Hendaia Euskaraz 2023 – Egitaraua

HENDAIA EUSKARAZ, hamalaugarren aldia!

(PDF Calameo)

2010etik, martxoa euskararen hilabetea da Hendaian. Urtero, ekitaldi hau udaberriarekin batera datorkigu. Euskara garatzeko, natura berriztera eta bere jantzi ederrenak janztera bultzatzen duen indarrez beterik izan nahi genuke.

Gure hizkuntzaren egoera ahulaz oharturik, Hendaiako Herria hizkuntza politika ausart batean engaiatu da, euskara txerta daitekeen gune guztiak kontuan hartuz.  Aurten ere, euskara gure herriko ekitaldi nagusietan sarrarazteko zeharkako politika boluntaristak jarraituko du.

Urte osoan zehar, Hendaiako Herriak euskarazko jarduera programazioa eskaintzen du, bere Kultura eta Hizkuntza Politika Zuzendaritzaren bitartez. Halere, martxoa arreta osoa euskaran jartzen den momentu nagusia da. Horrela, Soziolinguistika Klusterrak Hendaia aukeratu du, bere urteko jardunaldia une horretan antolatzeko. Horrek Bidasoako bi aldeetako profesional anitz bilduko ditu, aktualitatezko gai baten inguruan gogoetatzeko: gazteak eta euskara.

Horren karietara, programa aberatsa proposatzen zaizue, Hendaiar gehienak, haur, gazte edo heldu, jarduera irekien inguruan elkartzen ahal izateko landua: ikuskizunak, mintzaldiak, natura edo familia jarduerak, baita ere profesionalei zuzenduriko topaketak.

Gure herriko kultura guneak mobilizatuko dira ere: Mendi Zolan, Mediateka, Borderline Fabrika, zinema, baita Gaztelu Aretoa ere. Azken toki horretan, Erramun Martikorena eta Euskal Herriko musikari paregabeak (Mixel Ducau, Iñaki Dieguez eta Matthieu Haramboure) elkartuko dira taula gainean, kantaldi bikaina eskaintzeko.

Hendaiako Herriak elkarteen laguntzarekin osaturiko 2023ko egitaraua ezagutzera gonbidatuak zarete, eta parte hartzera animatzen zaituztegu.

Otsailaren 22tik martxoaren 11ra: “Feminista – Féministe” erakusketa

Otsailaren 22tik martxoaren 11ra, Hendaia Euskaraz-en baitan, Baionako PAF! (Pour une Alternative Féministe) elkarteak eta Gabrielle Duplantier argazkilariak feminismoaren inguruko erakusketa bat proposatzen dizue Mendi Zolan kulturgunean.

Erakusketa honek, feminismoaren definizio intimoa ematen digu ikusi eta entzutera, hainbat pertsonen ahotan, emazteak edo gizonak, gurasoak edo ez, adinekoak edo gazteak.

Nola bihurtzen gara feminista? Betidanik ote gara?

Gabrielle Duplantier-en argazkiek, kontrapuntu sentikor eta onirikoa ematen diete, audioen bidez hedatu lekukotasun errealista eta engaiatuei.

Erakusketa irekia da asteartetik larunbatera, 10:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 19:00etara. Sartzea dohainik, txertatze-ziurtagiria derrigorrezkoa.

Martxoaren 2an: Estreinaldia

Martxoaren 2an (osteguna), 18:00etan, Hendaiako Herriko Etxeko atarian, Hendaia Euskaraz euskararen hilabetearen estreinaldia iraganen da.

Hautetsiek programa aurkeztu ondoren, pasa den abenduaren 4ko Hendaiako 9. Eskolarteko Euskal Kantu Txapelketan parte hartu zuten haur talde batek eta Akelarre zein Mutxiko elkarteetako dantzariek animatuko dute ekitaldia.

Gaualdia baso baten inguruan bukatuko da, giro goxoan.

Martxoaren 3an: gaueko natura ateraldi elebiduna

Martxoaren 3an (ostirala), 19:30etik 21:00etara, Hendaia Euskaraz-en baitan, IEZI Euskal Itsasbazterra elkarteak gaueko natura ateraldi elebiduna eskaintzen dizue Euskal Erlaitzean, Hontzaren Gauaren kari.

