2020ko abenduaren 16, asteazkenean, 18:30ean egin, Herri kontseiluaren bilduma

KE.IG – 446.2020

Bi mila eta hogeigarren urtean, abenduaren hamaseian, asteazkenarekin, 18:30ean, Herri Kontseilua bildu da Kotte ECENARRO jaun auzapezaren lehendakaritzapean.

BERTARATUAK: ECENARRO j. (auzapeza), KEHRIG COTTENÇON and., TRANCHE j., BUTORI and., IRAZUSTA j., COTINAT and., ARRUABARRENA j., LEGARDINIER and., GRABIERES j., MOUNIOS ADURRIAGA and. (auzapezordeak), CAMACHO SATHICQ and., ARZELUS ARAMENDI j., TARIOL j., NAVARRON and., AIZPURU and., PELEGRIN ARAMENDY j., BEAUFORT and., BERNARD j., EIZAGUIRRE j., ROMAN and., MANTEROLA j., HARAMBOURE and., MARTIARENA GARAT j., LABEAU and., JEHAN j., CEZA and., DESTRUHAUT j., HIRIBARREN and., POUYFAUCON j., BARRERO and., BALANZATEGUI j. (142.2020 zk. deliberamendutik goiti), SALLABERRY j.
AHALORDEA EMANIK: ESTOMBA andreak POUYFAUCON jaunari
BILKURA IDAZKARIA: Céline COTINAT and.

Deialdiaren eguna: 2020ko abenduaren 8a

Biltzarraren quoruma bete dela baieztatu ondoren, auzapez jaunak hasiera eman dio bilkurari.

I –2020KO AZAROAREN 18KO HERRI KONTSEILUAREN BILKURAREN AKTA ONARTZEA

Auzapez jaunak, 2020ko azaroaren 18ko bilkuraren bilduma COTINAT andreari, bilkura idazkari den bezainbatean, irakur dezan galdegin dio.

Dokumentua biltzarrak onar dezan eman da bozketara.

AHO BATEZ ONETSIA –

Gero, gai zerrendari ekin diote:

II – DELIBERAMENDUAK

TXOSTENGILEA: Kotte ECENARRO, auzapeza

137.2020 – HERRI KONTSEILUAK EMAN ORDEZKARITZAZ AUZAPEZAK HARTU ERABAKIAK

Auzapez jaunak azaldu ditu Herriko Kontseiluak 2020ko uztailaren 3ko deliberamenduaren bitartez eman zizkion ordezkaritzak baliatuz hartu dituen erabakiak.

Herri Biltzarra jakinaren gainean da. Ez da bozkatzen.

138.2020 – HORNIDURETATIK HARTZEA – BATZORDEAREN AUZIBIDEA

Hendaiako «Besta Batzordearekin» genuen auzibidearen ondorioz, Herriak, badaezpada ere, 52 000 € atxiki zituen bere 2018ko hastapeneko aurrekontuan.

Lehen instantzian eta helegitearen ondoren ere ez diote elkarteari eskatzen zuenik onartu.

Helegitea egiteko epea bukatu da eta, hartara, atxikia genuen diru horren beharrik ez da jadanik. Diru kopuru hori aurrekontu nagusira eramanen dugu.

AHO BATEZ ONETSIA –

139.2020 – AURREKONTU NAGUSIA – 4. ALDAKETA ERABAKIA

Aurrekontu nagusian hainbat aldaketa egin ditzagun proposatu da:

FUNTZIONAMENDU SAILA – GASTUAK

  • ATALA : Proposamen berriak
  • 011 – Gastu orokorrak
  • 012 – Langile gastuak
  • 014 – Produktuen arintzea
  • 65 – Kudeaketa arrunteko bestelako gastuak
  • 66 – Finantza gastuak
  • 67 – Ezohiko gastuak
  • 022 – Ustekabeko gastuak
  • OROTARA : 0
  • 023 – Inbestimendu sailera igorria : 26 674
  • 042 – Sailen arteko ordena eragiketak
  • OROTARA : 26 674
  • FUNTZIONAMENDU GASTUAK OROTARA : 26 674

FUNTZIONAMENDU SAILA – DIRU SARTZEAK

  • ATALA : Proposamen berriak
  • 013 – Gastuen arintzea
  • 70 – Zerbitzuen emaitzak
  • 73 – Zergak
  • 74 – Zuzkidurak eta parte hartzea
  • 75 – Kudeaketa arrunteko bestelako sarzeak
  • 77 – Ezohiko produktuak
  • 78 – Amortizazio eta zuzkiduretatik hartuak
  • OROTARA : 0
  • 042 – Sailen arteko ordena eragiketak : 26 674
  • 002 – Funtzionamendu soberakin atzeratua
  • OROTARA : 26 674
  • FUNTZIONAMENDU SARTZEAK OROTARA : 26 674

