Urrezko bolondresa #4

Jokoen Lurralde labelaren harira, Herriari da 2024ko olinpiar jokoak biziaraztea. Proposaturiko ekintzen artean, kirol klubak biziarazten dituzten bolondresak aurkeztea agertu zaigu argi eta garbi. Urriko hil honetan, Stade Hendayais Handball klubeko Joan Ortiz ezagut dezagun beraz.

URREZKO BOLONDRESA #4

Notariotzako goi teknikari brebet ikaslea

Epaile eskolaren arduraduna

Stade Hendayais Handball

Atleta maiteenak: Nicolas Tournat eta Ludovic Fabregas

HENDAIA, ESKUBALOIA ETA JOAN?

8 urte dira eskubaloian ari naizena. Lehen, errugbian aritu nintzen Stade Hendayais klubean beti.
Eskubaloiak badu, errugbiak bezainbesteko alde fisiko bat, bai eta nire gustukoago zen pentsaera bat ere. Kirol horrek gorputz atal guztiak baliatzera behartzen zaitu fin eta sotil izanez batera.

NOIZ ERABAKI ZENUEN ELKARTEAN ENGAIATZEA?

Kirola beti ukan dut ene bizitzaren parte eta oso engaiaturik izan nahia ukan dut beti. Xan ene adiskide minena eta biok elkarrekin hasi ginen epaile aritzen gure bigarren urtetik goiti. Garai hartan, oraindik klubean dugun nazio mailako epaile batek formatu gintuen, Julienek. Gure formakuntzak iraun zuen denbora guztian, nagusi izan arte, berak eman dizkigu lanbidearen hari guztiak.

Ni hasi nintzen garaian, epaile eskola oso txikia zen eta oso gazte gutxi engaiatzen ziren han. Oso formatzaile ona izan da, ongi ulertzen baitzuen 13 urterekin ez zela erraza zelai batera heldu eta jokoaren bere ikuspuntua inposatzea. Berehala lotu nintzen horretara eta hurrengo urteetan klubeko gazteen jokoak epaitzen jarraitu dugu.

Gero, Pirinio Atlantikoetako klub guztiak biltzen zituzten 64 batzordeak antolatu txapelketetan aritu gara epaile. Beste klubetako taldeak epaitzeak bestelako ikuspuntua ematen dizu; nahi edo nahi ez, Hendaia tartean delarik, bada beti alderdikari joera bat. Ene epaiketetan, jokalariekin tartea egiten saiatu naiz beti eta horretarako zuka egiten diet.

ETA HORRELA, KLUBEAN AREAGO ENGAIATZEN ERABAKI DUZU, ZEIN ZEREGIN DUZU ORAIN?

Egun, Julienen lekuan naiz, Hendaiako klubaren epaile eskolaren arduradun. Xanekin batera, lekukoa hartzea eta eskola handitzea erabaki dugu, klubaren parte izan dadin. Klubaren mailan epaiketa proiektu bat eraiki dugu eta epaiketa batzorde bat sor dadin eskatu. Klubaren administrazio batzordekide naiz ere. Horrek, erabakiak hartzerakoan eta aurrekontuan, autonomia gehiago eskatzeko aukera eman dit. Kopurutan mintzatuz, 2018an 12 epaile gazte ginen. Egun, 25 eta 30 artean gara eta klubetik kanpo txistu egiteko aukera eman nahi diegu. Neska gehiago da mutil baino gure klubean txistu egiten. Hori nesken adarra handiago delako gertatzen da ere. Maila gorenean ere, emazteak gizonen epaile aritzen dira eta alderantziz.

Ni Bordelen bizi naiz, ikasketengatik, baina asteburutan itzultzen naiz, jokatzeko. Ostiral arratsaldetan entrenatzen dut. Aurten, gizonezkoen U18 taldeak entrenatzen hasi naiz ere. Laburki, txistu egiten dut, entrenatzen dut eta jokatzen dut, epaile eskolaren arduradun eta administrazio batzordekide izateaz bat.

ZEINTZUK DIRA EPAILE ON BATEN KALITATEAK?

Arau guztiak ezagutzea. Oinarria den jakintza horrez gain, hori aplikatzeko manera behar da ere. Ezin da beti arauari idatzirik den bezalaxe jarraiki, egokitzera behartzen zaituzten partida gertakariak izaten baitira. Konponbide anitz da ere eta batzuek eta besteek jokoari ekar diezaioketena ikasteko gaitasuna. Harreman alde hori oso garrantzitsua dela iruditzen zait.

IKUSLEEK ETA ENTRENATZAILEeK, BATZUETAN, ZERTXOBAIT BEGIRAMEN EZAZ JOKA DEZAKETE. EPAILE GAZTEEI HALAKO EGOERAK KUDEATZEN IRAKASTEN OTE DIEZU?

Ingurumenaren kudeaketa ere oso garrantzi handikoa da. Partidaren hastapenetik bertatik oinarri onak ezartzen jakin behar da eta azaldu, agintekerian erori gabe, azken erabakia epaileak hartuko duela beti. Ikusleak kudeatzen dituen areto arduradun bat bada, noski. Epaileak ez du, halatan, eskuhartu behar. Halarik ere, gerta liteke epaileak partida geldiaraztea arduradunari eskatzeko topaketaren nahaslea atera dezan. Entrenatzaileei dagokienean, haientzako zigorren eskala jokalarientzako eskala bera da. Adibide baterako, gazteen partida batean, entrenatzailea bada bere taldean adinez nagusi den bakarra eta txartel gorria hartzen badu, klubak opor egin duela adieraziko da, ezin baitira gazteak bakarrik utzi bankuan.

