Euskaraldia 2020: bigarren edizioa abian!

2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra iraganen da Euskaraldiaren 2. edizioa. Egitasmo horrek hizkuntzaren erabilera egunerokoan bultzatu nahi du. Helburua hizkuntza ohituretan eragitea da, euskararen erabileraren aldeko ingurumen soziala sortuz eta euskaraz mintzatzeko aukerak ikusgarri bilakaraziz.

Berrikuntza gisa, aurtengo edizioak herriko etxeak, herrien arteko sindikatuak eta beste egitura publikoak, baita ere elkarteak, saltegiak eta enpresak entitate gisa desafio kolektibo horretan aktiboki parte harrarazi nahi ditu. Parte hartzeko, erabilpen guneak plantan ezarri, antolatu eta identifikatu behar dituzte : “ariguneak”.

Hendaiako Herriko Etxeak kanpaina horretan parte hartuko du, bost “kanpo arigune” (hots, publikoak euskaraz mintzatzeko aukera izanen duen guneak) proposatuz: Herriko Etxearen harrera, Mediateka, zinema, Ludoteka eta Gazte Informazio Bulegoa. Baina udaletik kanpoko egitura batzuek ere desmartxan sartu dira, hala nola IEZI Euskal Itsasbazterra (Asporotsttipin eta Larretxean izanen dira ariguneak), Dongoxenia haurtzaindegia edo Hendaia Turismo (Turismo Bulegoan eta Abadia gazteluan eginen da euskarazko harrera).

Hori erranda, Euskaraldia lehenik eta behin herritarren parte hartzean oinarritzen da. Parte hartzaileek hautatzen dute bi “rol”-en artean, txapa bat soinean emanez: ahobizi eta belarriprest rolak. Parte hartzaile hauek denak boluntarioak dira, 16 urte baino gehiago dituzte, eta ariketak iraunen duen denbora osoan beren rolari doazkion engaiamenduak hartu dituzte. Hala nola:

  • “ Ahobiziak”: engaiatzen dira elkarrizketa guziak euskaraz hastera, denekin eta egoera guzietan, eta beren solaskidearen mailaren arabera egokitzen dira. Ahobizia arau urratzailea da, hizkuntza ohiturak eraldatzera engaiatzen da.
  • Belarriprestak”: euskara ulertzen dute, berdin mintzatzen dakite, baina egoera guzietan euskaraz mintzatzeko gogorik ez dute. Txapa ezarriz, beste hiztunak gonbidatzen dituzte haiekin euskaraz aritzera. Elkarrizketa elebidunak izan daitezke.

Hendaiarrek www.euskaraldia.eus webgunean ematen ahal dute izena azaro arte. Horretarako, aski da rola hautatzea eta formularioa betetzea.

Mintzaian elkarteak du kanpaina animatzen Hendaian, Udalaren sostenguarekin.

Navigation de l’article