Zatozte zuen ohiturak itzulipurdikatzera! Euskal erlaitzean iraganen den gaueko natura ateraldi elebidun horretan, anitzetan ezezagunak eta gaizki ikusiak zaizkigun gaueko txori harrapariak hobeki ezagutuko ditugu, beren kantu eta oihuei esker. Gaueko giro horretan murgilduko gara.

Botatze-harilkoen disekzio tailer bat proposatuko da ere, txori horien elikadura hobeki ezagutzeko.

Zatozte gurekin, euskal erlaitzean momentu goxo eta ahaztezina pasatzera!

Izen-emateak derrigorrezkoak, berantenaz bezperan:  05 59 74 16 18 – .

Hitzordua aipatuko zaizue izena ematean.

Martxoaren 4an: antzerkia, familian eta euskaraz!

Martxoaren 4an (larunbata), 10:30etik 12:30era, Hendaia Euskaraz-en baitan, Chimères antzerki taldeak belaunaldi arteko antzerki ikastaro bat proposatzen dizue Hendaiako Mediatekan.

Zatoz antzerkia ezagutzera edo berriz bizitzera, zure haurrekin, gurasoekin edota aitatxi-amatxiekin ongi pasatzera. David Ondars-ek animaturiko ikastaro hori elkarrekin jostatzeko eta euskara sorgai bihurtzeko aukera izanen da.

Izen emateak (urririk): 05 59 41 18 19 –

Martxoaren 8an: familientzako ipuina Maialen Alfarorekin

Martxoaren 8an (asteazkena), 14:30etik 16:30era, Hendaia Euskaraz-en baitan, IEZI Euskal Itsasbazterra elkarteak “Itsaso Zabalera!” proposatzen dizue, ipuin partizipatiboa Maialen Alfaro-ren eskutik.

Familientzako animazio berezi hau Euskal Herriko itsas abenturaren aipamenarekin eta martxoaren 25a arte Asporotsttipi Euskal Erlaitzaren Etxean ikusgai izanen den ELKANO erakusketarekin loturan proposatua da.

Ikuskizun horretan parte hartuz, sofrologia ezagutuko duzue, “Itsaso zabalera!” liburuarekin jolastuz.

ITSASO ZABALERA parte hartzaileen ekarpenei eta Maialen ALFAROren esku hartzeari esker osatzen den ipuina da. Itsasontzira igo gaitezen, eta goazen itsas zabalera! Zer atzemanen dugu?

Izen-emateak derrigorrezkoak – 05 59 74 16 18 – .

Martxoaren 9an: topaketa Asisko Urmenetarekin

Martxoaren 9an (osteguna), 18:30ean, Hendaia Euskaraz-en baitan, Asisko Urmenetak bere komiki-album berria aurkeztuko du Hendaiako Mediatekan: “AMAIUR! Libera State”, Erroa eta Herrima argitaletxeak elkarlanean argitaratua.

Orain dela 500 urte ehun nafartar librek gogor egin diote sei mila gizoneko armada inperialaren oldarraldiari aste oso batez. Erdiak hil dira bertan, eta bertze erdiak preso eraman dituzte, katez kargaturik. Album honetan, Asisko Urmenetak aztertu ditu konkista-gerla haren kronologia eta okupazioaren makineria 1512tik 1522ra bitarte, bai eta inbasioaren kontrako erresistentzia epikoa ere.

Asisko Urmenetaren saiakera grafikoa Historia Saria irabazi du Aiacciu-ko 20. nazioarteko komiki festibalean, Korsikan. Memoria historikoa berreskuratzea eta Euskal Herriko narratiba nazionala idaztea dira liburu horren xede nagusiak.

Dohainik, toki kopuru mugatua.

Martxoaren 10ean: Kantaldia Erramun Martikorenarekin

Martxoaren 10ean (ostirala), 20:30ean, Hendaia Euskaraz-en eta Kultur Agendaren baitan, Erramun Martikorenak kantaldi paregabea eskainiko du Gaztelu Aretoko agertokian.

Erramun Martikorena disko berri batekin itzultzen zaigu: 2022ko urrian plazaratutako Zabaltzen izenekoa. Hiru

musikari bikain eta trebeekin aurkeztera datorkigu, Gaztelu Aretoko oholtzara: Mixel Ducau gitarran (diskoaren

moldaketak ere egin dituena), Matthieu Haramboure baxuan, eta Hendaiako publikoak ongi ezagutzen duen Iñaki Dieguez eskusoinu jolea.

