLKren lehendakariordea eta Pirinio Atlantikoetako suprefeta.
Proiektua Herriaren gizarte politikaren harira egiten da, zerbitzu publikoak iraunkorki hurbil kokatzearen aldeko engaiamenduarekin darraielarik. Zerbitzu publikoak funtsezkoak dira familien eta haurren beharrei erantzuteko, elkartasun jardunetarako eta elkarteentzako. Horren karietara, lehengo Haizpean zahar etxea, Jean Mermoz karrikan, sakonki berriztatzen ari gara. Eraikina Herriarena da, 6850 m² zabal den lursail batean da kokatua eta lau solairutan banaturiko 1800 m² ditu orotara. 2023ko ekain artean, behe solairuan, Herriaren Ostatatze Gabeko Aisialdi Harlekua (OGAH) zegoen, zeinera 150 haur inguru joaten baitziren asteazkenero eta eskola oporraldietan. Horrez gain, lehen solairuan herriko elkarteak ziren eta gainerako solairuak hutsik ziren.
Herriaren eta Departamenduaren arteko partzuergoa zerbitzu publikoak areagotzeko
Lur eta eraikinen eskasiaren aitzinean, udalak Pirinio Atlantikoetako Departamenduari Elkartasunen eta Gizarteratzearen Departamendu Zerbitzuak bertan kokatzea proposatu dio. Izan ere, zuzendaritza horren oraingo lokalak, Intzura aldean kokatuak, txikiegi bilakatu dira langile gehiago ekarri ondoren. Partzuergo horri esker, leku guztiak optimiza eta kalitatezko zerbitzu publikoen eskari gero eta handiagoari erantzuteko aukera izanen da.
Asmo handiko proiektua zerbitzu eskaintza handiagorekin
Txiki Handi proiektuak hiru egitura eta gizarte, kultura edota kirol jarduneko hainbat elkarte elkarren ondoan aritzeko aukera emanen du. Behe solairuan aisialdi harlekua izanen da, lehen bezala, baina lokal berrantolatuetan, haurrei ingurune ahal bezain atsegina eskaintzeko. Lehen solairuan Elkartasun eta Gizarteratze Departamendu Zerbitzuak (SDSEI) kokatuko dira, eta bigarren solairuaren zati batean, orain herri barnean dagoen Ahalmen Urritasunen bat duten Helduen Laguntza Mediku-sozialerako Zerbitzua kokatuko da. Bigarren solairuaren gainerakoa eta hirugarren solairua herriko elkarteentzat izanen dira; areto erabilgarri eta dituzten jardunetarako egokituak ukanen dituzte hor.
Zerbitzu publikoen garrantzia azpimarratzen duten hitzak
Ospakizunean, Kotte Ecenarro auzapezak gogora ekarri du zein garrantzi handia duten zerbitzu publikoek, «gure gizartearen eta dituen baloreen ondoriotzat» dituelarik. Zerbitzu publikoak atxiki eta modernizatuz, Herriak erakusten du «etorkizun zuzenago eta elkartasunzaleagoa» eraikitzeko duen asmoa. Zerbitzu horiek egun bizi dituzten erronkak ere aipatu ditu, besteak beste mundu mailara pasatzea, teknologia berriak, biztanleriaren zahartzea eta aurrekontu arazoak. «Behar-beharrezkoa bihurtu zaigu zerbitzu horien lehen asmoari uko egin gabe, nola kudeatzen ditugun, nola diruztatzen ditugun birpentsatzea: ororen onaren zerbitzuan izateko» erran du. Jean-Jacques Lasserre Departamendu Kontseiluaren lehendakaria bat etorri da hitz horiekin eta azpimarratu du proiektu hori funtsezkoa dela herritarrei behar-beharrezkoak zaizkien hurbileko zerbitzu horiek atxikitzea. Beraren ustez, egungo testuinguruan, egun dugun gizarte laguntzako eredua eta elkartasun baliabideak kolektiboki birpentsatu behar ditugu.
Patrick Duplech, Familia Laguntza Kutxaren Administrazio Kontseiluaren lehendakariordeak ere ekintzaren ona aipatu du eta «kalitatezko zerbitzu publikoa proposatzearen» garrantzia azpimarratu du, haurrei, familiei eta profesionalei egokituriko lekuen bitartez, azken horiek beren pedagogia proiektuak gara ahal ditzaten.
Eraikuntza iraunkorren alorrean eredugarria den proiektua
Txiki Handi multzoaren berregituraketa ez da lekuak berrantolatzera mugatzen. Lanak ingurumena zainduz eginen dira, hondakinen kudeaketari adi, bai eta energia baliabideen kontrolari, erosotasun termikoari eta airearen kalitateari. Energia berriztagarrien erabilera ere sartuko da proiektuan. Fabrice Rosay suprefetak gogora ekarri du ezen «Estatuak Funts Berdearen bitartez hartzen du parte eraikinaren energia berriztapenean. Energiaren kostuak gora doazen tetuinguru honetan, halako berriztapenak funtsezkoak zaizkie kolektibitateei, dirutan aurrezteko bidea ematen baitie ekologikoa izateaz gain. Energia berriztapeneko halako lanei ekinez, Herriak areagotzen ditu, ekologia larritasunaren aitzinean, bere esperientzia, bere zilegitasuna eta bere jokamolde onak. Eraikinari lehengo distira ekartzeaz gain, ekologia eta gizarte jokagaiak ere, erabilera berriekin, funtsezkoak dira proiektu handi honetan».
Azken buruan, Txiki Handi multzoan ageri da Herriak, Departamenduak eta partzuergoek herritarren zerbitzuko leku egokitua sortzeko duten nahia, zeinean elkartasuna lehentasunetan lehena izanen baita.
Lanen nolakoa eta egutegia
Lanak 2024ko martxoan abiatu ziren. Honako lan hauek dira:
- Kanpoko bi sarbide eskalera sortzea
- Kanpoko leku guztien antolatzea (horien artean, agora bat sortu eta autoentzako aparkalekua birmoldatzea).
- Kanpo hormen garbitzea.
- Kanpoko arotzia guztien aldatzea.
- Teilatua berritu eta panel fotovoltaikoak kokatzea.
- Igogailua aldatzea.
- Barneko trenkadaztatze berriak.
- Argindarra, iturgintza eta zolen eta hormen estaldurak osoki berregitea.
- Altzari integratuak kokatzea (sukaldeak, biltegiak etab…).
Eraikinaren bururatze data: 2025eko hiruhilekoa.
Diruztatzen parte hartzen dutenak
Lanetarako honako kopuru hau ezarri da (Gastu oro ZB): 4.152.706,19 €, zeinetan % 78 Hendaiako Herriaren kargu baita eta % 22 Pirinio Atlantikoetako Departamendu Kontseiluaren kargu.
FLK – Inbestimendurako laguntza: 300 000 €
Estatua – Funts Berdeak – Tokiko Eraikin Publikoen Energia Berriztapena: 500 000 €
Lurraldeen Bankua – EduRénov