2022ko apirilaren 27 asteazkeneko bilkura, 18:30ean egin herri kontseiluaren bilduma

Erref. KE.IG – 127.2022

Bi mila eta hogeita bigarren urtean, apirilaren 27an, asteazkenarekin, bildu da, 18:30ean, Herri Biltzarra, Kotte Ecenarro auzapezaren lehendakaritzapean.

BERTARATUAK: ECENARRO j. (auzapeza), – KEHRIG COTTENÇON and., TRANCHE j., BUTORI and., IRAZUSTA j., COTINAT and., LEGARDINIER and., GRABIÈRES j., MOUNIOS ADURRIAGA and. (Auzapezordeak) – MARTIARENA-GARAT j., PELEGRIN ARAMENDY j., CAMACHO SATHICQ and., BERNARD j., MANTEROLA j., TARIOL j., AIZPURU and., ARZELUS ARAMENDI j., NAVARRON and., EIZAGUIRRE j., HARAMBOURE and., LABEAU and., JEHAN j., CEZA and., DESTRUHAUT j., HIRIBARREN and., POUYFAUCON j., BALANZATEGUI j., ESTOMBA and., SALLABERRY j.

AHALORDEAK: ARRUABARRENA jaunak ECENARRO jaunari, BEAUFORT andreak TRANCHE jaunari, ROMAN andreak CEZA andreari, BARRERO andreak HIRIBARREN andreari

BILKURA IDAZKARIA: Céline COTINAT and.,

Deialdiaren eguna: 2022ko apirilaren 20a.

Biltzarraren quoruma bete dela baieztatu ondoren, auzapez jaunak hasiera eman dio bilkurari.

I – 2022ko MARTXOAREN 30EKO HERRI KONTSEILUAREN BILKURAREN AKTA ONARTZEA:

Auzapez jaunak, 2022ko martxoaren 30eko bilkuraren bilduma COTINAT andreari, bilkura idazkari den bezainbatean, irakur dezan galdegin dio.

GEHIENGOZ ONETSIA – 6 boz AURKA: COTINAT and., LEGARDINIER and., ARZELUS ARAMENDI j., NAVARRON and., MANTEROLA j., MARTIARENA GARAT j.

Gero, gai zerrendari ekin diote:

II – DELIBERAMENDUAK

TXOSTENGILEA: Kotte ECENARRO

068.2022 – HERRI KONTSEILUAK EMANDAKO AHALMEN ORDEZKARITZAZ AUZAPEZAK HARTU ERABAKIAK

AUZAPEZ JAUNAK: ohi bezala, hilean zehar hartu ditudan erabakien jakinaren gainean zaretela erran dezazuen galdegiten dizuet, kontrakorik ikusten ez baduzue.

Herri kontseilua jakinaren gainean da. Ez da bozkatzen.

070.2022 – AUZAPEZORDE KARGUEI BURUZKO ERABAKIA

AUZAPEZ JAUNAK: Ikusirik Lurralde Kolektibitateen Kode Nagusia eta bereziki L. 2121-21 artikulua,

Ikusirik Lurralde Kolektibitateen Kode Nagusia eta bereziki L. 2122-18 artikulua,

Udal agindu bidez, huts bat zuzendu dut, hau da, 2022ko apirilaren 19ko udal agindua da eta ez 20koa; Hendaiako auzapezak eman zitzaizkien karguak kendu dizkie honako hauei:

  • Céline COTINAT andrea, 5. auzapezordea,
  • Claire LEGARDINIER andrea, 7. auzapezordea.

Lurralde Kolektibitateen Kode nagusiaren L. 2122-18 artikuluari jarraikiz, Herri Kontseiluari dagokio bi auzapezorde horiek dituzten funtzioetan atxikitzeaz erabakitzea.

Horren gaineko bozketa zuzenbide arrunteko baldintzetan egiten da, Lurralde Kolektibitateen Kode nagusiaren L. 2121-21 artikuluak dioenari jarraikiz.

Auzapez kargu horiek bukatzera eman ditzazuen proposatzen zaizue.

AHO BATEZ ONETSIA–

DESTRUHAUT jaunak, HIRIBARREN andreak, POUYFAUCON jaunak, BARRERO andreak, BALANZATEGUI jaunak, ESTOMBA andreak eta SALLABERRY jaunak ez dute bozketan parte hartu.

AUZAPEZ JAUNAK: nik nioena da, beraz; onez onean egin dibortzioa da, eta eskertzen dizuet.

