2022ko Urriaren 19, asteazkenean, 18:30ean egin herri kontseiluaren bilduma

Erref. KE.IG – 273.2022

Bi mila eta hogeita bigarren urtean, urriaren 19an, asteazkenarekin, bildu da, 18:30ean, Herri Biltzarra, Kotte Ecenarro auzapezaren lehendakaritzapean.

BERTARATUAK: ECENARRO j. (auzapeza), – KEHRIG COTTENÇON and., TRANCHE j., BUTORI MOUNIOS-ADURRIAGA and., ARRUABARRENA j., CAMACHO SATHICQ and., GRABIÈRES j., (Auzapezordeak) – JEHAN j., HARAMBOURE and., EIZAGUIRRE j., BERNARD j., AIZPURU and., MANTEROLA j., ROMAN and., PELEGRIN ARAMENDY j., LEGARDINIER and., TARIOL j., ARZELUS ARAMENDI j., BEAUFORT and., LABEAU and., NAVARRON and., MARTIARENA-GARAT j., COTINAT and., SALLABERRY j., BARRERO and., BALANZATEGUI j., HIRIBARREN and.

AHALORDEAK: IRAZUSTA jaunak MOUNIOS ADURRIAGA andreari, DESTRUHAUT jaunak BALANZATEGUI jaunari, ESTOMBA andreak BARRERO andreari, POUYFAUCON jaunak SALLABERRY jaunari.

BILKURA IDAZKARIA: Céline COTINAT and.,

Deialdiaren eguna: 2022ko urriaren 12.

Biltzarraren quoruma bete dela baieztatu ondoren, auzapez jaunak hasiera eman dio bilkurari.

I – 2022ko IRAILAREN 21EKO HERRI KONTSEILUAREN BILKURAREN AKTA ONARTZEA

Auzapez jaunak, 2022ko irailaren 21eko bilkuraren bilduma COTINAT andreari, bilkura idazkari den bezainbatean, irakur dezan galdegin dio.

AHO BATEZ ONETSIA–

Gero, gai zerrendari ekin diote:

II – DELIBERAMENDUAK

TXOSTENGILEA: Kotte ECENARRO, auzapeza

169.2022 – HERRI KONTSEILUAK EMANDAKO AHALMEN ORDEZKARITZAZ AUZAPEZAK HARTU ERABAKIAK

AUZAPEZ jaunak: Herri Kontseiluak eman ahalordez hartu erabakiak dira. Galdera berezirik ez baduzue, horren jakinaren gainean zaretela erran dezazuen eskatzen dizuet.

Herri Kontseilua jakinaren gainean da. Ez da bozkatzen.

170.2022 – ANTOLATZE ZERGA EUSKAL ELKARGOARI BAITEZPADA EMATEA

AUZAPEZ jaunak: 2022ko Finantzen Legeak zerga horren toki mailako partea herriaren eta dagokion herriarteko elkargoaren –kasuan, Euskal Hirigune Elkargoa- artean partekatzera behartzen du.

2022ko irailaren 24ko deliberamendu batez, Euskal Hirigune Elkargoaren Elkargo Kontseiluak, finantza eta zerga itunari jarraipena emanez, zerga horren emateko bidea zehaztu du.

Gaur, honako hauek proposatzen zaizkizue:

  • ONAR DEZAZUEN Euskal Hirigune Elkargoari ematea elkargoaren ekonomia jardueren zona berrietan eraikiko diren eraikinen gaineko antolaketa zergaren ekarpenen % 100 (sortzea/hedatzea). Bestela erranik, herriak egun jasotzen duenari dagokionean ez da alkdaketarik.
  • ONAR DEZAZUEN emate horretarako hitzarmenak dioena eta auzapez jaunari horren sinatzeko baimena ematea,
  • BAIMENA EMAN DIEZAIOZUEN auzapezari deliberamendu honen gauzatzeko behar den guztia egin dezan.

AHO BATEZ ONETSIA–

TXOSTENGILEA: Ganix GRABIERES j.

171.2022 – DIRULAGUNTZA ESKARIA EPERON FUNTSAREN IZENEAN

GRABIERES jaunak: Adinetan sarturik, Kiko eta Foudre, Abadia eremuaren zaintza egiteko genituen bi zaldiak ongi merezia duten erretretan dira orain “Pech Petit” zaldi aterpean, Vay herrian, Loire Atlantique departamenduan.

Haien ordezkatzeko asmoa dugu, sortzeko den zaldigaineko brigada berdea gauzatzean.

Bi zaldi berriak jendeekin harremanetan izateko presta eta egokitzeko aldi bat beharko da.

