2021eko urriaren 13an, asteazkenean, 18:30ean egin, herri kontseiluaren bilduma

Erref. KE.IG – 455.2021

BERTARATUAK: ECENARRO j. (auzapeza), – KEHRIG COTTENÇON and., BUTORI and., IRAZUSTA j., LEGARDINIER and., GRABIÈRES j., MOUNIOS ADURRIAGA and. (Auzapezordeak) – CAMACHO SATHICQ and., ARZELUS ARAMENDI j., TARIOL j., NAVARRON and., AIZPURU and., PELEGRIN ARAMENDY j., BEAUFORT and., BERNARD j., EIZAGUIRRE j., ROMAN and., MANTEROLA j., HARAMBOURE and., LABEAU and., JEHAN j., CEZA and., DESTRUHAUT j.,  HIRIBARREN and., POUYFAUCON j., BALANZATEGUI j., ESTOMBA and., SALLABERRY j.

AHALORDEAK: TRANCHE jaunak IRAZUSTA jaunari, COTINAT andreak NAVARRON andreari, ARRUABARRENA jaunak KEHRIG COTTENÇON andreari,  MARTIARENA GARAT jaunak ARZELUS ARAMENDI jaunari, BARRERO andreak HIRIBARREN andreari

BILKURA IDAZKARIA: Hélène HIRIBARREN andrea

Deialdiaren eguna: 2021eko urriaren 05a

Biltzarraren quoruma bete dela baieztatu ondoren, auzapez jaunak hasiera eman dio bilkurari.

I – 2021EKO IRAILAREN 8KO HERRI KONTSEILUAREN BILKURAREN AKTA ONARTZEA:

Auzapez jaunak, 2021eko irailaren 8ko bilkuraren bilduma Hélène HIRIBARREN andreari, bilkura idazkari den bezainbatean, irakur dezan galdegin dio. Dokumentua biltzarrak onar dezan eman da bozketara.

AHO BATEZ ONETSIA–

AUZAPEZ JAUNAK: zenbait berri eman behar dizuet.

Biltzarkide maite horiek,

Atzo, 3 etorkin hil ziren egoera lazgarrian Ziburu eta Donibane Lohizune arteko trenbidean. Hiru heriotz horiek maiatzean eta abuztuan Bidasoa ertzeetan gertatu hirurez gain dira.

Gure lurraldeak ongiegi ezagutzen du zer izan den, historian zehar, migrazioaren gaia. Ez du ahanzten XX. mendean zehar bi norabideetan zeharkatu dela muga, arrazoi politikoengatik edo ekonomikoengatik.

Horregatik, ongi dakizuen bezala, Hondarribia eta Irungo auzapezekin batera, hainbatetan ohartarazi diegu nork bere herrialdeko agintariei, etorkinen gaia tratatzeko darabilten humanitate eza eta Europak eskua hartu beharko lukeela.

Gure Euskal Herrian bizia galdu duten horien ohoratzeko, minutu bateko isilaldia egin dezagun eskatzen dizuet.

AUZAPEZ JAUNAK minutuko isilaldia egin izana eskertu dio biltzarrari.

POUYFAUCON jauna biltzarrera sartu da.

Gero, gai zerrendari ekin diote:

II – DELIBERAMENDUAK

TXOSTENGILEA: Kotte ECENARRO, auzapeza

131.2021 – HERRI KONTSEILUAK EMAN ORDEZKARITZAZ AUZAPEZAK HARTU ERABAKIAK

 AUZAPEZ JAUNAK: gai hau, ohi bezala, Herri Kontseiluak eman ordezkaritzaz auzapezak hartu erabakietaz da. 2022an Itsas Aduanak hartzeko esleitu diren arrantza portuko bi xaitan egiten ari diren lanetarakoak dira nagusiki.

Herri Kontseilua jakinaren gainean da. Ez da bozkatzen.

132.2021 – AURREKONTU NAGUSIA – 2. ALDAKETA ERABAKIA

AUZAPEZ JAUNAK: aurrekontu nagusian, 2021eko aurrekonturako ikusten zena baino eskualdaketa eskubideen diru sartzeetatik eta jakinarazpen berrietatik jalgi diru sartze handiagoengatik, 011 kapituluan kreditu behar gehigarriak 224 239 €rekin diruztatzeko aukera ukan dugu, haien erditsua zuzkidurak dira (bereziki Covidaren kudeaketa gaietarako).

Langile gastuak 012 kapituluan dira; alde batetik, badugu langile bat titularizatu zenetik 3 urte bete gabe lekualdatu dela; beste aldetik, kobratu ezintzat emateak ditugu, bai eta informatikako baimenak berritzea, 65 kapituluan, inbestimenduan aurreikusi kredituak 23. kapituluan ditugu, zeinak 011 kapituluan berreskuratu baitira, lanak gure langileek egin dituztelako.

Aldaketa erabaki honek 205 479 € dakartza funtzionamendu gastu eta diru sartzeetan, eta inbestimendu gastu eta diru sartzeetan 131 240 €. Galdera bereziren bat ez baduzue, erabaki dezagun proposatzen dizuet.

AHO BATEZ ONETSIA–

133.2021 – ARRANTZA PORTUAREN AURREKONTU GEHIGARRIA – 2. ALDAKETA ERABAKIA

AUZAPEZ JAUNAK: aurrekontu honetan, kobratu ezintzat emateak daude eta aktiboen balio galtzeagatiko zuzkidurak; horiek dira aldaketa erabaki honen arrazoia. Funtzionamendu gastuetan, behin ordenako eskriturak edo kontutik konturako eskriturak, gastuak eta diru sartzeak zeroan dira. Horra arrantza portuari buruzko erabaki arin-arin honetaz erran daitekeen guztia.

AHO BATEZ ONETSIA–

134.2021 – BESTA ETA ANIMAZIOEN AURREKONTU GEHIGARRIA – 2. ALDAKETA ERABAKIA

AUZAPEZ JAUNAK: Aldaketa Erabaki hau inbestimendu ataletik olanazko aterpeak erosteari buruzkoa da, bai eta funtzionamendu atalean kobratu ezintzat emateak ezartzeari buruzkoa. Lehengoan bezala, gastuetan eta diru sartzeetan, zero funtzionamenduan eta, inbestimenduan, berriz, 35 000 € gastuetan, funtzionamendu ataletik datozen 35 000 €ko diru sartzeekin berdinduak.

Beste galderarik ez bada, aldaketa erabaki hau bozka dezagun proposatzen dizuet.