INBESTIMENDU SAILA – GASTUAK

  • ATALA : Proposamen berriak
  • 20 – Gorpuzgabeko ibilgetuak
  • 204 – Ekipamendutarako eman dirulaguntzak
  • 21 – Gorpuzdun ibilgetuak : 5 160
  • 23 – Bidean diren ibilgetuak
  • 10 – Zuzkidurak, erreserbak
  • 13 – Inbestimendurako diru laguntzak
  • 16 – Maileguak eta antzeko gastuak
  • 020 – Ustekabeko gastuak : – 5 160
  • OROTARA : 0
  • 040 – Sailen arteko ordena eragiketak : 26 674
  • 041 – Ondare eragiketak
  • 001 – Inbestimendu eskasia atzeratua
  • OROTARA
  • INBESTIMENDU GASTUAK OROTARA : 26 674

INBESTIMENDU SAILA – DIRU SARTZEAK

  • ATALA : Proposamen berriak
  • 10 – Funts zuzkidurak eta erresalbuak
  • 13 – Inbestimendurako dirulaguntzak
  • 16 – Maileguak eta antzeko gastuak
  • 21 – Gorpuzdun ibilgetuak : –
  • OROTARA
  • 040 – Sailen arteko ordena eragiketak
  • 041 – Ondare eragiketak
  • 021 – Funtzionamendu sailetik hartua : 26 674
  • OROTARA
  • INBESTIMENDU SARTZEAK OROTARA : 26 674

OROTARA OROKORREAN 53 348

AHO BATEZ ONETSIA –

140.2020 – 2021EKO HASTAPENEKO AURREKONTUAREN AITZINETIK INBESTIMENDU GASTUAK EGITEKO BAIMENA

Urtero bezala, auzapez jaunari baimena eman behar zaio inbestimendu gastuak egin ditzan iazko urtealdiaren aurrekontuan ireki kredituen laurdenaren mugetan, 2021eko hastapeneko aurrekontua onartu bitartean.

Aurrekontu nagusiaren kopurua 599 200 €koa da eta arrantza portuaren aurrekontu erantsiarena 95 000 €koa.

AHO BATEZ ONETSIA –

TXOSTENGILEA: Richard IRAZUSTA j.

141.2020 – EUSKAL HIRIGUNE ELKARGOAREKIN PARTEKATZE HITZARMENA ERABILERA DIGITALETARAKO

2020ko otsailaren leheneko deliberamendu batez, Euskal Hirigune Elkargoak hitzarmen bat berritu zuen La Fibre64 Sindikatu Mistoarekin zerbitzu digitalen zerbitzuen egitarau bat hedatzeko.

Lankidetza alor hori parte hartu nahi duten Euskal Hirigune Elkargoko herri orori da zabalik honako zerbitzu hauek guztietarako edo batzuetarako:

  • Datuen Babeserako Araudi Nagusiaren arauetara egokitzeko (RGPD)
  • Eskari publikoa desmaterializatzeko
  • Legezkotasun kontrolera eramatearen desmaterializatzeko
  • Gizarteratze digitala
  • Webinarioak:

AHO BATEZ ONETSIA –

BALANZATEGUI jauna biltzarrera sartu da.

142.2020 – ACFI FUNTZIOA – HITZARMENA PIRINIO ATLANTIKOETAKO FUNTZIO PUBLIKOAREN KUDEAKETA ZENTROAREKIN

Laneko higiene eta segurtasunaren alorrean ikuskapena egiteko ardura duen langile bat izendatzea ezinbestekoa da kolektibitate orotan.

Ikuskapen hori honako hauetan datza:

– Araudia betetzeko baldintzak kontrolatzea
– Lanean higienea eta segurtasuna hobetzeko eta lan arriskuak prebenitzeko neurriak proposatzea

Egiteko hori, hitzarmen batez, Kudeaketa Zentroaren esku utz liteke.

1985eko ekainaren 10eko 85-603 dekretuak ezartzen duen higienea eta segurtasuna ikuskatzeko egitekoa Pirinio Atlantikoetako Funtzio Publikoaren Kudeaketa Zentroaren esku uztea erabaki du biltzarrak eta auzapez jaunari eman dio horretarako hitzarmena sinatzeko baimena.

AHO BATEZ ONETSIA –

143.2020 – LANPOSTU IRAUNKORREN 9. TAULA

1/ Lanpostuen bilakaera eta zerbitzuaren beharrak kontuan hartu eta ezegonkortasunetik ateratzeko orain dela zenbait urtetik hona plantan eman planarekin jarraitzeko asmoz, honako hau sartzea proposatu da:

2021eko urtarrilaren lehenetik goiti

Adar teknikoa:

  • Teknikari laguntzaile lanpostu bat, astean 35 orenetakoa

Lanpostu horren sortzea lanaldi murriztuko lanpostu bat duen langile baten lanaldiaren luzatze bati loturik da.

2/ 2009ko abuztuaren 3ko mugikortasun legearen 2011ko maiatzaren 17ko 2011-541 aplikazio dekretuak administrazio kokapenei buruzko zenbait agindu aldatu du eta adarraz aldatzeko aukera eman du; horrela, langileek egiten dituztenei dagokien adarrera sar litezke orain.