Dudarik gabe, kalitate handiko kantaldia eskainiko digu Baigorriko artzainak. Erramun oso lotua da bere lurraldeari,eta euskaraz kantatzea bere nortasunaren parte da. Bere grina gurekin partekatuko du, galdu behar ez den kontzertu horretan.

Prezioak: 12€ / 6€ / 4€. Txartelak salgai Mendi Zolan kulturgunean eta www.hendaye-culture.fr webgunean.

Martxoaren 12an: Ipuin musikala “Papogorri”

Martxoaren 12an (igandea), Hendaia Euskaraz-en baitan, Musik’Haria konpainiak publiko gaztearentzako “Papogorri” izeneko ipuin musikala aurkeztuko du Mendi Zolan kulturgunean, publiko gaztearentzat (3 urtetik goiti). Bi emanaldi izanen dira, 11:00etan eta 17:00etan.

Baso baten erdian, oso haserre dagoen txori baten abestia entzuten da: Papogorri oso haserre da! Norbaitek arroltze erraldoi bat jarri berri du bere habian. Nor izan da? Basoko bidea hartzen du egilea aurkitzeko. Bere ondoko auzoak ezagutuko ditu, aurkituko ote du erruduna?

Istorio baten bidez, zentzumen eta soinu esperientzia berri bat etxeko ttipienentzat.

Naia Robles Aranguiz eta Oihan Delavigne Robles-ek osaturiko Musik’Haria konpainiak sortze-egonaldia egin zuen Mendi Zolanen 2022ko maiatzean.

Prezioak: 12€ / 6€ / 4€. Txartelak salgai Mendi Zolan kulturgunean eta www.hendaye-culture.fr webgunean. Toki kopuru mugatua

Martxoaren 14an: Mintzaldia “Pierre Loti: Euskal Herriari buruzko begirada”

Martxoaren 9an, (asteazkena), 18:30ean, Hendaia Euskaraz-en baitan eta Pierre Loti idazlearen heriotzaren mendemugaren kari, Hendaiako Herriak eta Eusko Ikaskuntzak Aitzpea Leizaola, Antropologian doktorea eta EHUko irakaslea gonbidatu dute Gaztelu Aretoan mintzaldi bat ematera.

Pierre Loti, Julien Viaud benetako izenez, idazle erromantiko frantses ezagunak, lotura estua izan zuen Euskal Herriarekin, bai arlo profesionalari zein arlo pertsonalari dagokionez, bere lan literario oparoan ikus daitekeenez. Euskal Herriaren zer nolako irudia eraikitzen du Lotik, eta zer eragin dute bere lanek Euskal Herriaren inguruko Frantziako iruditeria popular eta erudituan? Bere idatzi eta nobeletan Euskal Herriaz plazaratzen duen irudiaren irakurketa etnografikoa egitea izango da hitzaldiaren ardatza.

Dohainik. Euskaraz, bat-bateko itzulpena frantsesera.

Martxoaren 15ean: Mahai-ingurua: “Irakaskuntza elebiduna: ibilbide bat”

Martxoaren 15ean (asteazkena), 15:00etan, Hendaia Euskaraz-en baitan, Hendaiako Herriak eta Euskararen Erakunde Publikoak irakaskuntza elebidunaren inguruko mahai-ingurua proposatzen dizuete Gaztelu Aretoan.

Guraso anitzek euskara aukeratzen dute beren haurrentzat, eta irakaskuntza elebidunean edo murgiltze ereduan eskolaratzen dituzte. Halere, konturatzen gara ez direla beti bururaino joaten, eta sail elebidunaren uztea nabargarria da batez ere kolegiora sartzean.

Uzte horren zergatiak hobeki ulertzeko, baita fenomeno horren kontrako ekintza konkretuak proposatzeko, Hendaiako Herriak eta Euskararen Erakunde Publikoak Hezkuntza arloari lotu hainbat hizlari bildu dituzte: Hezkuntza Nazionalaren, irakasleen eta gurasoen ordezkariak. Arlo horretako tokiko eragileak ere gonbidatuak dira, eskola zuzendariak, irakasleak, guraso elkarteak, hautetsiak, hizkuntza politikaren profesionalak… baita ere problematikak hunkitua sentitzen den pertsona oro.

