Familia baratzeak barne araudia

Barne araudiak – frantsesez eta euskara ikus (leiho berria)

1. ARTIKULUA : Aitzin-adierazpena

Herriko Kontseiluaren deliberoaz, lurren jabea den Hendaiako Herriko Etxeak dohainik uzten dizkio “Hendaiako familia-baratzeen tokiko komitea” elkarteari.

Elkartea arduratuko da:

  • lur-zatiak banatzeaz, izen-emateko ordenaren eta bere estatutuek finkaturiko emate-baldintzen arabera
  • horien kudeatzeaz eta ondotik bultzatzeaz
  • elkarren arteko gastuak ordaintzeko sartze saria eta urteko kotizazioa finkatzeaz eta kobratzeaz
  • barne araudia errespetarazteaz
  • Lur-zati bakoitza urte baterako ematen zaio titular bakar bati, ondoko artikuluetan “baratzezaina” deituko dena
  • Lur-zatia ezingo da utzi, eman, edo azpi-alokatu; beste pertsona batek ezingo du ustiatu ere
  • Hendaiako Herriko Etxearen jabegoa gelditzen da
  • Baratzea urtarrilaren 1etik abenduaren 31 arteko lur-lantze urte baterako, , ematen zaio
  • baratzezain bati, erabilpen pertsonalerako bakarrik, baldin eta araudi hau errespetatzen duen
  • Araudia baratzezain berriari emanen eta azalduko zaio, eta horrek onartu eta izenpetu beharko
  • Baratzea lantzeko eskubidea berrizta daiteke adierazi gabeko luzatzearen bidez

2. ARTIKULUA : Lur-zatien osaera

Lur-zatiek lurrazal aldakorra dute, 70 m2tik 100m2ra. Hesi arin batek zedarritzen ditu, eta bakoitzak arauzko aterpetxoa dauka (bitan zatitzen ahal dena, bi baratzezainek erabiltzeko gisan).
Momentuz, hiru ur-txorrota daude, kideen artean erabiltzeko.
Hendaiako Herriko Etxeak bere gain hartuko ditu xahuturiko lehen 100 m3 ur. Hasiera batean, erabiliko ura lur-zatien artean zatituko da eta urteko berriztatze momentuan ordaindu beharko da.
Lurrean ezarritako egurrezko zedarritzeak ditu lur-zatiak mugatuko. Baratzeen lurrazal osoa hesiz inguratua izanen da kanpotik, denen parte erreserbatua barne hartuz.
Lur-zati bakoitzean, ureztatzeko eta ura biltzeko banakako ontziak utziko dira.

3. ARTIKULUA : Kide egitea

Hendaian bizi den eta baratze partikularrik ez duen edozein pertsona heldu izan daiteke kide,
Horretarako, hona zer egin beharko duen:

  • sartze sari bakarra (kobratuko ez den fidantza) eta urteko kotizazioa ordaindu
  • baratzezainaren engaiamendua barne hartzen duen barne-araudia irakurri, onartu eta izenpetu
  • nortasun agiria eta bizileku-egiaztagiria (argi faktura, jabearen agiria, etab…) aurkeztu
  • familia-liburuxkaren, azken zerga-agiriaren eta egoera justifikatzeko agiri guztien kopia eman

Kotizazioek elkartearen gastu orokorrak estaltzen laguntzeko baizik ez dute balio, eta ez dute inondik ere alokairu baten ezaugarria.

4. ARTIKULUA : Lur-zatien banaketa

Administrazio kontseilua arduratzen da lur-zatiak banatzeaz, elkartearen estatutuetan finkaturiko irizpideen arabera.
Lur-zatiak urte baterako ematen dira, urtarrilaren 1etik abenduaren 31 arte; hitzarmenak berriztagarriak dira.
Kide berriek libre dauden lur-zatien artean aukeratzen ahal dute, baina ezin dute inondik ere horien ematea eskatu.
Aukera hau zozketa baten bidez eginen da, ohizko batzarrean.

5. ARTIKULUA : Engaiamendua

Kide guztiak engaiatzen dira:

  • irakurri eta izenpetu duen araudia errespetatzera, eta gomitatuko dituen pertsonei errespetaraztera
  • bere lur-zatia urte osoan zehar mantentzera eta lantzera, eta mota bakarreko laborantzarik ez egitera (lurrazal belardun edo loreduna ezingo da lurrazal osoko %20 baino gehiagokoa izan)
  • bakarrik bio produktu erabiltzera
  • ezkutatzeko moduko landare-hesirik ez haztera
  • antola litezkeen ekitaldietan parte hartzera (lehiaketak, festak, ate irekiak, etab…)
  • familia-baratzeen oinarrizko printzipioak betetzera (giro adiskidetsua, adeitasuna, elkartasuna, elkar laguntzea, besteen eta ingurumenaren errespetua)
  • elkarteari antzeman litzakeen kalte eta hondamen guztiak jakinaraztera, eta hala gertatuz gero, horien konpontzea ez trabatzera
  • denen arteko parteak garbitzen laguntzera
  • ez ureztatzera zaintzarik gabe, minutu kontagailu batekin edo ur-murrizte garaietan
  • beste kideei edo ondoko etxebizitzei trabak eragiten ahal dizkieten soinu edo usain kalte gehiegi ez sortzera
  • bere baratzea bi hilabete baino gehiago landu gabe ez uztera. Koordinatzaile teknikoak hori egiaztatzen duenez, administrazio kontseiluak akats horren aztertzeko eskubidea izanen du, kidearen kanporatzea proposatu aitzin

6. ARTIKULUA : Debekuak

Erabat debekatua da:

  • hondakinak deskargatzea
  • produktu lanjerosak, toxikoak edo su har dezaketenak gordetzea
  • motorrezko ibilgailu edo karabana batekin aparkatzea
  • elkarteak utzitako eremua edo materiala helburu profesionaletarako erabiltzea
  • belar pozoiak edo ingurumenari kalte eragiten dioten beste produktuak era desegokiaz erabiltzea
  • lur-zatiak zedarritzeko elementuak (hesiak) edo aterpetxoak desmuntatzea edo lekualdatzea
  • lur-zatiak azpi-alokatzea
  • baratzea ixtea, paretak edo hesiak eraikitzea, eta burdin hari ziztaduna erabiltzea
  • gaua bertan pasatzea
  • ondoko lur-zati baten muga gainditzea edo hortik pasatzea
  • motorrezko tresnak igande eta jai egunetan erabiltzea
  • abereak haztea
  • lur horietan landu ekoizpen guztiak saltzea
  • betoizko terrazak eraikitzea edo antolatzea
  • baratzea ur tutuz, arranpaz edo sprinkler-ez ureztatzea
  • lur-zatian sua egitea
  • ibilgailua garbitzea

7. ARTIKULUA : Aholkuak

Kideari honako aholku hauek ematen zaizkio:

Xede estetikoarekin:

  • materia naturalezko (egurra, banbu…) zurkaitzak erabiltzea
  • bidoiak eta plastikozko ontziak eta objektuak kanporatzea (ureztontziak izan ezik)
  • apaingarriak landatzea hesien luzeran

Xede sozialarekin:

  • lur-zatia jarduera ezberdinetarako zatitzea (adibidez: heren bat barazkiak lantzeko, heren bat lore eta landare apaingarrietarako, eta heren bat haurrentzat eta aisialdietarako)
  • jakintza, materiala eta ekoizpen edo hazi soberakinak beste kideekin partekatzea

Xede ekologikoarekin:

  • ongarri naturala erabiltzea (konposta, gorotza…)
  • konposta egitea
  • ura aurrezteko metodoak erabiltzea (lastotzea, arratsean ureztatzea) eta eskuz ureztatzea (ureztontziz)

Xede pedagogikoarekin:

  • baratzezaintzari buruz informatzea liburu, Internet eta abarren bidez
  • arlo horretako ikastaroak egitea
  • esperientziak eta jakintza trukatzea
  • gazteak sentsibilizatzea eta heztea, baratzezaintzak sortzen dituen onura fisiko, moral eta hazkurritsuei buruz

8. ARTIKULUA : Baimentzea

Kideei baimena ematen zaie:

  • haien lur-zatia landatzeko, lantzeko eta biltzeko urte osoan zehar
  • denen arteko eremua erabiltzeko
  • elkarteak utzitako materiala erabiltzeko, lan-koordinatzaileari eskatu ondoren
  • 2 metro baino gehiagoko goratasuna ez duten zuhaixkak edo fruitu ondo ttipiak landatzeko, baldin eta ondoko lur-zatiei ez dieten kalterik eragiten (sustraiak, itzala, hostoak)
  • aterpetxoak apaintzeko (itzalpeak, parralak), lan-koordinatzailearekin aipatu ondoren, eta baldin eta ez duten aterpetxoaren goratasuna eta horren lurrazalaren bi aldiz gehiago gainditzen
  • gehienez 5 m2ko berotegi motako egitura baten osatzeko (lan-koordinatzailearen baimenarekin)

9. ARTIKULUA : Erantzukizunak

Kidea berak, ahaideek, edo gomitatu dituen pertsonek eraginiko gozamen-eragozpenen edo istripuen erantzulea da.
Herriko Etxeak eta elkarteak ez dute inolako erantzukizunik onartuko, lur-zati eta aterpetxoei eragiten ahal zaizkien hondamen eta gozamen-eragozpenengatik, nornahi izan daitezen horien eragileak eta zernahi izan daitezen arrazoiak. Hori dela eta, kideak ez du Herriko Etxea eta elkartearen kontrako helegiterik aurkeztuko.