TXOSTENGILEA: Frédéric TRANCHE j.

071.2022 – HENDAIA TURISMO ETA MERKATARITZA: 2021EKO AURREKONTU BALANTZA ETA JARDUERA KONTUA

TRANCHE JAUNAK: Hendaia Turismo eta Merkataritza IMEParen 2021eko aurrekontu balantza eta jarduera kontuaren agiriaren jakinaren gainean izatera gonbidatua da. IMEP horrek 20 lanaldi osoko lanpostu ditu eta 1.5 M€ko funtzionamendu aurrekontua; haietan % 51 autodiruztapena da. IMEPak bere 4. martekin plana gauzatzen bukatu du.

Zenbait ekintzari ekiten dio, aldi berean, bere lankide guztien laneko bizi-kalitatea xede.

Turismo bulegoari dagokionean, eman zaizuen jarduera txostenaren bitartez, honako hauek ikus ditzakezue, besteak beste:

  • 2020an, bisitari kopuruaren % 41 goratzea,
  • Bereziki gogoan dugu Herriak Famille Plus labela atxiki dezala,
  • Terra Aventura arrasto jokoak; bilketak; komunikazioak; prentsa harremanak; sare sozialen emaitza, egun bait badakigu 2020an % 12 emendatu direla; talde produktuen merkaturatzea eta erreserbetarako zentrala eta ostatalekuen gidak argitaratzea.
  • EKitaldiak – Herriaren animazioan Hendaia Turismo eta Merkataritza IMEPa ere aritzen da: urtean 150 inguru animaziotan aritzen da; haietako batzuk arrakasta handikoak dira, bereziki hendaiar guztientzat, IMEPak antolatzen dituen ekitaldi guztiak oso estimatuak baitira.
  • Merkataritza bulegoari dagokionean, 79 merkatari dira Hendaia Merkataritzak sustatu jarduerak diruztatzeko partaide. Hurrengo deliberamenduan ikusiko dugu elkar aditzeak eragina ukan duela terrazen gidan.
    • animazioak: merkataritza eragiketa otsailean, amen besta, Urri arrosa kolore, Eguberritako bestak (ibilketa, merkataritza hamabostaldia)…,
    • herri barneari bizitasuna ematea igande goizetako merkatuarekin,
    • 22 proiektu eramaileren lagunketa LAN-EKO zentroarekin,
    • Komunikazioa www.hendaye-commerces.com webgunean eta horretarako Facebook orrian,
    • Merkatariak sare sozialetan duten presentziaren azterketa eta banakako lagunketa, sarean ikusgarriago izan daitezen.
  • Abadia gaztelu-behatokia:
    • 47 000 bisitari hartu dira ( + % 22ko emendatzea 2020an),
    • COVID pandemiak eraman gaitu gazteluaren bisitak bestela egitera eta bisita birtualak sortzera,
    • Familles Plus labelaren harira, arrasto jokoa haurrentzat, frantsesez eta euskaraz,
    • Kultura topaketak, beti oso estimatuak: pribatuekin partzuergoan,
    • Garapen iraunkorraren harira, elkarlana IEZI Euskal Itsasbazterra elkartearekin eta Sites & Musées elkartearekin
    • Sare sozialen modernizatzea, webgunearen grafismoa berreginez.

2021ko urtealdiaren Finantza Kontuaren hesteak 1.341.657 €ko ustiapen gastu eta 196.523 €ko inbestimendu gastu ekarri ditu.

Ustiapen diru sartzeak –emaitzen berrartzetik at- 1.505.231 €koak dira; inbestimendukoak, berriz, 97.192 €.

Pandemiari loturiko Estatuaren laguntzak eta kargen arintzeak 110.000 € ingurukoak dira.

Herri Kontseiluak egoeraren jakinaren gainean da. Ez da bozkatzen.

072.2022 – JABARI PUBLIKOA MERKATARITZA JARDUNETARAKO ERABILTZEA – TERRAZEN GIDA ONARTZEA

TRANCHE JAUNAK: Terrazen gida duzue mahai gainean; poz-pozik naiz eta gogobeterik 6 hilotako elkar aditze lana ikusirik, hautetsi anitzen engaiamenduarekin; oso dinamiko izan den lantaldearekin, zeinari eskerrak ematen baitizkiot; Jabari Publikoaren Kudeaketa eta Komunikazio Zerbitzuekin, azkartu baitira eta azkarki egin baitute lan gaur dokumentu bururatu hau ekartzeko.