AHO BATEZ ONETSIA–

135.2021 – ESKUALDATU KARGA GARBIEN BALIOZTATZEKO TOKIKO BATZORDEAREN 2021eko irailaren 15eko TXOSTENA ONARTZEA

AUZAPEZ JAUNAK: gogora ekarri nahi dizuet Eskualdatu Karga Garbien Balioztatzeko Tokiko Batzordeak balioztatzen dituela Euskal Elkargoaren eta kide diren herrien artean eskualdatu eskumenen kostua. Balioztapen horien arabera zehazten da kide den herri bakoitzari ordainetan ematen zaion kopurua.

Eskualdatu Karga Garbien Balioztatzeko Tokiko Batzordearen gaurko gaiak ez du inolako zerikusirik Hendaiaren finantzekin, baina elkargokide den herri guztiei (158 edo 159 herri) dagokie erabakitzea, halere. Lehenik, Atharratzeko kiroldegia dugu; horrek ordainez ematen den saria 3892 €tan apaldu du, eta Atharratzeko Helburu Anitzeko Herriarteko Sindikatuko herrientzako ordainsarian, oro har, 3846 €ko apaltzea.

Bigarrenik, EHEk hondakin berdeen bilketa gehiago ez egitea hautatu zuen. Bilketa hori Donibane Lohizuneko Herriaren udal zerbitzuek egin ohi zuten lehen. Baina 2016. urte amaieran, bat egitea baino lehen, Hego lapurdiko Hirigune Elkargoak bere gain hartu zuen, berriz ere, etxeko hondakinak eta antzekoak biltzearen eta tratatzearen eskumena. Horren ondorioz, Donibane Lohizuneko Herriarentzako ordainsaria 36 872 €tan emendatzen da.

Azkenik, egun dituen eskumenak kontuan hartuz, Euskal Hirigune Elkargoak utzi behar dio Amikuzeko eta Bidaxuneko lurraldeetako animazioak diruztatzeari. Horren ondorioz, Donapaleuko Herriarentzako ordainsaria 7442 € handiagoa izanen da eta Bidaxuneko herrientzako ordainsariak, oro har, 22 100 € handiagoak.

Deliberamendu honen alde erabaki dezazuen eskatzen dizuet.

AHO BATEZ ONETSIA–

136.2021 – ENDAIKA ELKARTEA – EZOHIKO DIRU LAGUNTZA

AUZAPEZ JAUNAK: ongi ezagun zaigun ENDAIKA elkartearen aldeko diru laguntza dugu hau.

Jessica BERRA, ENDAIKA elkarteko kidea, hainbatetan itsas arrauneko munduko txapeldun eta aurten ere berriz Frantziako txapeldun izanikoa, 2021ean ere munduko txapela eskuratzen saiatu da, OEIRAS-en , Portugalen, irailaren 30etik urriaren 3a bitartean egin den txapelketan.

Estropada horretan parte hartzeko aurreikusi aurrekontu osoa 984 €koa da. Jessica BERRAk Herriak diruz lagundu diezaiola eskatu digu.

ENDAIKA elkarteari 984 €ko ezohiko diru laguntza eman diezaiogun proposatzen da, Jessica BERRAk HENDAIAren ikurra azkarki altxa dezan. Azkarki altxa, altxatu du, baiki, urrezko medaila gabe ere.

AHO BATEZ ONETSIA–

TXOSTENGILEA: Richard IRAZUSTA j.

137.2021 – LANPOSTU IRAUNKORREN 6. ZERRENDA

IRAZUSTA JAUNAK: deliberamendu hau Intzurako eskolan –hau da, Intzurako Herriarteko Sindikatuan eta ez Herrian- lanaldi murriztuan ari den langile baten egoera administratiboa arauetan emateari buruzkoa da.

Hasiera batean, honako hau proposatzen zaizue:

  • Lehenik, langile horrek Herrian zuen lanaldi osoko lanpostua hestea,
  • gero, bigarren aldi batean, 21,30 orenetako lanaldi murriztuko lanpostu bat irekitzea, horiek baitira langile horrek Herriarentzat egiten dituen orduak.

Herriarteko Sindikatuak, bere aldetik, langileak Intzura eskolan egiten dituen orduetarako lanaldi murriztuko lanpostu bat irekiko du.

Horrela eginik, langilearen egoera administratiboki arautua izanen da haren lanaldia edota aritze baldintzak aldatu gabe.

Egoera nahasixko hori eman da Intzurako eskolan une baterako egin zen ordezkapen bat gerora luzatu delako. Hasieran administratiboki pisu izan gabeko une bateko konponbidea izan zen hura arauetan eman behar dugu orain, ordezkapena luzatzen ari baita edo behin betiko delako.

AHO BATEZ ONETSIA–

138.2021 – LANPOSTU IRAUNKORREN 7. ZERRENDA – MUSIKA ARDURADUNAREN KONTRATATZEA KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA ZERBITZUAN

IRAZUSTA JAUNAK: deliberamendu hau bi egiteko ukanen dituen lanpostu iraunkor bat sortzeari buruzkoa da:

  • egiteko hori lanaldi erdiz betetzen zuen eta kolektibitatean beste lanpostu bat hartu duen norbaiten ordez aritzea.
  • Musika Gunea sortzeko lanetan parte hartzea, Euskal Elkargoak sostengatu proiektu baten barnean.

Hartara, Gune hori sortuko balitz, lanpostu hori Elkargoaren eskuetara pasa liteke.

Deliberamenduak aurreikusten du lanpostu hori, lehentasunez, funtzionario batek bete dezala, edo, hala egin ezin balitz, kontratupeko langile batek.

AHO BATEZ ONETSIA–

139.2021 – ASSOCIATION MÉDICALE HENDAYAISE POUR LES MALADIES RARES – EZOHIKO DIRU LAGUNTZA

IRAZUSTA JAUNAK: Association Médicale Hendayaise pour les Maladies Rares deitu elkarteak «Culture Santé» izeneko flm laburra sortzea aurreikusi du eta horretan baditu zenbait eri engaiaturik.

Laétitia Mikles zuzendariarekin eta Pierre Suteau film idazlearekin elkarlanean egiteko lana da.

Filmaketa Hendaian eginen da eta, herria proiektoreen argitan emateaz gain, AMHMR elkarte horren politikaren sustapena eginen du ahalmen urritasunen bat dutenen artean.

Jendeen parte hartzeari linean zabalduriko eltze itsu baten bidez, 2600 € bildu dira proiektua diruztatzeko.

1500 €ko diru laguntza eskatu zitzaigun. Halatan, bada, AMHMR elkarteari 1500 euroko ezohiko diru laguntza eman diezaiogun proposatzen zaizue.

