Pasa den urriaren 10ean, Michelle Mounios-Adurriaga eta Itziar Aizpuru hizkuntza politikaz arduratzen diren hautetsiek Eusko Ikaskuntzarekiko hitzarmena ofizialki izenpetu zuten, Hendaian iragan den elkartearen biltzar nagusiaren kari.
Eguzki Urteaga, Eusko Ikaskuntzaren lehendakariordeak oroitarazi du Eusko Ikaskuntzaren helburua Euskal Herria maite duten eta haien lanaren bidez haien kultura eta nortasuna sendotu eta lagundu nahi duten pertsonen batzea dela. Horren baitan, Michelle Mounios-Adurriaga eta Itziar Aizpuru hautetsiek azpimarratu dute pasa den ekainaren 18ko Herriko Kontseiluak aho batez bozkatu Eusko Ikaskuntza eta Hendaiako Herriaren arteko hitzarmenak interes handia duela, partaidetza hau herriaren hizkuntza politikaren helburuetan sartzen baita.
Horrela, Eusko Ikaskuntzak elkartearen helburuei lotu kultur eta zientzia ekitaldiak antolatuko ditu Hendaiako Herriko Etxearekin elkarlanean. Elkarteak 5000 euroko urteko dirulaguntza jasoko du ere.
Hitzarmena izenpetu ondoren, biltzar nagusia iragan da, elkartearen 2019ko bilanaren eta kontuen aurkezpen eta onarpenarekin.