Mahai-ingurua elebitan iraganen da (frantsesa-euskara) eta bat-bateko itzulpena eskainiko da. Eztabaiden dinamizatze eta moderatze lana Plazara Kooperatibako Eneko Gorrik eginen du.

Martxoaren 15etik 19ra: Zine euskaraz

KASU! Data aldaketa

Martxoaren 15etik 19ra, Hendaia Euskaraz-en baitan, Variétés zinegelaren lan taldeak bi euskarazko filma proposatzen dituzte, ttipi eta handientzat.

Lehenik, martxoaren 15ean (asteazkena) eta 19an (igandea), 15:00etan, Juanjo Elordiren “Yoko Oporretan” publiko gaztearentzako animazio filma proiektatuko da (euskaraz soilik, azpititulurik gabe).

Udako oporrak iritsi dira, eta, elkar ezagutu zutenetik lehen aldiz, lau lagunak banandu egingo dira. Mai, Oto eta Vik bidaian doaz, bakoitza bere familiarekin, munduko hainbat lekutara. Yoko bakarrik geratuko da parkean Mirentxurekin.

Zer egingo du Yoko gaixoak lagunik gabe? Eta hiru umeak izango al dira gai opor-lekuetan lagun berriak egiteko? Laurak daude urduri esperientzia berri honen aurrean, baina laster ohartuko dira, haurrak dauden lekuan, beti aurkituko dutela jolasteko gogoa. Gainera, irudimenarekin jolastuz gero, eta Yokoren magiaren laguntzarekin, erraza da lagunen ondoan sentitzea, urrun egon arren.

Publiko helduarentzat, martxoaren 17an (ostirala), 20:30ean, Ander Iriarteren “Karpeta Urdinak” dokumentalaren proiekzioa proposatuko da euskaraz, frantsesezko azpitituluekin. Ondotik, zuzendariarekin solastatzeko aukera izanen da (euskaraz, bat-bateko itzulpena frantsesera).

Ander Iriartek, beste askok bezala, aitak komisarian jasan zuena tortura izan zela susmatzen du. Bere ustea argitu nahian, mediku, psikologo, psikiatra eta abokatuekin elkartuko da. Haiek erakutsiko diote tortura psikologikoa, Istanbulgo Protokoloa edo hurbilketa estatistikoa bezalako kontzeptuak, ipar globaleko torturaren errealitatea ezagutaraziz.

Filma berriz proiektatuko da martxoaren 18an (larunbata), 15:30ean.

Sartzea zinemaren ohizko prezioetan.

Martxoaren 17an: Euskarazko antzerkia “Gaizki” – “Zuri” – “Haripiloak”

Martxoaren 17an (ostirala), 20:00etan, Hendaia Euskaraz-en baitan, hiru euskarazko antzezlan labur proposatzen zaizkizue Borderline Fabrikan: “Gaizki”, “Zuri” eta “Haripiloak”.

GAIZKI

Gaizki hirukote baten istorioa da. Edo bikote batena. Edo ezagutzen ditugun bikote guztiena. Erlazio barruko bidaia bat. Edo erlazio kanpokoa. Bi izatetik hiru izatera. Zer falta da. Zer dago soberan. Nork amaitzen du ondo, nork amaitzen du gaizki.

Zuzendaria: Joserra Fachado

Aktoreak: Iñaki Cid, Eneritz Sanchez, Iñigo Elosegire

ZURI

Espetxean oso erraz sartu daiteke baina bertatik ateratzea ez da inoiz erraza izan. Zoritxarrez sistema kapitalistak oraindik erabiltzen dituen instituzio zaharkitu hauetan gertatzen diren istorioetako bat da hau.

“Sartu zaratarik atera gabe… Ixo! Gaur zure lehenengo eguna da”.

Konpainia: Goitibera Antzerki taldea

Zuzendaria: Saioa Iribarren

Aktoreak: Gaizka Chamizo, Ander Basaldua

HARIPILOAK

Alfontso gazteak betidanik aldarrikatu izan du sexu askatasuna, monogamia eta erlazio tradizionalak gaitzetsiz. Txortan egiteak ematen zion bizia Alfontsori, pertsona batez maitemindu eta bihotza erdibitu zioten arte. Orain arte egin duen guztiaz jabetu da eta buruhauste guzti hauek errotik mozteko Maite psikologoarengana joko du. Izango al du Maitek maiteminak eragindako zauriak sendatzeko modurik?