AHO BATEZ ONETSIA–

140.2021 – BIDASOA ETORKINEKIN ELKARTEA – EZOHIKO DIRU LAGUNTZA

IRAZUSTA JAUNAK: BIDASOA ETORKINEKIN elkartea iragan uztailaren 16an sortu zen, Hendaia, Urruña eta Biriatu zeharkatzen dituzten Europar Batasunetik kanpoko etorkinentzako laguntza humanitarioa antolatzeko xedez.

Lehen ELKARTASUNA LARRUN elkarteak egiten zuenaren berrantolaketa bat da.

Elkarte horren egiteko nagusia muga pasatzea lortzen duten erbesteratuak aldi batez ostatatzea da, lehen laguntza humanitario eta materiala eskaintzea eta Baionaraino laguntzea, Pausa harrera gunearen lokaletaraino.

Elkarteak 1500 €ko ezohiko diru laguntza eskatu digu. Halatan, bada, BIDASOA ETORKINEKIN elkarteari ezohiko diru laguntza hori onar diezaiogun proposatzen zaizue.

AHO BATEZ ONETSIA–

AUZAPEZ JAUNAK: IRAZUSTA jauna, jarrai ezazu, otoi, TRANCHE jaunak azaltzeko zituen gaiekin.

141.2021 – OHARTARAZTEKO PROZEDURA GAUZATZEKO HITZARMENA

IRAZUSTA JAUNAK: ohartarazpenaren baliabidea 2007ko martxoaren 5eko gaizkintzaren prebentzioari buruzko legeak ezarri zuen. Auzapezari ematen dio, herrian den ordena ona kaltetu dezaketen ekintzak egin dituen norbaiti ohartarazpena egiteko ahalmena. Honako kasu hauetan erabil liteke:

Ohartarazpen bat egiteko erabakia auzapezak edo hark agindu baten bidez izendatu duen haren ordezkariak har lezakete.

Ohartarazpena egiteko proiektuaren berri Errepublikaren prokuradoreari eman behar zaio e-mezu baten bidez, ministerio publikoak ziurta dezan auzirik ez dela bidean eta eginikoak ez direla delitu.

Deliberamendu hau gaizkintza ekintza arruntenei ere, oiheskeriak besterik ez direnei ere, arrapostua eman nahiari loturik dira.

Tentuz ekin behar zaio gaiari. Lehenik, oiheskeria zenbait senitartean zuzendu behar direlako, noski, eta Hendaian, zorionez, maiz balia dezakegu bide hori. Ohartarazpena ofizialdu eta irmoki ematea ez da, beharbada, beti zentzuzko.

Tentuz, hautetsiak ez direlako magistratu, ez eta hezitzaile ere, eta hautetsi delako, besterik gabe, ohartarazpen bat hautetsi baten esku uztea ez delako argi.

Tentuz ere, urraspide hori oiheskerietatik haratago hedatzeko arriskua delako eta, halatan, justizia, testuen zorrotzean oinarritu ordez, hautetsien iritzietan oinarritzera hel litekeelako.

Baina hitzarmen honek ez du aterik sistematikoki zabaltzen. Kasuan kasu erabil liteke, auzapezaren eta Errepublikaren prokuradorearen artean adosturik. Egun jarraipenik ez duten baina, beharbada, halakorik beharko luketen kasuetarako da. Hitzarmen hau urtebete barne balioztatuko da eta jarraipena eman lekioke orduan ala ez.

 Urraspide hau erakundeen erantzun erraz eta lasterra da, udal taldeak oiheskerien aurka borrokatzeko plantan eman dituen urraspide eta neurrien multzoa osatzera datorrena.

Halatan, bada, honako hau proposatu zaio herri kontseiluari:

  • ONAR DEZALA ohartarazpen prozedura eta deliberamendu honi atxikirik datozen haren 4 eranskinak plantan emateko hitzarmena,
  • BAIMENA EMAN DIEZAIOLA auzapez jaunari edo haren ordezkoari dokumentu horiek eta haiei erantsirikoak sina ditzan.

EMANIKO BOZ GEHIENEK ONETSIA –

2 boz AURKA: BERNARD j., TARIOL j.

13 ABSTENTZIO: NAVARRON and., LEGARDINIER and., ARZELUS ARAMENDI j., MANTEROLA j., COTINAT and., MARTIARENA GARAT j., DESTRUHAUT j., HIRIBARREN and., POUYFAUCON j., BALANZATEGUI j., ESTOMBA and., SALLABERRY j., BARRERO and.

 142.2021 – ZOKOBURU PLAZA – HERRIAREN JABARI PUBLIKOAREN ETA EREMU PRIBATUAREN ARTEKO MUGEN BALI EGITEA

 IRAZUSTA JAUNAK: Herriak, bere jabari publikoaren eta, bereziki, Zokoburu plaza erabiltzen duten merkatariek ordaindu behar dituzten jabari publikoa erabiltzeko zergen kudeaketan, argibide teknikoa nahi du zona horretako jabari publikoaren eta pribatuaren arteko mugen gainean.

Horren egiteko, geometria aditu bati egin zaio dei. Hark, 2019/09/25ean eman zuen bere diagnostikoa, zeinaren arabera, Association Syndicale Libre Perspectives Courrèges deitu elkartearena omen zen 551 m² zabaleko eremu bat Herriaren jabari publikora pasa behar zen, lur jabetzaren errealitatea erabileraren errealitatearekin bateratzeko.

Halatan, bada, 2020ko urriaren 07an egin biltzar nagusian bozkatu eta «Perspectives Courrèges Port Hendaye» ASL elkarteak baimendu zuen 551 m² zabal zen eremu hori Herriari ematea.

Yannick MARX-LARRAZABAL Urruñan notario denari eskatu zitzaion, orduan, notario-akta batez formaliza zezan emakida proiektu hori.

Dosierra azterturik, MARX-LARRAZABAL notarioak honako puntu hauetaz ohartarazi dio Herriari:

  • Geometria kabineteak, Herriak 2019an kontratatu zuena eta notarioak berriz, dosierraren harira, kontsultatu duenak, aldaketa bat egin du: oraingoan, lankide batek ere baieztaturik, notarioak dio Zokoburu plaza jadanik bazela herriaren jabari publikoa, inoiz ez baitzen zati bolumetrikoa besterendu; zati bolumetrikoak pribatu diren plazaren zonetan bakarrik (lurrazpikoa eta gaineko eraikina) sortu ziren.
  • Notarioak hipoteka egoerari buruzko eskaria egin die horretarako eskua duten zerbitzuei eta ez du «Perspectives Courrèges Port Hendaye» ASL elkartea jabe litzatekeen bolumen zatirik atzeman.

