2021eko azaroaren 15ean, astelehenean, 18:30ean egin, herri kontseiluaren bilduma

Erref. KE.IG – 488.2021

Bi mila eta hogeitabatgarren urtean, azaroaren hamabosteko astelehenarekin, bildu da, 18:30ean, Herri Biltzarra, Kotte Ecenarro auzapezaren lehendakaritzapean.

PR BERTARATUAK: ECENARRO j. (auzapeza), – KEHRIG COTTENÇON and., TRANCHE j., BUTORI and., IRAZUSTA j., COTINAT and., LEGARDINIER and., GRABIÈRES j., MOUNIOS ADURRIAGA and. (Auzapezordeak) – ARZELUS ARAMENDI j., NAVARRON and., AIZPURU and., PELEGRIN  ARAMENDY j., BEAUFORT and., BERNARD j., EIZAGUIRRE j., ROMAN and., MANTEROLA j., HARAMBOURE and., MARTIARENA GARAT j., LABEAU and., JEHAN j., CEZA and., DESTRUHAUT j., HIRIBARREN and., POUYFAUCON j., BALANZATEGUI j., ESTOMBA and., SALLABERRY j. (156.2021 zk. deliberamendutik goiti)

AHALORDEAK: ARRUABARRENA jaunak KEHRIG COTTENÇON andreari, CAMACHO SATHICQ andreak CEZA andreari, TARIOL jaunak BERNARD jaunari, BARRERO andreak HIRIBARREN andreari,  SALLABERRY jaunak BALANZATEGUI jaunari (155.2021 zk. deliberamendurako)

BILKURA IDAZKARIA: Céline COTINAT and.

Deialdiaren eguna: 2021eko azaroaren 09a

Biltzarraren quoruma bete dela baieztatu ondoren, auzapez jaunak hasiera eman dio bilkurari.

I – 2021EKO URRIAREN 13KO HERRI KONTSEILUAREN BILKURAREN AKTA ONARTZEA:

Auzapez jaunak, 2021eko urriaren 13ko bilkuraren bilduma COTINAT andreari, bilkura idazkari den bezainbatean, irakur dezan galdegin dio..

ESTOMBA andrea bilkurara lotu da.

AHO BATEZ ONETSIA–

AUZAPEZ JAUNAK EMAN BERRIA

AUZAPEZ JAUNAK: zerbaiten berri eman nahi dizuet gai zerrendari ekin aitzin.

Azaroaren 9an, astearterekin, lan bilkura bat egin dugu suprefetarekin, segurtasun publikoaren departamendu zuzendariarekin eta Baionako dibisio komisarioarekin.

Bilkura hori Estatuaren polizia Hendaian gehiago izan dadin dugun proiektuari loturik zen eta Herriko Etxea eta diruzaintza izaniko lokaletan 2022rako aurreikusi ditugun lan eta antolakuntzak aurkezteko parada gertatu zaigu.

Biltzarkide maiteak, ongi dakizuen bezala, etxe beherean Familia Laguntza Kutxaren (FLK-CAF) eta Eritasun Asurantzarako Lehen mailako Kutxaren (EALK-CPAM) zerbitzuak kokatuko dira.

Lehen solairuan polizia zerbitzuak kokatuko dira eta hor «Udaltzaintza/Nazio polizia» talde mistoak biltzeko gure nahia azaldu diegu berriz ere.

Estatuaren zerbitzuek proiektu horrekin interesaturik direla erran digute eta horren gauzatzeko moldeak zehazteke dira (zenbat polizia ekarriko lituzketen Hendaiara, ordutegia, udaltzaingoaren eta polizia nazionalaren arteko lankidetza mota etab…).

Halako zerbitzu bat egiazki plantan ematea lanak bururatzen diren egunetik, hau da, 2022ko hondarrean, egin beharko litzateke.

Gero, gai zerrendari ekin diote:

II – DELIBERAMENDUAK

TXOSTENGILEA: Kotte ECENARRO, auzapeza

155.2021 – HERRI KONTSEILUAK EMAN ORDEZKARITZAZ AUZAPEZAK HARTU ERABAKIAK

AUZAPEZ JAUNAK: hileroko deliberamendua dugu hau eta ez da ezer berezirik oraingoan.

Herri Kontseilua jakinaren gainean da. Ez da bozkatzen.

156.2021 – “PETITES VILLES DE DEMAIN” (BIHARKO HIRI TXIKIAK) EGITARAUA – DEPARTAMENDUAREKIKO HITZARMENA LURRALDEEN BANKUAREN BITARTEZ AZTERKETAK ELKARREKIN DIRUZTATZEKO

AUZAPEZ JAUNAK: “Petites Villes de Demain” (Biharko hiri txikiak) egitarauaren barnean, Lurraldeen Bankua eta Pirinio Atlantikoen Departamendua partzuergo batez lotu dira sarituak izanen diren lurraldeek beren biziberritze proiekturako eginen dituzten azterketa estrategiko, gaikako eta eragiketa aitzinekoen diruztapenetara heltzea laguntzeko.

Zeinahi eskari baino lehen, kolektibitateak Departamenduarekin sinatu behar du Lurraldeen Bankuaren ingeniaritza sostengatzeko esleipenerako hiru urteko hitzarmena. Hitzarmen horrek finkatzen ditu Departamendu Kontseiluak bere diruztapen partea emateko dauden bide praktikoak eta finantzazkoak.

Gaur, baimena eman diezadazuen proposatzen dizuet Departamenduarekin «Biharko Hiri Txikien» egitaraurako Lurraldeen Bankuak duen ingenieria sostengatzeko esleipenerako hirurteko hitzarmena sina dezadan, bai eta hari lotu dokumentu oro ere.

SALLABERRY jauna biltzarrera lotu da.

AHO BATEZ ONETSIA–

157.2021 – LAKET PORTUA – TARIFAK ETA ERABILTZE ESKUBIDEAK 2022. URTERAKO

AUZAPEZ JAUNAK: 2022. urterako erabiltze eskubideak eta tarifak onar ditzazuen proposatzen zaizue, betiere jakinik tarifa horiek Portu Batzordeari aurkeztu zaizkiola orain dela aste eskas bat, eta Portu Batzordeak kontuan hartu dituela. Ur gainean diren ontzien tarifen % 1eko igoera dakar horrek. Deliberamendua onartzen ote duzue?

AHO BATEZ ONETSIA–

158.2021 – FUNTSEN GAINEKO ZERGA APALTZEA ELKARTASUNEZKO EGIAZKO ALOKAIRUPEKO BIZITEGIETARAKO ERAIKI JABEGOEI – 122.2021 zk. DELIBERAMENDUA EZEZTATU ETA ORDEZTEN DU

 

AUZAPEZ JAUNAK: erregulazio bat da. Gogoan har ezazue, hauteskide horiek, 2021eko irailaren 8an, Herri Kontseiluak bere iritzia eman zuela egiazko alokairupeko bizitegietarako eraiki jabegoei funtsen gaineko zerga % 30ean apaltzeari buruz eta zehaztu zuen zerga apaltze hori 15 urtez aplikatuko dela.

