COVID 19: Herriko langileentzako informazioa

2020KO MARTXOAREN 19 – 15:30

Lanerako joan-etorri agiria

Dokumentu berri eta osatuagoa atera da gobernuaren webgunean. Dokumentu hau bihar, martxoaren 20an, helaraziko zaie sailburu guztiei. Sailburuek lanean ari diren eta horren beharra duten agenteei eman beharko diete.  Agenteek beren zerbitzuburuarengana jo behar dute.

2020KO MARTXOAREN 17 – 12:00

Joan-etorri guztiak aitzin deskargatu eta bete behar den agiria

Astearte eguerdi honetatik goiti, eta gutxienez hamabost egunez, metropoliko zein itsasoz haraindiko lurraldeetako Frantziar biztanleek haien joan-etorri guztiak justifikatu beharko dituzte, aitzinetik “baimen bereziko joan-etorri agiria” betez. Agiri hau poliziei edo jendarmeei aurkeztu beharko zaie, kontrola gertatuz gero.

 Baimen bereziko joan-etorri agiria deskargatu(pdf – 47,01 KB – nouvelle fenêtre) (pdf - 47,01 KB - nouvelle fenêtre)

2020KO MARTXOAREN 17 – 11:00

Zerbitzuen funtzionamendurako hartu diren erabakiak

Auzapez jaunak mezu bat igorri die Herriaren eta GEUZaren langileei COVID 19 birusaren krisiaren kudeaketaren berri emateko. Luzerako dugun egoera berri horren aitzinean, lehentasunak zehaztu ditugu

«Ene agintaritzapean eta lehen auzapezordearenaren pean, COPIL COVID19 talde gisa antolatu den hautetsi talde txiki batek gidatuko du krisia, Fréderic TRANCHE segurtasunaren auzapezordearen eta Richard IRAZUSTA langileen ardura duen auzapezorde eta GEUZaren lehendakariordearen gidaritzapean; haiei lotuko lirateke, beharko balitz, kolektibitatearen gainerako hautetsi arduradunak, nor bere ardura alorraren arabera. Gidaritza hori eguneko 24 orenetan zehar eginen dute bi hautetsi arduradun horiek.

Administrazioari dagokionean, kabinete zuzendariak, zerbitzu teknikoen zuzendariak, herriaren bizitzaren zuzendariak eta GEUZaren zuzendariak dute Herriaren eta GEUZaren eragiketa erabakiak gauzatzeko ardura. Etengabe izanen dira harremanetan administrazioaren zuzendariarekin, giza baliabideen zuzendariarekin, finantzen zuzendariarekin eta informatika eta komunikazio zuzendariekin. Lehen aipatu hautetsiek eta lau zuzendari horiek dizkidate orain udalaren eguneroko proposamenak eginen COVID19 krisiari dagokionean.

Martxoaren 3az geroztik, COPIL COVID19 talde horrek lau aldiz zehaztu ditu gure kolektibitatearentzako tokiko orientabideak. Zuen langile ordezkariak atzo, astelehen, martxoaren 16an, hartu dituzte taldean langileen egoera aztertu eta plantan eman diren neurriei buruz gogoetatzeko».

Lehentasunak 

Zaintzako, medikuntzako, paramedikuntzako eta pertsona  ahulei laguntza emateko langile baliabideak

Lehentasunetan lehena dugu ahal den guztia egitea zaintzako, medikuntzako, paramedikuntzako eta pertsona ahulei laguntza emateko langileak lanerako prest izan daitezen eta beren haurrak norbaiten zaintzpean uzteko aterabidea atzeman dezaten. Horregatik, haurtzaindegiak eta eskolak zabalik ditugu (bai eta, seguruenik, aisialdi zentroaren zati bat ere, asteazkenetan harrera egin ahal izateko). Harrera ordutegiak 07:30etik 18etara atxiki ditugu. Hendaiako Herriak ia 900 osasun langile ditu bere eremuan (Itsas Ospitalea, Nid Marin, Concha, zahar etxea, langile liberalak, etab.) eta erien eta pertsona ahulenen ondoan aritzeko prest behar ditugu. Baliabide hori eskariaren arabera eta Hezkuntza Ministerioaren jarreren arabera egokituko da,

Geuzaren eta zahar etxearen egitekoen mantentzea

Bigarren lehentasuna gure egitekoak adinekoentzako eta ezintasun bereziren bat dutenentzako geure harrera- eta etxeko laguntza- zerbitzuen bitartez egiten jarraitzea da. Egoera hau luzatuko den denbora guztian kudeatzen jarraitzeko prestatu behar dugu. Horretarako, hemendik goiti ahaleginduko gara gure zahar etxearen garbitzaileak bereziki sostengatuak izan daitezen beren egitekoetan.

Herri langileak babestea 

Hirugarren lehentasuna gure langile guztiak babestea da eta Errepublikaren lehendakariak erabaki dituen konfinamendu neurriak betetzeko aukera ematea. Horretarako, astelehenean, koronabirusak joz gero konplikazio oso larriak ekar diezazkieketen patologiak dituztelako, hala beraiek nola beraien hurbilekoek, babes berezia behar duten langile guztien zerrenda egin da.

