2022ko agiantzak – Diskurtsoa

Jaun andre horiek, adiskide maite horiek, agur,

2021 buka eta hementxe dugu 2022.

Tradizioari jarraikiz, agiantzen garaiak herrian orain arte gertatu dena ikus eta etorkizuna gogoan hartzeko aukera eskaintzen digu.

Batere atxiki nahi ez genuen tradizioa, berriz, agiantzak «bertaraturik» ez egitearena da, elkarrekin izatearen atseginean, muxu eta besarkadekin, zintzurra bustitzearekin batera.

Alabaina, bigarren urtea dugu jadanik COVID delakoak horretan mugatzen gaituela.

COVID hori dugu, izan ere, 2021. urte arraro honen «gibeleko soinua» egin diguna.

Musukoekin eta PCR testekin hasi zitzaigun eta musukoekin, PCRekin, osasun baimenekin eta, guretako gehienentzat, 2 edo 3 txerto dosirekin, bururatu dugu. Hemen, Hendaian, osasun gertakariak dramatikoegi izan ez zitezen lagundu duten guztien ahaleginak aipatu nahi nituzke. Artatzaileak, urririkako laguntzaileak, paramedikuntzaren langileak, udal langileak eta GEUZarenak; anitz izan zarete lanean, urte osoan zehar, bizitza ahal bezain normalki joan zedin.

Araudi egoera bereziki korapilatsuan izan eta etengabe egokitzen jakin behar izan dugu!

Iaz, kolektiboki erakutsi dugun erresilientziaz mintzatu nintzaizuen; aurten proban emanik izan da erresilientzia hori eta 2022an ere horrela jarraitzeko arriskuan gara.

Hondarribia eta Irungo ene auzapez kideekin batera, hainbatetan galde egin diegu Estatuaren agintariei gure bizi arroari kalte egin dioten zirkulatzeko murrizketei buruz. Gure egunerokoan eragin du horrek, baina baita, dramatikoki, muga itxaropen zitzaien haiengan ere, batzuetan bizitza han uzteraino.

Gure hirietako eta gure herrialdeko herritar garelarik ere, ez dezagun ahantz planeta bereko herritarrak garela…

Azkarki berrituriko udal talde berrian hautaturik 2020. urtean, gure gehiengo taldea zuek gehienek bozkatu duzuen hautespen programa gauzatzen joan gara.

Nire lehen engaiamendua ingurumena zaintzea eta etorkizun ditugun belaunaldien alde aritzea nuen.

2021. urtean, gure txirrinda planaren lehen fasea gauzatu dugu Hondarraitz auzoan. Hortxe dira 30 zonak.

2022an, Intzura auzoak du bere bideen modernizazioa ikusiko, bai eta, berak ere, 30 zona bat, non txirrindak, trotinetak eta autoak oinezkoekin batera ibili beharko duten lasaiki.

LAN EKO zentroarekin eta Urruña eta Biriatu herriekin elkarlanean, lurraldeko elikadura proiekturako azterketa bati ekin diogu. Diagnostiko horrek ekarriko duen ekintza plana hemendik zenbait hiletara abiatuko da.

Itsas ingurunerako, azterketa egiteko diru ekarpenak bozkatu berri ditugu ABADIA aitzinean dagoen zona bereziki babestua izatearen aukerak hobe ezagutzeko. Oro har, badakigu lurreko eta itsasoko bioaniztasunaren babesa ezinbestekoa dela gure bizi kalitatea bera ere atxikitzeko. Dosier horretan, itsas ingurunearen eragile guztiak zainduz egin beharko dugu aitzin.

Etorkizuneko belaunaldien alde aritzea autoa ez den beste aukera garatzea da ere.