2021eko urriaren 11ko gutun batez, Baionako suprefet jaunak gogora ekarri zigun apaltze hori elkartasunezko alokairuak dirauen bitarte osoan aplikatu behar dela, salbu horren zalantzan jartzeko testuek ematen dituzten arrazoiak gertatuz gero (salmenta, alokairuaren bertan behera uztea …).

Halatan, bada, deliberamenduak ezin du baliabide horren iraupenik ezarri eta aldatu behar dugu. Honako hau proposatzen zaizue:

  • Funtsen gaineko zerga % 30ean apaltzea, Eraikuntzaren eta Bizilekuen Kodearen L. 255-2 artikulutik L. 255-19 artikulurainokoan zehaztu baldintzetan, bizitegi nagusi izateko ematen diren elkartasunezko egiazko alokairupeko bizitegiei.

AHO BATEZ ONETSIA–

159.2021 – PROGRAMA BAIMENEN BERRIKUSTEA – ORDAINTZE KREDITUAK

AUZAPEZ JAUNAK: programa baimenak inbestimenduak diruztatzeko engaia litezkeen gastuen gehienezko muga dira. Iraupen mugarik gabe dira baliagarri, haien ezeztatu arte. Berrikusi litezke, halere.

Ordainketa kredituak, dagozkien programa baimenen harira hartu diren engaiamenduak estaltzeko, urtean zehar agindu litezkeen gastuen gehienezko muga dira.

Inbestimendu sekzioaren aurrekontuaren oreka kalkulatzeko, ordainketa kredituak soilik hartzen dira kontuan.

Hiru programa baimen dugu bidean.

«Kanetako zaldaina» da horietako bat; 2021eko ekainean aldatu zen eta 2021ean bukatzen da.

«Legarralde etxaldearen berriztapena» eta «Jean Mermoz karrika 10eko eraikinaren birgaitzea» dira besteak; lan horiek heldu diren urteetan ere luzatuko dira. 2021ean programa horien egikaritzea ikusirik, aldatu behar da ordainketa kredituen irekitzea heldu diren urteetara.

Herri Kontseiluak, txostengilearen azalpena entzun eta eztabaidatu ondoren:

  • programa baimenen berrikustea bozkatu du, eranskinean aurkeztu bezala;
  • behar diren ordainketa kredituak 2022ko aurrekontuan aurreikustera engaiatu da.

AHO BATEZ ONETSIA–

160.2021 – 2 PROGRAMA BAIMEN SORTZEA – ORDAINTZE KREDITUAK

AUZAPEZ JAUNAK: bi programa baimen sortu ditugu.

Programa baimenak inbestimenduak diruztatzeko engaia litezkeen gastuen gehienezko muga dira.

Ordainketa kredituak, dagozkien programa baimenen harira hartu diren engaiamenduak estaltzeko, urtean zehar agindu litezkeen gastuen gehienezko muga dira.

Bi programa baimen berri behar dira:

  • Lehenik eta behin, «igerilekua» programa baimena dugu, zeinean baititugu proiektuaren gidaritzaren laguntza baliatzea, lanen obralaritzarako taldea baliatzea eta lanen merkatuak.
  • «Hiri barnea» programa, zeinean hainbat lan sartzen baitira: gizarte harleku bat, herriko etxearen eraikin atxikia; Gazteluren inguruak; mediatekaren eta herriko etxearen energia berriztapenak; Errepublika plazaren berregitea; hainbat bideren berregitea (Portu karrika, Hostailbidea, Passicot komandantearen karrika), bai eta Kanetako zabaltegiko eta bistalekuko lanak.

Gaur, herri kontseiluak, txostengilearen azalpena entzun eta horren gainean eztabaidatu ondoren, programa baimenak sortzea bozkatu du, aurkeztu zaion bezala. Eman den dokumentuan akatsño bat zegoen. “Igerilekua” lerroan, orotara, zerga barne, 500 € sobera ageri dira, hau da, 9 485 500 €, eta “Herri Barnerako”, orotara 6 555 000 €. Herria behar diren ordainketa kredituak 2022ko aurrekontuan aurreikustera engaiatu da.

GEHIENGOZ ONETSIA –

7 boz AURKA: DESTRUHAUT j., HIRIBARREN and., POUYFAUCON j., BALANZATEGUI j., ESTOMBA and., SALLABERRY j., BARRERO and.

TXOSTENGILEA: Richard IRAZUSTA j.

161.2021 – LANPOSTU IRAUNKORREN 8. TAULA

IRAZUSTA JAUNAK: deliberamendu hau heldu den urtarrilaren leheneko barne sustapenerako langileak izendatzeko da.

Egin ohi dugun bezala, langile kopuruen taula eguneratu behar dugu izendatze horiek kontuan hartuz, bai eta oraindik eguneratu gabe genituen beste aldaketak ere kontuan hartuz.

Halatan, bada, eskoletako bi langile espezialdu lanpostu hesten ditugu, postu berririk sortu gabe, zeren langile horiek hartzen dituzten teknikari arduradun lanpostu horiek ez baitziren hetsi lanpostu horiek zituzten langileek erretreta hartu edo lanpostua aldatu zutenean.

Lanpostuen administrazio kudeaketan gara honekin; ez dugu lanposturik sortzen, ez eta kentzen, noski.

Deliberamendu hau langileen taularen eguneratze bat da, barne sustapenaz egiten diren 4 izendapenekin.

Sorturiko lanpostuei dagozkien gizarte kargetarako eta lansarietarako behar diren kredituak urtealdiaren aurrekontuan sartuko ditugu.

AHO BATEZ ONETSIA–

162.2021 – BIZTANLERIAREN ERROLDA – ERROLDATZAILE LANPOSTUAK SORTZEA – 2022. URTEA

IRAZUSTA JAUNAK: deliberamendu hau urterokoa dugu, Hendaiako Herriko Etxeak antolatu behar duen zatikako erroldaren karietara.

2021ean bozkatu genuen, baina errolda ez zen egin, eta 2022koa osasun arriskuak kontuan hartuz egin beharko da.

Hartara, kontratupeko 6 langile lanpostu sor ditzagun proposatzen zaizue urtarril-otsailerako, zatikako errolda horrek horien beharra baitu.

AHO BATEZ ONETSIA–

163.2021 – EUSKAL HIRIGUNE ELKARGOAREN BIZILEKUAREN HOBETZEKO OROREN INTERESEKO PROGRAMA (OIP-PIG) HEDATZEA – PARTZUERGO HITZARMENA – 1. GEHIGARRIA

IRAZUSTA JAUNAK: 2018ko irailaren 29an eman zen abian Ororen Onerako Programa (OOP-PIG) Euskal Hirigune Elkargoaren eremuan dauden (Baionako Hiriaren Hiri Berrikuntza, Bizilekuen Hobekuntza Eragiketa Programatuaren eremuan direnak izan ezik) bizilekuen jabeei, hala beren bizitegitzat dutenei nola alokatzen dutenei, bizileku horiek hobetzeko laguntza emateko baliabide bat da.