Herriaren baitezpadako zerbitzuen atxikitzea

Laugarren lehentasuna herriaren baitezpadako zerbitzuak funtzionatzeko moduan atxikitzea da, gure herritarrek jadanik badituzten zailtasunak ez areagotzeko. Publikoarentzako jardun guztiak etenik ere (jendeak hartzen dituzten eraikin guztiak hetsirik ditugu dagoeneko), jardunean atxiki behar ditugu, arrazoi argiengatik, estatu zibilaren zerbitzua (sortze edo heriotz agiriak bereziki), telefonozko harrera egoera zibilean, idazkaritza nagusian, zerbitzu teknikoetan, hezkuntza-gazteria zerbitzuan. Zerbitzua emanen da ere, bereziki ordainketari dagokionean, giza baliabideen kudeaketan, informazio sistemen mantenimenduan, udaltzaingoan. Zerbitzu teknikoei dagokienean, funtsezko zereginen -garbiketa, ondarearen zaintza, argiteria publikoa, bideen gaineko eskuhartzea- atxikitzeko baliabidea jadanik antolatua da. Hainbat langile ari dira, ahal den neurrian, beren etxetik lanean.

«Erreserba brigadekin» aritzea

Zure zuzendarien agintaritzapean, gutxieneko presentzia baliabide bat programatu da. Zuzendari bakoitzari dagokio gutxieneko langile kopuru hori zehaztea eta lehen aldi honetan ezinbestekoak ez direnak etxera bidaltzea. Etxera igortze hori ez da geldialdia ezbada lanpostua etxean izatea, udalak zure lankideak ordezkatzeko deituko zaituen arte. Gogora ekarri behar dizuet krisi hau luzerako dugula. Errepublikaren lehendakariak 15 eguneko lehen aldi bat agindu digu. Halarik ere, krisia gehiago luzatuko dela aurreikusi behar dugu. Halatan bada, «erreserba brigadekin» behar dugu aritu, eritasunak aitzin eginez gero edo beste lankideak ezinduz gero erreserban direnak dei ditzagun. Zerbitzua aldizka antolatuko da nor bakoitza, bere ahalen arabera eta betiere hirugarren lehentasuna betez, dei dezagun. Udal langileetako gehien-gehienak etxera bidaliak izan dira eta bakoitzari Estatuak erabaki konfinamendu neurriak zorrozki bete ditzan eskatzen diogu. Zuen herritartasunari eta zuen zerbitzu publikoaren zentzuari konfiantza egin diezaiokedala jakinik.

Aldaketarik ez ordaintze baldintzetan

Zehazki, kontratu guztiak ekaina arte luzatzen dira. Orain arte zenituen baldintza beretan ordainduko zaizu martxoan, apirilean eta maiatzean. Lanaldiak urtekoturik dituzten kontratuak lansariaren hilabeteko batezbestekoaren arabera ordainduko dira. Horretan ageri litekeen zailtasun oro giza baliabideen zuzendariari azaldu beharko zaio. Zure eguneroko kontaktua zeure zuzendaritza duzu halere; ahal beste saia zaitez giza baliabideen zerbitzua ez gehiegi kargatzen, zerbitzu hori ere murriztuko baitugu.

Atzemateko moduan izan zaitez

Etxean, zure lanpostuan bezalaxe, lanean zara. Sostengurako edota etorri ez diren langileen ordez etor zaitezen dei zaitzakegu. Atzemana izateko moduan izan zaitez. Herriaren webgunea (ez intraneta) izanen zaizu informazio bidea. Langileentzako COVID19 atal berezia sortuko dugu astearte goiz honetatik goiti eta erregularki elikatuko dugu. Oraindik ez baduzu egin, erraiguzu nola atzeman zaitzakegun. Krisi egoeretan maiz gertatzen den bezala, zerbitzu publikoak bermatzen du herrialdearen bizitzaren jarraipena. Hori zaio ohore eta hori du ardura.

 » Aldi luze batean sartzen ari gara, eta, berriro ere diot, gure kolektibitatean inoiz ikusi gabea dugu hori. Etsai ikusiezin baten aitzineko «gerla» hori alegiazkoa irudituko zitzaien batzuei. Zorigaitzez, ospitaletako larrialdi zerbitzuak gainezka izateak erakusten digu aitzinean dugun jokagaiaren handia. Hiru egunetik behin kasuen kopurua bikoiztuz gero (kutsaturik den pertsona bakoitzak hiru egunetan bakarra kutsatuz gero) 24 egunetan milio bat pertsona baino gehiago hunkituko lituzke birusak, eta haietan % 15 ospitaleratu beharko lirateke. Gure osasun sistema ez da halako jariorako egokitua. Hurbilekoak har ditzagun gogoan, zaintzaileak har ditzagun gogoan. Badakit zurekin konta dezakedala. Aitzinetik eskertzen dizut zeure zerbitzu publikoaren zentzua».


Navigation de l’article