2023ko otsailaren 22an, asteazkenean, 18:30ean egin herri kontseiluaren bilduma

PDF

Erref. KE.IG – 034.2023

Bi mila eta hogeita hirugarren urtean, otsailaren 22an, asteazkenarekin, bildu da, 18:30ean, Herri Biltzarra, Kotte Ecenarro auzapezaren lehendakaritzapean.

BERTARATUAK: ECENARRO j. (auzapeza), – KEHRIG COTTENÇON and., BUTORI and., MOUNIOS-ADURRIAGA and., ARRUABARRENA j., CAMACHO-SATHICQ and., GRABIÈRES j. (Auzapezordeak), BERNARD j., AIZPURU and., TARIOL j., BEAUFORT and., CEZA and., JEHAN j., HARAMBOURE and., EIZAGUIRRE j., ROMAN and., MANTEROLA j., LEGARDINIER and., NAVARRON and., COTINAT and., SALLABERRY j., DESTRUHAUT j., BARRERO and.,  ESTOMBA and. (015.2023 zk. deliberamenduan), BALANZATEGUI j., HIRIBARREN and.

AHALORDEAK: TRANCHE jaunak ECENARRO jaunari, IRAZUSTA jaunak MOUNIOS-ADURRIAGA andreari, PELEGRIN-ARAMENDY jaunak HARAMBOURE andreari, LABEAU andreak CAMACHO-SATHICQ andreari, ARZELUS-ARAMENDI jaunak NAVARRON andreari, ESTOMBA andreak BARRERO andreari (016.2023 deliberamendutik goiti), POUYFAUCON jaunak BALANZATEGUI jaunari

EZ DA IZAN: MARTIARENA-GARAT jauna

BILKURA IDAZKARIA: Céline COTINAT and.,

Deialdiaren eguna: 2023ko otsailaren 15a.

Biltzarraren quoruma bete dela baieztatu ondoren, auzapez jaunak hasiera eman dio bilkurari.

I – 2023ko urtarrilaren 25eko HERRI KONTSEILUAREN BILKURAREN AKTA ONARTZEA

Auzapez jaunak, 2023ko urtarrilaren 25eko bilkuraren bilduma COTINAT andreari, bilkura idazkari den bezainbatean, irakur dezan galdegin dio.

AHO BATEZ ONETSIA –

Gero, gai zerrendari ekin diote:

II – DELIBERAMENDUAK

TXOSTENGILEA: Kotte ECENARRO j. auzapeza

015.2023 – HERRI KONTSEILUAK EMAN ORDEZKARITZAZ AUZAPEZAK HARTU ERABAKIAK

AUZAPEZ JAUNAK: ohiko deliberamendu hau auzapezak Herri Kontseiluak eman ordezkaritzaz hartu dituen erabakietaz da.

Herri Kontseilua jakinaren gainean da. Ez da bozkatzen.

016.2023 – 2023KO AURREKONTUA – AURREKONTU ORIENTABIDEAK

AUZAPEZ JAUNAK: 2023ko aurrekontuari eta aurrekontu orientabideei dagokienean, hasteko, gogora ekarri nahi dizuet ezen, 2020an hautetsiak izan ginenez, 2023an agintaldiaren erdira heltzen garela. Ohiko hautes zikloan, ongi dakigu une horretan marrazten direla agintaldiaren bigarren zatia egituratuko duten proiektuak.

Lelo sinple batekin izan gara hautetsiak: herri bizi eta elkartasunezkoa, bost ardatzen inguruan.

Eskakizun horren lehen ardatza gure erabaki guztietan garapen iraunkorra zeharka sartzea dugu. Halatan, bada, gure talde proiektuaren gai bakoitzean nabarmen aitzinatu dugu.

  • Oinezkoen sarea eta mugigarritasuna: Kanetako zaldaina, hain gaitzetsia izan dena, hain onartua da orain ezen betidanik hor dugula baitirudigu. Bergauza gertatzen da Hondarraitz aldean egin ditugun lanekin, 30 zonen sortzearekin, hala Hondarraitzen nola Intzuran.
  • Banabide laburrak baliatzea. Eskola eta aisialdi jantokietarako apairuen prestatzailea aldatu dugu. Oraingoa gure herritik hurbilago da eta bio eta tokiko produktuak baliatuko ditu. Sukalde zentral baten aukera aztertzera goaz.
  • Eraikinen berriztapen termikoa. 2023ko aurrekonturako, diru kopuru handiak ukanen dituzue mediatekarako eta gimnasioetarako.
  • Portuari dagokionean, administrazio lanetako fase bereziki astun baten ondoren, baimen guztiak eta diruztapen nagusietarako adostasunak ere eskuratu ditugu.
  • Familia baratzeetarako sailak hedatzea. PEERSMAN ondarea onartu dugu, Partxetegiko berdegunea erosi dugu, bai eta Nere Txokoa etxea eta alboko lurrak. Hori guztia hiri «baratzegintzako» proiektu baterako, zeinaren adibide enblematikoena Legarralde dosierra, bere 11 hektareekin, baita.