Geltokiko Aldagune Multimodala bururatzen ari da eta auzoa historikoki ukan duen erakargarritasuna berreskuratzen ari da poliki-poliki. Badakigu Estatuak abiadura handiko trena Akizeraino luzatu nahi duela, baina Euskal Herriari dagokionean, zuen izenean, eguneroko trenaren alde mintzatu naiz, egungo trenbideak moderniza ditzaten eta DONOSTIArako edota BAIONArako maiztasuna hobe dezaten.

LEGARRALDE jabegoak arazo zenbait ukan du, baina gauzak pixkanaka bideratuko dira eta guztiek ezagutuko dute gure urraspidearen eredugarritasuna.

Gutxi dira guk egin dugun bezala, 11 hektarea laborantzarako itzultzen dituzten herriak.

Berriz ere aipatu nahi dudan bigarren gaia elkartasuna da. Ezinbestekoa da nor bakoitzak bere lekua ukan dezan jardun kolektiboan.

Gure GEUZarekin eta hautetsien gidaritza dinamikoarekin, hainbat eta hainbat ekimen zehaztu dira 2021ean eta jarraituko dira aurten.

Larrialdietarako apartamentu bat dugu indarkeriaren biktima diren emazteak laguntzeko.

Senideen arteko indarkerien aurkako gutun bat prestatu eta sinatu dugu Estatuarekin.

2022an, lehen diruzaintza zenaren lanak eginen dira Familia Laguntza Kutxa eta Eritasun Asurantzako Lehen Mailako Kutxa bertan koka daitezen. Harleku modernizatua eta zerbitzu publiko gizatiarra ditugu hendaiarrek eskertuko dituzten helburuak.

Elkartasuna biztanleei energia aurrezten laguntzea da ere. Herriak, hirugarren aldiz koordinatzen du energia taldean erosteko urraspide bat; «talde erosketa» hori erosteko ahal zertxobait atxikitzeko bidea izan liteke.

Garrantzi handiko alorra da osasuna. 2022an, CONCHA etxean espezialistak hartuz egin ziren lehen ahaleginen osagarri, SOS médecin elkarteen federazioa kokatuko da Hendaian.

Itsas Ospitalearen Zaintza Batzordearen lehendakari naizen bezainbatean, jakitera eman nahi dizuet inbestimendu programa handi bat onartuko duela Pariseko Ospitaleen Laguntza Publikoak heldu diren asteotan.

Oso berri ona da hori Hendaian enplegatzaile nagusia dugun ospitale horretako erientzat eta 600 langileentzat.

Elkartasuna berriz ere erakutsi eta ahalmen urritasuna duten helduentzako laguntza mediku-sozialeko zerbitzua kokatu dugu herriko etxetik hurbil diren lokaletan, Lizardiko Txiki Handi lehengo zahar etxean eginen den inbestimendu handian birkokatu baino lehen.

3 miliotik gora euroko proiektu horretarako, Departamenduaren zerbitzuek dute gidaritza teknikoa egiten. Arkitektura bulegoa hautatua da jadanik eta eraikitzeko baimena 2022an aurkeztuko da eta lanak 2023an hasiko dira.

Eskertu nahi ditut ere gure parte hartze bidezko lehen aurrekonturako proiektuak prestatu dituzten guztiak. Hainbat proiektu hautatu dituzte 800etik gora hendaiarrek.

Proiektu horiek 2022 eta 2023 artean gauzatuko dira. Baina urraspide horren arrakasta gure herria animatzen duen egiazko bizitasunaren adierazgarri da. 200 K € emanen dira proiektu horietarako.

Elkartasuna bizilekuen eta bizitegien alorrean egiten duguna da ere. Ezagutzen dugu arazoa: gure Euskal Herria hain da erakargarri ezen funtsen prezioa izugarri emendatzen baita eta herritar anitzek ez du jadanik ostatatzeko aukerarik atzematen. 2021ean, lehenengo Elkartasunezko Egiazko Alokantza (EEA-BRS) bat bururatu da Portu karrikaren behe aldean.