Filosofian, atrebentziarekin, ez dizuet deliberamendua irakurriko, jadanik ezagun baituzue, eta, aldiz, liburuxka gainbegiratzen utziko dizuet; egiazko gainbalioa dakarkigu dokumentu horrek herriaren itxura estetikoari, proiektu eramaileak hari gidari batekin laguntzen baititu bermatu beharreko altzariak dituztenean; gure zerbitzuen malgutasun guztiarekin gida horren plantan ematean, merkatariek, beren hurrengo erosketetan, pixkanaka, jabari publikoaren kalitatezko eredu estrategikorantz jo dezaten. Beste behin ere, mila eta bat esker lan horretan parte hartu duten guztiei, azken 6 urteotako merkatari guztiei, eta bide on dokumentu honi, heldu diren urteotan oraindik aldaketatxo bat edo beste biziko duenari.

AHO BATEZ ONETSIA–

TXOSTENGILEA: Nicole BUTORI and.

073.2022 – ESKOLA DIRU FINKOAREN HITZARMENA : OGEC SAINT VINCENT

BUTORI andreak: OGEC GEROKO delakoarekin eskola diru finkorako hitzarmena da hemen.

143.2021 zk deliberamenduan, haur bakoitzeko eskola diru finkoa 718.10 €tan finkatu zen.  Eskola diru finko horren kalkulatzeko eta ordainketa egiteko bideak finkatzeko, hainbat urteko hitzarmena egin behar da OGEC GEROKO delakoarekin 2022 eta 2023 urteetarako.

Hartara, honako hau proposatzen zaio Herri Kontseiluari:

  • Baimena eman diezaiola auzapez jaunari OGEC GEROKO taldearekin eskola diru finkoari buruzko hitzarmena eta horri loturiko agiri guztiak sina ditzan.

AHO BATEZ ONETSIA-

074.2022 – IREKITZEA ETA TARIFAK: “NERABEEN HONDARTZA HARRERA” – 2022KO UDA

BUTORI andreak: pandemia dela eta bizitu ditugun bi urte zailen ondoren, osasun krisiak uzten badigu, nerabeentzako harlekua (14–17 urte) hondartzan berriz ere zabaltzeko asmoa dugu, 2022ko uztailaren 08tik abuztuaren 19ra, 14:30etik 18:30era. Hiru udal animatzaile arituko dira zaintzaile, gehienez 36 gazte hartzeko baimena duelarik harlekuak. Hara joateko ordaindu beharrekoa hilean 11 €koa da.

Honako hau proposatzen dizuet:

  • 2022ko udarako hondartzako nerabeen harrera plantan emateko baimena ematea,
  • onar dezazuen hilean 11 euroko tarifa gazte bakoitzarentzat.

AHO BATEZ ONETSIA–

TXOSTENGILEA: Richard IRAZUSTA j.

075.2022 – LANPOSTU IRAUNKORREN 4. TAULA

IRAZUSTA JAUNAK: Deliberamendu honek maiatzaren lehenetik goiti izanen diren lau egoera desberdin eta ekainaren lehenetik goitiko beste 2 aipatzen ditu.

Maiatzaren lehenekoari dagokionean: lehena maila zuzenketa bat da portuko misio kargudun lanposturako, ingeniari batentzat ireki baitzen eta B mailako arduradun batek bete baitezake aurrerantzean. Zuzenketa bat da, beraz.

Bigarren egoera hargin bati dagokio; erretreta hartze bat izanen dela eta horri aitzina hartzeko kontrata bailiteke lehenago. Hortaz, ez da jardunaren emendatzeagatik egin beharreko kontratua baizik eta titular izanen den baten aitzinetik heltzea.

Hirugarren egoera ere zuzenketa bat da, Herrian eta Intzurako Herriarteko Sindikatuan lan egiten duen langile baten orduen banaketaren zuzenketa, hain zuzen ere. Orduen banaketa aldatu denez, formalki ezarri behar da ordutegi berria.

Azkenik, laugarren egoera lehiaketa bat irabazi eta barne sustapen bati dagokio.

Ekainaren lehenetik goitiko lanpostuei dagokienean, bi margolari lanposturen lan egonaldi lanpostu bihurtzea da, Udalak duen prekarietatearen aurka borrokatzeko etengabeko joerari jarraikiz.

Ikus dezakezuenez, lanpostuak irekitzen ditugu eta ez dugu, ohi bezala, aldi berean beste porturik hesten.