Bizitegi zaharren hobetzeko beharrezko diren baldintzak sortzeko aukera ematen du, bereziki honako hauek egiteko aukera:

  • Duintasun gabeko eta oso hondaturik diren bizilekuen egoerak lantzea;
  • Adineko eta ahalmen urritasunen bat duten pertsonen autonomia faboratzea;
  • bizilekuen energia berriztapena laguntzea;
  • alokairuzko gizarte laguntzazko eskaintza hitzartua eta gizarte laguntza handikoen eskaintza garatzea.

Bizitegi zaharren gaineko Euskal Elkargoaren politikaren baliabide orokor horrek honako partzuer hauen eskuhartzea dakar: Bizilekuen Nazio Agentzia (BNA-Anah), 64 Departamendu Kontseilua, Pirinio Atlantikoetako FLK-CAF, PROCIVIS Aquitaine Sud eta Abbé Pierre Fundazioa eta Elkargoko zenbait herri.

Programa horrek hiru urte bete dituelarik, orain artean, milatik gora proiektu laguntzeko aukera eman du. Oro har, gainditu dira hastapeneko helburuak.

Gogoan har dezagun hitzarmen honen gaia beren nahiz baliabide hori diruztatzen lagundu nahi duten herriekiko partzuergoa formalizatzea dela, bizileku pribatuen jabeentzako diruztapen publikoen eragina ahal bezain azkarra izan dadin eta tokiko lehentasunak kontuan hartuz.

Baliabide horrek ukan duen arrakasta kontuan hartu eta Euskal Hirigune Elkargoak, 2022ko uztailaren 24ko elkargo kontseiluaren deliberamendu batez, baliabidea 2 urtez luzatzea erabaki du. Halatan, bada, gehigarri honen helburua Euskal Hirgune Elakrgoaren eta herrien arteko partzuergoa 2023ko irailaren 27 arte luzatzea da.

Herriak honako gai hauetan laguntzen ditu etxejabeak:

  • adinekoak edo ahalmen urritasunen bat dutenak etxean atxikitzen, Bizilekuen Nazio Agentziak diruz laguntzen duen gastuaren % 2,5ean,
  • duintasun gabeko bizilekuen aurkako borrokan, Bizilekuen Nazio Agentziak diruz laguntzen duen gastuaren % 2,5ean,
  • bizilekuen energia berriztapenean, Bizilekuen Nazio Agentziak diruz laguntzen duen gastuaren % 2,5ean,
  • gizarte laguntzako eskaintza hitzartuaren eta laguntza handikoen eskaintzaren garapenean, baita % 2,5ean.

Zertxobait aipatu nahi nuke deliberamendu honen gainean.

Ororen Onerako Programa honekin, Euskal Kostaldean urte osorako bizilekuen gaian dugun egoeraren larritasunari eta urgentziari aitzin egiteko behar litzatekeenaren zatiño txiki bat besterik ez dugu ukitzen.

Beste tresnen arteko bat besterik ez da, eta jadanik badauden bizilekuen gaineko eskuhartzeetarako da.

Izan ere, jadanik badauden bizilekuetan lehenbailehen aritu behar da duintasun gabeko edo desegokia diren bizilekuen gainean.

Andeaturiko jabekidetzetan ere lehenbailehen beharko litzateke aritu.

Eta lehen baino ere lehenago behar da hutsik dauden bizilekuen gainean aritu.

Baina une batez begiratuz gero, hemen, Hendaian, hutsik dauden bizilekuen gainean bidean dugun lanari so eginez gero – horretaz Laurence Beaufort edo Laurent Tariol mintza litezke ni baino hobe-, berehala ikusiko dugu kopuruen gibelean elkarren oso bestelakoak diren egoerak ezkutatzen direla. Egiazki hutsik diren bizitegiak, zeinak urte osorako alokairupera ekartzeko botere publikoak eskuhar bailezakeen, bizitegi horiek oso gutxi dira eta, maiz, prozedura korapilatsuetan dira murgildurik.

Halarik ere, lan hori egin behar da eta jadanik bidean dugu.

Jadanik badauden bizitegien gainean aritzea eskuhartzeko lehen ardatza dugu; bigarren ardatza gizarte laguntzako bizitegiak eraikitzea da.

Baina tresna hori ere ez da mirarizko tresna.

Lehenik, lagunduriko bizitegiak ezin direlako izan lurralde batean urte osoko alokairuan eskaintzen den alokairu mota bakarra. Alokairu lagunduak ez ditu inoiz behar guztiak asetuko.

Ez da mirarizko bidea hori, eraikuntza gutxi dagoelako, lur funtsak eskasak direlako eta trabak anitz.

Baina hor ere, zerbait egin behar da eta horretan ari gara.

Hainbat proiektu dira bidean eta bizitegi lagunduen maila emendatu dugu Herrian eta THParen aldaketa, horretaz jadanik mintzatuak gara, bidean da bide horretatik jarraitzeko.

Baina jadanik badauden bizitegien gaineko eta bizitegi lagunduen eraikitzeko eskuhartzeez gain, bada euskal kostaldean bizitegien egoera aldatzeko ezinbestean erabili behar den beste tresna bat, hain zuzen ere, legea.

Alokairuen kontrolatzea, lehentasunez erosteko aukerak areagotzea, alokairuen gehienezko prezioa ezartzea, alokatzeko inbestituz gero, zergakentze arauak aldatzea, sasoiko alokairuentzako zergak emendatzea, urte osorako alokairuen gaineko zergak apaltzea…

Horra mahai gainean ditugun gidalerro batzuk; laster ikusiko dugu nola ikusiak diren Vincent BRU, bozka-eremu honetako diputatuak aurkeztu asmo dituen zuzenketak.

Legea gure udal biltzarraren eskumenetatik at da eta funtsezko tresna da beti.

Azkenik, bada gure herri kontseiluaren mugetatik at den baina guztioi dagokigun beste tresna bat. Herritarren mobilizazioa dugu tresna hori, ALDA elkarteari erakutsi diezaiokegun sostengua, adibidez, egun Biarritzen, aldi laburretarako alokairuen jarraipenean diren hutsak seinalatzen dituenean.

Herritarren mobilizazioa, gure lurraldeko eragile guztiak bil eta urte osorako alokairuaren gainean diren tirabirak salatzeko.

Herritarren mobilizazioa, datorren larunbatean, 15 orenetan, Baionan, manifestatzeko eskaintzen zaigun aukera da ere. Anitz bilduko ahal gara!

Baina gatoz berriz ere deliberamendura. Azken 3 urteotan, 41 dosier aurkeztu dira Hendaian. 33 hautatu ditugu, 22 bizitegi zaharkitu edo ahalmen urritasunari loturikoak egokitzeko, 10 energia hobetzeko lanetarako, eta 1 duintasun gabeko bizileku batetan lan handiak egiteko; orotara, lanen diru kopurua 528 100 €koa da. Hendaiako Herriaren zatia 9508 €koa izan da.