Etxejabe izateko bide lagundu berezi hori bultzatzen dugu udaletik. Portu karrikako 27 bizitegiez gain, beste 75 gehiago eginen dira «EEA-BRS» bidetik heldu diren urteotan: Orion, Santiago karrikan, Leclerc etorbidean. Helgarri den alokantza eskaintzari dagokionean, % 60tik gorako mailetara heldu gara jadanik etxe proiektu berrietan.

Beste aldetik, zenbait urrats egin ditugu hutsik diren bizitegien jabeen artean, bai eta egoera txarrean diren bizitegien jabeen artean. «Petites Villes de Demain» edo biharko hiri txikiak programaren barnean, alokatzearen eskaintza areagotzera bultzatuko duen baliabide oso bat dugu.

Egiteko handi-handi bat da hori guztia, zaila eta eskergaitza, denbora eta energia eskatzen baitu, baina egin beharra dugu Hendaiak bere haurrak osatatatzen jarrai ahal dezan.

Aipatu nahi dizuedan hirugarren ardatza herriaren edertzearena da.

Edertzea baina gure nortasuna atxikitzea.

Hala egiten dugu KANETAn zaldain ederra sortzen dugunean. Hala egiten dugu iragan udan Itsas etorbidearen ekialdea bururatu genuenean; hala egiten dugu bideak berritzen digutunean, hala nola Iheslarien karrika edota De gaulle jeneralaren etorbidea; halaxe ere Enperadore etorbidea segurtatzen duten bi biribilgune antolatzen ditugunean. Edertzen dugu, baina hori hendaiarren onerako izan behar da. Halatan, bada, herri barneari buruzko jendeen aditze berezi baten ondoren, laster hasiko dira lanak Errepublika plazaren inguruan.

Eta nola aipa gabe utzi Gaztelu aretoa, 7 hilabetetan ia 20 000 pertsona hartu dituelarik; zer ez ote den erran areto horretaz eta haren baliagarritasunaz?

Nola horren luzaz izan gara hori gabe? Gaztelu aretoan eta haren inguruan egin duguna hiri barnearen hainbat ardatzetan eginen dugu. Argi dugu helburua. Gure herria modernizatzea eta bizitzeko atseginagoa bilakatzea.

Orain, kulturaz eta animazioaz behar dugu mintza. Gure nortasuna bere hizkuntza eta tradizioak zaintzen eta bultzatzen dituen baina mundura eta haren teknikazko eta kulturazko berrizkuntzetata zabalik den euskal lurrarena da. Antzerkiaren Maiatzaren arrakasta edota Guitaralde festibalaren 10 urteak -non Thomas DUTRONC hiru arrats saio eder-ederrekin ezagutu ahal izan dugun- ditugu berritzeko dugun gaitasunaren lekuko. Ekitaldi horietan anitzek duzuenez parte hartzen, haratago joatera bultzatzen gaituzue.

Hendaiar nortasuna atxikitzea lekua zaintzea da ere. Eta leku hori Urrizti muinoa delarik, hobe ulertzen da zein den jokagaia. Dordogne-ko Departamendu Kontseiluarekin ados izatera heldu gara 3 hektarea inguruko jabego horren erosteko.

2022an, zuekin batera zehaztuko dugu leku horretarako proiektua. Lekua ezagutzen dutenek badakite ezinbestean izanen dela proiektu eder-ederra, Txingudi badiaren gainean dagoen ikusmira ederrenetako bat babestuko duena.

Herria kudeatzea zuek horrenbeste maite duzuen hautetsiekiko eta zerbitzuekiko hurbiltasuna kudeatzea da. 2021ean, gazteria eta digitalaren zerbitzua sortu dugu. Tresna digitalak ongi erabiltzen ez dakitenei egin behar dituzten urraspideak egiten laguntzeko xedea du zerbitzu horrek. Gizatiartasuna eman behar dugu teknologikoki gogor-gogorra den gizartean.