Izan ere, orokorrean aritu nahiz eta ekainean maila igotze zenbait ukanen dugula jakinik, langile kopuruaren taula orduan eguneratuko dugu eta orduan hetsiko ditugu hetsi beharreko lanpostuak.

AHO BATEZ ONETSIA–

076.2022 – EPE LABURREKO LANGILEEN KONTRATATZEA – BOZKA BULEGOETAN LAN EGITEA

IRAZUSTA JAUNAK: deliberamendu hau xede zabalekoa da. Hautes egunak antolatzean, horretarako lanean izaten diren langile titularren lanaldiaren gainean diren oztopoak eta bozketaleku bakoitzak dituen beharrak kontuan hartzea du xede.

Bozka bulegoek ongi funtziona dezaten, epe laburreko langileak kontratatu beharra gerta liteke.

Deliberamendu honek horretarako aukera ematen du horren beharrik balitz.

Halatan, bada, auzapezari hauteskundeetan bozka bulegoen antolatzeko eta han lan egiteko epe laburreko langileak kontratatzeko baimena eman diezaiogun eskatzen zaigu eta ekitaldiko aurrekontuan aurreikusiak dira horretarako kredituak.

AHO BATEZ ONETSIA–

077.2022 – 2022KO TURISMO SASOIA – ALDI BATERAKO LANPOSTUAK SORTZEA

IRAZUSTA JAUNAK: uda usaineko deliberamendua dugu honako hau.

Uda sasoiko hilabeteen kopuru osoa ia lehengo urteetako berdina da, baina aurten ez ditugu gomendatzen ziren tarteetaz edo maskara eramateaz arduratzen ziren «COVID bitartekariak» aurreikusten, hori guztia urrun baitugu oraingoz.

Zenbait zerbitzutan, orekatze batzuk egin dira uztail eta abuztu artean, eta zineman zerbitzua indartuko da.

Deliberamendu honek ez du aparkatze zerbitzua kontuan hartzen, horri buruz jadanik deliberatu baikenuen lehen, administrazioaren egutegiagatik.

Deliberamenduaren testuak dakarren lanpostu sortzeaz erabaki dezagun eskatzen zaigu, beraz, eta baimena eman diezaiogun auzapez jaunari lan kontratuak eta haiei lotu agiri guztiak sina ditzan.

AHO BATEZ ONETSIA–

078.2022 – JARDUNAREN SASOIKO EMENDATZEA – HIRI ZUZENDARITZA – KULTURA GUNEA

IRAZUSTA JAUNAK: deliberamendu hau Hiri Bizitzaren Zuzendaritzaren Kultura Gunearen jardunaren sasoiko emendatze bati dagokio. Antzerkiaren Maiatza eta Guitaralde festibalen antolaketari buruzko deliberamendua da, bi ekitaldi horiek oso ezohikoak baitira giza baliabideen gaian.

Izan ere, ekitaldi horien izaerak, kultura eta animazio alorreko beste hainbatek bezala, eskatzen baitu maiz langileak lanean ari daitezen lan zuzenbideak ezarri mugetatik at diren orduetan.

Asteko lanaldiaren gehienezko mugak edo egunekoak ez dira beti halako ekitaldien funtzionamenduaren egoerari egokitzen.

Legea bete behar da, halere, eta udal langileen denbora balia ezin eta aldi baterako lanpostuak sortu behar dira bi ekitaldi horietarako.

Lanpostu horiek kontratupeko C mailako langileak kontratatuz beteko dira.

Halatan, bada, honako hau eskatzen zaigu:

  • Antzerkiaren Maiatza eta Guitaralde festibaletarako aldi bateko lanpostuak sortzea erabaki dezagun; lanpostu horiek lurralde kolektibitateen funtzio publikoaren 371 indize gordinaren araberako ordainsaria ukanen dute,
  • Auzapez jaunari lanpostu horietarako lan kontratuak sinatzeko baimena ematea

AHO BATEZ ONETSIA–

TXOSTENGILEA: Ganix GRABIERES j.

079.2022 – DIRULAGUNTZA LAN EKO ELKARTEARI

GRABIERES JAUNAK: 2019an Herriaren eta «Hendaia-Euskal Herriko Jarduera eta enplegua laguntzeko zentroa» edo, bestela erranik, Lan-Eko zentroa delakoaren artean 3 urtetarako sinatu zuten helburu eta bitartekoen hitzarmena martxoaren hondarrean iraungi zen.