AHO BATEZ ONETSIA–

TXOSTENGILEA: Xabier MANTEROLA j.

164.2021 – INDARKERIA SEXISTEN, SEXUZKOEN ETA SENIDE ARTEKOEN AURKAKO BORROKAREN TOKIKO KOORDINAZIORAKO ETA MOBILIZAZIORAKO KONTRATUA

2009 urtetik, lotura eginez bertako partaideekin, indarkeria sexisten, sexuzkoen eta senide artekoen kontra informatzeko eta borrokatzeko « Contrat Local de Sécurité, de Prévention de la Délinquance (CLSPD) » plantan eman zuen Hendaiako herriak.

Nahiz eta urrats handiak jadanik eramanak izan diren, hala nola profesionalen, gazteen eta publiko zabalaren sentsibilizaziorako, indarkeria sexisten, sexuzkoen eta senide artekoen kontrako borrokak eguneroko kezka izaten segitzen du, Hendaiako herriak herritarren zerbitzurako eramaten duen politikan.

Pireneo Atlantikoko Prefeturak proposaturik, Hendaiako herriak indarkeria sexisten, sexuzkoen eta senide artekoen kontra eramaten duen lana ofizializatu nahi du, hitzarmen bat izenpetuz.

Prefetak, Auzapezak, Prokuradoreak, Departamenduko Kontseiluko Lehendakariak, Bordeleko Akademiako Errektoreak, Baionako Ospitaleak eta bertako elkarteek izenpetuko dute kontratu hau (Atherbea, ACJPB, Bagera/Nous Sommes, CIDFF 64).

Kontratu honi esker, partaidetza bat martxan emanez, erantzun konkretuak ekartzea eta eraginkortasun handiago bat lortzea da xedea. Helburuak hauek dira :

  • Ahal bezain goiz begiztatzea biktima potentzialak
  • Biktimen laguntza prozesua hobetzea
  • Jadanik hor dauden dispositiboak koordinatzea
  • Prebentzioa egitea eta indarkeri egoerak orokortasunean tratatzea

Deliberatu ondoren, Herriko Kontseiluak :

  • Indarkeria sexisten, sexuzkoen eta senide artekoen aurkako borrokaren tokiko koordinaziorako eta mobilizaziorako kontratua plantan ematea onartzen du
  • Kontratua eta batera etorriko diren parteak izenpetzeko boterea ematen dio Auzapez jaunari.

Kontratua datorren astelehenean, azaroaren 22an izenpetu beharko litzatekeela gehituko dut.

AHO BATEZ ONARTUA –

TXOSTENGILEA: Frédéric TRANCHE j.

165.2021 – AUTOEN GORDETEGIA USTIATU ETA KUDEATZEKO ZERBITZU PUBLIKOAREN ESKUORDETZEA – TITULARRAREN HAUTAKETA, KONTRATUAREN ONARTZEA, HITZARMENA SINATZEKO BAIMENA

TRANCHE JAUNAK: lehiarako deialdi publiko bat egin eta 2021eko uztailaren 23an argitaratu da.

Zerbitzu Publikoa Eskuordetzeko Batzordeak, 2021eko irailaren 15ean, 15:00 orenetan bildu eta, hautagaiak aurkeztu dituen berme profesional, finantzazko eta teknikoak aztertu ondoren, bai eta zerbitzu publikoaren jarraipena egiteko eta erabiltzaileak zerbitzu publikoaren aitzinean berdintasunez izanen direla bermatzeko gai dela ikusi ondoren, aldeko iritzia eman du eta MENDES CROSA sozietatearen eskaintza atxikitzea proposatu du, egiteko hori betetzeko gaitasun eta berme guztiak aurkeztu baititu.

Hartara, herri kontseiluari honako hauek proposatu zaizkio:

Onar dezala honako hautagai honen hautua, autoen gordetegi zerbitzu publikoaren ustiapena egiteko: SARL MENDES CROSA
Onar dezala Herriaren eta MENDES CROSA sozietatearen artean sinatu beharreko zerbitzu publikoaren eskuordetze hitzarmena, 2022ko urtarrilaren lehenetik 5 urteko eperako,
Auzapez jaunari baimena eman diezaiola hitzarmen hori sina dezan, bai eta hari loturiko dokumentu, agiri edo gehigarri oro.

AHO BATEZ ONETSIA–

166.2021 – TURISMO TREN TXIKIA – KUDEATZE MODUAREN HAUTATZEA – ZERBITZU PUBLIKOAREN ESKUORDETZE PRINTZIPIOA ONARTZEA

TRANCHE JAUNAK gogora ekarri du zerbitzu publikoaren eskuordetze prozedura bati ekin ziola Herriak 2017an, eta horrek hitzarmen bat sinatzera eraman gintuela. Hitzarmen hura, lau urtekoa izan eta 2021eko abenduaren 31n iraungiko da.

Hartara, herri kontseiluari honako hauek proposatu zaizkio:

  • Kontuan har dezala auzapezak aurkeztu duen aitzinetiko txostena, honi atxikirik doana,
  • Onar dezala kudeaketa molde eskuordetuaren hautua eta, hartara, zerbitzu publikoaren eskuordetze printzipioa turismo trentxoaten zerbitzu publikoaren kudeatu eta ustiatzeko; horrek lehiaketa prozedura bat dakar zerbitzu publikoaren eskuordetze hitzarmen bat sinatzeko,
  • Eskuordetza ukanen duenak bete beharko dituen zerbitzuen ezaugarriak onartzea, goian aipatu aitzineko txostenean zehaztu bezala,
  • Auzapez jaunari baimena ematea eskuordetza nori eman hautatzeko zerbitzu publikoaren eskuordetze prozedurari ekin  diezaion eta bidera dezan, bai eta horri loturiko dokumentu oro sina dezan.

AHO BATEZ ONETSIA–

167.2021 – KANPOKO PUBLIZITATEAREN GAINEKO TOKIKO ZERGAREN KUDEAKETA – LAGUNTZA ETA JARRAIPEN HITZARMENA

TRANCHE JAUNAK: Kanpoko publizitatearen gaineko tokiko zergaren kudeaketa herrien kargura da eta Lurralde Kolektibitateen Kode nagusiak arautzen du.

2019. urteaz geroztik, Hendaiako Herriak REFPAC-GPAC sozietateari eskuordetu dio kanpoko publizitatearen gaineko tokiko zergaren kudeaketa. Orain arte, sozietate hori eskumen horren administratzaile besterik ez zen, laguntza eta jarraipen hitzarmen baten bidez. Hitzarmen hori iraungitzera doanez, udalak eskumen hori bere gainean hartzeko asmoa adierazi du. Herriari dagokio, beraz, kanpoko publizitatearen tokiko zergaren kudeaketa berriz ere bere gain hartzea.

