2021eko abenduaren 16an, ostegunean, 18:30ean egin herri kontseiluaren bilduma

 

KE.RS – 522.2021

Bi mila eta hogeitabatgarren urtean, abenduaren hamaseigarrenean, ostegunarekin, bildu da, 18:30ean, Herri Biltzarra, Kotte Ecenarro auzapezaren lehendakaritzapean.

BERTARATUAK: ECENARRO j. (auzapeza), – KEHRIG COTTENÇON and., TRANCHE j., BUTORI and., IRAZUSTA j., COTINAT and., ARRUABARRENA J., LEGARDINIER and., GRABIÈRES j., MOUNIOS ADURRIAGA and. (Auzapezordeak) – PELEGRIN ARAMENDY J., CAMACHO SATHICQ and., BERNARD j., MANTEROLA j., TARIOL j., AIZPURU and., NAVARRON and., BEAUFORT and., EIZAGUIRRE j., ROMAN and.,  HARAMBOURE and.,  LABEAU and.,
CEZA and.,  DESTRUHAUT j., HIRIBARREN and.,  POUYFAUCON j., BALANZATEGUI j., ESTOMBA and. eta SALLABERRY j.

AHALORDEAK: MARTIARENA GARAT jaunak COTINAT andreari, ARZELUS ARAMENDI jaunak NAVARRON andreari, JEHAN jaunak EIZAGUIRRE jaunari, BARRERO andreak HIRIBARREN andreari,

BILKURA IDAZKARIA: Céline COTINAT and.,

Deialdiaren eguna: 2021eko abenduaren 08a

Biltzarraren quoruma bete dela baieztatu ondoren, auzapez jaunak hasiera eman dio bilkurari.

I – 2021EKO AZAROAREN 15EKO HERRI KONTSEILUAREN BILKURAREN AKTA ONARTZEA:

Auzapez jaunak, 2021eko azaroaren 15eko bilkuraren bilduma COTINAT andreari, bilkura idazkari den bezainbatean, irakur dezan galdegin dio.

Dokumentua biltzarrak onar dezan eman da bozketara.

AHO BATEZ ONETSIA –

II – DELIBERAMENDUAK

Gero, gai zerrendari ekin diote:

TXOSTENGILEA: Kotte ECENARRO j.

178.2021 – HERRI KONTSEILUAK EMAN ORDEZKARITZAZ AUZAPEZAK HARTU ERABAKIAK

AUZAPEZ JAUNAK: zuek galderarik ez baduzue, nik ez dut batere ikusten; auzapezaren erabakien zerrenda eman zaizue eta jakinaren gainean zaretela uste dut; eskertzen dizuet.

HERRI KONTSEILUA JAKINAREN GAINEAN DA. EZ DA BOZKATZEN.

179.2021 – 3. ALDATZE ERABAKIA

Hastapeneko aurrekontua 2021eko martxoaren 31n onartu zen. Aurrekontu nagusiari zenbait aldaketa egin behar zaio.

Aldatze erabaki horrek honako hauek aurreikusten ditu, besteak beste:

  • Ordu-markagailuen dirua SEMSLIH delakoari eta atseden portuaren eta arrantza portuaren aurrekontu erantsiei ematea,
  • Turismo Bulegoari egonaldi zerga ematea,
  • Azaroko herri kontseiluan sorturiko 2 programa baimen/ordainketarako kredituak (APCP) aurrekontuan sartzea,
  • GEUZari diru laguntza osagarria ematea.

AHO BATEZ ONETSIA –

180.2021 – 2022. URTEKO AURREKONTUA BOZKATU AITZINEKO INBERTSIO GASTUEN ENGAIATU, KITATU ETA AGINTZEKO BAIMENA AUZAPEZARI

Lurralde Kolektibitateen Kode Nagusiaren L1612-1 artikuluak honela dio: «lurralde kolektibitatearen gobernuak engaia, litzake, ordaindu eta agindu, organo erabakitzaileak horretarako baimena emanez gero, inbestimendu gastuak, aitzineko urtealdiaren aurrekontuan ireki kredituen laurdenaren mugan; horretan ez dira sartzen zorra itzultzeko kredituak. Goiko paragrafoak dioen baimen horretan zehazten dira kreditu horien kopurua eta kredituen xedea.»