Horren berritzeko abian eman den gogoetak argi erakutsi digu zenbait doiketa egin behar dugula estatutuetan, bereziki elkarte horren eta Hendaiako Herriaren arteko partzuergoaren bideak ongi zehazteko.

Lasai izan dadila Legardinier andrea, Herriak biziki nahi baitu enplegurako eta gizarte eta elkartasunezko ekonomiaren aldeko zereginak berma daitezen, eta eguneraketa horiek egin artean, ez delako ororen interesekoa den elkarte horren funtzionamendua trabatuko; hartara, oraingo deliberamendu honek honako hauek proposatzen dizkizue:

  • Onar dezazuen 20 000 €ko dirulaguntza ematea Hendaia-Euskal Herriko Jarduera eta Enplegua Laguntzeko Zentroa» elkarteari
  • Gastu hori herriaren aurrekontuan sartzea.

Zehazt dezadan 20 000 € horiek ez direla gure gehiengoak iragan hilean erabaki duen 80 000 €ko kopuruaz gain, baizik eta haren osagai direla.

EMANIKO BOZEK AHO BATEZ ONETSIA –

5 abstentzio: COTINAT and., ARZELUS ARAMENDI j., NAVARRON and., MANTEROLA j., MARTIARENA GARAT j.

TXOSTENGILEA: MOUNIOS ADURRIAGA and.

080.2022 – GUITARALDE 2022 – TARIFAK

MOUNIOS ADURRIAGA and.: Richard IRAZUSTA hauteskideak erran duen gisan, hemen duzue Antzerkiaren Maiatzaren egitaraua. Horren berri hartu eta festibalean parte hartzera gonbidatzen zaituztet.

Ez dizkizuet jadanik seguruenik irakurri dituzuen tarifa guztiak zehaztuko. Bi puntu besterik ez dizuet aipatuko. Lehena, Abadia gazteluko kontzerturako datan akats bat da, uztailaren 8an izanen baita eta ez 7an, idatzia den bezala. Bigarren puntua, kontzertu horretarako, turismo bulegoarekin elkarlanean, aukera eman diegu ikusleei turismo trentxoa hartzeko eta, hartara, beren autoa hartu behar ukan ez dezaten.

Halatan, bada, Guitaralde festibalaren 11. aldiaren harira, herri kontseiluari honako tarifa hauek onar ditzan proposatu zaio:

  • Gaztelu aretoko uztailaren 7ko kontzerturako,
  • Gaztelu zaharreko frontoiko uztailaren 8 eta 9ko kontzertuetarako,
  • Abadia gazteluko uztailaren 8ko kontzerturako,
  • 3 egunetarako baimenerako.

AHO BATEZ ONETSIA-

TXOSTENGILEA: Nathalie CAMACHO SATHICQ and.

081.2022 – DIRUZKO PATE HARTZEEN ESLEITZEKO HITZARMENAK – 2022. URTEA –  CELESTE TALDEA

CAMACHO SATHICQ andreak: Lehen «Association d’aide familiale et sociale» eta orain «Association Céleste» deitzen den elkarteak haur txikientzako zerbitzu mota oro sortu, garatu eta kudeatzeko xedea du. Céleste elkarteak CELESTE taldearen  «etxe buruzagi» gisa aritzen da ere; CELESTE talde horren osagai dira Saphir eta Klein adar elkarteak, lehena Familia Harrera Zerbitzuak kudeatzen aritzen da eta bigarrena mikrohaurtzaindegien kudeaketan.

Tokiko biztanleen artean Celeste taldeak proposatu jarduera eta eskuhartzeek gizarterako duten interesa dela eta, elkartearekiko urteko hitzarmenak luza ditzagun proposatu da, hartara, elkartearen funtzionamendurako diruzko hiru parte hartze emateko.

Diruzko parte hartze horiek elkartearen estatutuen eta 2022ko aurrekontuaren arabera erabili beharko dira, Hendaiako Herriaren Haur Txikien politikaren helburuei jarraikiz.

Lehen hitzarmena Saphir elkartearekin egin da; herrian dauden zaintza moldeak osatzeko aukera ematen du, familia haurtzaindegiaren funtzionamenduan parte hartuz. Herri kontseiluari proposatu zaio auzapez jaunari baimena eman diezaion honi loturik den hitzarmena sina dezan; hitzarmen horretan aurreikusten da, besteak beste, diruzko parte hartze bat, urtean zaintzako 20 000 oreneko mugan, 1,52 euroko prezioan, hau da, gehienez 30 400 € familia haurtzaindegiaren funtzionamendurako. Ordainketa bakoitza hiruhilean eginen da, frogagiriak aurkeztu ondoren eta goian aipatu gehienezko kopuruen mugan. Erabaki da maiatzaren 31n eginen dela egin eta fakturatu orenen bilana.