Bigarren ardatz nagusia, elkartasuna eta parte hartze bidezko demokrazia.

Hutsik gabeko sostengua ematen diegu karitate elkarteei eta Elkartasun Batzordearen kideek zaintzen dute hori ongi. Secours Populaire (Herri Sokorria) deitu elkartea, 80 K€ko lehentasunez erosteko eskubide baten ondorioz, Intzura auzoan kokatu berri dugu. Atherbea elkartearekin ari gara lanean aterpegabekoen hartzeko.

Zerbitzu publikoak areagotu ditugu. EALK-CPAM, FLK-CAF, Nazio Polizia eta Udaltzaingoa kokatuko dira hemendik zenbait astetara lehengo Herriko Etxean. Portuan Itsas Aduanak kokatu ditugu.

Osasunari dagokionean, sarean egiten dugun lana emankorra da, hala mediku liberalekin nola Itsas Ospitalearekin edota Concha Berri artamendu egoitzarekin, eta atsegin izan zaigu ikustea SOS Medikuak elkartea kokatu dela eta espezialistak Hendaiara itzuli direla. COVID pandemiak erakutsi digu zein garrantzitsua den hurbileko medikuntza. Lanean darraigu erabakitasun handiz.

Parte hartze bidezko aurrekontua gauzatzen ari da jadanik eta urte osoan zehar ari dira hendaiarrek proposatu proiektuak Hendaian, banan-banan, sortzen: marea ontziak, emaitzentzako etxola, zuhaitz jangarriak…

Horrez gain, herritarrei adi gara erregularki: Herri barnea, Dongoxenea, etxeko hondakinak borondatez eramateko guneetarako galdeketa, igerilekuari buruzko informazio partekatua heldu den martxoaren lehenean…

Lehen bizitegia faboratzera eta bizitegi lagunduak diruztatzen parte hartzera engaiatu gara.

Erran genuen bezala, bizitegi lagunduen partea % 60raino igo da THPean, Bizitegiak Hobetzeko Eragiketa Programatu bat (BHEP-OPAH) eginen da herrian; elkartasunezko egiazko alokantza eragiketak sostengatzen ditugu; gure asmoak eta gure lan esparrua zedarritzen dituen gizarte mistotasunerako kontratu bat sinatu dugu Estatuarekin.

Herria edertu eta nortasuna atxikitzea genuen hirugarren ardatza.

Biharko Hiri Txikien (Petites Villes de Demain) programan Hendaia sartu izanak ematen ditu herri barnearen dimentsio guztiak hartzen dituen ikuspen osorako oinarriak: leku publikoak, bizitegiak, bilbe berdea eta urdina, merkataritza, animazioa eta kultura. Egiazko herri proiektua da gure lanen esparrua.

Gaztelu aretoaren ondoren, bihar igerilekua, Hostailbidea, Errepublika plaza, herriko etxea eta eliza, lan guztien xedea herri barnearen erakargarritasuna areagotzea da, hendaiarrak egunetik egunera gero eta gehiago «berreskuratzen» ari direlarik.

Partekaturiko lekuen gaia dugu korapilatsuena oinezkoa, zeren ibilgailua, talde garraioa, txirrinda edota haur karrosa elkarrekin izateko pentsatu ez den eta mugigarritasun urrikoentzat gutxi egokiturik den herri batean baikara. Orori egokituriko herri barneratzailea nahi dugu.

Baina barneratzaile izatea gure euskal nortasunaren alde aritzea da ere eta nortasun hori partekatzera ematea. Anitz dira euskararen gaineko ekintzak eta egun ez da, Iparralde osoan, euskararen alde horrenbeste egiten duen beste herririk, hala kultura egitarauetan nola animazioetan edota heziketan edo jende harreran. Ahalegin nabarmenak egin ditugu eta gure herri kontseiluaren Euskara Lantaldearen lanak eskertu nahi ditut.

Hendaian musika gune bat sortzeko lanetan aitzin goaz ere. Oso harreman onak ditugu kontserbatorioarekin eta, Elkargoaren ekimenez, Inbestimenduetarako Hainbat Urtetarako Planean eragiketa garrantzitsu hori sartu dugu.

Elkarrekin eraiki hobe bizitzeko, gure laugarren engaiamendua.