Herri Kontseiluari proposatu zaio baimen hori eman dezala, aurrekontu nagusirako, arrantza portuaren aurrekonturako eta atseden portuaren aurrekonturako biltzarrean aurkeztu diren tauletan ageri diren kopuru eta xedeetarako.

AHO BATEZ ONETSIA –

181.2021 – GEUZAREN ALDEKO DIRULAGUNTZA

GEUZaren aurrekontua Herriak bozkatu duena ez den Herriaren beste dirulaguntza batetik abiatuz ezarri da (157 919 €ko aldea).

Horrek diru sartzeak 101 024 €tan apaltzea dakar.

Herri Kontseiluari 231 859 €ko dirulaguntza hori eman dakion proposatu zaio.

AHO BATEZ ONETSIA –

TXOSTENGILEA: Jean-Michel ARRUABARRENA j.

182.2021 – LAKET PORTUAREN ETA ARRANTZA PORTUAREN EREMUAN DAUDEN ORDU-MARKAGAILUETIKO DIRUA EMATEA

Herri Kontseiluari honako hau proposatu zaio:

  • Laket portuaren eremuan dauden ordu-markagailuen diru sartzeak diren 89 465,70 € ZG ematea,
  • Arrantza portuaren eremuan dauden ordu-markagailuen diru sartzeak diren 44 281,60 € ZG ematea,
  • Laket portuarentzat 4586,84 € ZG eta arrantza portuarentzat 2293,42 € ZG kopuruetako titulu bana ematea ordu-markagailuen funtzionamendu gastuen ordaintzeko.

AHO BATEZ ONETSIA –

183.2021 – SLIH DELAKOAREN EREMUAN DAGOEN ORDU-MARKAGAILUTIKO DIRUA EMATEA

Herri Kontseiluari honako hau proposatu zaio:

  • SLIH delakoari haren eremuan dagoen ordu-markagailuaren diru sartzeak diren 37 958,50 € ematea,
  • Ordu-markagailu horren funtzionamendu gastuak zehazturik izanen direnean, haien titulua egitea.

AHO BATEZ ONETSIA –

TXOSTENGILEA: Richard IRAZUSTA j.

184.2021 – LANPOSTU IRAUNKORREN 9. ZERRENDA

Lehen puntua urtarrilaren lehenetik goiti Giza Baliabideen Zuendaritzan arduradun nagusi lanpostua sortzeari dagokio. Lanpostu hori betetzen zuenak eskuratu duenez nahi zuen zerbitzu aldaketa, haren ordezkatzea iraunkortu behar da dagokion lanpostua sortuz.

Kultura zerbitzuan, lanaldia emendatu behar da, zerbitzuaren berrantolaketari loturiko doiketengatik.

Deliberamendu honen bigarren puntua adar desberdinetan izan diren 33 lanpostu hesteari da loturik; zehazt dezadan administrazio hutsezko hesteak direla; dosierren administrazio kudeaketan bakarrik egiten da hori eta ez egiazko lanpostuak kenduz.

Herri Kontseiluari aurkeztu zaion lanpostuen zerrendaren aldaketa onar dezan proposatu zaio.

AHO BATEZ ONETSIA –

185.2021 – ZERBITZU INDARTZEA – ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA ARAUBIDEAREN ZUZENDARITZA

Deliberamendu hau Jabari Publikoaren Kontrolatzaile baten aldi baterako lanpostua sortzeko da.

Lanpostu hori 2022. urterako kontratatuko den langile batek beteko du eta kontratazio horren bidez ditugun beharrak balioztatzeko aukera eta zereginetan egin beharreko doiketak ezagutzeko aukera ukan genitzake.