Bigarren hitzarmena Céleste elkartearekin egin da eta Haur txikien Gunea-Etxe Haurtzainen Sareaz baliatzeko aukera ematen dio Herriari, Etxe Haurtzainen Sareko animatzaile lanpostu oso baten heinaren 0,45 emanez. Herri Kontseiluari proposatu zaio baimena eman diezaiola auzapez jaunari honi loturiko hitzarmena sina dezan; hitzarmen horretan aurreikusten da, besteak beste, 19 920 €ko dirulaguntza emanen zaiola Haur Txikien Gunea-Etxe Haurtzainen Sarearen funtzionamendurako. Dirulaguntza hori Familia Laguntza Kutxarekin ezarri proiektu kontratuari erantzuteko erabili beharko da.

Hirugarren hitzarmena Klein elkartearekin egin da eta herrian dauden zaintza moldeak osatzeko aukera ematen du ere, mikrohaurtaindegien funtzionamenduan parte hartuz. Jakin ezazue elkarteak daraman hurbilen den lehen mikrohaurtzaindegia Urruñan dela. Hendaiar haurrek egiten dituzten orenak besterik ez da fakturatuko. Herri Kontseiluari proposatu zaio baimena eman diezaiola auzapez jaunari honi loturiko hitzarmena sina dezan; hitzarmen horretan aurreikusten da gehienez 3500 orenetako diruzko parte hartzea, oren bakoitzeko 1,52 €ko prezioan, hau da, 5320 € mikrohaurtzaindegien funtzionamendurako. Ordainketa bakoitza hiruhilean eginen da, frogagiriak aurkeztu ondoren eta goian aipatu gehienezko kopuruen mugan. Erabaki da maiatzaren 31n eginen dela egin eta fakturatu orenen bilana.

Hartara, honako hau proposatu zaio herri kontseiluari:

  • baimena eman diezaiola auzapez jaunari CELESTE elakrtearekiko hitzarmen horiek eta haie lotu agiri guztiak sina ditzan.

AHO BATEZ ONETSIA-

TXOSTENGILEA: Michelle Itziar AIZPURU and.

082.2022 – ESKOLA DIRU FINKOAREN HITZARMENA: GURE IKASTOLA HENDAIA, 2022 ETA 2023 URTEALDIETARAKO

AIZPURU andreak: Eskola diru finkoa, haur bakoitzeko, 718.10 €tan ezartzen duen 143.2021 zk. deliberamenduaren harira, GURE IKASTOLA HENDAIA elkartearekin hainbat urteko hitzarmena egin dezagun proposatu da 2022 eta 2023 urteetarako, eskola diru finkoa kalkulatzeko eta ordainketa egiteko bideak finkatzeko.

Honako hau proposatu zaio herri kontseiluari:

  • auzapez jaunari baimena ematea eskola diru finkoari buruzko hitzarmena eta hari lotu agiri guztiak sina ditzan GURE IKASTOLA HENDAIA elkartearekin.

AHO BATEZ ONETSIA-

TXOSTENGILEA: Chantal KEHRIG COTTENÇON and.

083.2022 – ESKAINTZA DEIALDIEN BATZORDEA – SORTZEA – ZERRENDEN AURKEZTEKO BALDINTZAK

KEHRIG COTTENÇON andreak: Merkatu publikoen prozeduraren barnean, Lurralde Kolektibitateen Kode Nagusiaren 1414-2 arikuluak dio eskaintza deialdien batzordea sortu behar dela merkatuaren titularra hauta dezan.

Batzorde hori, Lurralde Kolektibitateen Kode Nagusiaren zerbitzu publikoaren eskuordetzerako batzordeari buruzko L. 1411-5 artikuluak agintzen duenez, europar mugako edo hortik gorako balioa zerga gabe duten merkatu publikoetarako osatu behar da.

Eskaintza deialdien batzordeari iritzia eskatu behar zaio ere kopuru orokorraren % 5etik gorako emendatzea dakarren merkatu publiko baten gehigarri proiektu baten kasuan, Lurralde Kolektibitateen Kode Nagusiaren L. 1414-4 artikuluak hala agindurik.

