Aldagune multimodalaren lanen hastapena irailean

Uztailaren 4an, ostegunarekin, Chantal Kehrig lehen auzapezorde eta garraioen ardura duen Euskal Herri Aturriko Mugikortasunen Sindikatuaren lehendakariordeak, Jean-Pierre Echegaray aldagune multimodalen ardura duen Euskal Herri Aturriko Mugikortasunen Sindikatuaren lehendakariordeak eta Romain Mathey Euskal Herri Aturriko Mugikortasunen Sindikatuaren misio arduradunak jendeekiko elkar aditzearen bilana aurkeztu dute eta heldu den irailean hasiko diren lanen nondik norakoa azaldu.

Iragan otsailaren 18an egin zen jendeaitzineko lehen bilkuran erran zirenak eta idatziz egin diren ekarpenak kontuan hartu eta Mugikortasunen Sindikatuak egiteko diren antolaketak aurkeztu ditu, honako helburu hauek dituztelarik:

  • Geltokiaren inguruak bidaiarientzat eta oinezkoentzat segur egitea
  • Mugazgaindiko loturak faboratzea
  • Intermodalitatea faboratzea (bizikleta geltoki bat antolatzea…)
  • Espainia aldeko hiri sarbidea birkalifikatzea
  • Hiri inguruneari balioa ematea (ataria, leku publikoak…)
  • De Gaulle jeneralaren etorbidean zirkulazioa apaltzea (30 km/h zona, oinezkoen jarioen zeharkaldiak…)
  • Aparkatze eskaintza optimizatzea

Lanen faseak

Elkar aditzearen bilana Sindikatu Kontseiluak onartu du iragan apirilean. Hurrengo etapa: lanak abian emateko bidea irekiko duen diruztapen hitzarmena sinatzea. Diruztapen plana hitzartzea da hori. Mugikortasunen Sindikatuaren eta Herriaren inguruan jadanik zenbait partaide engaiatu badira ere, bereziki Akitania Berriko Eskualdea eta Pirinio Atlantikoetako Departamentua, sindikatua europar instantzien arrapostuaren zain da oraino.

Lehen zatia: 2019ko 4. hiruhilekoan

Lehen fasea SNCF konpainiaren medikuntza eraikina aurtikitzea izanen da. Irailerako programatu proiektuaren garaiak zehaztuko dituen abiapuntua izanen da.
Gero edateko uraren eta saneamendu sareen lanak etorriko dira, Euskal Elkargoak sare horien berriztatzeko baliatuko baitu zonaren berrantolaketa hori.
Laugarren hiruhileko horretan Euskotren geltokiaren lanen abiatzea eginen da ere (trenbidea bikoiztea, nasaren antolaketa, helgarritasuna lur arraseko zuzeneko sarbidearekin). Lanen bitartean, aldi baterako geltokia kokatuko dute ondoan, zerbitzua geldi ez dadin. Topo trenaren lanak 2020ko uztailean bururatuko dira.

Bigarren zatia: 2020ko lehen seihilekoan

Geltokiaren ataria antolatu eta birkalifikatzea (komun publikoak, bankuak, iturria, berdeguneak, helgarritasuna, bizikleta geltokia…), bai eta De Gaulle jeneralaren etorbidea ere (espaloien zabaltzea, bizikleta bide bat antolatzea…).

Merkatariak informazio eske

Bilkura horretara merkatariak beren jardunen atxikitzeari loturiko zehaztapenen xerka hurbildu dira: saltegietarako sarbideen antolaketa, kanpoko hornikuntzen eta terrazen desmuntatzea, zirkulazioaren eta desbideratzeen faseak, aparkatzealdi laburrak, sareetako mozketen plangintza…

Chantal Kehrig auzapezordeak honela erran du “auzoaren bizitzak jarraituko du. Aldi hori korapilatsua izanen bada ere, saltegietarako eta geltokirako sarbideak atxikitzera engaiatzen gara. Zaldainak emanen ditugu eta negu partean arituko gara batez ere, eta erregularki emanen diegu komunikazioa auzokoei, e-postaz edota posta arruntaz.”

Auzokoek zituzten galderen artean, aldi baterako beste lekuetara eramanen diren autobus geldilekuen ingurunean dauden etxeetako lurrazpiko aparkalekuetarako sarbideen gaia atera dute.

Informazio gehiagorako

Ikus bilkura publikoan egin den proiektuaren aurkezpena (pdf - 2,54 MB - nouvelle fenêtre)

Navigation de l’article