Antolamolde berri horrek aparkatze zerbitzuaren jardunak biltzeko aukera emanen digu.

Herri Kontseiluari proposatu zaio lan kontratua sinatzeko baimena eman diezaiola auzapez jaunari.

AHO BATEZ ONETSIA –

TXOSTENGILEA: Frédéric TRANCHE j.

186.2021 – SALTEGIEN IGANDEETAKO ZABALTZEAK 2022AN

Urte hondar orotan ukan ohi dugun deliberamendua dugu honako hau. LIDL saltegiaren eskaria jaso dugu igandeetako zabaltzeetarako.

Hartara, Herri Kontseiluari honako hau proposatu zaio:

  • Aurkako iritzia ematea LIDL saltegiak aurkeztu duen 2022ko igandeetako zabaltze aldien proiektuari, 13:00 orenetako ordutegitik haratago, 3 zabaltzetarako honako data hauetan: 2022ko urtarrilaren 02an eta 2022ko abenduaren 11 eta 18an,
  • Aurkako iritzia ematea janarietakoak ez diren txikikako saltegi ororen beste zeinahi eskariri,
  • Auzapez jaunari baimena ematea horri loturik etor litekeen zeinahi dokumentu sina dezan.

AHO BATEZ ONETSIA –

187.2021 – EREMU PUBLIKOA MERKATARITZARAKO ERABILTZEAGATIKO ZERGA – 2022TIK GOITI APLIKA LITEZKEEN TARIFAK

Araudiak eskatzen duen bezala, Hendaiako Herriak jabari publikoa erabiltzeagatiko zergak aplikatzen dizkie merkataritza jardunei.

Taularen datu guztiak ez dizkizuet emanen; salbuespen bat edo beste izan ezik, oro har, 2021eko tarifen berdinak dira. Gure zerbitzuek seinalatu duten puntu garrantzitsuenetako bat Food-Truck direlakoentzat eta saltegi ibiltarientzat tarifa berria ezartzea da, duten aldi baterako erabiltze baimenaren denboraz haratago joan nahi dutenean.

Deliberamenduak aldaketa hau dakar, hilean 150 € ezarriz.

Herri Kontseiluari tarifa horiek guztiak onar ditzan proposatu zaio.

AHO BATEZ ONETSIA –

188.2021 – BAITEZPADAKO AITZINETIKO ADMINISTRAZIO HELEGITEEN BIDERATZEA – BAAH-RAPO – 2021 URTEKO USTIAPEN TXOSTENA AURKEZTEA

Karriketako ordainpeko aparkatzea zigor kodetik ateratzeak eskumen berriak eman dizkio kolektibitateei eta aparkatzeen politika osoaren kudeaketa egiteko aukera eman die.

Halatan, bada, erabiltzaileak ez du, jadanik, aparkatzeko eskubidea ordaintzen, ezbada jabari publikoa erabiltzeagatiko zerga bat. Zerga hori ordaindu ezean, edo gutxiegi ordainduz gero, erabiltzaileak ez du, jadanik arau hausterik egiten, baina aparkatze ondorengo diru kopuru finko bat (FPS) ordaindu behar du.

MAPTAM legeak aurreikusten du lehen mailako helegitea -Baitezpadako Aitzinetiko Administrazio Helegite, BAAH edo RAPO deitua- balia lezakeela erabiltzaileak Hendaiako Herriko Etxearen aitzinean, ezarri zaion FPS horrekin ados ez balitz, FPS horren ordaintzeko jakinarazpena eman zaion egunetik hilabeteko epean, betiere betebehar zenbait betez gero.

2021. urterako, ezarri diren 13.646 FPS horietatik, 129ri egin zaie BAAH-RAPO helegite hori. Urtean zehar egin diren aurkako adierazpen horien bideratzearen jarraipen txosten xehea azaldu da biltzarrean.