Lurralde Kolektibitateen Kode Nagusiaren L. 1411-5, D. 1411-3 eta D.1411-4 artikuluek zehazten dute nola osatuko eta nola hautatuko den batzorde hori.

Herri Kontseiluari proposatu zaio batzorde horren sortzeari eite iraunkorra eman diezaion.

Batzordekide dira, merkatu publikoa sinatzeko ahalmena duen agintaria, hau da, auzapez jauna edo haren ordezkaria, batzordeburu gisa, eta Herri Kontseiluaren 5 kide, kontseiluak hautesbide proportzionalez hautatuko dituena, hondar handienaren araua aplikatuz, hautes zerrendak nahasi gabe eta lehentasunezko bozik gabe.

Gisa berean hautatuko dira ordezkoak, titularren kopuru berdinean.

Lurralde Kolektibitateen Kode Nagusiaren D. 1411-4 artikuluak agindurik, hautagaien zerrendek bete beharreko titular eta ordezkoen lekuen kopuruak baino izen gutxiago ekar lezakete. Hondarretan berdinketa gertatuz gero, lekua boz gehien ukan dituen zerrendarentzat da eta bozetan berdinketa gertatuz gero, hauta litezkeenen artean adin gorenekoarentzat da lekua.

Azkenik, batzordeburuak gonbidaturik arauetan deituak badira, aholkulari izan litezke udal kontularia eta lehiaren ardura duen ministroaren ordezkari bat. Aholkulari gisa ere har dezakete parte batzordeburuak izendatu udal langile batek edo batzuek, merkatu publikoaren gaiaren alorrean aditu diren bezainbatean.

Horrez gain L.1411-5 artikuluak honela dio «quoruma lortzen da erabakitzeko bozdun batzordekideen erdia baino gehiago bertan direnean. Lehen deialdi baten ondoren ez bada quorum hori lortu, berriz deituko da batzordea. Halakoetan, batzordea quorum baldintzarik gabe bilduko da arauetan».

Egiteko horiez gain, bada Lurralde Kolektibitateen Kode Nagusiaren D. 1411-5 artikuluak honako egiteko hau ezartzen du: «tokiko biltzar erabakitzaileak finkatuko ditu zerrendak aurkezteko baldintzak».

Eskaintza deialdien batzordekideen hautespena bi  alditan egiten da:

  1. Herri Kontseiluak zerrenden aurkezteko baldintzak ezartzen ditu
  2. Eskaintza deialdien batzordekide titular eta ordezkoen hautespena Herri Kontseiluaren agintaldi osorako

Harri Kontseilukideei proposatu zaie eskaintza deialdien batzorde iraunkorra sor dezaten behar den bezala eta finka ditzatela zerrendak aurkezteko baldintzak deliberamenduan azalduak diren bezala.

Eztabaida egin eta,

Kontseiluak,

Honako hau erabaki du,

  1. artikulua: BERTAN BEHERA UZTEA 076.2020 bis zk. deliberamendutik, eskaintza deialdien batzordekideen izendatzeari buruzko aginduak,
  2. artikulua: Eskaintza deialdien batzorde iraunkorra SORTZEA,
  3. artikulua: Lurralde Kolektibitateen Kode Nagusiaren L. 1414-2 artikuluak dioen batzordekide titular eta ordezkoen hautespena Lurralde Kolektibitateen Kode Nagusiaren 1411-5 II artikuluak dioenari jarraikiz ANTOLATZEA.
  4. artikulua: ZEHAZTEA ezen, merkatu publikoen prestaketan, ematean eta egikaritzean, honako hauek eginen dituela batzordeak:
    1. Prozedura formaldu batez emanik diren eta, banaka, zergagabe, Europar kopuruen gehienezko mugan edo hortik goitik balioztaturik diren kopuruko merkatu publikoen titularra hautatzea,
    2. Eskaintza deialdien batzordeari aurkeztu zaion merkatu publiko bati loturiko gehigarri proiektu oroz iritzia ematea, proiektu horren emandatzea merkatu publikoaren kopuru osoaren % 5etik gorakoa bada.
  5. artikulua: ERABAKITZEA batzordekide titular eta ordezkoen zerrenden aurkeztea herri kontseiluaren hurrengo bilkura baino lehen eginen dela.
  6. artikulua: ERABAKITZEA hautespenak herri kontseiluaren hurrengo bilkuran eginen dela, hautesbide proportzionalez. Hondar handienaren araua erabiliz eta zerrenden nahasketarik ez eta lehentasunezko bozik gabe.