Hartara, Zokoburu plaza jadanik jabari publikoa da, baina ez geometrek ez eta notarioak ere, horren froga zehatza atzeman ez dutenez, ezin da notario-akta bidez zedarritu jabari publikoaren eta jabari pribatuaren arteko muga.

Halatan, bada, «Perspectives Courrèges Port Hendaye» ASL elkartearekin adosturik, Zokoburu plaza herriaren jabari publikoarena dela administratiboki zedarritzea proposatzen dizuegu, bai baitirudi hala zela jatorrian.

Argiki, deliberamendu hau urte zenbaitetan luzatu den egoera korapilatsu baten administrazio arautze bati buruzkoa da.

HERRI KONTSEILUARI HONAKO HAU PROPOSATU ZAIO:

  • KONTUAN HAR DEZALA herriaren jabari publikoaren eta jabari pribatuaren arteko muga zein den eta Zokoburu plaza herriaren jabari publikoan dugula, honekin batera doan zedarritze planoan ageri bezala,
  • KONTUAN HAR DEZALA plaza horretako erabilerak (aire zabaleko merkatua eta terrazen kudeaketa bereziki) muga horren arabera antolatuko direla.

AHO BATEZ ONETSIA-

TXOSTENGILEA: Nicole BUTORI and.

143.2021 – 2021-2023RAKO ESKOLA DIRUA

BUTORI ANDREAK: Hezkuntza Ministerioaren 2012ko otsailaren 15eko 2012-025 zirkularrak zehazten ditu herriek kontratupeko eskola pribatuen funtzionamendu gastuak beren kargu hartzeko dituzten arauak.

Herrian bizi diren ikasleak besterik ez dituzte herriek bere kargu hartzen. Parte hartzearen kopurua ikasleka eta urteka kalkulatzen da, Herriaren eta Intzurako Herriarteko Sindikatuaren lehen mailako eskola publikoen funtzionamenduaren kostuaren arabera. Surf eta bela jarduerak ez dira kontuan hartu, Herriak ordaintzen baititu, hala eskola publikoen nola pribatuen kasuetan.

2021 eta 2023 urteen arteko garairako diru kopuru finkoa 2019ko administrazio kontuan oin harturik kalkulatu da, osasun krisiaren diruzko eraginek ez ditzaten kalkulatzeko moldeak nahasi. Lan horietatik jalgi den eskolentzako kopuru finkoa ikasle bakoitzeko 718,10 €koa da.

Gogoan har 2014-2016 aldian 660 €koa zela, eta 2017-2020 aldikoa 700 €koa.

2021-2023 aldirako eskola diruaren kopurua, ikasle bakoitzeko, 718,10 €tan ezar dezagun proposatzen dizuet.

AHO BATEZ ONETSIA-

144.2021 – IGERILEKUA – JARDUEREN SEIHILEKAKO TARIFAK

BUTORI ANDREAK: osasun egoera ikusirik eta hornikuntza horren erabiltzaileei kalterik ez egitearren, hiruhilekako tarifikazioa seihilekako tarifikaziora pasa dezagun proposatzen dizuet.

Honela zedarrituko dira aldiak:

  • 1. seihilekoa: 2021eko irailaren 15etik 2022ko otsailaren 12ra,
  • 2. seihilekoa: 2022ko martxoaren 2tik 2022ko uztailaren 9ra.

Irandatz igerilekuak haur eta helduei proposatzen dizkien jardunen tarifak 2021eko irailaren lehenetik goiti finka ditzagun proposatzen dizuet.

AHO BATEZ ONETSIA-

TXOSTENGILEA: Ganix GRABIERES j.

145.2021 – EKITALDI BAT EKOLOGIKOKI ASMATZEKO GUTUNA

GRABIERES JAUNAK: Euskal Herria Klima Planaren barnean, Euskal Hirigune Elkargoak lehen aldiz eman du abian, 2021eko urriaren 11tik 17ra, Klimaren Astea, Euskal Herrian; badirudi ekitaldi hori urriko bigarren aste orotan berrituko dela hemendik goiti.

Hendaiako Herria, bere aldetik, bete-betean engaiatu da, bere eremuaren mailan, jardunen ekologia arrastoa gutxitzeko eta baliabideak hobeki zaintzeko eguneroko aterabide zehatzak garatzen. Gure herriko eragileak eta biztanleak klima aldaketaren eta ekologia eta energia trantsizioaren jokagaietaz ohartarazteko asmoa du gainera, jokamolde arduratsu eta iraunkorrak izatera bultzatuz.

Hendaiaren eta bertako elkarteen bizitasuna eta aniztasuna hainbat eta hainbat ekitalditan, hala kirolekoetan nola kultura, besta, gizarte, ekonomia eta abarretan gauzatzen dira, urte osoan zehar eta horregatik, Hendaiako Herriak, kirol, kultura edo besta ekitaldi baten antolatzaile bakoitza, egitura antolatzaile bakoitza, engaiatzera gonbidatu nahi du, jabari publikoa erabiltzeko eskaria egiten duenean, Herri Kontseiluaren bilkura honetan proposatzen dizuegun «Ekitaldi bat ekologikoki asmatzeko gutuna» sinatuz.

Deliberamendu honi atxikirik doan gutun hori garapen iraunkor, sozial eta elkartasunezkoaren aldeko 9 helburu nagusiren inguruan da antolatua.

Hona hemen aipatu helburu horiek:

  • Pertsona eta salgaien garraioaren ekologia arrastoa mugatzea
  • Energia baliabideak aurreztea
  • Produktu birziklagarriak eta instalazio berrerabilgarriak lehenestea
  • Hondakinak gutxitu, sailkatu eta balioan ematea
  • Elikadura iraunkor eta sasoikoa lehenestea, tokiko produktuekin eta banabide laburreko produktuekin
  • Arrabots trabagarriak gutxitzea
  • Komunikazio ekoarduratsua erabiltzea
  • Gizarte kohesioa eta belaunaldien arteko elkartasuna laguntzea
  • Ekitaldiaren ekologia arrastoa baliozta, parteka eta berdintzea

Bederatzi egiteko horietako bakoitzean, antolatzailea gutxienik bi puntutan engaiatu behar da, jarduera onen zerrenda ez oso batean eta zerrenda mugagabe batean nahi adina luzatzeko aukera ematen zaiolarik.