Etengabeko sostengua eskaintzen diegu elkarteei. Auzo guztietan aritzen gara, iragan agintaldian eginikoen jarraipena eginez, herritarren hitzorduek jendeen kezketara ahal beste hurbiltzeko aukera ematen digute. Dongoxenean irekiko dugun belaunaldiarteko lekua, Oriokoaren, Irandatzekoaren eta Lizardikoaren ondoren, izanen da hurbileko hornikuntzen gure bilbearen azken osagaia. Asmo berarekin ezarri ditugu Gazteria eta Numerikoaren Zerbitzua eta Orioko etxez etxeko laguntzaren zerbitzua.

Elkarrekin bizitzea segurtasunean bizitzea da. Gure herrian neurri berdineko beste herritan baino delitu gutxiago badugu ere, baditugu, halere, halakoak kudeatu beharra.

Udaltzaingo zerbitzu batean inbestitu dugu, prebentzioa eta hurbileko lana egin dezan. Segurtasun publikorako Estatuaren indarrekin oso harreman ona dugu eta bi zerbitzuak leku berean kokatu ditugunez, harreman hori are eta hobea izateko aukera ematen diegu. Aldi berean, Segurtasunerako eta Gaizkintzaren Prebentziorako gure Tokiko Batzordea lan handitan ari da, bereizkerien eta senidearteko indarkerien aurka ohartarazten.

Tokiko jarduna eta enplegua bultzatzea genuen bosgarren engaiamendua.

Gure ekonomia partaideak eta enplegatzaile nagusiak hautetsiekin harreman zuzenean dira. Pozgarri zaizkigu Itsas Ospitalean egiteko diren inbestimenduak, bai eta EPTAren eta SOKOAren sendoa ere, hala nola TRIBORDen garapenak eta Talasoan egiteko diren inbestimendu handiak ere. Guk laguntzen ditugu dituzten beharretarako arrapostu onenak eskaintzeko.

Portuaren etorkizunaz arduratzen gara ere. Orain talde tekniko azkar batekin arituko gara, Departamenduarekin eta portuaren partaideekin batera, ekonomia urdinera bete-betean joko duen plan estrategiko bat eraikitzen.

Ezin guztia xeheki azaldu, hautetsi jarduna hain baita ugaria. Zuen engaiamendua eskertu nahi dut orain, hala gehiengoaren nola gutxiengoaren aldetik, bai batzordeetan bai eta lantaldeetan ere.

Ez dugu ez ideia ez asmo falta, ditugun baliabideak mugatuak direla ongi dakigun arren. Denbora kudeatu behar dugu, beraz. Ariketa zaila dugu hori, baina erran dudanetik ageri da hiru urteotan anitz egin dugula eta, laborantza irudi bat baliatuz, «uzta bildu aitzin, lehenik lurra landu eta gero erein behar da!».

Aurrekontu orientabide hauek gure talde lanaren erakusle dira.

Hautetsiei igorri diaporamaren aurkezpena eta aipuak, MANDEMENT jaunak eginik.

AHO BATEZ ONETSIA –

017.2023 – ELKARGO MAILAKO JARDUN EREMU BERRIEN GAINEKO FUNTS ZERGAREN EMAITZA PARTEKATZEA GAUZATZEA

AUZAPEZ JAUNAK: besterik gabe, deliberamendu honek ez gaitu ukitzen, baina Elkargoaren barnean garenez, gainerako 157 herri guztiek bezala behar dugu hartu.

Jardun eremu berriei dagokienean, jardun eremu horietako funtsen zergaren emaitza partekatuko da. Honako hauek behar ditugu egin:

  • Ekonomia jardunetarako eremu berrietako jabego eraikien gaineko funts zergaren herriaren emaitzaren % 50 ematea onartzea. Berriena erran dut, ez Hendaiarena, beraz.
  • Dagokion partekatze hitzarmenak dioena onartzea eta auzapez jaunari horren sinatzeko baimena ematea,
  • Auzapez jaunari baimena ematea deliberamendu hau gauzatzeko egin behar direnak egin ditzan.

Onartzen baduzue, Elkargoari igorriko diogun deliberamendua da.

AHO BATEZ ONETSIA –

AUZAPEZ JAUNAK: Honako deliberamendu hau KEHRIG COTTENÇON andreak aurkeztuko du, Richard ez baitigu geure artean.

TXOSTENGILEA: CHANTAL KEHRIG-COTTENÇON and.

018.2023 – LANPOSTU IRAUNKORREN TAULAREN 1. ALDAKETA

KEHRIG COTTENÇON andreak: Lanpostu iraunkorren taularen aldatzea dugu gaia.

Honako hau proposatzen zaizue hauteskide horiek:

  • B kategoriako eta lanaldi osoko zolen eskubideen bideratzaile lanpostu iraunkor bat sortzea,
  • B edo C kategoriako merkatu publikoen administrazio laguntzaile lanaldi osoko lanpostu iraunkor bat sortzea.