Aktoreak: Lohizune Teletxea, Luis Mitxelena

Gaualdi goxoa antzerkiaren inguruan pasatzeko eta talentu berriak ezagutzeko parada!

Prezioa: 5€

Martxoaren 22an: Altxor ihizia euskaraz

Martxoaren 22an (asteazkena), 14:00etan, Hendaia Euskaraz-en karietara, Hendaia Turismo eta Merkataritzak euskarazko altxor ihizi joko baten bidez Hendaiako Hondarraitz auzoa ezagutzea proposatzen dizue. Jokoa 2 eta 5 lagunen arteko taldeka iraganen da: 7 eta 12 urte bitarteko haurrak eta heldu bat bederen talde bakoitzean. Familian egin daiteke, beraz!

Zoaz “Euskal azeriaren” atzetik, altxorrera eramanen zaituen bere egiazko nortasunaren bila!

Abiatzea Turismo Bulegoaren aitzinean izanen da. Jarduera dohainik da, baina toki kopurua mugatua da. Izena derrigorrez eman behar da, berantenaz bezperan, Turismo Bulegoan: 05.59.20.00.34 – .

Jokoaren iraupena: 2 ordu inguru.

Martxoaren 23an: Euskal Soziolinguistika jardunaldia “Gazteak mintzo”

Bihar, martxoaren 23an 9:00etatik 17:00etara Gaztelu Aretoan iragan behar zen Soziolinguistika Jardunaldia apirilaren 25era (asteartea) atzeratua da, ordutegi eta leku berdinetan.

Urte guztiz, Soziolinguistika Klusterrak egun bateko jardunaldia antolatzen du, Eusko Jaurlaritzaren eta ekitaldia errezibitzen duen kolektibitatearen laguntzarekin. Topaketa horren helburua euskararen biziberritzean funtsezkoak diren gaien inguruan ikerlarien, profesionalen, aktibisten eta erakunde-arduradunen arteko ezagutza-trukea bultzatzea da, hitzaldi, mahai-inguru eta tailer praktikoen bidez.

2008. urtean lehen aldiz Donostian egin zenetik, urtez urte egin izan da herri ezberdinetan eta 15. edizioa antolatzeko, Soziolinguistika Klusterrak Hendaia hautatu du, bere posizio zentralarengatik, baina baita Herriko Etxeak abiatu duen euskararen aldeko bide ausart eta aitzindariarengatik ere. 2023ko martxoaren 23an (osteguna) iraganen da, beraz, 9:00etatik 17:00etara, Gaztelu Aretoan, Hendaia Euskaraz-en baitan. Plazara kooperatibak lagunduko du antolakuntzan.

Aurten, Klusterrak nerabeen eta gazteen hizkuntza bizipenetan jarri nahi du arreta. Euskararen biziberritzeari begira erronka estrategikoa kokatzen da adin-tarte horretan, jendarte zabalari begira zein gazteen eraikuntzari begira ere.

Topaketa hori denei irekia da, izena emanez gero. Programa osoa, xehetasunak eta izen-emateko formularioa https://soziolinguistika.eus/jardunaldia webgunean aurkituko duzue.

Martxoaren 24an: Euskarazko antzerkia “Eresia”

Martxoaren 24an (ostirala), 20:30ean, Hendaia Euskaraz-en eta Kultur Agendaren baitan, Nafarroako Oier Zuñiga konpainiak “Eresia. Lurra arin bekizu, ama” izeneko euskarazko antzezlana aurkeztuko du (14 urtetik gorakoentzat) Mendi Zolan kulturgunean.

Ama hil da, hori da egia. Kantu bat, dantza bat, erritu bat… Lore bat eskaini nahiko nioke. Hildakoei gorazarre egiteko abesten ziren bertsoak dira Eresiak, baina nik jada, ez dut kanturik hildako ama agurtzeko.

Maite dugunaren heriotza datorrenean, zer egin? Nola agurtu? Nola begiratu bizitzari? Maitasuna da akaso guztiaren erantzuna?

Ohiko dolu errituak nahikoak ez direnaren sentsaziotik abiatuta, dispositibo poetikoen bidez bestelako dolu praktika esperimentatzeko xedea du konpainiak, ekintza eszenikoa bera, dolu erritu kolektibo bilakatuz.

Ikuskizun horrek GEURETIK SORTUAK sormen beka eskuratu du.