Gai horretan, gure elkarteen engaiamendu harrigarria eskertu nahi dut, hala kultura elkarteena nola kirol, gizarte ekintzako edota aisialdikoena, guztiek laguntzen baitute gure gizartea saretzen. Oihal batek bezala, herriak elkarteen bilbe horren beharra du nor bakoitzari hobe bizitzeko aukera emateko egunero.

2021ean, udaltzaingoa osatu dugu. 2022an, Nazio mailako poliziarekin elkarlanean aritzeko gara lanean gure herriko segurtasuna areagotzeko eta Estatuarenak diren zereginak beteko dituzten funtzionarioak berriz ekartzeko Departamenduaren bostgarren hiri garen honetara. Ia-ia bururaturik dugu bideozaintzaren hedapena.

Zerbitzu publikoak areagotzeko gure jardunaren beste urratsa itsas aduanak 2022an hartzea izanen da. Haien hartzeko, lanean gara arrantza portuko bi xaitan.

Egunero zuekin hobe aritzea hezkuntzaren alde aritzea dugu ere. 2021ean, IKASTOLAren lokalak berritu ditugu. 2022an, Hondarraitzeko eskolak ukanen du behar duen «lifting» berritzailea. Departamenduak, IRANDATZ kolegioaren arduradun izan eta berrikuntza handia eginen du hor. Ia 10 milioi euro inbestituko ditu horretan.

Handik hurbil eta horrekin batera, igerilekuaren lanak ukanen ditugu.

2022 proiektua bururatzeko urtea izanen da eta arkitektoa hauta eta lehiaketarako deialdia egitea.

Kirolarekin jarraituz, aurten futbol zelai sintetikoa egin beharko dugu futbolarien beharrei erantzuteko. Errugbiaren harmailak eta tenis instalazioak berritu eta paddle zelaiak sortu ondoren, futbolariei da orain. Milesker ukan duten pazientziagatik.

Baina kirola, Hendaian, ur kirola da ere, eta horretarako portua behar da.

Administrazio urraspidetan urte luzeak eman ondoren, azkenik lortu dugu Bidasoa 3 lekutan dragatzeko baimena 10 urtetarako.

Gure pazientziak eta temak ukan dute, azkenik, emaitza onik. Horren diruztatzeko plana behar da orain egin, baina nolanahi ere, bermaturik ditugu portuaren etorkizuna eta kalitatea.

Azalpen luze honen bururatzeko, lanpostuen alde aritzeko dugun asmoa nahi dut berriz aipa. Turismo eta merkataritza alorretan Turismo eta Merkataritza Bulegoari esker gara lanean. Hainbat hilabete dira herrian merkataritza kokatze berriak egiten ari direla. COVID krisia jasanagatik ere, gazteak merkataritzan abiatzen ari dira eta zuek haienean erosiz laguntzen dituzue horretan. 2021ean entsegu gisa hasi zen merkataritzak jokamolde berriei ekiten die orain.

Elkartasunezko gizarte ekonomia laguntzen dugu horrela. 2019an HENDAIAKOOP genuen, 2021ean BORDER LINE FABRIKA, eta bihar, Intzuran, eskulangintzako hirugarren leku baten proiektua.

Elkargoa ez da bazter geratu. Intzurako industrialdia berritzeko 5 milioi euroko lanak egin ditu eta, 2015ean erosi eraikin batean, etorkizun ederra dukeen mekanikako enpresa bat kokatu du.

Lanpostu gehiago dugu orain gure bizi arroan eta langabezia behera doa pixkanaka; berri on-ona dugu hori.

Entzuna duzue eta ezin da guzti-guztia erran; proiektu anitz baita han-hemenka. Gure herria elkartasunean eta partekatzean bizi eta animatzen da.

Dena ez da betegin, noski, baina zailtasunak zailtasun, bidean aitzin goaz.

Jaun-andre horiek, adiskide maite horiek,

Egun fisikoki elkartzerik ez badugu ere, 2022. urte berri on-ona opa dizuet!