Lanpostu horiek eman zaizuen taulan zerrendatu lanpostuetako funtzionarioei zabalik dira.

Baimen berezi batez, lanpostu iraunkor horiek kontratu bidezko langile bat kontratatuz bete ahalko dira, Funtzio Publikoaren Kode Nagusiaren L 332-8 artikuluari jarraikiz, lanpostu iraunkorretarako kontratu bidezko langileak kontratatzeko aukera ematen baitu funtzioen izaerak edota zerbitzuaren beharrek justifikatzen badute eta funtzionariorik ezin izan bada kontratatu.

Lan kontratuak gehienez hiru urtetarako eginen dira eta sei urte arte luzatzen ahalko dira, hala aginduz gero. Sei urteko epe horren ondoren, kontratua luzatuko balitz, erabakia adieraziz egin beharko da eta mugagabeko epe baterako.

Kontratupeko langile bat kontratatuz gero, lanpostuak ukan ahalko du:

  • 385 eta 684 arteko indize gordineko lansaria.

Hala balitz, lansarian sartuko dira kolektibitateak aurreikusten dituen hobariak eta ordainsariak.

Hartara, honako hau proposatzen zaizue:

  • erabaki dezazuela 2023ko apirilaren lehenetik goiti sortzea lanaldi osoko lanpostu iraunkor horiek, eta lanpostu horiek funtzionario bat edo kontratupeko langile bat kontratatuz betetzen ahalko direla,
  • auzapezari baimena ematea dosier horri loturiko dokumentu guztiak sina ditzan eta kontratatzea egin dezan,
  • auzapezaren proposamen guztiak onar ditzazuela, horretarako diru aski urtealdiaren aurrekontuan aurreikusiak direla zehaztuz.

AHO BATEZ ONETSIA –

TXOSTENGILEA: Nicole BUTORI and.

019.2023 – ZERBITZU TEKNIKOEN ZUZENDARI NAGUSIAREN ORDEZKO LANPOSTU IRAUNKOR BAT SORTZEA (.zk)

BUTORI andreak: zerbitzu teknikoen zuzendari nagusiaren ordezko lanpostu iraunkor baten sortzea dugu hemen gaia.

Funtzio Publikoaren Kode Nagusiaren L 313-1 artikuluaren arabera, Kolektibitateen lanpostuak kolektibitatearen organo erabakitzaileak sortzen ditu. Halatan, bada, Herri Kontseiluari dagokio zerbitzuen funtzionamendurako behar diren lanpostuen kopurua finkatzea.

Auzapezak honako hau proposatu dio biltzarrari:

  • zerbitzu teknikoen zuzendari nagusiaren ordezko lanaldi osoko lanpostu bat sor dezala, 2023ko abuztuaren lehenetik goiti has dadin indarrean, Zerbitzu Teknikoen zuzendari nagusia lagundu eta zerbitzu tekniko guztiak koordinatu eta anima ditzan.

Lanpostu hori ingeniari edota arduradun lanpostuetako funtzionarioei da zabalik.

Baimen berezi batez, lanpostu iraunkor horiek kontratu bidezko langile bat kontratatuz bete ahalko dira, Funtzio Publikoaren Kode Nagusiaren L 332-8 artikuluari jarraikiz, lanpostu iraunkorretarako kontratu bidezko langileak kontratatzeko aukera ematen baitu funtzioen izaerak edota zerbitzuaren beharrek justifikatzen badute eta funtzionariorik ezin izan bada kontratatu mugigarritasunaren bidez edo lehiaketa irabazleen artean.

Lan kontratuak gehienez hiru urtetarako eginen dira eta sei urte arte luzatzen ahalko dira, hala aginduz gero. Sei urteko epe horren ondoren, kontratua luzatuko balitz, erabakia adieraziz egin beharko da eta mugagabeko epe baterako.

Kontratupeko langile bat kontratatuz gero, lanpostuak ukan ahalko du 665 eta 995 arteko indize gordineko lansaria.

Hala balitz, lansarian sartuko dira betetzen diren funtzioei dagozkien lanpostuetarako aurreikusiak diren hobariak eta ordainsariak.

Auzapezak eman dituen azalpen osagarriak entzun eta eztabaida egin ondoren,

Herri Kontseiluak:

  • erabaki du lanaldi osoko lanpostu iraunkor hori sortzea 2023ko abuztuaren lehenean has dadin indarrean, eta lanpostu hori  funtzionario bat edo kontratupeko langile bat kontratatuz betetzen ahalko dela,
  • baimena eman dio auzapezari dosier horri loturiko dokumentu oro sina dezan eta kontratua egin,
  • auzapezaren proposamen oro onartu du eta zehaztu du horretarako diru aski aurreikusiak direla urtealdiaren aurrekontuan,

AHO BATEZ ONETSIA –

TXOSTENGILEA: KEHRIG COTTENÇON and.