10. ARTIKULUA : Kanporatze eta ardura uzte

Kanporatua izanez geroz edo ardura utziz geroz, kideak lur-zatia aurkitu zuen baldintzetan itzuli beharko du eta hilabete bat izanen du ekarritako gauza guztiak kentzeko.
Izan daitezkeen gastuak bere gain izanen dira.
Elkarteari ordaindutakoak ez zaizkio itzuliko, ezinbesteko kasurik ez bada.

11. ARTIKULUA : Etxe animaliak

Txakurrak onartuak dira, arriskutsuak ez badira, giro orokorra nahasten ez badute,
kalterik sortzen ez badute, zaratarik egiten ez badute eta gorozkirik uzten ez badute.
Bestalde, jabeak sokatik atxiki beharko ditu bere lur-zatitik kanpo.
Arazoak sortuz geroz edota etxe animalien kontrako salaketak gertatuz geroz, elkarteak debekatu beharko ditu baratzean.
Beste animalien ekartzea edo haztea (untxi, hegazti, belar-jale, etab…) debekatua dago erabat.

12.ARTIKULUA : Oharra

Administrazio kontseiluak barne araudi honen aldatzeko erabakia har lezake edozein momentuan eta aurre-abisurik gabe . Kasu horretan, ale bat afitxatuko da elkartearen eremuan, izenpetua eta data berriarekin eta beste bat utziko da herriko etxean, aurreko aleak ordezkatuz
eta ezeztatuz.

13. ARTIKULUA : Parte komunak

Parte komunen mantentze lanak elkartearen esku izanen dira.
Ibilgailuak sartzea debekatua dago, mugikortasun murritzeko pertsonentzako lur-zatian izan ezik.

14. ARTIKULUA : Kontrolak eta erreklamazioak

Erreklamazioak idatziz helarazi beharko zaizkio elkartearen lehendakariari edo ahoz administrazio kontseiluko baratzezainen ordezkariei.
Araudia errespetatzen ez duena kanporatua gera daiteke administrazio kontseiluaren bozketaren ondorioz.
Administrazio kontseiluko kide den zerbitzu teknikoen koordinatzailea arduratuko da tokiaren ikuskapenaz eta araudiaren errespetarazteaz.

15. ARTIKULUA : Kanporatzeak

Prozedura:

  • Kanporatua izan baino lehen, baratzezainak deialdia jasoko du gutun ziurtatuaren bidez eskuratze agiriarekin eta bere burua esplikatu beharko du administrazio kontseiluaren aitzinean
  • Elkarrizketa horren ondoren, Administrazio Kontseiluak isilpean bozkatuko du
  • Arau-hauste larri baten ondorioz lur-zatia itzuli behar izanez geroz, baratzezainak zortzi egun ukanen ditu lur-zatia uzteko, oharra gutun ziurtatuaren bidez eskuratze agiriarekin jaso ondotik
  • Epe horretan baratzezainaren gauza guztiak kendu beharko dira
  • Zuhaixkak eta fruitu ondoak elkartearen jabego gelditzen dira
  • Epe horretan baratzezainaren gauza guztiak kendu beharko dira
  • Zuhaixkak eta fruitu ondoak elkartearen jabego gelditzen dira

Kanporatze zergatiak:

  • Araudiaren errespetu eza
  • Urteko kotizazioaren ordainketa eza
  • Jarrera ezegokia ukan edo beste kideekin arazoak sortuz geroz
  • Lur lantze edo mantentze lan eskasa izanez geroz
  • Ingurumen Gutunaren errespetu eza (produktu ezegokien erabilera)

Bi auzoen artean giroa okertuz geroz, Administrazio Kontseiluak lur zatiz aldaraz diezaioke horietariko bati, aitzinetik iritzirik edo ebazpenik eman behar izan gabe.

16. ARTIKULUA : Kotizazioak

Baratzeak urte baterako ematen dira, urtarrilaren 1etik abenduaren 31 arte, Administrazio, kontseiluak finkaturiko urteko kotizazioaren ordaintzearen truke.
Kotizazio horren ordaintzeak lur-zatiaren ondoko urterako kontratuaren adierazi gabeko luzatzea eragiten du.
Kotizazioak ezingo dira itzuli, estatutuetan finkaturiko kasu berezietan izan ezik.
Urtean zehar sartzen den kideak kotizazioa ordaindu beharko du gelditzen diren hilabeteen arabera; halere, kotizazio hau ezingo da urte osokoaren erdia baino gutxiago izan.

Hendaiako Herriko Etxea • Familia-baratzeen barne araudia – 2013ko urtarrilaren 22an