Animazio laguntzaile batek lurraldeko teknikari laguntzaileen lanpostuetara sartzea eskatu du eta hautetsiek honako hau onartu dute:

  • 2021eko urtarrilaren lehenetik goiti lanaldi murriztuko animazio laguntzaile lanpostu iraunkor bat hestea,
  • Data berean sortzea lanaldi osoko teknikari laguntzaile lanpostu iraunkorra.

AHO BATEZ ONETSIA –

TXOSTENGILEA: Frédéric TRANCHE j.

144.2020 – CLSPD – OINARRI DOKUMENTUAK – BARNE ARAUDIAREN ETA GUTUN DEONTOLOGIKOAREN ONARTZEA

Segurtasunerako eta Gaizkintzari Aitzina Hartzeko Tokiko Batzordea, CLSPD deitua, herrian segurtasun ezaren eta gaizkintzari aitzina hartzeko borrokaren lehentasunei buruz elkar aditzeko gunea dugu.

Auzapez jaunak zehaztu du CLSP segurtasun batzorde horrek:

  • Laguntzen duela «informazio trukaketa erakunde publiko eta pribatuen arduradunen artean eta guztientzako helburuak zehazt ditzake segurtasun eta lasaitasun publikoak atxikitzeko»,
  • «prebentziorako eta biktimei laguntza emateko ekintzak» bultzatzen ditu;
  • «jaukimenduak eta espetxeratzea ez diren bestelako neurriak gauzatzeko behar diren baliabideak» mugiarazten ditu;
  • «berrizkaturaren prebentzioa laguntzen duten gizarte, osasun eta gizarteratze neurriak» mugiarazten ditu,
  • Abian eman diren ekintzen eta instantzien animazioa, jarraipena eta balioztapena egiten du.
    Segurtasunerako batzordeak partzuergo aktiboa egiteko aukera eman behar du elkarrekin eraiki segurtasun edota prebentzio jarduerak plantan emanez eta hitzarmen eta protokolo bereziak eginez.

Barne araudia osoko formakuntzaren inguruan, formakuntza murritzaren inguruan eta sortu diren gaikako 5 lantaldeen inguruan antolatua da.

Bi dokumentu horiek azken osoko bilkuran aurkeztu ziren eta prefetak eta prokuradoreak bali egin dituzte.

Dokumentu horiek aplikagarri izanen badira, Herri Biltzarrak onartu behar ditu.

Biltzarrak onartu ditu proposatu zaizkion barne araudia eta deontologia gutuna.

AHO BATEZ ONETSIA –

145.2020 – 2021EAN SALTEGIAK IGANDEETAN ZABALTZEA

TRANCHE J.: testuinguru oso berezian, bai osasunari dagokionean bai eta zailtasunetan diren ekonomia jarduera guztiak gogoan bete-betean hartuz, urte honetan zehar sostengatu ditugunak, hala merkataritza etxeak nola kulturakoak. MOUNIOS ADURRIAGA andreak berehala azalduko du gure sostengu osagarria.

2021eko urtarrilaren 17 eta 24ko eta abenduaren 19 eta 26ko lau igandeetan zabaltzeko eskari bakarra ukan dugu, LIDL saltegiarena.

Honako hau erabaki dugu:

  • Aurkako iritzia ematea 2021eko igandeetan zabaltzeko LIDL saltegiak aurkeztu proiektuari, hor goian ageri diren datetarako,
  • Aurkako iritzia ematea elikagaiena ez den txikikako beste zeinahi eskariri.

AHO BATEZ ONETSIA –

TXOSTENGILEA: Nicole BUTORI and.

146.2020 – OSTATATZE GABEKO AISIALDI HARRERAK – 2021EKO TARIFAK

Ostatatze gabeko aisialdi harreren 2021eko urtarrilaren lehenetik goitiko tarifak onartu dira.

AHO BATEZ ONETSIA –

TXOSTENGILEA: Céline COTINAT and.

147.2020 – ELIKADURA BURUJABETZA – “TOKIJAN” PROIEKTUA HENDAIAKO HERRIKO ETXEAK ONARTZEA

Hendaiako Herria engaiatua da elikadura burujabetzaren gaian.

Lan-Eko Jarduna eta Enplegua Laguntzeko Zentroaren bidez lantalde bat sortu da Bidasoko bizi arroan tokiko elikagaiak balioan ematearen inguruan, lurralde horretan bilduz, alde batetik kontsumitzaileen kooperatibak -Labore Txingudi (Irun), Aldatsa Baratza (Irun-Hondarribia), Larrunkoop (Urruña), Hendaiakoop (Hendaia), Labore Oarso; beste aldetik herri hautetsiak (Hendaia eta Berako herriak), eta bestalde lurraldean proiektuak sortzen laguntzeko egiturak -Lan-Eko eta BDSKoop-, Bidasoaren ipar eta hego alde bietan.