Herri Kontseiluari, Baitezpadako Aitzinetiko Administrazio Helegiteei buruzko 2021. urteko bilana onar dezan proposatu zaio, beraz.

AHO BATEZ ONETSIA –

TXOSTENGILEA: Nicole BUTORI and.

189.2021 – ESKOLALDI INGURUKO HARRERAK ETA LUDOTEKAK – TARIFAK 2022KO URTARRILAREN LEHENETIK GOITI

Tarifa horiek familia kozientearen arabera finkatzen dira.

Aurten, familia kozientearen goragoko tarteentzat tarifak %2a emendatzeko hautua egin dugu, eta tarte apalenentzat, berriz, tarifak bere horretan uztea.

Gogora ezazue tarifak ordu erdika direla aurreikusiak. Prezio finkoak ezar litezke haur batentzat 18. ordu erditik goiti, 2 haurrentzat 12. ordu erditik goiti, eta 3 haurrentzat, 10. ordu erditik goiti, betiere kalkulatzeko printzipio beretik.

Herri Kontseiluari, tarifak goian aipatu bezala ezar ditzan proposatu zaio.

AHO BATEZ ONETSIA –

190.2021 – OSTATATZE GABEKO AISIALDI HARRERAK – TARIFAK 2022KO URTARRILAREN LEHENETIK GOITI

Kalkulurako printzipioa eskolaldi inguruko harreretarako erabili den berbera da. Ez da aldaketarik tarifa apalenerako eta % 2a emendatzen dira gainerako tarifak.

Bi tarifa aurreikusi dira: eguneko tarifa eta asterako tarifa.

Aisialdi harrerara doazen 3 haur edo gehiagoko senitarte baten kasuan, lehen 2 haurrentzako familia kozientearen tarteari dagokion tarifa aplikatzen zaio, eta 3. haurretik gora, tarifa horri % 50 kentzen zaio.

FLKren aisialdirako laguntzaren onuradun den familiak dagokion beherapena ukanen du.

Herri Kontseiluari, ostatatze gabeko aisialdi harreretarako tarifak goian aipatu bezala ezar ditzan proposatu zaio.

AHO BATEZ ONETSIA –

191.2021 – ESKOLETAKO EGUERDIKO ATSEDENALDIA – TARIFAK 2022KO URTARRILAREN LEHENETIK GOITI

Haurrei proposatzen zaien zerbitzuaren -hau da, bazkaria eta bazkaldiko laguntza eta haurtzaindegi harrera ama eskoletakoentzat eta aisialdi harrera lehen mailakoentzat-, zerbitzu horren tarifak finkatzea dugu hemen gaia.

Lehen 4 tarifak ez dira aldatzen.

E tartetik aurrera, tarifa 4,40 €tik 4,50 €tara igotzen da; F tartekoa 4,90 €tik 5,00 €tara, eta G tarterako, hau da,  Hendaian bizi ez diren familentzakoa, 5,10 €takoa izanen da tarifa haurrentzat eta 6,05 € helduentzat.

Herri Kontseiluari, tarifak goian aipatu bezala onar ditzan proposatu zaio.

AHO BATEZ ONETSIA –

TXOSTENGILEA: Chantal KEHRIG COTTENÇON and.

192.2021 – HENDAIAKO HERRIAREN BEROKETAKO, GIRO EGOKITUKO, HAIZEZTAPENEKO, UR BEROKO ETA UR TRATAMENDUKO INSTALAZIOEN MANTENTZE ETA USTIATZE MERKATUA – LANEN MERKATUAREN 4. GEHIGARRIA

Hendaia Herriaren udal eraikinetako beroketako, giro egokituko, haizeztapeneko, ur beroko eta ur tratamenduko instalazioen mantentze eta ustiatze merkatua Inter Energies sozietatearen esku da 2019. urteaz geroztik 5 urtetarako.

