Manouchian bikoteari buruzko erakusketa mediatekan

Missak eta Mélinée Manouchian eta bigarren mundu gerlan erresistentzian beraiekin aritu ziren burkideak Panteoian sartu dituztelarik otsailaren 21 honetan, aldi berean mediatekako erakusketa batek egiten die omena. PCF alderdiaren Hendaiako atalak proposatu du eta martxoaren 2 arte ikus liteke.

Michelle Mounios Adurriaga kultura auzapezordearen mintzaldia

Atsegin handiz hartzen dugu geure udal mediatekan Missak Manouchian-i buruzko erakusketa hau; langilea, poeta, komunista eta okupatzaile naziaren ihardukitzailea izan zena Mélinée emaztearekin batera Panteoira sartu duten une honetan.

PCF alderdiaren Hendaiako atalak erakusketa hori proposatu zigunean oso interesgarria iruditu zitzaigun Hendaiarentzat, noski, historia aldi hori gure oroitzapen kolektiboaren parte baita eta gure lurraren historiari loturik. Martxoaren 2 arte izanen da mediatekan. Erran dezadan erakusketa hau hartzen duen euskal kostaldeko herri bakarra garela (Eta harrotzen gaitu horrek! dio auzapezak);

Missak armeniarra zen. Bi gurasoak Turkiarrek egin genozidioan galdu zituen.

Frantziara 1924an heldu zen. Tornulari aritu zen Citroën fabriketan, Parisen.

Intelektualen ingurunera hurbildu zen. Poemak idazten zituen eta Sorbonako zenbait ikastarotara joan zen.

Alderdi komunistan kidetu zen ere eta armeniarren kausaren alde aritu. Klandestinitate eta erresistentziara sartu zen 1941ean.

Mélinée Assadourian ere armeniar jatorrikoa zen eta Missak 1934an ezagutu zuen. 1936an ezkondu ziren Fronte Popularraren garaiko Parisen. Erresistentzian Missak-en ondoan aritu zen eta oso aktibo zen talde armatuan engaiatu zen, Paris eskualdeko FTP-MOI (Etorkinen Lan Eskua) deiturikoetan.

Gerla bururatu arte jarraitu zuen erresistentzian jardunez.

1947an Armeniara joan zen eta 1960 urteen hastapenean itzuli zen Parisa.

Missak-en oroitzapena ohoratu zuen, haren zenbait poema argitaratu eta haren biografo nagusia bihurtu zen.

Missak Manouchian-ek, exekutatua izatearen bezperan bere alarguna izanen zenari idatzi zion azken gutunean honela idatzi zion: «Ezkon zaitez, otoi, falta gabe, gerla ondoren, eta haur bat ekar ezazu mundura nire ohoretan eta nire azken nahia betetzeko.»

Mélinée-k ez zion inoiz alargun izateari utzi eta ez zuen haurrik egin. Parisen hil zen 1989. urtean.

Missak-ek beste dimentsio bat ere hartu zuen alemaniar propagandari «esker».

Izan ere, “Afixa gorria” deitu afixa bat afixatu baitzuten alemaniarrek Parisen «krimenaren armada» deitzen zutenari sinesgarrritasuna kendu asmoz. Baina horrek begikotasuna sortu zuen ordea…

1943ko azaroan, Manouchian eta bere burkideak frantziar poliziak atxilotu zituen barrandatze luze-luze baten ondoren. Mélinée gutxigatik ez zen arrastatua izan, Aznavourian-en (abeslariaren familia) etxean gorderik.

1944ko otsailaren 21ean fusilatu zuten Mont-Valérien deitu lekuan, Suresnes-en, beraren 22 burkiderekin batera. Emazte bakarra zen talde horretan, Olga Bancic, eta ez zuten beste kideekin batera fusilatu baizik eta Alemaniara eraman eta han gillotinaz hil zuten 1944ko maiatzean. Olgak alaba bat zuen, Dolores deitu zuena, Dolores Ibarruriren omenez.

Navigation de l’article