Kanpoko publizitatearen gaineko tokiko zergaren kudeaketarako eranskinean datorren laguntza eta jarraipen hitzarmen berria behar da egin REFPAC-GPAC sozietatearekin, trantsizioa ongi bideratzeko, honako egiteko hauek betez:

  • Kudeaketa programa bat eskura ematea, eguneraturiko datu base batekin,
  • Aterabide mugigarri baten hornikuntza,
  • Formakuntza bat,
  • Lehen mailako laguntza juridikoa.

Hartara, herri kontseiluari honako hauek proposatu zaizkio:

  • Onar dezala eranskinean doan Kanpoko Publizitatearen gaineko Tokiko Zergaren kudeaketarako laguntza eta jarraipen hitzarmena REFPAC-GPAC sozietatearekin,
  • Baimena eman diezaiola auzapez jaunari hitzarmen hori sina dezan REFPAC-GPAC sozietatearekin.

AHO BATEZ ONETSIA-

TXOSTENGILEA: Nicole BUTORI and.

168.2021 – HAURTZARO/GAZTERIA 2018-2021 KONTRATUA – 3. GEHIGARRIA

BUTORI ANDREAK:  2018an, gure Herriak «Haurtzaro Gazteria» kontratu bat sinatu zuen Familia Laguntza Kutxarekin. Kontratu hori 2021eko abenduaren 31n iraungiko da.

Biriatuko Herriak, bere aldetik, helburu kontratu berdina sinatu du FLKrekin, baina urtebete lehenago iraungitzen den aldi baterako.

Familia Laguntza Kutxak gure Haurtzaro Gazteria Kontratuari gehigarri bat sina diezaiogun proposatu digu, Hendaiako kontratuari Biriatu “lotzeko”.

Izan ere, 2022an, FLK Lurralde Hitzarmen Orokorraren kontratu eremu berria lantzen ari da, bi herrien proiektu bakarra formalizatzeko aukera emateko.

Erabaki horrek ez du diruzko eraginik herriarentzat. Gehigarri horren hiru sinatzaileak ECENARRO Hendaiako auzapez jauna, DEMARCQ-EGUIGUREN Biriatuko auzapez andrea, eta ROTETA jauna, FLKren ordezkaria dira.

Honako hau proposatzen dizuet:

  • Onar dezazuela Haurtzaro Gazteria Kontratuaren 3, gehigarri hau, zeinean modulu berezian sartzen baita Biriatuko Haurtzaro Gazteria Kontratua.

AHO BATEZ ONETSIA-

169.2021 – HITZARMENA FAMILIA LAGUNTZA KUTXAREKIN

BUTORI ANDREAK: Bi urtez behin, Herriak Familia Laguntza Kutxarekin hitzartzen du, Helburu eta Diruztapen Helburuen Hitzarmenen bidez «Aisialdi Harrera Zerbitzua». Hitzarmen horiek eskolaldi inguruko eta eskolaz kanpoko aldietarako dira.

Dokumentu horiek zehazten dituzte herria zein helburutara engaiatzen den haur eta gazteen aisialdiaren karietara, aisialdi egituretan.

Honako asmo hauek ditu hitzarmenak:

  • Harrera eskaintza garatzea, gizarte mailen arteko eta lurraldeen arteko desberdinkerien aurka borrokatuz,
  • Hiru eta hamaika urte arteko haurren heziketa ibilbidea laguntzea,
  • Hamabi eta hogeita bost urte arteko gazteeak autonomia ibilbidean laguntzea,
  • Gurasoen egitekoari balioa ematea eta haurrekin ukan ditzaketen zailtasunei aitzina hartzen laguntzea,
  • Familien gizarte laguntzan parte hartzea eta gizarte bizitzaren animazioa garatzea.

Familia Laguntza Kutxarekin sinaturiko hitzarmen horiek 2021eko abenduaren 31n iraungiko dira. Beste bi urtetarako luzatu beharko genituzke, hau da, 2022ko urtarrilaren lehenetik 2023ko abenduaren 31 arte.

Honako hau proposatzen dizuet:

  • Helburu eta diruztapen hitzarmen horiek sina ditzagun baimendu dezazuen,
  • Auzapez jaunari baimena eman diezaiozuen horiei loturiko zeinahi dokumentu sina ditzan.

AHO BATEZ ONETSIA-

170.2021 – HITZARMENA RECYCL’ARTE ELKARTEAREKIN – GEHIGARRIA

BUTORI ANDREAK: 2021eko maiatzaren 26ko deliberamendu batez, Herriak hendaiar gazteak mugitzeko molde eztiei buruz ohartarazi eta Hezkuntza Ministerioaren «txirrindaz ibiltzen jakitea» programa gauzatzen lagundu nahi izan zuen. Horretarako, partzuergo bat lotu zen Recycl’Arte elkartearekin.

Ikastetxeei proposaturiko urraspideak honako fase hauek ditu:

  • Haur bakoitzari bere txirrinda kontrolatzeko aukera emanen dion lantegi bat
  • Bigarren lantegi batek txirrindaz ibiltzearen oinarrizkoak ezagutzeko aukera emanen die haurrei: oreka, propultsioa, balaztatzea, ibilbidea,
  • Ibilbide bat osatzeko alegia egitea
  • azkenik, taldea horretarako prest denean, egiazko egoera batean errepidean aritzea.

Lantegi horien guztien helburuak pedalatzen jakitea, zirkulatzen jakitea eta txirrindaz ibiltzen jakitea dira.

OGEC SAINT-VINCENT ikastetxeak urraspide horrekin interesaturik dela jakinarazi digu. Halatan, bada, Recycl’arte elkartearekin sinatu dugun hitzarmenera gehigarri bat sinatuz lot dezagun proposatzen zaizue.

Herria lantegi horiek diruztatzera engaiatzen da, 2021-2022 ikasturterako ikastetxe bakoitzarengatik 800,00 € emanez.

Honako hau proposatzen dizuet:

  • Recycl’arte elkartearekiko helburu hitzarmenerako gehigarri bat sinatzeko baimena eman dezazuen,
  • Auzapez jaunari baimena eman diezaiozuen horri loturiko zeinahi dokumentu sina dezan.

AUZAPEZ JAUNAK: horra Hendaiako Herriak gidaturiko beste ekintza ederra. Deliberamendua bozka dezazuen eskatzen dizuet.

AHO BATEZ ONETSIA-

TXOSTENGILEA: Michelle MOUNIOS ADURRIAGA and.

171.2021 – 2022ko KULTURA PROIEKTUAK – DIRULAGUNTZA ESKAERAK

MOUNIOS ADURRIAGA andereak: Urtero bezala, hainbat dirulaguntza eskatuko zaie Eskualdeko Kontseiluari, Departamenduko Kontseiluari eta Euskal Elkargoari Kultur Sasoia, Antzerkiaren Maiatza eta Guitaralde festibala diruztatzeko.