020.2023 – HERRIA – IMEP HENDAIA TURISMO ETA MERKATARITZA – HELBURU ETA BITARTEKOEN HITZARMENA 2023-2027

KEHRIG COTTENÇON andreak: Hendaia Turismo & Merkataritza IMEPari harrera, turismo sustapen eta merkataritzaren balioan emateko zereginetarako eman zitzaizkion eskumen eskuordetza 2022ko abenduaren 31n iraungi zen.

Ikusirik Herri Kontseiluaren osoko bilkuran In Extenso kabineteak, 2022ko otsailaren 14an eta 2022ko uztailaren 7an egin ziren 2023-2027 aldirako turismoaren eta merkataritzaren garapenerako estrategiaren aholkuen aurkezpenak;

Ikusirik estrategia hori onartu zuela Hendaia Turismo & Merkataritza IMEParen Zuzendaritza Batzordeak 2022ko irailaren 29an;

Komeni du Hendaia Turismo & Merkataritza IMEParen esku uztea, atxikirik doan hitzarmenaz, goian aipatu zereginak, beste 5 urteko aldi baterako, 2023ko urtarrilaren lehenetik goiti.

Deliberamendu hori bozka dezazuen eskatu aitzin, interesgarri deritzot zertxobait iraganaz mintzatzeari, baina batez ere etorkizunaz mintzatzeari. Hartara, hitzño batzuk besterik ez gogora ekartzeko Hendaia Turismo & Merkataritza IMEPa 20223ko abenduan sortu zela eta beti aritu dela artoski tokiko ekonomiaren garapenaren alde, bere zereginak azkartuz eskaintzen zitzaizkion diru baliabideak eta aukerak azkartzen ziren neurrian.

Halatan, bada, azken 2017-2022 marketin planaren hedapenak hainbat dosier gauzatzeko aukera eman dio:

  • Turismo profesionalen negozio kopurua merkataritza zerbitzuaren bidez handitzea,
  • 2018an, Herriak «Famille Plus» labela eskuratzea
  • Bere diru bereen bitartez, entsegu saltegiak kokatzeko lokal bat erostea,
  • Ekitaldiei dagokienean: Urri Arrosa eragiketaren animazioa, Eguberrietako erakustaldia, Hendaia Trail, udan euskal pilota ikasteko saioak, zientziaren besta, eta, ahanzten ari naizen beste hainbat eta hainbat,
  • Komunikazioari dagokionean: Frantziako nazio mailako eta Espainiako komunikabideetan emaitza anitz lortu dira, prentsarekiko harremanak garatzearen ondorioz. Urtean 1,5 milioi euroko ondorioak

Ekintza berri horien plantan ematea IMEParen autodiruztapenaren bidez eta diruzko zorroztasunari esker egin izan dira nagusiki, zeren zeregin berri horiek ia langile kopuru berdinarekin bereganatu baititu. Jakin ezazue Iparralde osoko turismo bulego nagusietatik Hendaiakoa dela herriaren dirulaguntza kontrolatuena duena. Egungo testuingurua ikusirik, aipatu beharra dagoela iruditzen zait.

Etorkizunari dagokionean, 2023-2027rako helburu eta bitartekoen hitzarmen berriak bermatu nahi dizkio IMEPari dituen asmoak betetzeko baliabideak, besteak beste, Hendaiaren historia eta ondareari buruzko leku eszenografiko baten sortzea. Hostailbideko merkataritza lokalaren erosketan bezala, IMEPak ahal bezain autonomo izan beharko du hornikuntza horren gauzatzeko eta horren funtzionamendu gastuak estaltzeko.

Horrez gain, proposatzen den erabakiak kontuan hartzen du egonaldi zergaren gutxitzea, heldu diren urteotan argi ikusiko dena, turismorako mublatuen gaineko araudi berriaren aplikazioaren ondorioz, 2023ko martxoaren lehenaz geroztik.

Hitzarmenean ez da Abadia gazteluaren Zerbitzu Publikoaren Eskuordetza aipatzen, Herria eta IMEPa Zientzia Akademiarekin lotzen dituen Zerbitzu Publikoaren Eskuordetzagatik. Halatan, bada, hornikuntza hori ez da eranskinean aurkezten zaizuen hitzarmen honetan aipatu behar.

IMEpak Abadia gunea ustiatzen du baina ez du horretarako Hendaiako Herriaren dirulaguntzarik jasotzen. Abadiaren kudeaketa Herriak IMEPari eman gainerako zereginetatik guztiz independente da.