Sinatzaileak nahitara hartzen duen engaiamendu hori gogoaren araberakoa besterik ez da, noski, baina ekitaldi publiko zeinahiren antolatzaileari dituen jokabideetaz gogoetatzera, balioztatzera eta klimaren alde modu jakin batez jokatzeko aldatzen joatera bultzatu nahi du.

Halatan, bada, honako hau proposatzen zaizue, hauteskide horiek:

  • Gutuna 2021eko Euskal Herriaren Klima Astearen urraspidearen barnean sar dezazuen,
  • Erantsi zaizuen gutuna onar dezazuen jabari publikoa edota hornikuntza publikoren bat erabiltzen duen ekitaldi baten antolatzaile orori proposa dakion.

AHO BATEZ ONETSIA–

TXOSTENGILEA: Nathalie CAMACHO SATHICQ and.

146.2021 – ADINEKOEN KONTSEILUA

CAMACHO SATHICQ andreak: Herri Kontseiluari adinekoen kontseilua sor dezan proposatu zaio, adinekoek ordezkaritza ukan eta aktiboki parte har dezaten Hendaiako bizitzan eta proiektuetan. Helburua 60 urtetik gorako hendaiarren ahotsa entzun dadin da, haien esperientzia kontuan hartzea, bai eta haien herriaren ezagutza eta egunerokoan dituzten zailtasunak ere. Adinekoen kontseilu horren kide izan litezkeenei gutun bat igorriko zaie, zozketa egiteko zerrendara sartzeko hautagai aurkez daitezen.

Adinekoen kontseilu hori gidatzen duten printzipioak, honako hauek dira, laburki:

Printzipioa: 60 urtetik gorako adinekoen aholku-kontseilu bat (ez erabakitzaile).

Iraupena: 6 urte, agintaldiari loturik.

Baldintzak:

  • 60tik gorakoa izatea;
  • Hendaiako hautes zerrendetan zerrendatua izatea;
  • Bizitegi nagusia Hendaian ukatea;
  • Kontseilua animatuko duen GEUZean aurkeztea hautagaitza.

Osaera:

  • 10 kide, zozketa bidez hautatuak, gizon eta emazteen artean parekidea;
  • Auzapezak izendatu bi kide kualifikatu;
  • Adinekoen ardura duen hautetsia, hau da, neu eta Leonor LABEAU herri kontseilaria.

Maiztasuna: Osoko bilkura urtean 3 aldiz (urria, otsaila, ekaina).

Adinekoen kontseiluaren osatze araudia eranskinean dator. Behin adinekoen kontseilua osatua izanen denean, kontseiluak berak emanen du plantan funtzionamendu araudia.

Hendaiako adinekoen kontseilua aurkeztu den aholku araudiaren arabera sor dezan proposatu zaio Herri Kontseiluari.

AHO BATEZ ONETSIA-

TXOSTENGILEA: Laurent PELEGRIN ARAMENDY j.

147.2021 – 2021EKO EGUBERRITAKO AZOKA

PELEGRIN ARAMENDY jaunak: urte amaierako besten harira eta Hendaia herriaren erakargarritasuna laguntzeko, hainbat ekitaldiren inguruan antolatuko den animazioen egitaraua, bereziki eguberritako merkatu bat, proposatu da.

Eguberritako merkatua Besta Batzordeak eta Hendaiako Herriaren Ekitaldi-Besten Zerbitzuak antolatu dute; 2021eko abenduaren 11, larunbatean, 14:00etatik 20:00etara, eta 2021eko abenduaren 12, igandean, 10:00etatik 19:00etara eginen da.

GAZTELU aretoan kokatuko da eta honela banatuko da:

  • 23 kokaleku barnean,
  • 10 kokaleku kanpoan, banakako olanezko aterpetan.

Kokalekuen kopurua ekitaldia eginen denean indarrean izanen den osasun neurrien arabera egokituko da.

Hautagaientzako deialdi bat emanen da abian, profesionalak irizpide bereziekin hautatzeko. Eranskinean datorren hautagaitza dosierran datoz zehazturik, besteak beste, Herriak salgaien kalitatean ezartzen dituen betebeharrak (etika eta ingurumenaren zaintza). Lantalde batek dosierrak aztertu eta hautatuko ditu arituko diren erakusketariak.

Hautatua den hautagai bakoitzari leku bat emanen zaio, jabari publikoa urririk erabil dezan.

Parte hartzeko araudia eranskinean dator eta merkatuaren funtzionatzeko manerak zehaztuko ditu, bai eta segurtasun eta osasun neurriak ere.

Halako ekitaldiak arautu behar direnez eta auzapezari dagokionez, kudeatzaile den bezainbatean, jabari publikoa erabiltzeko baimena ematea edo ez ematea, honako hau proposatu zaio herri kontseiluari:

  • ONAR DITZALA Eguberritako merkatua GAZTELU aretoan 2021eko abenduaren 11 eta 12an antolatu eta egiteko moldeak, eranskineko parte hartze araudiak zehaztu bezala;
  • ONAR DEZALA jabari publikoa erabiltzeko proposatu tarifa;
  • BAIMENA EMAN DIEZAIOLA auzapezari erakusketarien hautagai deialdia egin dezan eta gero erabiltze kontratuak sina ditzan batzorde hautesleak hautatu hautagaiekin.

AHO BATEZ ONETSIA-

TXOSTENGILEA: Chantal KEHRIG COTTENÇON and.

148.2021 – EUSKAL HERRIAN TROTINETAK ALOKATZEKO ZERBITZUEN KOKAPENEI MUGAK EZARTZEKO GUTUNA ONARTZEA

KEHRIG COTTENÇON andreak: Euskal Herri-Aturri Mugikortasunen Sindikatuak ikusi du, azken hilotan, Euskal Kostaldeko eta Landen Hegoaldeko Herriko Etxe anitzengana jo dutela trotineta elektrikoen zerbitzu libreko operadoreek. Mikromugikortasunaren gailuak dira horiek, hiri handietako erdiguneetan, baina Norbanakoen Mugitzeko Motordun Gailu horiek leku publikoetan zerbitzu librean emateak erabilera arazo anitz sortzen ohi du, bereziki lekuen erabiltzeari dagokionean.

Gauzak horrela eta leku publikoak zerbitzu libreko trotineten aparkatzeekin ez trabatzeko, Mugikortasunen Sindikatuaren hautetsiek gutun bat bozkatu zuten, 2020ko otsailean, kostaldeko herriei operadore horiei leku publikoa erabiltzeko baimena ez emateko arrapostu bateratua eman diezaieten. Herri guztien artean partekatu engaiamendu horri jarraikiz, operadore horiei jakinarazi ahalko zaie lurraldeak ez duela, oraingoz, halako mugikortasuna nahi.