Honako hau proposatzen dizuet:

  • 2022. urterako, Eskualdeari 23 000 € eskatzea «Scènes de territoire» eta «Saison sans lieux» delakoen kontura; 12 000 € Antzerkiaren Maiatzerako, eta 5000 € Guitaralde festibalerako,
  • 2022. urterako, Departamenduari 7 000 € eskatzea Antzerkiaren Maiatzerako, eta 5 000 € Guitaralde festibalerako,
  • Euskal Elkargoari, herriarteko tokiko intereseko kultura proiektuen karietara, oraindik zehazteke diren kopuruak eskatzea,
  • Auzapez jaunari kultura proiektu horiei loturiko zeinahi dokumentu sinatzeko baimena ematea.

AHO BATEZ ONARTUA –

172.2021 – “LES VARIÉTÉS” ZINEGELA – PREZIOAK

MOUNIOS ADURRIAGA andereak: proposatzen dizuet Variétés zinegelaren prezioak honen azpian aipatu bezala finkatzea, 2022ko urtarrilaren 1etik goiti :

  • Prezio osoa ostiral, larunbat eta igandetan
    7.00 €
  • Prezio murriztua astelehen, astearte eta asteazkenetan
    5.50 €
  • Harpidedunak 5 saiotako txartela
    25.00 €
  • Harpidedunak 10 saiotako txartela (+ sarrera bat eskainia)
    50.00 €
  • 14 urte peko haurrak (egunero)
    4.00 €
  • Minimo sozialak, ikasleak, langabetuak (egunero, frogagiria aurkeztuz gero)
    5.50 €
  • Oren bat baino gutxiagoko filma (saio publikoa)
    3.00 €
  • Oren bat baino gutxiagoko filma (eskolentzako saioa)
    2.50 €
  • Kolegioa zineman (eskolentzako saioa)
    2.50 €
  • Eskola zineman (eskolentzako saioa)
    2.50 €
  • Ama eskola zineman (eskolentzako saioa)
    2.50 €
  • Taldeak (eskolak, aisialdi zentroak…)
    3.50 €
  • Begilagunen alokatzea
    1.50 €
    Opera/balletak
  • 14 urte pekoentzat
    12.00 €
  • Opera/balletak
    15.00 €
  • Enpresa komiteak
    4.00 €
  • Elkarteak (25 sarreratik gora)
    3.50 €
  • Elkartasunezko prezioa: Onura publikoko elkarte humanitarioak. 25 sarreratik gora
    3.00 €
  • Dohainik: taldeen laguntzaileak, gaualdien hizlariak, AFCAE sarea, Cinevasion
  • Exonération : accompagnants de groupes, intervenants soirées, réseau AFCAE, Cinevasion
    0,00€

AHO BATEZ ONARTUA –

173.2021 – KULTURA: IKUSKIZUNAK / KONTZERTUAK / ERAKUSKETAK / BITARTEKARITZA EKINTZAK – PREZIOAK

MOUNIOS ADURRIAGA andereak: prezio aldaketa Kultura zerbitzuko bitartekaritza ekintzetarako prezioa gehitzean, bai eta gonbidapenak eta dohaintasuna zehaztean datza.

Proposatzen dizuet kultur ekitaldietarako sarreren prezioak honen azpian aipatu bezala finkatzea, 2022ko urtarrilaren 1etik goiti:

  • Izendapena
    Prezioa / Lineako salmentaren prezioa
  • Kultur Sasoirako Harpidetza txartela
    11.00 € / –
  • Prezio osoa
    12.00 € / 12.50 €
  • Prezio murriztua *
    6.00 € / 6.50 €
  • 8 urte peko haurrak:
    4.00 € / 4.50 €
  • Eskoletako ikasleak
    4.00 € / –
  • Bitartekaritza ekintzak
    2.00 € / –
  • Gonbidapenak : programatzaileak, prentsa, talde edo konpainiaren gonbidatuak, Auzapeza, Kultura hautetsia, erakundeak, partaideak, mezenak, Hendaiako biztanle berriak (bi sarrera eskainiak hautatutako ikuskizunerako, iriste urtean)
    0 € / –
  • Dohaintasuna: egonaldi amaierak, entsegu publikoak, erakusketak…
    0 € / –

“Antzerkiaren Maiatza” jaialdirako, ondoko prezioak onartzea proposatzen dizuet:

  • Izendapena
    Prezioa
    Lineako salmentaren prezioa
  • Prezio osoa
    12.00 €
    12.50 €
  • Prezio murriztua *
    6.00 €
    6.50 €
  • 8 urte peko haurrak
    4.00 €
    4.50 €
  • Eskoletako ikasleak
    4.00 €
  • Bitartekaritza ekintzak
    2.00 €
  • Gonbidapenak : programatzaileak, prentsa, talde edo konpainiaren gonbidatuak, Auzapeza, Kultura hautetsia, erakundeak, partaideak, mezenak, Hendaiako biztanle berriak (bi sarrera eskainiak hautatutako ikuskizunerako, iriste urtean)
    0 €
  • Dohaintasuna: egonaldi amaierak, entsegu publikoak, erakusketak…
    0 €

* Prezio murriztua honako pertsona hauentzat:

  • harpidedunak: Kultur Sasoiaren txarteldunak
  • ikuskizunetako intermitenteak
  • ikasleak
  • langabetuak
  • minimo sozialak
  • 10 pertsonatik gorako taldeak
  • GPVH-eko kideak

AHO BATEZ ONARTUA –

TXOSTENGILEA: Claire LEGARDINIER andrea

174.2021 – TOKIKO ESKULANGINTZA AZOKA – GIZARTE ETA ELKARTASUNEZKO EKONOMIAREN HILABETEA – ELKARTASUN BESTA

LEGARDINIER ANDREAK: Gizarte eta Elkartasunezko Ekonomiaren Hilabetearen karietara, Hendaiako Herriko Etxeak eta Lan-eko Laguntza Zentroak lau gai nagusiren inguruko ekitaldien egitarau bat antolatu dute: «Kolektiboki enpresak sortzea», «Banabide laburrei balioa ematea», «Hondakinak gutxitzea», «Elkartasuna», gizarte eta elkartasunezko ekonomiaren moldeak eta jardunak sustatzeko eta horiei buruz informazioa emateko.

Horren harira, Elkartasunen Besta antolatu da 2021eko azaroaren 28 iganderako, Gaztelu aretoan, 10:00etatik 13:00etara, elkartasunezko hatu salmentarekin, kitogune batekin, herritar kafe batekin eta tokiko eskulangileen merkatu batekin.

Merkatuak 12 leku ukanen ditu.

Hautagaitza deialdia abian eman da eta hautagaiei leku bana emanen zaie urririk. Parte Hartzeko Araudia eranskinean da.

Halako ekitaldiak arautu beharra kontuan hartuz, eta auzapezari dagokionez, kudeatzaile den bezainbatean, eremu publikoaren erabiltzea baimentzea, honako hau proposatu zaio herri kontseiluari:

  • Tokiko eskulangileen merkatua GAZTELU aretoan, 2021eko azaroaren 28an, goizean, antolatu eta gauzatzeko moldeak onartzea, eranskinean datorren parte hartzeko araudian zehaztu bezala;
  • Eremu publikoa erabiltzeko proposatu tarifak onartzea.