Deliberamendu honen bitartez, honako hauek proposatzen zaizkizue:

  • Hendaia Turismo & Merkataritza IMEParen esku uztea, 5 urteko aldi baterako, turismo, merkataritza eta turismo hornikuntzen ustiatze zereginak;
  • Onar dezazuela, 2023ko urtarrilaren lehenetik goiti eta 5 urteko aldi baterako, Hendaia Turismo & Merkataritza IMEPa Hendaiako Herriko Etxearekin lotuko duen helburu eta bitartekoen hitzarmenaren edukia;
  • Baimena eman diezaiozuela auzapez jaunari hitzarmen hori egin eta sina dezan.

AHO BATEZ ONETSIA –

021.2023 – DIRULAGUNTZA ESKARIA FIPD DELAKOAREN HARIRA

KEHRIG COTTENÇON andreak: oraingoan ere, ene hauteskidearen ordez arituko naiz.

Hendaiako Herriak, 2018an, berriz ere abian eman zuen Segurtasunerako eta Gaizkintzaren Prebentziorako Tokiko Batzordea.

Segurtasunerako eta Gaizkintzaren Prebentziorako Tokiko Batzorde horren barnean, hainbat  lantaldek egin dituzte batzordeak dituen ardatzen gaineko proposamenak.

Urtero egin gogoetak proiektu bilakatzen dira eta proiektu horiek Estatuaren diruztapena jaso dezakete Gaizkintzaren eta Erradikalizatzearen Prebentziorako Ministerioarteko Funtsaren harira (FIPDR) edo Drogen eta mendekotasunezko Jokabideen Aurka Borrokatzeko Ministerioarteko Zereginaren proiektu deialdiaren harira (MILDECA).

Proiektu horietarako beste lurralde elkargo edota erakunde publikoei ere eginen zaizkie diruztapen eskariak.

Egun, proiektu anitz dira prestatze bidean senidearteko indarkerien aurkako borrokarako eta prebentziorako lantaldeekin edota mendekotasunezko jokabideen aurkako eta prebentziorako eta arriskuak murrizteko lantaldeekin, bai eta lasaitasun publikoaren aldeko eta bereizkerien aurkako borrokarako lantaldeekin elkarlanean, eta jaso litzazkete FIPDR edota MILDECA  delakoen diruztapena, bai eta 2023. urteko dirulaguntzak ere.

Halatan, bada, proposatzen zaizue auzapez jaunari baimena eman diezaiozuen proiektu horien diruztatzeko behar diren urraspideak egin ditzan,

KONTUAN HARTUZ Herriak gaizkintzaren prebentzioaren aldeko ekintzak eta proiektuak egin nahi dituela, herritarren segurtasuna areagotu nahiz,

KONTUAN HARTUZ zeregin horien egiteko Herriak diruzko laguntza eska diezaiokeela Estatuari Gaizkintzaren eta Erradikalizatzearen Prebentziorako Ministerioarteko Funtsaren harira (FIPDR), edota MILDECA delakoaren harira, edo Lurralde kolektibitateei eta erakunde publikoei ere, gehienez % 80an.

Halatan, bada, honako hauek proposatzen zaizkizue:

  • Ahal bezain dirulaguntza handienak eska ditzazuela FIDP edota MILDECA direlakoen harira, 2023. urterako,
  • Dirulaguntza eskariak egin diezazkiezuela, FIDPR edota MILDECA direlakoen harira, hala Estatuari nola lurralde elkargoei eta erakunde publikoei, 2023. urterako,
  • Baimena eman diezaiozuela auzapez jaunari dosier horietarako baliagarri diren dokumentu guztiak sina ditzan.

AHO BATEZ ONETSIA –

TXOSTENGILEA: Michelle MOUNIOS ADURRIAGA and.

022.2023 – «PYRENEES DE CIRQUE» (ZIRKO PIRINIOAK) HAUTAGAITZA DOSIERRA AURKEZTEA POCTEFA – FEDER FUNTSA PROIEKTU DEIALDIRAKO

MOUNIOS ADURRIAGA andereak: delibero honen helburua Europako zirku proiektu baten partaide bihurtzea da.

«Pyrénées de cirque» (Zirko Pirinioak) deitu proiektu hau mugazgaindiko partzuerrek zirkoaren inguruan elkarrekin egin 3 urterako (2024-2026) lankidetza proiektu bat da. Proiektu buruan dira La Grainerie deitu Zirko arteen eta ibiltaritzaren fabrika eta Okzitaniako Tolosan dagoen Kultura Ministerioaren Ekoizpenerako Europar Gunea.

POCTEFA proiektu deialdiaren xedea Eskualde Garapenerako Europar Funtsak (EGEF-FEDER) %65eko diruztapena eskuratzea da.

La Grainerie delakoak Akitania Berriaren partzuer nagusia izatea Hendaiako herriari proposatzen dio.