Helburua tokiko ekoizpena, eraldaketa eta kontsumoa laguntzeko ekosistema sustatu eta garatzea du, talde jantokietan ororen intereseko proiektuen bideragarritasuna aztertuz (talde jatetxea, eraldatze zentroa, plataforma logistikoa, etab.).

Bidasoaldea erreferentzia lurralde gisa kokatzeko, Lan-Eko Euskal Hirigune Elkargoarekin, Nafarroko Hazkurri Industriako Azpiegitura eta Teknologien INTIA Institutuarekin eta Landaolarekin (Gipuzkoako Landa Garapenerako Elkarteen Federazioa) lotu da «TOKIJAN» proiektua proposatzeko Euroeskualdearen NAEN «ezagutzaren ekonomia» proiektu deialdiaren karietara.

Honako helburu hauek ditu proiektuak:

  • Erakundeen mugazgaindiko elkarlanari ekitea euroeskualdeko lurraldean kalitatezko elikadura iraunkorraren alde,
  • Elkarren ezagutza garatzea eta sinergia berriak eraikitzea laborantza eta elikadura gaietan,
  • Mugazgaindiko hornitze adarrak plantan emateko oztopoak kentzea,
  • Elikagaien mugazgaindiko adarrak identifika eta aktibatzea,
  • Lurraldeko eragileek sortu ekoizleengandik kontsumitzaileenganainoko «Bidasoa km0» tokiko ekimena laguntzea.

Eragiketaren guztizko aurrekontua: 131 268 €.
Lan-Eko-rentzako aurrekontua: 37 000 €.

Honako diruztatze plana proposatu da:

  • NAEN Euroeskualdea 18 500,00 € % 50,00
  • Beste laguntza publikoak 7 500,00 € % 20,27
  • Lan-Eko autofinantzamendua 11 000,00 € % 29,73

Hendaiako Herriak diruztatzen du LAN EKO urtean 80 000 €ko diru laguntza batez.

Beste bi herri deitu dira proiektuan parte hartzera:

  • URRUÑAko herria: 6500 €,
  • BIRIATU: 1 000 €.

Biltzarrak NAEN Ezagutzaren Ekonomia Eskualdearen proiektu deialdiaren barnean aurkeztu TOKIJAN proiektua sostengatzea erabaki du eta auzapez jaunari proiektuari lotu dokumentu oro sinatzeko baimena eman dio.

AHO BATEZ ONETSIA –

TXOSTENGILEA: Claire LEGARDINIER and.

148.2020 – LANKIDETZA HITZARMENA SEIGNANX-EKO ENPLEGU ARROKO BATZORDEAREKIN ETA LANEKO-REKIN

Hendaiako Herriak Gizarte eta Elkartasunezko Ekonomiaren ereduak sustatzeko asmoa erakutsi du eta, 2016. urtetik hona, lankidetzan aritu da Seignanx-eko enplegu arroko batzordearekin.

Bi egiturak elkarlanean aritu dira POCTEFA ETESS (Gizarte eta Elkartasunezko Ekonomiarako Mugazgaindiko Eskola) proiektuan eta lankidetza hitzarmen bat sinatu dute 2017–2020 aldirako Hendaiako jarduna eta enplegua laguntzeko zentroa sortzea laguntzeko eta Hendaian talde proiektuak sortzen laguntzeko. Horrela, herriak diruz sostengatu du Seignanx-eko enplegu arroko batzordea urtean 10 000 €ko diru laguntza emanez honako hiru urte hauetan: 2017, 2018 eta 2019.

Alor horretan 2016an abiatu lanekin jarraituz, Hendaiako Herriak eta Seignanx-eko enplegu arroko batzordeak daramaten lankidetza berritu nahi dute, partzuergo horretara Lan-Eko laguntza zentroa sartuz herriaren garapenerako tresna gisa.

Hiru egiturek bat egiten dute nork bere lurraldean ikusi dutenarekin eta elkarrekin dituzten erronkei ekin nahi diete: gizartean eta lanbidean sartzea, lurraldearen garapena ekonomia eta gizarte ekintza elkartuz, enpresa sortzeko molde desberdinak (enpresen taldekako sorkuntza), lurraldean dauden ekologia erronkak kontuan hartzea (bizilekuak, elikadura burujabetza, mugikortasuna), eta, guztiaz gain, eragileen arteko parte hartze guneak sortzeko nahia.

Hiru aldeeen arteko hitzarmen bat da parte hartze horren berriztapenaren oinarria, non partzuer bakoitzaren eta guztien elkarrekiko engaiamendu eta helburuak zehazten baitira. «Laneko» laguntza zentroa Seignanx-eko enplegu arroko batzordea diruz sostengatzera engaiatzen da, horretarako 2021an 6000 €ko diru laguntza emanez.