GAZTELU ARETOAREN eraikin berria sartu behar dugu orain, 4. gehigarria sinatuz, beroketako, giro egokituko, haizeztapeneko, ur beroko eta ur tratamenduko instalazioen mantentze lanetarako; gehigarriaren diru kopurua 4 675.00 € ZG izanen da (P2 zerbitzua), hau da, 5 610.00 € ZB, eta legionellaren azterketarako diru kopurua 120,00 € ZG, hau da, 144,00 € ZB.

Egungo kontratuaren urteko diru kopurua (berrikuspenik gabe) 24 000.60 € ZG da, hau da, 29 465.62 € ZB (P2 zerbitzua) eta 21 912.00 € ZG, hau da, 26 294.40 € ZB (P1 zerbitzua).

Herri Kontseiluari, kontraturako gehigarria goian aurreikusi bezala onar dezan proposatu zaio, bai eta baimena eman diezaiola auzapezari 4. gehigarri hori sina dezan.

AHO BATEZ ONETSIA –

TXOSTENGILEA: Ganix GRABIÈRES j.

GRABIÈRES jaunak: zuen baimenarekin, «Les Chamis de Mamie» elkartearekiko hitzarmenaren deliberamenduarekin hasi nahiko nuke.

194.2021 – ASKE DABILTZAN KATUEN KUDEATZEKO «LES CHAMIS DE MAMIE» ELKARTEAREKIKO HITZARMENA ONARTZEA

Ongi dakizue zein garrantzitsu den herrian aske dabilzkigun katuen multzoak kudeatzea. Aske dabilen katua gizarte loturaren sortzaile izan liteke, bai; nahi ez diren karraskarien mugatzaile handia da, noski, baina haien kopurua ere kontrolatu behar da, batez ere gernu seinaleen arazoak mugatzeko eta beroaldian diren emeen marrakak eta bereziki zalapartatsu eta herritarrentzat trabagarri -gehienetan gauez ematen baitira- diren aharrak geldiarazteko.

Katuen kopurua kontrolatzeko aterabide eraginkor bakarra haien antzutzea da.

Hitzarmena sinatzen den egunean hasiko da indarrean, 2022ko abenduaren 31 arte. Urterik urte, besterik gabean, luza liteke beste 12 hilabetetarako.

Halatan, bada, aske dabiltzan katuen ardura eta kudeaketa hartzeko Hendaiako Herriko Etxearen eta “LES CHAMIS DE MAMIE” elkartearen arteko hitzarmena onar dezazuen proposatzen zaizue eta auzapez jaunari baimena eman diezaiozuen hitzarmena eta hari loturiko beste zeinahi dokumentu, gehigarri edo agiri sina ditzan.

AHO BATEZ ONETSIA –

193.2021 – KATU HERRATUEN IDENTIFIKATZE ETA ANTZUTZEKO «FONDATION 30 MILLIONS D’AMIS» FUNDAZIOAREKIKO DIRUZTAPEN HITZARMENA ONARTZEA

«Les Chamis de Mamie» elkartearekin egin elkar aditze lanarekin batera, Herriak «Fondation 30 Millions d’Amis» fundazioarengana ere jo du.

Onar dezazuen proposatzen zaizuen fundazio horrekiko hitzarmenak aukera emanen lioke Herriari antzutze eta identifikatze gastuen zati bat ordain dakion; katu bakoitzeko 35 € jasoko lituzke, urtean gehienez 110 katu arteko mugarekin.

Onartzen baduzue, hitzarmena 2022ko urtarrilaren lehenetik 2022ko abenduaren 31 arte lirateke indarrean eta, bi aldeak ados azalduz gero, berritu liteke.

Halatan, bada, Herri Kontseiluari katu herratuen identifikatze eta antzutzeko Hendaia Herriaren eta «Fondation 30 Millions d’Amis» fundazioaren arteko diruzko hitzarmena onar dezan proposatu zaio, bai eta, horren ondorioz, baimena eman diezaiola auzapez jaunari hitzarmena eta hari loturiko zeinahi dokumentu, gehigarri edo agiri sina ditzan.