Zehaztu beharra dago gutun horrek lurraldean diren mugikortasun zerbitzuak kontrolatu nahi dituela soilik eta ez duela bide kodea betetzen duten trotineten zirkulazioa eragozten.

Deliberamendu honen gutun hori txostenari erantsirik duzue, noski, eta, hartara, ikusi ahalko zenuten zergatik jo duen Mugikortasunen Sindikatuak halako erabilerak mugatzeari. Aipatu kontrol gutun hori onar dezazuen proposatzen dizuet eta auzapez jaunari haren sinatzeko baimena eman diezaiozuen.

AHO BATEZ ONETSIA-

149.2021 – TXINGUDI BADIAN EGITEKO DIREN DRAGATZE LANEI BURUZKO PROIEKTU ADIERAZPENA ONARTZEA

KEHRIG COTTENÇON andreak: Hendaiako herriarentzat oro garrantzi handikoa den dosier batera gatoz berriz ere: Txingudi badiaren dragatze lanak.

Ingurumenaren Kodearen L126-1 artikuluaren arabera, lanen, antolakuntzen edo obren proiektu publiko batentzat galdeketa publikoa egin denean, titulu honen III. kapituluak dioena betez, proiektuaren ardura duen lurralde kolektibitatearen organo erabakitzaileak, proiektu adierazpen baten bidez, proiektatua izan den eragiketaren interes orokorrari buruzko iritzia ematen du.

Txingudi badiaren dragaketa lanen proiektuak bi obralari batera ditu, alde batetik, portu eremuaren agintari emakida emailea, eta bestetik, Hendaiako Herria, emakidaduna, eta proiektu horri buruz galdeketa publikoa egin da 2021eko apirilaren lehenetik 30era bitartean.

Gogora dezagun ezen Txingudi badiaren lohiz betetze gero eta handiagoren aitzinean, ikusirik arriskuan jartzen dituela, alde batetik sektoreko ekonomia jardunak (laket portua, nabigazioa, ur jarduerak, …) eta beste aldetik, baita natura ondarea ere (bertan egonaldia egin dezaketen hegaztien aniztasunarengatik sailkatuak izan diren zonak), portu eremuaren agintari emakida emailea den Pirinio Atlantikoetako Departamenduak eta Hendaiako Herriak, emakidadunak, dragaketa proiektu berri baten gauzatzea aztertu dute.

Hainbat urtez gogoetatzen aritu ondoren, azterketek zaintza dragaketa plan bat asmatzera heldu dira, 10 urtez, 2022-2031 urteetan, eginen dena. Egitarau horrek honako hauek dakartza:

  • Orotara 320 000 m3dragatzea:
  • Sartzeko ubidean (2 eragiketa, bakoitzak 90 000 m3),
  • Laket portuan (2 eragiketa, bakoitzak 35 000 m3),
  • «Florida kaia» deitu arrantza kaian (2 eragiketa, bakoitzak 35 000 m3).
  • Portutik eta Florida kaitik atera materialak itsas zabalean hondoratzea,
  • Hendaiako Hondarraitz hondartza sartze ubidetik atera hondarrez birkargatzea.

Ubidean (A zona), hondarra draga hurrupatzaile geldi batek aterako du eta, hasieran ur gainean eta gero lur gainean doan hodi batez eramanen da (Zokoburuko diga gaindi eta hodia hondartza gaineko bidean edo dunaren oinetan emanez) dekantazio asketara, horietatik, gero, itsas beherean, iraulkien bidez, Hondarraitz hondartzaren erdialdean zabalduko da. Jalkinaren ateratze teknikaren errendimenduaren arabera (Draga hurrupatzaile geldia), gibeleratze baldintzen arabera, eta astean 5 egunez eta egunean 10 orenez egin lanen arabera, A zonatik 90 000m3  dragatzeko 15 bat aste beharko dira lanean (hau da, 3,5 hilabete).

Laket portuan (B zona) eta Florida kaiaren aitzinean (C zona), dragaketa pontoi gaineko pala batez eginen da eta motordun xalant txikietan kargatuko dira materialak haiek itsasora eraman ditzaten. Jalkinaren ateratze teknikaren errendimenduaren arabera (ontzi harrapatzailea), jakinen murgiltze baldintzen arabera (xalantaren joan-jina itsas zabaleko murgiltze lekuraino, nabigazio baldintzak) eta lanak astegun guztietan eta eguneko oren orotan eginen direla kontuan hartuz, B edo C zonetatik 35 000 m3 dragatzeko 6 edo zazpi aste beharko dira lanean (hau da, 1,5 hilabete).

Eragiketa horren interes orokorra handizki baieztatzeko, dokumentu hau galdeketaren arduradun nagusiak egin txostena eta ezarri dituen ondorioak kontuan hartuz egin den obralaritza bateratuaren proiektu arrazoituaren adierazpena da.

Halatan, bada, Txingudi badiaren dragatze lanen proiektu adierazpena onar dezazuela proposatzen dizuet.

AHO BATEZ ONETSIA-

150.2021 – HENDAIAKO HERRIAREN ETA EHEREN ARTEKO HITZARMENA ERABILERA ALDAKETEN BIDERATZAILE DEN ELKARGO HIRIGINTZA ZERBITZU BATERATURA LOTZEKO

KEHRIG COTTENÇON andreak: Euskal Hirigune Elkargoa bereziki erakargarri denez, hala demografiari dagokionean nola ekonomiari dagokionean, egoera gogorrean da bizitegiei dagokienean. Kostaldean eta kostalde ondoan, tokiko familiak, bereziki diru maila apaleko familiak, bizitegia atzemateko zailtasun handitan dira.

Bigarren bizitegien eta iraupen laburreko alokairuak eskaintzen dituzten internet bidezko iragarkien hedapenak areagotzen dute urte osorako eskuragarri diren bizitegien eskasia.

Euskal Hirigune Elkargoak du bizilekuen gaiaren gaineko eskumena eta auzoen gizarte mistotasuna zaindu behar du, bai eta bereizkeria sozio-espazialaren fenomenoaren aurka borrokatu eta bizilekuen garapen orekaturako bidea eman ere, ororentzako eta nonahi eskuragarri diren bizitegien mota anitzeko eskaintza eginez.