ESKUBALOIA JENDE ANITZEN GUSTUKOA OTE DA?

Modan den kirola da, bereziki, nazio mailako emakumezkoen nola gizonezkoen gure taldeen emaitzak ikusirik. Urteak dira munduko maila gorenean garela eskubaloian. Ospe handia dakarkiote kirolari. Ahoz aho zabaltzen da ere. Gure kluba, adibidez, lizentziak irabazten ari da bete-betean. Azken denboraldiotan gero eta gehiago izan dira, emendatze esponentziala bizi dugu. Eskola jostalekuetan gero eta gehiago ikusten den kirola da.

KLUBAZ ETA HAREN UNE GARRANTZITSUENETAZ ZERBAIT GEHIAGO ERRANEN ZENIDAKE?

Klubaren une garrantzitsuenak taldeen emaitzei loturik dira nagusiki. Gure talde nagusia nazio mailako 3an ari da, hau da, nazio mailako 5. mailan. Talde hori dugu Hendaia eta Nantes arteko kostalde osoan maila gorena duen taldea. Gure ekitaldien estrategia etxean egin partiden inguruan antolatzen dugu, partida bakoitzean ostatua eta otamenak eskainiz, bai eta arrats saioen inguruan ere. Beste une garrantzitsuak 2015ean Irandatzen egin diren departamendu finalak izan dira, bai eta Hiri Bestako gure postua eta txipiroi bestakoa. Elkartzeko leku garrantzitsua izatera heldu gara, lehen gimnasioa inoiz bisitatuko ez zuten jendeak erakartzen ditugularik. Kluba maila berri batera heldu da azken urteotan eta ezagunagoa da.

Iaz, «baby hand» atal bat sortu genuen, 3 urtetik gorako haurrei beren gurasoek lagundurik eskubaloian aritzeko aukera emateko.

«Aisialdiko eskubaloi» talde bat dugu ere, non, batere emaitza presiorik gabe, jende anitz aritzen baita, besteak beste, jende sentibera eta baztertua. Entrenatzaile eta gidari talde bat da horretarako. Aisialdiko eskubaloia burua kezkatu gabeko ariketa da eta burua hustutzen laguntzen du.

Etorkizunean, Hondarraitz hondartzan sandball edo hondarretako eskubaloi txapelketa antolatu nahiko genuke; gehiago baliatzen ahalko litzatekeela iruditzen zait. Horek kluba eta ezezagun den ariketa hori ikusgarri eginen luke Hendaian.

Gure handitzean dugun puntu ahul bakarra azpiegituretan mugaturik izaten hasi garela da. Kategoria bakoitzak, 13 urtez pekoekin hasiz, astean bi aldiz entrenatzeko aukera ukan dezala nahi dugu eta formakuntza kalitatezkoa izaten jarrai dezala. Azpiegiturei dagokienean, gero eta leku handiagoren beharra dugu. Halatan, ezinen dugu handitzen jarraitu eta kirolaren bidez bizitza kidegoa osatu. Halarik ere, partaide izateko sentimendu hori eta Hendaian bizi behar hori garrantzitsuak dira.

IKUSI DUT ZURE KLUBAK «ESKUBALOI ESKOLA» LABELA DUELA, ERRANEN ZENIDAKE ZERBAIT HORRETAZ?

Zilarrezko labela dugu 2017az geroztik. Label horrek adierazten du gure eskola, kirol zereginaz gain, gizarte klase desberdinen arteko elkartze lekua dela larunbat goizetan. Kirolean hori nahi da ere, izan litezkeen gizarte desberdintasunak gainditzen dituen nahasketa hori. Label hori dugun harrera zentzuaren adierazgarri da ere eta gure gidaritzaren kalitatearena. Eskubaloi eskoletan ez da txapelketarik, zentzu hertsian. Jokatzea da garrantzitsu, ikastea eta plazer hartzea.

ZER GOMENDATUKO ZENIOKE ELKARTE BATEAN ENGAIATU NAHIKO LITZATEKEEN NORBAITI?

Iruditzen zait badirela jendeak engaiatu nahi baina nola egin eta norengana jo jakin ez eta ez direnak urrunago joaten. Ez da engaiatzeko gogoa eta horretarako denbora baduzula errateko entrenatzaile batengana, epaile batengana edota administrazio batzordekide batengana edo beste norbaitengana jotzeko beldur izan behar. Zerbait ekar dezakezu eta zure garapen zurean lagunduko dizu horrek. Oro har, bolondresak galtzen ari gara kirol ingurunean. Gero eta gutxiago dugu. Eta halere, funtsezkoak dira egitura baten funtzionamendu onerako.

BADA OHIKO ESKUBALOIAZ BESTE ALDAERARIK?

Konfinamendu aldian ezin genuen gure kirolean aritu; horregatik, sandball edo hondar eskubaloiko bi zelai erosi genituen. Kategoria guztietan aritu gara maiz horretan. Kirol hori askoz trinkoagoa da, joan-jin anitzekin eta denbora erdi laburragoekin. Fisikoki trenpuan jarri eta lagunekin izan gara horrela.

ZEIN HELBURU DUZUE 2021/2022 SASOIRAKO?

Talde guztiek eskubaloian baldintza ahal bezain normaletan eta nork bere onena emanez aritzeko plazerrari berriz heltzea izanen da helburua

Eskubaloi klubaz gehiago jakiteko, haien webgunean dituzu informazio guztiak: https://stadehendayaishandball.clubeo.com