Biltzarrak onartu du Herriak jarrai dezan Seignanx-eko enplegu arroko batzordearekiko partzuergoarekin eta auzapezari baimena eman dio hiru aldeeen arteko hitzarmena sina dezan.

AHO BATEZ ONETSIA –

TXOSTENGILEA: Michelle MOUNIOS ADURRIAGA and.

149.2020 – KULTURARAKO COVID-19 ALDIKO ELKARTASUN FUNTSA SORTZEA

COVID-19aren krisiak arriskuan eman du kultura sektorea eta konpainia profesional anitz.

Hendaiako Herriko Etxea urtean zehar aritzen da zuzeneko ikuskizunen kultura eragile anitzekin lanean (antzerkia, zirkoa, dantza, musika…) eta haiek Covid-19aren krisiak sakon jo ditu behin eta berriz gertatu diren bertan behera uzteengatik eta kultura guneen hetsialdiarengatik.

Halatan, bada, kulturarako elkartasun funtsa sortzea erabaki da, horretarako arterako bozkatu eta baliatu ez diren gastuen zati bat erabiliz hartzeko genituen eta sostengu beharrean diren ikuskizunetako aldizkako teknikari eta artisten lansariak elkartasunez ordaintzeko,

Funts horren bidez konpainiei emanen zaizkien kalteordainak kalkulatzeko honako hauek hartzea kontutan:

  • Gerorako utzi den ikuskizun baten kalteordaina: ikuskizuna emateko kontratuaren % 25a (alde batera utziz garraioak, apairuak, ostatatzeak): ikuskizuna hurrengo kontularitza urterako utzi bada soilik,
  • Ikuskizun bat gerorako bigarren aldiz edo gehiagotan uztearen kalteordaina: ikuskizuna emateko kontratuaren % 40 (alde batera utziz garraioak, apairuak, ostatatzeak),
  • Bertan behera utzi ikuskizun baten kalteordaina: ikuskizuna emateko kontratuaren % 50 (alde batera utziz garraioak, apairuak, ostatatzeak): 2021ean programatu konpainien kasuan: ikuskizuna ezin bada berriz programatu (ikuskizuna bukatzea, egutegietan ez aukerarik…).

Kalteordainen arau hori 2020ko azaroaren 21etik goiti aplikatuko da, 2020an jadanik bi aldiz eta beste behin 2021ean gerorako utzi den Elvis Alatac konpainiarekin

  • Elkartasun funts hori osasun krisiak iraun bitartean bakarrik eta COVID-19agatik gertatu diren bertan behera uzte eta gibelatzeetarako soilik erabiliko da. Konpainiekin sinatu ikuskizuna emateko kontratuetan eta haien gehigarrietan COVID-19agatiko bertan behera uzte klausula bat erantsiko da,

MOUNIOS ADURRIAGA and.: Erantsi nahi nuen Hendaiako Herriak, beste behin ere,…
AHO BATEZ ONETSIA –

TXOSTENGILEA: Xabier MANTEROLA j.

150.2020 – EMAKUME ETA GIZONEN ARTEKO BERDINTASUNERAKO EUROPAR GUTUNA

Emakume eta gizonen arteko berdintasuna erronka nagusia da eta Hendaiako Herriko Etxeak luzerako jarduera batez nahi dio arrapostua eman.

Europako Herri eta Eskualdeen Kontseiluak 2006an onartu zuen berdintasunerako europar gutunak zedarritu eremu zehatza dugu Herriaren jardueraren oinarria.

Toki mailan antolatu gutunak honako printzipio hauek ditu:

  • Emakume eta gizonen arteko berdintasuna funtsezko eskubidetzat hartzea.
  • Bereizkeria mota oro kontuan har eta aurka egitea.
  • Emakume eta gizonen ordezkapen zuzen eta orekatua erabakigune orotan.
  • Genero estereotipoak ezabatzea.
  • Berdintasunaren dimentsioa Herriak garatzen dituen jardun orotan sartzea, hala enplegu emaile gisa, nola agindu emaile gisa, zerbitzu emaile gisa, antolaketa egile gisa… bai eta aurrekontuak egitean ere.

Hendaiako Herria ekintza plan bat egitera engaiatzen da, lau ardatzetan antolaturik.

2021. urterako zazpi ekintza proposatu dira:

  1. ekintza: herrian berdintasunaren gaian dugun egoerari buruzko txostena egitea,
  2. ekintza: enplegatzailearen egitekoa. Berdintasunaren gaia sartzea langileen formakuntzan, bai eta langileek dituzten nahiak zerrendatzea,
  3. ekintza: hautetsiak emakume-gizonen arteko berdintasunaz ohartaraztea,
  4. ekintza: sexuaren araberako analisia. Politika publikoen onuradunen sexuaren araberako azterketa egitea,
  5. ekintza: kultura, kirola eta aisialdia. Kirol klubak eta kultura elkarteak emakumeak eta gizonak ikusteko manera estereotipatua zalantzan jartzen duten ekintzak sustatzera bultzatzea,
  6. ekintza: estereotipoen aurkako komunikazio plan bat plantan ematea,
  7. ekintza: emakume eta gizonen arteko berdintasunari buruzko herri mintzaldiak plantan ematea.