Prezioak: 12€ / 6€. Txartelak salgai Mendi Zolan kulturgunean eta www.hendaye-culture.fr webgunean.

Martxoaren 25ean: udaberriko garbiketa Hendaiako itsasbazterrean

Martxoaren 25ean (larunbata), 9:30etik 11:30era, Hendaiako Herriko Etxeak eta CPIE Euskal Itsasbazterra elkarteak Hendaiako itsasbazterreko udaberriko garbiketa antolatzen dute. Publiko guztientzako naturaren aldeko lan boluntario honek (elebitan) Hendaiako biztanleak, elkarteak, auzo batzordeak eta enpresak mobilizatzeko aukera ematen du. Hendaia Euskaraz-en kari, ekitaldi horretan parte hartzea proposatzen dizuegu.

Zatozte itsasbazterra garbitzera eta bioaniztasuna ezagutzera!

Izen-ematea derrigorrezkoa, hitzordua izen-ematean emanen dizuegu: 05.59.74.16.18 –.

Martxoaren 26an: Mutxikoak

Martxoaren 26an (igandea), Hendaia Euskaraz-en karietara, Mutxiko elkarteak Gaztelu Zahar pilotalekura gonbidatzen zaituzte, mutxikoak eta Euskal Herriko zein kanpoko dantza herrikoiak dantzatzera .

Hitzordu hau hilabetero iragaten da, 4. igandean, eta euri egiten badu, aterpean eginen da.

Martxoaren 26an, “Urteak bete, abenturak bizi”,

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen ikuskizun berria

2023ko martxoaren 26an (igandea), 11:00etan, Hendaiako Daniel Ugarte (Beltzenia) pilotalekuan. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo talde famatuak “Urteak bete, abenturak bizi”, bere azken ikuskizuna, aurkeztuko du. Akelarre elkarteak du ikusgarri hau antolatzen, Hendaia Euskaraz-en programazioaren baitan.

35 urte beteko ditu pailazo taldeak eta horren ospakizuna izango da saioa.

Sudurgorrien bizitzan lagun egin dituzten hainbat etorriko dira bisitan ospakizunean parte hartzera. Kantua, dantza eta denon parte-hartzea ez da faltako, ezta tarte erraldoia ere…

Urteak betetzea garrantzitsua bada, are gehiago abenturak bizitzea! Eta hori izango da pailazoen ospakizuna: beste abentura bat bizitzea!

Txartelak salgai izanen dira martxoaren 4tik goiti:

  • Akelarre.eus webgunean
  • Hendaiako Lovi kafetegian (Errepublika plazan)
  • Irungo Real Union tabernan

Prezioa: 9€. Dohainik 2 urtez pekoentzat.

Martxoaren 30ean: Euskaraz (ere) hobeki komunikatu

Martxoaren 30ean (asteartea), 9:00etatik 12:00etara, Hendaia Euskaraz-en baitan, Hendaiako Herriak komunikazio elebidunari buruzko tailerra antolatzen du, Gaztelu Aretoan. Plazara kooperatibak animaturik, publiko zabalari irekia da baina komunikazioko profesionalei, elkarteetako arduradunei, herriko agenteei… zuzendua da bereziki. Tailer hau bigarren aldikotz antolatua da, eskaerei erantzuteko gisan.

Gure instituzio eta elkarteetan, komunikazio tresnak (Facebook orria, afitxa baten sortzea edo esku-orri baten idazketa, …) gehienetan intuizioz eta gehiegi gogoetatu gabe kudeatzen ditugu. Eta hizkuntza bat baino gehiago erabili nahi ditugularik ohiko galderak agertzen dira: euskaraz lehenik edo frantsesez? Bi zutabe edo recto-verso? Italikoz edo letra lodiz? … Goiz horretan, Erabil kolektiboa etorriko da bere gogoetak, teknikak eta bereziki, euskararen erabilera lehenesten duten komunikazio giltza batzuk partekatzera, erdaldunen ulermena bermatuz ere. Parte-hartzaile bakoitzak argitarazten dituen afitxa eta esku-orriak ekartzen ahalko ditu.

Izen-emateak derrigorrezkoak martxoaren 24ko 12 :00ak aitzin: – 06.83.73.64.98

Tailerra euskaraz iraganen da, bat-bateko itzulpena eska daiteke izena emateko momentuan.