AHO BATEZ ONETSIA –

195.2021 – SALBUESPENEKO DIRULAGUNTZA CODEP64 DEPARTAMENDUKO BATZORDEARI

CODEP64 batzordeak proposatzen duen azterketa, CNRS erakundeak gainetik gidaturik izanik, interesgarri iruditzen zaigu, honako helburu hauek baititu:

  • kontaketekin jarraitzea Erreten aldean, batez ere oraindik daturik ez dugun azpisektoreetan;
  • alde horren 3D kartografia osatzea;
  • eta datu biologikoak kartografiarekin erkatzea, babespean jarri beharko litzatekeen aldea hobe zehazteko.

Halako egoeran, gure etorkizuneko hautuak eta hautetsi gisa hartzen ditugun erabakiak gidatzeko behar dugun ezagutza aberasten jarraitu behar denaren ustean, Herri Kontseiluari CODEP64 batzordeari 16.535 €ko ezohiko dirulaguntza ematea onar dezan proposatu zaio.

GEHIENGOZ ONETSIA – 6 BOZ AURKA: COTINAT and., LEGARDINIER and.,
MARTIARENA GARAT j., MANTEROLA j., ARZELUS ARAMENDI j. eta NAVARRON and.

196.2021 – LEGARRALDE – ELKARREN ENGAIATZE GUTUNA

LEGARRALDE jabegoa babesteko asmo bete-betean, Hendaiako Herriko Etxeak funtsen gaineko politika boluntarista bati ekin dio argiki kalitatezko laborantza eta baratzezaintza jarduna bertan iraunkorki egin dadin, eta azken adizlagun hori azpimarratu nahi dut, iraunkorki, bai.

Laborariek leku horretan kokatzean, batez ere beren jardunetarako ezinbestekoak iruditzen zaizkien antolamenduen bideratze eta gauzatze epeekin ukan dituzten zailtasunak kontuan hartuz, eta denborarekin aldatzen joan diren haien eskariak ere kontuan hartuz, bai eta, hala berean, kontuan hartuz ere, azkenik, lan zitezkeen aukerak besterik ez zirenak engaiamendu hetsiak bailiran hartu direla, lan hipotesiak besterik ez izanik ere, Lurren Tokiko Erakunde Publikoari eta Herriari baliagarri eta beharrezko iruditu zaie laborariei gutun bat proposatzea, non, alde batetik, laborarien, Lurren Tokiko Erakunde Publikoaren eta Herriaren engaiamenduak zehaztuko baitira, eta, beste aldetik, aurreikusiriko lehen egutegia finkatuko baita.

Herri Kontseiluari proposatu zaio Legarralde jabegoari buruzko elkarren engaiatze gutun hori sinatzeko baimena eman diezaion auzapez jaunari.

Gutuna sinatzaile orori aplikatuko zaiola zehaztu da eta, laborari batek edo batzuek lekua utziz gero, gutunak jarraituko du geratu diren gainerako guztiak engaiatzen.

ADIERAZI BOZ GUZTIEK ONETSIA – 13 ABSTENTZIO: COTINAT and., LEGARDINIER and., MARTIARENA GARAT j., MANTEROLA j., ARZELUS ARAMENDI j., NAVARRON and., DESTRUHAUT j., HIRIBARREN and., POUYFAUCON j., BARRERO and., BALANZATEGUI j., ESTOMBA and. eta SALLABERRY j.

Gai zerrenda bururatua zelarik, auzapez jaunak biltzarrari eskerrak eman eta bilkura amaitutzat eman du 19:50ean.

HENDAIAN, 2021eko abenduaren 17an
Auzapeza,
Euskal Hirigune Elkargoaren lehendakariordea,
Kotte ECENARRO

HERRIKO ETXEAN AFIXATUA: 2021.12.17an