«Klimaren freskoa» klima aldaketak dakartzan erronketaz ohartarazteko

Herriak, daraman garapen iraunkorraren ingurumen politikaren harira, urraspide berri bati ekin dio hautetsiei eta udal langileei klima eta ekologia trantsizioaren jokagaiei buruzko parte hartze bidezko ohartarazte bat eskainiz. Hendaia Iparraldeko lehen kolektibitatea da bere hautetsi eta langileentzat halako ekimena egiten.

Kolektibitateek, egun dituzten trantsizio jokagaien aitzinean, Klimaren Freskoa erreferentzia tresna dute. Zientziazko ohartarazte lantegi gisa antolatua, talde adimena baliatzen du klima nahasmenduari loturiko gaietaz ohartzeko eta tokian aterabideak bilatzeko.

KLIMA ETA EKINTZARAKO BIDEAK ULERTZEA

Iragan martxoaren 27an egin zen lehen lansaioa eta, 3 orenez, lankidetza lantegiak aukera eman zuen klima jokagaien funtsa ulertzeko, bai eta nork bakoitzak eta kolektibitateak, garapen iraunkorreko herri estrategia eraikitzeko balia litzazketen ekintza bideak ikusteko ere, gero lantaldeekin partekatu eta Hendaiako Herriak hendaiarrentzat egunerokoan gauzatzen dituen politika publiko ororen gidalerroa izan dadin.

Lantegi ludiko eta pedagogiko horretan parte hartu dutenek hausnartzeko, sortzeko eta eztabaidatzeko gaitasuna erakutsi behar izan dute, behin landu beharreko jokagaiak ulertu eta aterabideak atzemateko argudioak garatu nahiz. GIEC zientzia taldearen txostenetik atera 42 kartako joko baten bitartez, kausa-efektu erlazioak lotu dituzte eta, hala eginez, klima jokagaiak osoki landu ahal izan dituzte. Toki mailan klima aldaketen eta ekologia trantsiziorako tresnen ulertzeko elementu nagusiak ulertzeko bide zehatz-zehatza da hori eta egiazko fresko bat eginez bururatu da.

Urraspide horrek lehen urratsak besterik ez ditu egin. Kotte ECENARRO auzapezak honela adierazi du hori: «baliabide interesgarrri hori gazteenei eta udal zerbitzu guztiei behar zaie erakutsi. Oraindanik, prozesuaren eragile behar dugu izan eta partekaturiko bide orria prestatu».

Erranikoak

«Atsegin handia zait «Klimaren Freskoa» lantegi horretan partu hartu ahal izana, hautetsiak eta zerbitzuburuak ia kopuru berdinetan elkarturik. Hitz handietatik edota katedra mintzaldietatik haratago, egungo klima aldaketaren kausetaz eta ondorioetaz dugun ezagutza maila zeinahi delarik ere, proposatu den molde ia ludiko eta parte hartze bidezkoak, parte hartzaileen arteko solasak bultzatuz eta behin eta berriz galdekatzera behartuz, aukera eman du, hondamendi girorik gabe baina buruargi, mekanismo korapilotsuei buruzko, haien kateatzeei, elkarreraginei eta gibeleraginei

buruzko ororen kultura baten hastapen bat sortzeko, eta, horren ondorioz, egoeraren larriaz, izan litekeen bilakaeraz eta, hartara, ekiteko dugun premiaz ohartzeko. Nor bakoitza bere zereginean, baina elkarrekin, ikusmolde partekatu batez eta helburu bakarraz. Klimaren Freskoaren lantegi hau ezin da, beraz, hastapena besterik izan…» Ganix GRABIERES, Garapen Iraunkorraren, Bizi Ingurunearen eta Ingurumenaren ardura duen auzapezordea».

«Atseginbide handia gertatu zaigu lantegi hori gidatzea eta Hendaiako hautetsi eta langileekin mintzatzea. Mahaiaren inguruan kokatu eta guztiok (herritarrak, hautetsiak, langileak, gurasoak,…) jotzen gaituen gai erabakigarri bat ulertu eta horren gainean eztabaidatzea da freskoa: klima aldaketaren kausen eta ondorioen gaia, alegia. Hala mundu mailan nola toki mailan egoerak duen larriaz eta premiaz mintzatzeko aukera ukan dugu. Egiaztatze horretatik haratago, zehatz-mehatz eta antolaturik jokatu beharra agertu zaigu argi, oraindik garaiz baikara kausak apaldu eta ondorioetara egokitzeko. Arrapostu hala norbanakoenak nola kolektibitatearenak ezagutzen hasteko aukera ukan dugu, ekiteko lehentasunetan diren mailen garrantziak kontuan hartuz. Talde adimenaren ahala ere erakusten digu freskoak. GIEC lantaldearen ondorio nagusiak oren eta erdiz berrosatzeko gai izanik, norbanakoen eta kolektibitateen jokatzeko ahalen gainean gogoetatzeko gai ere bagara». Gérald OGER, fresko egile eta Hendaiako Klimaren Freskoaren animatzaileetako bat.

«Lantegia bereziki interesgarri gertatu zait. Egin den egoeraren akta horrek egungo egoeraren gaineko ikuspen orokorra eskaini dit, kausalitatezko loturen bitartez, bai eta hortik kokatze jokagai hala norbanakoen nola kolektiboen inguruko eztabaidei ekiteko aukera ere eta, haratago joan nahiko luketenentzat, egin beharrekoei ekiteko. Garapen iraunkorrari buruzko gogoeta eta ikasketa tresna ederra da. Lantegi horretatik galdera anitzekin jalgitzen da bat, baina baita herritar gisa errugabeturik ere, aitzinatzeko aukerak non eta nork markatzen dituen ikus bailiteke han. Larrialdiaren aitzineko beldurra behin gainditurik, ekitea zaigu geratzen, horixe dugu, ene ustez, freskoaren helburua». Sophie SONZOGNI, Hezkuntza eta Haurtzaroaren zerbitzuburuordea.

«Lantegi aberasgarri horrek gure jokamoldeek klima aldaketan duten eraginaz ohartzeko aukera eman digu. Orain ongi ikasi behar dugu ekintzen kate hori eta, hala kolektibitate mailan nola nork bakoitzak bere aldetik, kausa/ondorio mekanismo horietan eragiteko egin ditzazkegunak ezagutzea dagokigu. Gure politika publiko guztiak, gure proiektu eta eskuhartzeak gai horiei ahal beste kasu eginez beharko dira egin erabakitze eta gauzatze maila orotan». Gracy PRADIER GULDNER, Zerbitzu Teknikoen zuzendari nagusia.

Navigation de l’article