G7 / G7ren aurkakoa: berriak

Hendaian uztailaren 11n 

Herri Kontseilua ateak hetsirik bildu da arratsalde osoan G7ren aurkakoaren antolatzaileekin bilkuretan izan ondoren.

Izan ere, Kotte Ecenarro auzapezak protagonista guztiak gonbidatu baititu goi bilkuraren aurkakoaren antolaketa azal diezaieten udal hautetsiei. Enaut Aramendi (LAB sindikatua), Christine Andrieux (SOLIDAIRES sindikatua), Thomas Sommer-Haudeville (ATTAC), Simon Playout (CRID) eta Solange Bartelemy (CCFD Terre Solidaire) biltzargelako mahaiaren inguruan jezarri eta hautetsien galderei erantzuten aritu dira.

Argitu dena

  • eztabaidak, foroak, lantegiak… abuztuaren 21etik 23ra eginen dira Hendaian eta Irunen. Animazio lekuei dagokienean, negoziatzen ari dira oraindik.
  • abuztuaren 24an manifestazio bat eginen da, 11etatik 14etara, Hendaia eta Irun artean. Ibilbidea ez da oraino zehaztu. Halarik ere, antolatzaileak engaiatu dira, alde batetik manifestazioaren adierazpena Prefekturan egitera eta, beste aldetik, zirkulazio bide nagusiak ez trabatzera.
  • mugatua izan den zonaren inguruan (Biarritz, Angelu eta Baiona) manifestazioak eginen dira abuztuaren 25ean. Hendaia ez da biltze horiei loturik.

Goi bilkuraren aurkako biltze horren nondik norakoak behin betiko zehaztu arte beste bilkurak eginen ditugu, besteak beste prefetarekin eta merkatariekin. Bilkura hori uztailaren 22ko astelehenean eginen dugu Herriko Etxean, 19:30ean.

Hendaia, uztailaren 5a

Baionako Suprefekturan uztailaren 4an egin bazkari batean, barne ministroak ziurtatu dio Kotte ECENARRO auzapezari Hendaian hedatuko dituzten baliabideak ekitaldiaren mailakoak izanen direla.
Auzapezak, bere aldetik, erran du konfiantzaz ikusten duela tokiko erakundeek antolatu G-7aren aurkako horren antolakuntzaz, ongi ezagutzen baititu antolatzaileak. Zalantza kanpotik etorriko direnen asmoekin du. “Ekitaldia bitartean, gehiegikeriarik gerta ez dadin, polizia anitz izanen direnaren bermea eman dit.”

Hendaian, uztailaren 4an

Herri kontseiluak prefeta eta suprefeta gonbidatu zituen, uztailaren 3an, 2019ko abuztuaren 21etik 23ra eginen den G7ren bilkurari buruzko eta G7aren aurkakoari buruzko puntua egitera etor zitezen. Bilkura pribatu hori ia bi orenez luzatu zen.

Solasgaiak harrera eta ostatatze lekuak, garraioak, topaketak eta segurtasun baldintzak izan dira nagusiki. Honako puntu hauek egiaztatu dira.

Estatuak hautatu du G7ren aurkakoa Hendaian eta Irunen egin dadin

Harrera eta ostatatze lekua

Parte hartzaileak Borda Berriko Nestlé oporlekuan kokatuko dira (Urruña udalerrian, Hendaiaren mugetan). Leku horrek, Prefekturak eta antolatzaileek diotenez, gehienez 10 000 pertsona har ditzake; han lo egin eta goizeko eta gaueko apairuak eginen dituzte.
Antolatzaileak abuztuaren 19an kokatuko dira han. Lekua abuztuaren 26rako utziko omen dute.

Garraioak

Hartuak izanen diren pertsonak oinez, bizikletaz edota talde garraioz mugituko dira. Joan-jinkari sistema bat emanen du plantan Mugikortasunen Sindikatuak G7aren aurkakoaren garaian. Joan-jinkari horiek Hormategiko karrikatik eta teilatuetatik abiatu eta Hendaiara Pausun barna helduko dira. Bidaiariak Santiago zubitik hurbil utziko dituzte.

Eguneko topaketak eta animazioak

Kontragailurraren antolatzaileek mintzaldi ziklo bat egin nahi dute Irun eta Hendaiako aretoetan. “Herrixka alternatibo” bat, Alternatibaren modukoa, kokatuko dute hirian. Antolatzaileekin eztabaidan gara hiri barneko leku egoki bat atzemateko. Herriak Santiago zubia eta De gaulle etorbidea eta Txingudi badiaren etorbidea elkarrekin lotzen dituen bidea ez trabatzeko baldintza jarri die.
Herri Kontseiluak bilkura pribatu batean hartuko ditu antolatzaileak, uztailaren 10ean, 18:30ean, prefet eta suprefet jaunekin egin duen bezalala.

Segurtasun baldintzak eta herriaren jardunen gaineko eraginak

Prefet jaunak honako informazio hauek eman ditu:

  • Frantzia eta Espainiaren arteko zirkulazio askea bermatu beharko da
  • Baiona eta Biarritzeko tren geltokiak hetsirik izanen dira
  • Donibane Lohizune eta Hendaiako tren geltokiak zabalik izanen dira
  • Hondarraitzeko tren geltokia hetsiko da (datak zehazteko dira)
  • Topo trena ez da Hendaiako geltokitik abiatuko, ezpada Irun Ficoba geltokitik (azken geltoki eta abiapuntua)

Ekonomia jardunaren eta merkataritzaren gainean izan litezkeen ondorioei dagokienean, bilkura bat antolatuko da horretaz mintzatzeko, Hendaian, uztailaren bigarren hamabostaldian, prefetak Baionako suprefetaren bitartez horretara engaiatu baita.

Kontragailur horrek ekarriko ei dituen biltze handiei dagokienean, Estatuak bermatu behar du ordena publikoa. Herriko Etxeak, bere aldetik, auzapezaren agindupean, auzapezordeek, hautetsiek eta udal zerbitzuek parte hartzen dute Estatuaren zerbitzuekin eta kontragailurraren antolatzaileekin bilerak egiten eta gidatzen. Ororen asmoetan da G7aren aurkako hau baketsu izan eta baldintza ahal bezain onetan gerta dadin, Euskal Herriak duen harrera tradizioari jarraikiz.

Gertakari hori Hendaiako Herriari ezarria izan zaio. Herriko Etxea, herritarrak gogoan, nazioarteko gertakari hori ongi joan dadin behar diren neurri guztiak hartzen ari da jadanik.

Gehiago jakiteko G7 bilkurari buruz eta G7aren aurkakoari buruz

https://www.elysee.fr/g7

http://www.pyrenees-atlantiques.gouv.fr/Actualites/Sommet-du-G7-2019-a-Biarritz/Sommet-du-G7-2019-a-Biarritz

https://ville.biarritz.fr/mon-quotidien-egunerokoa/g7-biarritz/sommet-2019-720.html

G7aren aurkakoaz

https://france.attac.org/se-mobiliser/contre-le-g7-et-son-monde/

https://g7ez.eus/fr/