Pôle Emploi Hendaian kokatu da

Hainbat urteko elkarlan emankorren ondoren, batez ere enplegu foroen antolakuntzan, Pôle Emploi Hendaian kokatuko da, LAN-EKOren lokaletan.

Urriak 11 goiti, Lan-eko laguntza zentroak Donibane Lohizuneko Pôle Emploi agentziako langile batzuk hartuko ditu, hango lokalak berriztapen lanetan ukanen baitituzte 18 hilabetez. Pôle emploi hurbiltzen zaigu, beraz, Lan-ekora eta herrira, «zerbitzu eskaintzaren aldi baterako antolaketa» baliabidea gauzatzen laguntzeko. Hendaia arroko enpresen eta lan bila direnen beharretatik ahal bezain hurbil izateko bidea da hori, bai eta elkarrekin garatu jardueren sendotzeko bidea ere. Zuzeneko ekintzak azkartzeko aukera zaigu ere, bai eta mugitzeko zailtasunak dituzten bizi arroko langabeei lekuan bertan erantzuteko. Lankidetza hitzarmen bat sinatu da urriak 10ean helburu horrekin.

Pôle Emploi-ko ahokularien eginkizunak

Pôle Emploi honako hauetarako izanen da Lan-eko zentroan:

  • Lanpostuak eskaintzen dituzten enpresa eta egiturekin mintzatzeko kontratatze urraspideetan laguntzeko eta lituzketen laguntza baliabideen berri emateko (murgiltzea, kontratatze aitzineko kualifikazioa, aldizkatzea, laguntzak, etab.).
  • Lan bila direnak hartzeko (hitzordua eskatuz soilik)
  • Lan-eko laguntza zentroarekin elkarlanean ekintza kolektiboak plantan emateko: Informazio bilkurak, lantegiak, Elkarlan taldean parte hartzea, gaikako jarduera kolektiboak

Datozen asteetarako bi ekintza programatu dira jada.

  • Ahalmen urritasunen bat dutenen aldeko enplegurako europar astea Hendaian – Azaroaren 16 asteazkena, Intzuran (Autoportuko aretoa)

Enpresen ohartarazteko tartea (ahalmen ezintasunen bat duten langileak lanean atxiki edota laneratzeko diren laguntze aukerak ezagutzea), bai eta Hendaian eta inguruetan bizi diren ahalmen urritasuna dutenentzako ekintzak ere (job dating, etab.)

  • Job dating Industria: azaroaren 22an, Lan-eko zentroan

Lan-eko, Hendaia – Euskal Herriko Jarduera eta Enplegua Laguntzeko Zentroa elkarte bat da, Hendaiako Herriko Etxearen ekimenez sortu zena enplegu eta ekonomia garapen gaiak eta lurralde garapen gaiak lantzeko instantzia kolektibo eta parte hartze bidezko baten barnean. Bizi arroko kolektibitateak, enpresak, gizarte eta elkartasun eragileak eta langileen sindikatuak biltzen ditu.

Hiru egiteko ditu elkarteak:

  • Proiektu eramaileak hartzea
  • Lurralde proiektu kolektiboen sortzea
  • tokiko lanpostuak eta ekonomia ehundura sostengatzea

Baliabide zentroa osatzeko zeregina du, egiteko horiek egin eta lurraldean gai horietan esku duten eragile eta partaide guztiak mugiaraztea.

Bide horretan ari dira Donibane Lohizuneko Pôle Emploi agentzia eta Lan-eko zentroa elkarlanean enpleguaren eta gizarteratzearen alorretan, laguntza zentroa abian hasi zenetik hona, hala enpresen laguntzan nola lan bila direnen orientatzen eta laguntzen.

Partaideek lurraldeko eragile eskudunekin elkarlanean eraman dituzte honako jarduera hauek:

  • Urtero sektoreanitzeko enplegu foro bat elkarrekin antolatzea,
  • Sektorekako eragiketak elkarrekin antolatzea (job dating, pertsonen zerbitzuko lanbideen gaineko informazioa, etab.),
  • Enpresa aholkulariek Lan-eko lokaletan harrera saioak egitea,
  • Bilkura kolektibo partekatuak antolatzea zailtasunak dituzten sektoretan,
  • Mugazgaindiko gaiari loturiko ekintzetan parte hartzea,
  • Noiz edo noiz, Pôle emploi aholkulariek langabeak hartzea lan-eko bulegoetan,
  • Lan-eko zentroa hirugarren leku gisa aritzeko baimentzea, lurraldeko langabeen laguntze jarduerak plantan emateko. Bi egiturek esperimentazio bat eman dute abian, «Hirugarren lekuak laneratzearen zerbitzura» proiektu deialdiaren harira, eta, besteak beste, «Elkarlan» lan bilatze kolektiborako taldea sortu dute.
  • Enpresa sortze/jardun sortzearen gaineko topaketak.

Navigation de l’article