Halatan, bada, bihar, 18:00etan, Gaztelu aretora etor zaitezten gonbidatzen zaituztet “La part des autres”, dokumentala ikusteko, eta ostegunean, 18:00etan, Zokoburura, sinatu dugun diagnostikoaren aurkeztera. Anitz etorriko zaretela espero dut.

AHO BATEZ ONETSIA-

TXOSTENGILEA: Chantal KEHRIG COTTENÇON and.

175.2021 – ARGINDARRA ETA GASA GARRAIATU EDOTA BANATZEKO OBREK, BAI ETA ARGINDAR EDOTA GAS HODITERIA EDOTA LINEA PARTIKULARREK EREMU PUBLIKOA ERABILTZEAGATIKO ERABILERA ZERGAK, BAI ETA LANETARAKO EREMU PUBLIKOA ERABILTZEAGATIKOAK ERE

KEHRIG COTTENÇON ANDREAK: tokiko kolektibitateen kode nagusiak aurreikusten du herri kontseiluak finka ditzala eremu publikoa erabiltzeagatiko zergak.

Halatan, bada, honako hau proposatzen zaizue:

  1. artikulua: herriko eremu publikoa argindarra garraiatu eta banatzeko sareen obrek erabiltzeko zergaren kopurua metrotan azaldu luzeraren arabera aitzineko urteko abenduaren 31n erabaki goiko mugako tarifan finkatzea;
  2. artikulua: herriaren eremu publikoa argindar garraiorako sare publikoaren obretan lanak egin bitartean erabiltzeko zergaren kopurua metrotan azaldu luzeraren arabera aitzineko urteko abenduaren 31n erabaki goiko mugako tarifan finkatzea;
  3. artikulua: herriaren eremu publikoa urte baten luzeran argindar sareetako obretan lanak egin bitartean, ikusi den erabiltzearen zergaren kopurua metrotan azaldu luzeraren arabera, aitzineko urteko abenduaren 31n erabaki goiko mugako tarifan finkatzea;
  4. artikulua: herriaren eremu publikoa gasa garraiatu eta banatzeko obrek, bai eta gas hoditeria partikularrek erabiltzearen zergaren kopurua, metrotan azaldu luzeraren arabera aitzineko urteko abenduaren 31n erabaki goiko mugako tarifan finkatzea;
  5. artikulua: herriaren eremu publikoa gasa garraiatzeko sareen obretan eta gas hoditeria partikularretan lanak egin bitartean erabiltzearen zerga kopurua, metrotan azaldu luzeraren arabera aitzineko urteko abenduaren 31n erabaki goiko mugako tarifan finkatzea.

Hartara, biltzarkide horiek, 5 erabiltze zerga horien kopurua deliberamenduaren edukian azaldu maneretan finka ditzazuen proposatzen zaizue.

AHO BATEZ ONETSIA-

176.2021 – URAREN ZIKLOAREN KUDEAKETA INTEGRATUA – EDATEKO URA ETA SANEAMENDUA – 2020. URTEKO TXOSTENA EDATEKO URAREN ETA SANEAMENDUAREN ZERBITZU PUBLIKOAREN PREZIOARI ETA KALITATEARI BURUZ

KEHRIG COTTENÇON ANDREAK: Lurralde Kolektibitateen Kode Nagusiaren D2224-1 eta hurrengo artikuluei jarraikiz, edateko uraren eta saneamenduaren gaietan eskua duen Herriarteko Lankidetzarako Erakunde Publiko –nola baita Euskal Hirigune Elkargoa- baten lehendakariak urtero aurkeztu behar dio biltzar erabakitzaileari zerbitzuaren prezio eta kalitateari buruzko txostena.

Txosten horrek honako hauek azaltzen ditu:

  • Zerbitzuen ezaugarri teknikoa,
  • Edateko uraren eta saneamendu kolektibo eta ez kolektiboaren tarifak, eta zerbitzuen diru sartzeak,
  • Emaitzen adierazleak,
  • Inbestimenduen diruztapena,
  • Elkartasuneko eta lankidetza deszentralizaturiko ekintzak uraren alorrean.

Txostena erabiltzaileen eskura ematen da Elkargoaren Etxeetan eta uraren eta saneamenduaren ustiagune orotan. Elkargoaren webgunetik ere telekarga liteke.

Beste aldetik, Tokiko Zerbitzu Publikoen Aholku Batzordeari iritzia eskatuko zaio eta Euskal Elkargoko kide diren herri guztiei emanen zaie jakitera, herri kontseiluan aurkez dezaten.

Araudiari jarraikiz, datuok Ur eta Saneamendu Zerbitzuen Nazio Behatokiaren webgunearen Ur eta Saneamenduaren Zerbitzu Publikoen Informazio Sisteman (SISPEA) ere ikusi ahalko dira.

2020ko tarifa datuei dagokienean, gogoan har ezazue Euskal Hirigune Elkargoak ur eta Sanemandu eskumenak hartu zituenaz geroztik luzatu egin direla, tarifen harmonizazioari ekin bitartean, lurraldearen antolatzaile ziren agintariek (herriarteko elkargoak, herriak edo sindikatuak) lehen aplikatzen zituzten tarifak.

Herri kontseiluari honako hau proposatu zaio:

  • Kontuan har dezala edateko uraren eta saneamenduaren (kolektibo nola ez kolektibo) zerbitzuen prezio eta kalitateari buruzko 2020ko urtealdiaren txosten bateratua.

Herri Kontseiluak kontuan hartu du. Ez da bozkatzen.

177.2021 – HONDAKINEN PREBENTZIOA, BILKETA ETA BALIOA EMATEA – 2020. URTEKO TXOSTENA HONDAKINEN PREBENTZIO ETA KUDEAKETARAKO ZERBITZU PUBLIKOAREN KALITATE ETA PREZIOARI BURUZ

KEHRIG COTTENÇON ANDREAK: Lurralde Kolektibitateen Kode Nagusiaren L2224-17-1 artikuluak behartzen ditu herrietako auzapezak edota herriarteko lankidetza elkargoen lehendakariak etxeko hondakinen eta antzekoen prebentziorako eta kudeaketarako zerbitzu publikoaren kalitate eta prezioari buruzko urteko txostena aurkeztera.