Beste aldetik, erabiltzaileentzako zerbitzuen eskaintza egituratzeko eta ekonomia garatzeko elkargoak abian eman duen prozesuan, eskura liratekeen hurbileko bizitegien eskasiak ez du lurraldearen garapen harmoniatsua eragotzi behar.

Turismoaren sektorean ostatatze beharra bada ere, horretarako eskaintza ezin da egin zerbitzuetatik eta lanpostuetatik hurbilen bizilekua bilatzen duten familien bizitegien kaltetan, ez eta turismorako ostatatzaile profesionalen kaltetan ere, haiek ere Euskal Herriaren ekonomiarako eragile garrantzitsuak baitira.

Horregatik, bada, 2019ko irailaren 28an, Euskal Hirigune Elkargoak, ALUR Legea aplikatu eta, araudi bat eman zuen bizilekuen erabilera aldatu eta bertan bizileku hartu ez baina aldi laburretarako pasaeran diren bezeroei behin eta berriz alokatzeko baimenak emateko baldintzak eta irizpideak finkatzeko. Araudi hori zergen kode nagusiaren 232. artikuluak zona arazotsu izendatzeko ematen dituen irizpideen arabera arazotsu den zonako 24 herrietan ezarri da (hau da, Ahetze, Angelu, Arbona, Arrangoitze, Azkaine, Basusarri, Baiona, Biarritz, Bidarte, Biriatu, Bokale, Ziburu, Getaria, Hendaia, Jatsu, Lehuntze, Larresoro, Mugerre, Donibane Lohizune, Hiriberri, Urketa, Urruña, Uztaritze eta Milafranga).

Lurren eskubideari buruzko baimenetan bezala, erabilera aldaketarako baimena eraikina kokaturik den herriaren auzapezak du ematen.

Halatan, bada, Euskal Hirigune Elkargoak daraman Lurren Eskubidearen bideratze zerbitzu bateratuari jarraikiz, adostu da erabilera aldaketen aldi baterako baimenaren eskariak bideratzeko zerbitzu bateratu bat plantan ematea, hala nahi duten herrientzat (zelula bat sortzea zerbitzu bateratuaren barnean).

Zerbitzu hori 2018ko urtarrilaren lehenaz geroztik ari da lanean. Hartara, Herriko Etxean aurkezten diren lurraren erabilerari buruzko baimen eta egintza guztiak zerbitzu horrek bideratzen ditu.

Lurralde Kolektibitateen Kode Nagusiaren L 5211-4-2 artikuluari jarraikiz, Hendaiako Herriak, bere herri kontseiluaren gaurko deliberamendu batez, erabaki du herriko bizilekuen erabilera aldi laburretarako alokairu mublatuetara aldatzeko baimenen bideratzea Euskal Hirigune Elkargoaren bideratze zerbitzu bateratuaren esku uztea.

Gaur aurkeztu eta dokumentu erantsian datorren hitzarmenak zehazten du nola antolatzen den Hendaia Herria erabilera aldaketarako baimenak bideratzeko Lurren Eskubidearen bideratzeko zerbitzu bateratura lotzea.

Zerbitzuaren tarifen moldeak Elkargo Kontseiluak ezarri zituen 2021/07/24ko deliberamendu batez.

KONTUAN HARTUZ Euskal Hirigune Elkargoaren Batzorde Eragileak 2019ko urriaren 22an erabilera aldaketen bideratzeko elkargoaren zerbitzura lotzeko diren diruzko moldeak zehazteko hartu erabakiak;

KONTUAN HARTUZ erabilera aldaketen bideratze zereginak, herriaren hirigintza baimenen bideratzeko zerbitzuari jarraikiz, Euskal Hirigune Elkargoaren zerbitzuen esku uztearen interesa;

Herri kontseiluak, orain artekoa aditu eta eztabaidatu ondoren:

BAIMENA EMAN DIO auzapez jaunari, EHErekin sina dezan erabilera aldaketak bideratzeko Elkargoaren Hirigintza Zerbitzu Bateratura lotzearen ondorioak arautzen dituen hitzarmena.

AHO BATEZ ONETSIA-

151.2021 – HERRIAREN PARTE HARTZEA EUSKAL ERLAITZEKO MUGIKORTASUNEN AZTERKETARAKO

KEHRIG COTTENÇON andreak: Euskal Erlaitza, Euskal Kostaldearen bazter enblematikoa, eskualdeak dituen turismorako leku erakargarrietako bat da, bereziki uda sasoian. Departamenduaren RD912 errepidea eta itsas hegiko xendra doaz ezpondari paralelo haren luzera osoan.

Uda garaia mugikortasunerako garai nagusia da, trafikoa azkarki areagotzen delarik, batez ere  RD 912 errepidean (9000 ibilgailu eguneko neguan eta 15 000 udan).

Kosta lerroaren gibelatzea aurreikusia du BRGM nazio mailako geologia zerbitzuak, euskal kostaldearen itsas arriskuen kudeatzeko tokiko estrategiaren (SLGRL) harira; azterketa horiek erakusten dute RD 912 errepidearen oraingo bidearen hainbat tokitan eraginen duela kosta lerroaren gibelatze horrek hemendik 2043 urte bitartean eta horrek errepidearen zati batzuk edo errepide osoa hestera eramanen duela.

RD 912 errepidearen zati batzuk arrisku handian edota oso-oso handian direla ikusi da eta orain dela oso gutxi zati horiek baieztatu zituen eta zehaztu Estatuaren eskariz CEREMA azterketa zentroak egin azterketak. Estatuak udarako hetsiarazi zuen RD 912 errepidearen eta ezpondaren artean doan itsas hegiko xendra eta hetsialdi hori urriaren 31 arte luzatu da, oraingoz. Lehengo azterketek seinalatu kezkak eta jokagaiak egun-egungoak ditugu eta zerbait egitera behartzen gaituzte.

Lehenago edo berantago gertatuko dela aurreikusi den kosta lerroaren gibelatzeak RD 912 errepidearen zirkulazioan ukanen duen eragin horrek Hego Lapurdiko itsas ertze osoko mugikortasunen antolakuntzan eraginen duenez, SMPBA sindikatu mistoak Hego Lapurdiko itsas ertzaren mugikortasun orokorra aztertu nahi du.

Azterketa horrek mugitze molde guztiak aztertuko ditu, 2020-2030eko Mugikortasunen Planaren helburuei jarraikiz.

Asmoa Hego Lapurdiko kostalderako mugikortasun onargarri eta iraunkor baten egoera zehazteko bidean jarriko gaituzten elementu teknikoak ekartzea da, hainbat aterabide aztertuz eta kostaldearen higadura kontuan hartuz.