Herri Kontseiluak berdintasunerako europar gutuna sinatzea erabaki du eta 2021erako ekintza plana onartu.

AHO BATEZ ONETSIA –

TXOSTENGILEA: Ganix GRABIERES j.

151.2020 – PARTE HARTZEARI ZABALDU AURREKONTUA – BARNE ARAUDIA SORTU ETA ONARTZEA

Jendeen parte hartzeari zabalduriko aurrekontuak erabakitzeko ahalmena eta orain arte ezagutu ez diren baliabideak ematen dizkie hendaiarrei honako gai hau gogoan: «zuek erabaki eta guk egin».

Parte hartze bidezko demokrazia garatzeko nahi horrek 200 000 €ko kopuru bat dakar inbestimendu aurrekontuan 2021 eta 2022 urteen artean gauzatzeko (hau da, biztanle bakoitzeko 12 € inguru), herritarrek hautatu proiektuak egin ahal izateko.

Barne araudiak zehazten du nola eginen den hendaiarren parte hartzeari zabalduriko lehen aurrekontua eta 5 etapa nagusi seinalatzen ditu:

  • proiektuak presta eta aurkeztea,
  • proiektuen egingarritasun azterketa tekniko, juridiko eta diruzkoa,
  • proiektuen kanpaina,
  • biztanleen bozketa eta emaitzak,
  • proiektuen egitea.

Jarraipen batzorde bat sortuko da, kopuru berdineko bi taldek osaturik:

  • herritarren taldea, 10 hendaiarrek osaturik, adinez nagusi eta hautagai aurkeztu direnen artean zozketaz hautatuak;
  • erakunde taldea, 10 kidek osatua: herritartasunaren auzapezordea, zozketa bidez hautatu 7 hautetsi (6 gehiengoarenak, 1 gutxiengoarena) eta izendaturiko 2 udal langile.

Herri Kontseiluak onartu du Hendaian parte hartzeari zabaldu aurrekontu bat sortzearen printzipioa araudiak ezarri baldintzetan.

AHO BATEZ ONETSIA –

TXOSTENGILEA: Chantal KEHRIG COTTENÇON and.

152.2020 – “IGNACIO TRINKETEAREN KARRIKA” BIDEAREN IZENA

Matxitenea etxe multzoaren zati batera zenbakirik gabeko Pausuko bideak darama.

Pausuko bide horren zati bat Hendaian da kokaturik eta bestea Urruñan, non «Inazio trinketearen karrika» deitzen baita eta zenbakiz antolatua da. Hendaia eta Urruña herrien artean batera aritu nahiz, Pausuko bidea “Inazio trinketearen karrika” deitzea erabaki da.

AHO BATEZ ONETSIA –

153.2020 – ESKARIETARAKO TALDE BATEN SORTZEKO HITZARMENA – HENDAIAN GIZARTE HARRERA EGITEKO ERAIKINAREN BERRIZTAPENA ETA BARNEKO ANTOLAKETA (CPAM) ETA EGIAZKO ESKUBIDEAK DAKARTZAN ALDI BATERAKO ERABILTZE HITZARMENA

Hendaiako Herriak eraikin bat du Errepublika plazaren 2 eta 4 zenbakietan; udalaren jabari publikoaren eraikin bat da hori.

Diruzaintza publikoak solairu bat hutsik utzi zuen 2019. urtean Hendaiatik alde egitean; etxe behere hori, beraz, Eritasun Asurantzako Lehen mailako Kutxaren (EALK-CPAM) eta Familia Laguntza Kutxaren (FLK-CAF) harrerak egiteko erabiliko da hemendik goiti. Eritasun asurantzak datozkion jendeak hartu eta ematen duen zerbitzu publikoa emateko egin beharreko antolaketak eginen ditu.

Lehen solairuak eta teilatupeak sarbide berezia dutenez udaltzaintzarentzat eta aparkatzeen udal zerbitzuarentzat dira.

Auzapez jaunari baimena eman zaio eritasun asurantzarekin sina dezan 15 urterako egiazko eskubideak ematen dituen aldi baterako erabiltze hitzarmena.

AHO BATEZ ONETSIA –

154.2020 – PARTZUERGO HITZARMENA INBESTIMENDURAKO EUROPAR BANKUAREN ELENA EGITARAUAREN BARNEAN – ONDARE PUBLIKOAREN ENERGIA BERRIZTAPENA ETA ENERGIA BERRIZTAGARRIEN GARAPENA EUSKAL HERRIAREN KARBONO NEUTRALTASUNA LORTZEKO

EHEaren elkargo kontseiluak, otsailaren lehenean, Lurraldeko Klima-Aire-Energia Plana erabaki zuen eta horrela elkargoa karbono neutraltasunerantz engaiatu da, 2050eko epearekin.

