Martxoaren 3tik 14ra, Hendaia Euskaraz-en karietara, Txillardegi omenduko da Hendaiako Mediatekan, erakusketa eta Elsa Scheelen eleberriaren irakurketa dramatizatuaren bitartez.
Txillardegi euskara batuaren aita izan da eta horrela aitortzen dute zenbait euskaltzainek, Ibon Sarasolak edo Jean-Louis Davantek kasu, nahiz eta Euskaltzaindiak berak orain arte behar bezalako aitortzarik ez egin. Hamasei urte ibili zen erbestean eta epe hartan 28 tokietan bizi behar izan zuen, Hendaia izanik bere sorlekura itzultzeko azken geltokia. Mediatekak martxoaren 3tik 14ra eskainiko dizuen erakusketari esker, bere bizitza eta obrari buruz gehiago ikasteko aukera izanen duzue.
Bestalde, martxoaren 6an, 18:30ean, Txillardegiren Elsa Scheelen eleberriaren irakurketa dramatizatua proposatzen zaizue. Elsa Scheelen eleberria 1969. urtean eman zuen argitara Hendaian bizi zen Jose Luis Alvarez Enparantza, “Txillardegi” idazleak. Bere hirugarren nobela izan zen. Protagonista, Elsa, euskal literaturaren benetako lehen emakume edo hezur-mamizko lehen emakumetzat hartu izan da. Horregatik irakurraldia Emakume Langilearen Nazioarteko Egunaren giroan egitea egokia da.
Txillardegi Liburutegia Herri Ekimenak Elsa Scheelen nobelaren irakurraldi dramatizatu eta musikatua.prestatu du. Ekitaldian irakurriko diren testuak Dorleta Urretabizkaiak egokitu ditu eta bere zuzendaritzapean arituko dira irakurle lanetan Asier Hernandez, Joseba Urzelai, Klara Badiola eta Fito Rodriguez, Rakel Aldasoro (txeloa) eta Iñigo Peñalba (biolina) musikariek lagundurik.
Sartzea dohainik, toki kopuru mugatua.