Horretarako, 200.000 €ko aurrekontua eman behar da 3 urtetarako. Aurrekontu horren % 65 EGEF-FEDER funtsak diruztatuko du (hau da, 130 000€ 3 urtetarako). Gainerako 70 000 €ak autodiruztatuak izanen dira eta autodiruztatze horretarako izan litezke beste diruztapen laguntzak ere. Proiektuaren kudeatzeko, jarraitzeko eta jardunetarako lan denbora (2023tik 2026ra) hartu beharko da ere.

Horra laburbilduz, proiektu honek ekarriko diona Hendaiako Herriari :

  • Interesa artistikoa noski
  • Kultura bitartekaritza gehiago
  • Klima aldaketei eta kultura jardunak aldatu beharrei buruzko gogoeta orokor batetan oinarritzen diren ekintzak
  • Mugazgaindiko interesa
  • Herriaren ikuspen handiagoa proiektu horren bidez
  • Zeharkako ondorio ekonomikoak herrian
  • Harremanak herriko tokiko eragileekin

Beraz, POCTEFAren proiektu deialdira hautagaitza aurkezteko, honako hau proposatzen dizuegu :

  • Poctefa-EGEF-FEDER Funtsa proiektu deialdirako “Pyrénées de cirque” (Zirko Pirinioak) hautagaitza dosierraren prestaketa eta gero aurkeztea onartzea, La Grainerie deiturikoa proiektu buru delarik
  • Horretarako diruak 2023rako prestaketa gastu gisa ezartzea (nagusiki mugigarritasun gastuak) eta, Hendaiako Herriaren hautagaitza onartua izan eta proiektua hautatua bada, gastuak eta diru sartzeak 2024, 2025 eta 2026 urteetan sartzea
  • Kultura Saileko lantaldeentzat, Finantza Zerbitzuaren sostenguarekin, proiektua prestatzeko eta mugigarritasunerako lan denbora eskaintzea
  • Auzapez jaunari hautagaitza POCTEFA delakoari aurkezteko behar diren dokumentu guztiak sinatzeko baimena ematea
  • Diruztatzaile izan litezkeen partaide orori dei egitea ahal beste dirulaguntza eskuratzeko, proiektua gauzatzea errazago izan dadin

AHO BATEZ ONARTUA –

TXOSTENGILEA: Jean Michel ARRUABARRENA j.

023.2023 – UDAL IGERILEKUA – ABONAMENDUAREN ZATI BATEN ITZULTZEA

ARRUABARRENA jaunak: gure igerilekuaren arazo teknikoak konpontzeko behin eta berriz hetsi behar ukan dugu igerilekua 2022ko irailaz geroztik.

Igerilekuaren erabiltzaileek urterako abonamendua ordaindu dute, 20 ikastarorekin, baina ezinen zaizkie guztiak eskaini.

Abonamendua duten 701 pertsonei ikastaro horietako batzuk galdu izanaren ordainez, honako hauek proposatu zaizkie:

  • 2022-2023 abonamendua udako oporraldiaren ondoren ere luzatzea igerilekua behin betiko hesten dugun arte; horrek irabaziaren 16 500 €ko murrizketa ekarriko digu,
  • Abonamenduaren 1/4 itzultzea honako jarduera hauetako erabiltzaileei:
    • Igeriketa eskola: heldu eta haurrak
    • Ur gimnastika
    • Ñini igerilariak

Itzultzea eskatu ahala eginen da. Gure zerbitzuek 13 500 €ko kopurua aurreikusten dute horretarako.

Auzapezari honako hauetarako baimena eman diezaion proposatzen zaio kontseiluari:

  • 2022-2023ko abonamendua igerilekua behin betiko hetsi arte luza dezan,
  • 2022-2023ko abonamendua dutenei abonamenduaren tarifaren laurdena itzul diezaien,
  • Horretarako dokumentu oro sina dezan.

AHO BATEZ ONETSIA –

024.2023 – PROIEKTU DEIALDIA BIDE SEGURTASUNAREN ALDE OHATARAZTEKO EKINTZAK SOSTENGATZEKO (PDASR) – 2023. URTEA

ARRUABARRENA jaunak: Bide Segurtasunerako Ekintzen Departamendu Planaren harira (PDASR), Pirinio Atlantikoetako Prefekturak urtero antolatzen du, Departamendu Kontseiluarekin elkarlanean, Departamenduaren jokagaiekin koherentzian diren bide segurtasunaren alde ohartarazteko ekintzak sostengatzeko helburua duen proiektu deialdi bat.

Udal zerbitzuek «bi gurpildunetan segur» proiektua proposatzen diete kolegioetako ikasleei.

Proiektu horren xedea motordun bi gurpildunetan berri diren gazteek jasaten dituzten bide istripuei aitzina hartzea da eta gazteak prebentzio ekintza batean sarraraztea.