Azterketa horretarako aurreikusten den kostua 200 000 € ZG da eta honako plan hau aurreikusten da: % 20 Mugikortasunen Sindikatuaren kargura, % 25 Estatuaren kargura, % 20 64 Departamenduaren kargura, % 20 Euskal Hirigune Elkargoaren kargura, eta gainerako % 15a Hendaia, Urruña, Ziburu eta Donibane Lohizune hirien kargura (bakoitzari % 3,75).

Honako hau proposatzen zaizue:

  • Onar dezazuela herriaren parte hartzea Hego Lapurdiko itsas hegiko mugikortasun azterketan, aurreikusia den 200 000 € ZG kostu orokorraren % 3,75 ordainduz,
  • Gastua aurrekontu nagusian sartuko dugu, 20415-821 ezarpenean.

 AHO BATEZ ONETSIA-

152.2021 – DIRUZAINTZA IZAN ZENAREN BERRITZE ETA BERRANTOLATZE PROIEKTUA – AITZINPROIEKTU ZEHATZA

KEHRIG COTTENÇON andreak: 2020ko otsailaren 24ko erabaki batez, obralaritza merkatu bat sinatu genuen egoitza Gaztelu Zaharreko karrikaren 8an, 64700 HENDAIAn duen PHILIPPE BIENABE ARCHITECTE agentziarekin, HENDAIAko Errepublika plazan den eta lehen gure diruzaintzaren egoitza zen lokalaren berritze eta berrantolatzeko.

PHILIPPE BIENABE ARCHITECTE agentziak egin duen aitzinproiektu zehatzak (APZ-APD) aldaturiko egitarauaren elementuak hartu eta lehen emaniko eta areto honetan jadanik aipaturiko aitzinproiektu laburraren (APL-APS) zerbitzuak sartzen ditu.

Egutegiaren arabera, lanak 2022ko lehen hiruhilekoan dira hastekoak.

Lanetarako aurreikusi diru kopurua 515 500 eurokoa da, zerga gabe.

Hartara, honako hauek proposatzen dizkizuet:

  • Onar dezazuela lehen diruzaintza izan zen lokalaren berritu eta berrantolatzeko aitzinproiektu zehatza (APZ-APD),
  • Auzapez jaunari baimena eman diezaiozuela eraikitze baimena eta hari loturiko dokumentu guztiak aurkez ditzan,
  • Auzapez jaunari baimena eman diezaiozuela enpresen deialdia prozedura egokituaren bidez abian eman eta lanen merkatuak eta haiei lotu dokumentu oro sina ditzan,
  • Departamenduari, Eskualdeari eta Estatuari diru laguntza ahal bezain handiak eska diezazkizuela.

AHO BATEZ ONETSIA-

153.2021 – BIDE LANAK – ESKAERA-ORRI BIDEZKO HITZARMEN ZEDARRI-EMAILEA – 1. GEHIGARRIA

KEHRIG COTTENÇON andreak: V20-006 zenbakidun oinarri hitzarmena 2020ko otsailaren 7an jakinarazi zitzaion Eurovia enpresari, honako kopuru hauekin:

  • aldia: 2020/2022 gehienezko kopurua: 1 500 000 € ZG,
  • aldia: 2022/2024 gehienezko kopurua: 1 500 000 € ZG.

2021eko irailaren 30ean, jadanik agindurik ziren eragiketak eta eskura ziren kredituak kontuan hartuz, ikusi da lehenengo aldirako kopurua gorago behar dela izan, aipatu merkatua 2022ko otsailaren 7ra gehigarri baten bidez bideratu artean.

Gehigarri horrek ez du eskari publikoen kodearen R.2194-7 artikuluak dioen “funtsezko aldaketa” ekarri behar. Gogora dezagun, beraz, ezen oinarri hitzarmen batean erosleak gehienezko kopuru bat ezartzen duenean, kopuru horrek mugatzen duela eskaera orri bidez titularraren kargura ezarri litezkeen gehienezko obligazioen maila.

Atalase hori da eroslearen eta titularraren arteko kontratu harremanaren zutabeetako bat eta haiek oinarri hitzarmenaren zabala oinarri horretan balioetsi dute. Gehienezko kopuru hori ezin du erosleak bere aldetik emendatu eta titularraren printzipiozko adostasuna 2021/10/04an ukan zuen.

“Bide lanak – Eskera orri bidezko oinarri hitzarmena” merkaturako proposatzen dizuet lehen gehigarri bat onar dezazuela, egin beharreko lanen gehienezko kopurua % 15ean emendatzeko (225 000 € ZG gehienez) lehen aldirako (2022/02/07 arte); halatan, gehienezko kopurua 1 725 000 € ZG izateraino helduko litzateke 2020/2022 aldian.

Auzapez jaunari egin beharreko gehigarria sinatzeko baimena eman diezaiozuen proposatzen dizuet.

AHO BATEZ ONETSIA-

154.2021 – OBRALARITZA PARTEKATURAKO HITZARMENA ORIO KARRIKAREN ETA RD 358 ERREPIDEAREN ARTEKO BIDEGURUTZEAN BIRIBILGUNE BAT ANTOLATZEKO LANAK EGITEKO

KEHRIG COTTENÇON andreak: Herriak biribilgune bat antolatzeko lanak egin ditu Orio karrikaren eta RD 358 errepidearen arteko bidegurutzean. Lan horiek espaloien, bidebazterren eta karrika arroilen egitea, bai eta euri uraren saneamendu lanak ere, ekarri dituzte.

Departamenduak lan horien diruztatzen parte hartu nahi ukan du.

Halatan, bada, Herriak eta Departamenduak obralaritza partekatua sortzea erabaki zuten eragiketa horretarako, obralaritza beste obralari bati emateko aukera ematen duen Eskari Publikoen Kodearen L 2422-12 artikulua baliatuz,

Honako hau adostu dute:

  • Hendaiako Herriko Etxea eragiketaren obralari izendatzea,
  • Deliberamendu honi atxikirik doan obralaritza partekaturako hitzarmena sinatzea.

Departamenduak eman duen laguntzaren kopurua 135 000.00 ZG da, eta Herriak eragiketan eman duen partea, berriz, 160 833.33 € ZG.

AHO BATEZ ONETSIA–

Gai zerrenda bururatua zelarik, auzapez jaunak biltzarrari eskerrak eman eta bilkura amaitutzat eman du 20:30ean.

HENDAIAN, 2021eko urriaren 15ean

Auzapeza,

Euskal Hirigune Elkargoaren lehendakariordea,

Kotte ECENARRO