Ingenieritza eskaintza bat egin zaie orain BEI erakundeak EHErekin elkarlanean daraman Elena urraspidera sartzeko hautagai diren herriei.

Baimena eman zaio auzapez jaunari EHErekin sina dezan Elena urraspidera lotzeko aukera emateko azterketak egiteko partzuergo hitzarmena.

AHO BATEZ ONETSIA –

155.2020 – EUSKAL HIRIGUNE ELKARGOAK 2020KO OTSAILAREN LEHENEAN ERABAKI BIZILEKUEN TOKIKO PROGRAMARAKO PROIEKTUARI BURUZKO IRITZIA

2020ko otsailaren leheneko deliberamendu batez, Euskal Hirigune Elkargoaren elkargo kontseiluak Euskal Herriko Bizilekuen Tokiko Programa 2020-2025 eta elkar aditzearen bilana egin du.

Eraikuntzaren eta Bizilekuen Kodearen R 302-9 artikuluak agindurikoari jarraikiz, kide diren herrietako herri kontseiluek beren iritzia eman behar dute BTP proiektuaren gainean jakinarazi zaionetik 2 hilabeteko epean; hala egin ezean, aldekotzat ulertuko da iritzia.

Bizilekuen Tokiko Programa elkargoaren lurraldean bizilekuen politika 6 urtetarako zehaztu eta gauzatzeko tresna da. Lurraldeko egungo eta etorkizuneko biztanleriak bizitegi eta ostatalekuetan dituen beharrak betetzeko xedea du, bai eta herrien artean eta herri bereko auzoen artean bizilekuen eskaintza kopurua eta eskaintza mota desberdinak orekatuki banatzen direla bermatzea.

BTParen proiektuak hiru zati ditu.

Diagnostikoa (I. zatia) bizitegien tokiko merkatuaren funtzionamenduaren eta lurraldean bizilekuek dituzten baldintzen bilana eta azterketa.

Diagnostiko horrek honako datu hauek ekarri ditu:

  • demografia dinamika azkarra eta etengabea lurraldearen erakargarritasunari loturik;
  • alde nabarmenak presio handipean den itsasaldearen, presiopean ere den itsasaldearen gibelaldearen eta tokiko garapenaren xerka diren barnealdeko beste sektoreen artean;
  • lur funts eskasia ekoizten da antolaketa publikoan eta lurren prezioak arras goratzen ari dira itsasaldean eta gero eta gehiago itsasaldearen gibelaldean;
  • etxeen erosi edota alokatzeko merkatu librean tokiko biztanleriaren gero eta zati handiagoak bazter geratzen ari dira;
  • lagunduriko alokairuen eskaintza eskastxoa da, azken urteotan azkarki emendatu bada ere;
  • pertsona bakarrarentzako bizitegi txiki gutxiegi dago;
  • Euskal Herriaren barnealdean hutsik diren eraikuntza handien berriztapen jokagaiak;
  • Energia sobera xahutzen duten bizitegietan bizi diren etxejabe xume anitz;
  • Biztanleriaren zahartzea, heldu diren urteotan 75 urtetik gorakoen zatia handituko delarik;
  • Talde garraioaren eskaintzak ez du oraino autoaren erabilera ordezteko indar aski;
  • Ekonomia dinamikoa gune nagusi baten inguruan, Euskal Kostaldea-Aturri gunearen inguruan, non lanpostuen erditik gora biltzen baita, eta bigarren mailako guneak, bai eta ahuldurik diren sektoreak euskal barnealdean.

BTParen orientabideak eta helburuak (II. zatia)

Bizileku, klima eta mugikortasun planek berdin dituzten 6 orientabide hauetatik abiatuz:

  • Bestelako garapena antolatzea,
  • Karbono gutxiko lurralde baten alde engaiatzea,
  • Lehentasuna tokiko beharrei ematea,
  • Hurbileko zerbitzuak sendotzea,
  • Lurralde barneratzaile baten alde aritzea,
  • Gure helburuak lortzeko jendea mugiaraztea.

BTPak berak ere bere 4 orientabide estrategiko bereak eman ditu, eman ere honako hauek:

  • Kopuruan eta kalitatean hobe kontrolaturiko eskaintza garatzea, tokiko familientzat eskuragarriagoa diru aldetik, zentraltasunak indartu dituena eta hobeki banaturik izanen dena, bereziki euskal barnealdearen garapena duen aniztasunean laguntzeko,
  • Egun dugun bizitegien multzoa hobetzeko dinamika, batez ere energiari dagokionean, areagotzea eta baliogaltzeei aitzina hartzea,
  • Ororen beharrei arrapostua eskaintzea, elkartasunezko bizilekuen bidetik,
  • Bizilekuen tokiko politika orientatzeko eta BTParen helburuak lortzeko baliabideak eskuratzea.

Aldi horretan urtero 2656 bizitegi ekoizteko ezarri helburuak garapena kontrolatu nahi du, oro har eraikitzen dena zertxobait moteldu eta 90. urteetako erritmora itzuliz, betiere banaketa euskal barnealdearen alde orekatuz.