2020ko urtealdiari buruzko urteko txostena, deliberamenduaren eranskinean aurkeztu zaizuen bezala, honako hauek zehazten ditu, besteak beste:

  • 2020. urtearen  testuinguru berezia, osasun krisiagatik eta zerbitzuen antolaketan ukan duen eraginarengatik;
  • eskumenen banaketa Euskal Hirigune Elkartearen eta Bil ta Garbi Sindikatuaren artean;
  • Euskal Elkargoaren helburuak hondakinen prebentzio, sailkapen eta balio emate alorretan; hondakinen kudeaketarako zerbitzu publikoa ekonomia zirkularraren tokiko egiazko estrategia batean dugu gaur egun, hondakinen ekoizpena murrizteko eta hondakina tokian ekoitzi materia eta energia baliabide bihurtzeko, lurraldean jarduna eta lanpostuak sortzen dituena;
  • Zerbitzuak 2020an gauzatu dituen proiektuak, eta perspektibak;
  • Euskal Elkargoak egiten duen hondakinen bilketarako zerbitzu publikoaren antolaketa (giza baliabideak eta baliabide teknikoak);
  • Hondakinei balioa ateratzeko eta tratamendua emateko adarrak;
  • Bildu, sailkatu eta balioan emaniko hondakinen tonak;
  • Hondakinen prebentzioaz eta sailkapenaz informazioa emateko eta ohartarazteko ekintzak,
  • Etxeko hondakinak eta antzekoak ezeztatzeko zerbitzu publikoaren kostua eta diruztatze bideak.

Zerbitzua kopuru zenbaitetan: 194 234 tona etxeko hondakin bildurik, hau da, 622 kg biztanleka, zeinetatik % 68 balioan ematen dira. Zerbitzuak 327 langile titular ditu eta sailkapenaren 16 enbaxadore eta 25 hondakindegi.

Orotara, hondakinen bilketa eta balioan emate zerbitzuaren kostua 47,04 M€koa da (egitura kargez gain).

2020an, jarraitu da hondakinen prebentzioari eta sailkapenari buruzko komunikazio jardunak egiten.

Sailkapenaren enbaxadoreek «sare sozialetan norberak egitekoak» lantegiak proposatu dituzte, osasun arazoei loturik ezarriak ziren distantzia betebeharrengatik.

Aldi berean, bilketaren aldaketak egin ahal izan dira Bidaxunen eta Oztibarren eta Heleta, Irisarri eta Suhuskune herrietan.

Hondakindegiek tonen % 40a hartzen dute eta haietan segurtatze lan handiak egin dira, besteak beste, edukiontzietarako gidak, kaiaren hormak babesteko, eta barandak, erortzeko arriskuaren aurka.

2020. urtean zehar ere, jarraitu da hondakinen prebentziorako eta kudeaketarako zerbitzu publikoaren harmonizatze eta optimizatze azterketa egiten.

Bi gai landu dira bereziki 2020. urtean: bilketa eskemen zehaztea eta plastikoaren sailkapenerako etortzekoak diren aginduen hedapena.

Balio emateari eta tratamenduari dagokionean, aipatzeko da Bil ta Garbi Sindikatuak, 2018ko urriaren 17an onartu zuela hondakin geldoen kudeaketa kontrolatuagorako egin litekeen antolaketa onenera eraman beharko gintuzkeen eskema zuzentzailea.

Norbanakoen ekoizpena, oro har, 10-11 Kg/biztanleko murriztu da 2019 eta 2020 artean: -2 kg hondakindegietan, -2 kg sailkako bilketan, -6 kg zikinontzi beltzetan. Hala eta guztiz ere, 2020. urtea ez da ohiko funtzionamendu baten adierazgarria.

Gogoan har dezagun 2018/2019 urteetako bilakaera orokorra -2 kg/biztanleka izan zela, 2017tik 2018rakoan +18 kg/biztanleka emendatu ondoren.

2010-2020 aldian, norbanakoen ekoizpena egonkor da (- % 0,5), zeinean norbanakoen ekoizpena 625 kg/urte/biztanleka izatetik 622 kg/urte/biztanleka izatera pasa den 2020an. Konpazario baterako, Frantziako batezbestekoa 580 kg/biztanleka zen 2017an.

Bada oraindik zer hobetu hondakinen sailkapenean eta prebentzioan, turismoak azkarki jotzen duen lurralde batean, gainera.

Azkenik, zerbitzuen kostuak aztertzeko lan bat egin da, ADEMEren metodo bati jarraikiz. Hortik atera da Elkargoaren berinaren, hondakinen eta beste jarioen eta pasiboaren kudeatze kostuak erreferentearen mailetan direla.

Berina kostu apaleneko jarioa da (kostu lagundua, 2 euro ZG / biztanleka). Horrez gain, % 100ean birziklatzen da, nahi adina aldiz.

Tartea handiagoa da gainestalkien eta paperaren jarioarekin, eta are eta gehiago oraindik etxe hondakinenekin.

Etxe hondakinen Bilketa eta Tratamendu postuak bakarrik karga guztien % 47 dira. Lehen bi gastu postu dira horiek.

Kostuak kontrolatzeko, etorkizunean, etxeko hondakinen bilketaren aldaketei ekin behar zaie nagusiki.

Sailkaturikoen bilketaren emaitzak hobetzen ari diren arren (2020an izan ezik, lehen konfinamenduan sektore gehienetan utzi baizitzaion gainestalkiak eta paperak biltzeari), oraindik bada zer hobetu. Hondakinen kudeaketa jokagai garrantzitsua da lurraldeentzat, hala diru aldetik nola ingurumenari dagokionean ere, eta ahaleginetan jarraitu behar dugu, batez ere honako hauek eginez:

  • Prebentzioaren eta berrerabilpenaren sustapenarekin jarraituz,
  • Sailkapena etxeetan eta lanlekuetan hobe eginez,
  • Bilketa baliabideak hobetzen jarraituz, batez ere hondakindegietan, non zerbitzu publikoak biltzen dituen tonen % 40 biltzen baitira, baina baita etxeko hondakinen bilketa baliabideetan eta sailkaturikoen bilketan ere,
  • Tratamendu baliabideak hobetzen jarraituz, tratatzeko geratzen diren hondakinei balio handiagoa ateraz.

Etxeko hondakinen eta antzekoen prebentzio eta kudeaketa zerbitzu publikoaren kalitateari eta prezioari buruzko 2020. urteko txostena, kide den herri bakoitzaren auzapezari ematen zaio, herri kontseiluari jakitera eman diezaion biltzar publikoan, eta Euskal Hirigune Elkargoaren egoitzan eta kide diren herrien herriko etxeetan dago, publikoaren esku, bai eta Euskal Hirigune Elkargoaren webgunean ere.

Herri kontseiluari honako hau proposatu zaio:

  • 2020. urterako egin den etxeko hondakinen eta antzekoen prebentzio eta kudeaketarako zerbitzu publikoaren prezio eta kalitateari buruzko txostenaren gainean jakitun izan dadila.

Herri Kontseilua jakinaren gainean da. Ez da bozkatzen.

Gai zerrenda bururatua zelarik, auzapez jaunak biltzarrari eskerrak eman eta bilkura amaitutzat eman du 20:35ean.

HENDAIAN, 2021eko azaroaren 17an

Auzapeza,
Euskal Hirigune Elkargoaren lehendakariordea,
Kotte ECENARRO

HERRIKO ETXEAN AFIXATUA: 2021.11.17an