Hendaiako bi kolegioetako (Irandatz eta San Bixente) 5., 4. eta 3. mailetako ikasleentzat eta eskualdeko Aizpurdi lanbide lizeoko ikasleentzat da. Proiektu osoa 600 bat gazteri proposatzen zaie.

Honako helburu hauek ditu:

  • Bide segurtasunaren eta araudiaren alde ohartaraztea,
  • Ziklomotor baten gidatzea ezagutzera eman eta hobe gidatzen laguntzea,
  • Besteen errespetua eta herritartasuna garatzea,
  • Bi gurpilduna zirkulazioan gidatzeak dituen berezko arriskuak ezagutzea.

Halatan, bada, Herri Kontseiluari proposatu zaio baimena eman diezaiola auzapez jaunari proiektu horren diruztatzeko behar diren urraspideei ekin diezaien,

KONTUAN HARTUZ Herriak bide segurtasunaren alde ohartarazteko ekintza eta proiektuak egin nahi dituela bere herritarren segurtasuna areagotu nahiz,

KONTUAN HARTUZ zeregin horien egiteko eska diezaiekeela diruzko laguntza hala Estatuari nola Departamenduari, PDASR delakoaren harira,

Halatan, bada, Kontseiluari eskatu zaio baimena eman diezaiola auzapez jaunari:

  • Ahal beste dirulaguntza eska dezan PDASR delakoaren proiektu deialdiaren harira, 2023. urterako,
  • Dirulaguntza eskariak aurkez diezazkien Estatuaren zerbitzuei, PDASR delakoaren proiektu deialdiaren harira, 2023. urterako,
  • Dosier horretarako baliagarri diren dokumentu guztiak sina ditzan.

AHO BATEZ ONETSIA –

TXOSTENGILEA: Itziar AIZPURU and.

025.2023 – SOZIOLINGUISTIKA KLUSTERRA – EZ OHIKO DIRULAGUNTZA

AIZPURU andereak: Urte guztiz, Soziolinguistika Klusterrak egun bateko jardunaldia antolatzen du, Eusko Jaurlaritzaren eta ekitaldia errezibitzen duen kolektibitatearen laguntzarekin. Topaketa horrek ehun bat parte hartzaile (ikerlariak, zientifikoak, kazetariak, euskaltzaleak, elkarteetako militanteak…) gai garrantzitsu baten inguruan. Topaketa irekia da, komunikabideen aldetik erantzun aski ona duena, baina batez ere lurraldeko hizkuntza eragileentzako erreferentzia dena.

2023an, Soziolinguistika Klusterrak bere 15. jardunaldia Hendaian antolatu nahi luke, herriaren kokapen geografiko zentrala eta martxoan, Hendaian Euskaraz-en baitan, euskarari ematen zaion ikusgarritasuna kontuan harturik. Plazara kooperatibak antolatzaileak lagunduko ditu ekitaldiaren antolakuntza osorako (logistika, programa, komunikazioa…).

Ekitaldia martxoaren 23an (osteguna), 9:00etatik 16:00etara iraganen da Gaztelu Aretoan, “Gazteak eta euskara” gaiaren inguruan. Soziolinguistika Klusterra eta Plazara engaiatzen dira ekitaldiaren antolaketa eta gastu guztiak beren gain hartzera. Halere, aitzineko urteetan bezala, Klusterrak partaidetza bat osatu nahi du ekitaldia errezibituko duen kolektibitatearekin, eta horren ondorioz, Hendaiako Herriko Etxeari ekitaldia diruz lagun dezan eskatu dio.

1280 euroko ez ohiko dirulaguntza bati esker, Klusterrak Gaztelu Aretoaren alokairu eta teknika gastuei aurre egiteko aukera ukanen luke. Gastu horiek horrela osatzen dira:

  • Ikuskizun eta behe-solairuko gelen alokatzea: 500€ x 2 = 1000€ TTC
  • Teknikarien 8 orduko lana: 8 x 35€ = 280 € TTC

Herriarentzat ekitaldi hau errezibitzearen interesa kontuan harturik, Herriko Kontseiluari honako hau proposatzen zaio:

  • 1280 euroko ez ohiko dirulaguntza onartzea Soziolinguistika Klusterraren alde.

Horretarako behar diren diruak aurrekontu nagusian aurreikusiko dira.

AHO BATEZ ONARTUA –

Gai zerrenda bururatua zelarik, auzapez jaunak biltzarrari eskerrak eman eta bilkura amaitutzat eman du 20:55 orenetan.

HENDAIAN, 2023ko otsailaren 24an

Auzapeza,
Euskal Hirigune Elkargoaren lehendakariordea,
Kotte ECENARRO

HERRIKO ETXEAREN WEBGUNEAN HEDATURIK
2023.02.24an