Ekintza programa (III. zatia)

4 orientabide estrategikoak 7 eragiketa estrategiatan jokatzen dira eta azken horiek ere 25 ekintzatan, lurraldean azaldu diren beharrei hobeki erantzuteko. BTP horren gauzatzeko eman den aurrekontua urtean 17 M€koa da batez beste.

Herri Kontseiluak aldeko iritzia eman dio 2020-2025erako Euskal Herriaren Bizilekuen Tokiko Programari eta horren ondoren datorren iritzi osagarriak osatzen du iritzi hori, 2020ko abenduaren 11n e-mezu batez igorri zena; azken iritzi hori 2020ko abenduaren 9, asteazkenean Lanen Batzordean egin zen lanaren emaitza da:

«Herriak, BTParen aitzineko lanen bitartez, bizilekuen gaia funtsezkoa zaion lurralde proiektu bat prestatzen parte hartu nahi ukan du, azken 15 urteotan Euskal Herrira etortzeko gogoa arras emendatu baita.

Etengabeko eta aldi baterako bizilekuen gai horrek zenbait tresna behar ditu doitu eta gauzatu; haietako batzuk baditugu jadanik eta beste anitz sortzeko ditugu oraindik, aitzineko garaian argi azaldu baitzaigu eskasa zela tokiko familientzat eskuragarri den eskaintza arautzeko baliabidea. Proiektu hori ezin da gure paisaien kalitatearen kaltetan egin, ez eta belaunaldiz belaunaldi hemen kokaturik diren biztanleen kaltetan.

  • Hendaiako Herriak ezagutzera eman nahi du mugondoko herria izateak dakarkion berezitasuna, alegia, geografikoki kokatua den lekuarengatik bere bizitegien multzoak duen berezitasuna kudeatu beharra.
  • Herriak EHEri galdetzen dio SRU legearen ez betetzea dela eta zein laguntza aurreikusia duen zigorrak bere gain hartzeko; egungo BTPak egin hautuek azaltzen dute lurraldeak bere etorkizunaz gogoetatzeko beharra. Bereziki, aipatzekoa da zenbait bizi arrotan ez duela baliabide horrek eraginik eta, bestalde, Euskal Elkargo osoari dagokio ordea.
  • Herriak itsasalde osoan, neurri handi batean araudiengatik, gertatzen den lurren eskasiaz Estatuak duen jarreraz galdetzen du ere: paisaiarentzat eta bizi ingurunearentzat on dena ezin da kontrajarri m² gehiago egin beharrarekin, herriak ere azaltzen ari direnean «geldialdi» baten beharra beren garapen proiektuan: hobeki eta gutxiago.
  • Herriak eskatzen du herrian eginen den higiezinen programatze handi orotarako azter dadila zenbateraino uztargarri den Hiriko Lekualdaketen Planarekin (HLP-PDU), Lurraldeko Klima, Aire, Energia Planarekin (LKAEP-PCAET) eta Digitalizazio Planarekin: epe labur, ertain eta luzerako jokagaiak baitira.
  • Hendaiako Herria lurralde guneen mailan partekaturiko baliabideak deszentralizatzearen alde da, hartara, herriek beren esku ukan ditzaten bereziki mota guztietako bizileku hondatuei loturiko gaietan dituzten engaiamenduak laguntzeko behar dituzten baliabide aktiboak».

EMANIKO BOZ GUZTIEK ONETSIA –
2 abstentzio: TARIOL j., BERNARD j.

156.2020 – 2019 – HONDAKINEN PREBENTZIO, BILKETA ETA BALIOA EMATE TXOSTENAREN JAKITERA EMATEA

Hautetsiek ezagutu dute Elkargoaren hondakinen prebentzio, bilketa eta balioa emateko zerbitzu publikoaren prezioari eta kalitateari buruzko 2019ko urteko txostena.

HAUTETSIAK JAKINAREN GAINEAN DIRA –

Gai zerrenda bururatua zenez, auzapez jaunak eskerrak eman dizkio biltzarrari bilkura horretan egin diren ekarpenengatik eta guztion parte hartzeagatik. Urtero, abenduan,”pintxo pote” bat eta txistorra zerbitzatu ohi dira; gaur, hautetsiek beren maskarak berriz jantzi beharra besterik ez dute ukanen. Bilkura bukatutzat eman du 20:40an.

HENDAIAN, 2020ko abenduaren 17an

Auzapeza,
Euskal Hirigune Elkargoaren lehendakariordea,
Pirinio Atlantikoetako Departamentu kontseilaria,

Kotte ECENARRO

HERRIKO ETXEAREN ATARIAN AFIXATUA: 2020.12.18an

Auzapeza,
Euskal Hirigune Elkargoaren lehendakariordea,
Pirinio Atlantikoetako Departamentu kontseilaria,

Kotte ECENARRO