AHO BATEZ ONETSIA–

084.2022 – ZERBITZU PUBLIKOAREN ESKUORDETZE BATZORDEA – SORTZEA – ZERRENDEN AURKEZTEKO BALDINTZAK

KEHRIG COTTENÇON andreak: Zerbitzu Publikoaren Eskuordetze Batzordeak hautagaitza dosierrak aztertzen ditu, eskaintza aurkezteko onartuak diren hautagaien zerrenda egiten du, hautagai horiek dituzten lanbide eta diru bermeak aztertu ondoren, eta hautagaitzen eta eskaintzen gaineko iritzia ematen du. Zerbitzu Publikoaren Eskuordetze Batzordea batzorde berezia da, eskaintza deialdien batzordeaz beste.

Herri Kontseiluak finkatuko ditu zerrendak aurkezteko baldintzak, Lurralde Kolektibitateen Kode Nagusiaren D. 1411-5 artikuluari jarraikiz, batzorde horren kideak hautatzeari ekin aitzin.

Herri Kontseiluari honako hau egin dezan proposatu zaio:

  1. artikulua: BERTAN BEHERA UTZ DITZALA 076.2020 bis zk. deliberamenduan, eskaintza deialdien batzordekideen izendatzeari buruzko aginduak,
  2. artikulua: eskuordetze batzordea hautatzeko zerrenden aurkezteko bideak honela FINKA DITZALA:
  • Zerrendek bete beharreko lekuen kopurua (5titular, 5 ordezko) baino izen gutxiago ekar dezakete
  1. artikulua: ERABAKI DEZALA titular eta ordezkoen zerrenden aurkezpena herri kontseiluaren hurrengo bilkura baino lehenago egin dadin.
  2. artikulua: ERABAKI DEZALA hautespena herri kontseiluaren hurrengo bilkuran eginen dela, hautesbide proportzionalez, hondar handienaren arauari jarraikiz, zerrenden nahasketarik eta lehentasunezko bozik gabe.

AHO BATEZ ONETSIA-

085.2022 – MATERIALEN HARTZEA – UZTEAK

KEHRIG COTTENÇON andreak: Hendaiako Herriak hainbat ibilgailu, gurpildun tresna, hainbat motatako materiala eta altzari, urteetan zehar erosten joan dena zerbitzu tekniko eta administraziokoei jarduteko aukera emateko.

Materialen eta altzarien berritze politikaren harira, Herriak erregularki aldatzen ditu material horiek, bete dituzten urteengatik, zahartzen direlako edo ekonomikoki konponezinak bihurtzen direnean.

Kudeaketa horren xedea mantentze gastuak gutxitzea da eta langileen segurtasuna bermatzea. Ibilgailuak, gurpildun tresnak, materialak erabiltzen direnen multzotik bazter uzten dira eta berritzen. Duten egoerak horretarako aukera emanez gero, berriz hartuko lirateke.

Kontuan hartuz CASE traktorearen egoera eta adina, 2006ko abenduan hasi baitzen zirkulatzen,

Kontuan hartuz bidebazterren ROUSSEAU epaigailuaren adina, 2009/08/05ean zerbitzuan hasi baitzen,

Kontuan hartuz COMPTOIR AGRICOLE LABOURDIN sozietateak bi material horietarako 2022ko martxoaren 31n egin hartze eskaintza,

Honako hau proposatzen zaizue, hauteskide horiek:

  • Onar dezazuela goian aipatu bi ondasun horien berriztapena,
  • Onar dezazuela salmenta printzipioa COMPTOIR AGRICOLE LABOURDIN sozietateak egin proposamenaren arabera:
  • CASE traktorea, 6000 € ZG
  • ROUSSEAU bidebazterreko epaigailua, 2000 € ZG

Diru sartze horiek Aurrekontu Nagusian sartuko dira, 775 artikuluan – Uzte eta Ibilgetzeen produktuak.

AHO BATEZ ONETSIA-

Gai zerrenda bururatua zelarik, auzapez jaunak biltzarrari eskerrak eman eta bilkura amaitutzat eman du 20:00 orenetan.

HENDAIAN, 2022ko apirilaren 28an

Auzapeza,
Euskal Hirigune Elkargoaren lehendakariordea,
Kotte ECENARRO

HERRIKO ETXEAN AFIXATUA: 2022-04-29an