Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak ADI BIDASOA aurkeztu du

Urteko topaketen lehen edizio hau gazteen ingurukoa izango da, Gazteen Europako Urtearen ondoren. Otsailaren 28an izango da, Irun Factoryn, 17:30etik aurrera.

Irun, Hondarribia eta Hendaiako udalek, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren bitartez, ADI BIDASOA antolatu dute 2023ko otsailaren 28an Irun Factoryn (José Antonio Loidi Bizcarrondo, 8 – behea – Irun – 20302). Gazteen Europako Urtearen ondoren, urtero egingo diren topaketen lehen edizio hau gazteei buruzkoa izango da.

Bidasoako topaketak mugaz gaindiko interes bereziko egoera edo gaiei buruz hausnartzeko proiektu soziokulturala da. ADI BIDASOAren aurtengo edizioak 3 udalerrietako gazteen topaketa erraztu nahi du, ideiak trukatzeko eta eskualdeko Gazteria Arloekin eta elkarteekin batera mugaz gaindiko ekimenak edo jarduerak proposatzeko.

Kotte Ecenarrok, Hendaiako alkate eta Partzuergoko lehendakariak, azpimarratu duenez, “proiektu honen helburua da topaketa honetan sortzen diren hausnarketak gure tokiko eta mugaz gaindiko testuingurura eramatea.”

Bestalde, José Antonio Santanok, Irungo alkate eta Partzuergoko lehen lehendakariordeak, adierazi duenez, “Irun, Hondarribia eta Hendaiako gazteei zuzenean eragiten dieten gaiak jorratuko dira: mundu digitala, berdintasuna, immigrazioa, politiketan aktiboki parte hartzea, etab.”

Azkenik, Txomin Sagarzazuk, Hondarribiko alkate eta Partzuergoko bigarren lehendakariordeak, azpimarratu duenez, “oso garrantzitsua da horrelako proiektuak aurrera eramatea gazteen parte-hartze aktiboa sustatzeko, mugaz gaindiko etorkizuneko lankidetza-proiektuen oinarri izan baitaitezke.”

Eskualdeko gazteei entzutea eta ahotsa ematea

ADI BIDASOA otsailaren 28an izango da 17:30etik 20:00etara Irun Factoryn.

Gazteen kolektiboari zuzendutako 3 hirietako programen berri emango da, baina jardunaldiaren helburu nagusia da eskualdeko gazteei entzutea eta ahotsa ematea, sortzen zaizkien egoerei buruz zer pentsatzen duten jakitea eta elkarrekin erantzuteko duten gaitasuna ikustea.

Horretarako, lankidetza eta elkarlanerako benetako esperientzia ere izango da, entzutea, parte hartzea eta trukea eskatzen duen proiektu edo ideia bat aurrera eramateko.

Hori guztia formatu aktibo, dinamiko eta taldekakoan, gure gazteek Bidasoa-Txingudi eskualdean adostutako erantzuna gauzatzeko aukera aztertzeko helburuarekin.

18 eta 25 urte bitartean badituzu eta bertaratu nahi baduzu, hemen eman dezakezu izena: https://bit.ly/inscripciones-izenemateak-inscriptions

Navigation de l’article