Izan ere, lanean hasiko denean, brigada horren egitekoa erabiltzaileekiko harremana lagundu eta ingurumenaren zaintzarako aitzina hartzea izanen da, kontuan hartuz ingurune balneario batean dela lekua. Zaldigaineko ibilaldiek Abadia eremuaz kanpoko beste naturaguneak ere zaintzeko aukera emanen dute, bai eta jendeak ingurumenaz eta horren zaindu beharraz ohartarazteko ere.

Abadia eremuan urte luzetan egin den bezala, zaldigaineko brigada berde horrek hondartzan ere, Zokoburuko areamuinoetan, Txingudi badian eta, hala espero dut, Urrizti muinoan ere laguntzen ahalko du honako hauetan:

  • bizi ingurunea hobetzen
  • ingurumenaren gaineko oieskerien aurka aritzen
  • naturaguneetan egoki diren jokamolde onak sustatzen
  • leku publikoak zaintzen

Brigada hori plantan eman ahal izateko, zaharturik diren zenbait hornidura ordezkatu beharko dira, bai eta osatzekoak ere ekarri.

Herriak, horren egiteko, Eperon funtsa baliatu nahi du, proiektu horren diruztatzen lagun dezaten.

Zaldi lasterketen gaineko apustuetatik atera kopuruen berrantolaketa baten harira, 2005ean, Eperon funts horrek zaldien inguruko lasterketak ez diren jardun guztien aldeko proiektuak diruztatzeko diru kopuru bat kudeatzen du.

Honako hauek proposatzen zaizkizue:

  • ONAR DEZAZUEN honi loturiko diruztapen plana, jadanik ezagun zaizuena
  • BAIMENA EMAN DIEZAIOZUEN auzapezari diruztapen eskari guztiak egin eta sina ditzan, besteak beste, Eskualdeari eta Eperon Funtsari egin eskariak, bai eta horri loturiko dokumentu oro ere.

AHO BATEZ ONETSIA–

TXOSTENGILEA: Leonor LABEAU and.

172.2022 – HITZARMENA «EMAZTEEN ETA FAMILIEN ESKUBIDEEI BURUZKO INFORMAZIO ZENTROA» (CIDFF) ELKARTEAREKIN

LABEAU andreak: Emazteen eta Familien Eskubideei buruzko Informazio Zentroak (CIDFF) hurbileko informazio juridikoa eskaintzen die, urririk, gizon eta emazteei hainbat alorretan: eskubideen eskuratzearen alorrean, indarkeria sexista eta sexuzkoen aurkako eta bereizkerien aurkako borrokan, herritartasunerako heziketaren alorrean, familia bizitzaren eta gurasotasunaren sostenguaren alorrean, emaztek lanbidean laguntzearen alorrean. Elkarte hori nazio mailako sare bateko kide da.

Hendaiako Herriak nahi luke bere herritarrek balia ahal dezaten juristez osaturiko elkarte horren jeinua.

Hona hemen lankidetza horren helburuak:

  • Familiei Familiaren Zuzenbidearen alorraz duten ezagutza eguneratzeko eta zehazteko aukera ematea,
  • Segurtasunerako eta Gaizkintzaren Prebentziorako Tokiko Batzordearen (SGPTB-CLSPD) lanaldietan laguntzea

Zehazki, hendaiarrek eskubideak balia ahal ditzaten, elkarteak jende hartze saioak eginen ditu, urririk, Denentzat zentroan, hil bakoitzeko ostiral batean. SGPTB-CLSPD batzordearen sare lanean eta hartuko du parte.

Herriak, jardun horien diruztatzeko, urtean 2000,00 € emanen ditu.

Lortu nahi diren helburuak eta diruztatze bideak zehazteko, hitzarmen bat sinatuko dute herriak eta elkarteak.

AHO BATEZ ONETSIA–

TXOSTENGILEA: Jean Michel ARRUABARRENA j.

173.2022 –”STADE HENDAYAIS ESKUBALOIA” ELKARTEARI – OHIZ KANPOKO DIRULAGUNTZA

ARRUABARRENA jaunak: Stade Hendayais Eskubaloia elkarteak (SHHB) arrakasta handia du gure herritarren artean, 250 baino zerbait gehiago kide baititu, eta kirol emaitzetan ere arrakasta handia du.

Izan ere, honako bilakaera hauek behar dira kontuan hartu:

  • Gizonezkoen seniorrak Nazio mailako 2. kategoriara heldu dira,
  • Gizonezkoen beste bi talde Nazio mailaren aitzineko mailako eta Eskualde mailako txapelketara igo dira,
  • Emazkumezkoen talde bat Eskualde mailara igo da,
  • Eskualde mailaren aitzineko mailan talde berri bat sortu da,
  • Bere U17F taldea Frantziako Txapelketako mailara igo da.

Klubak Herriari eskatu dio diruz lagun dezala sailkapen berri hauek ekarriko dituzten gastuen kitatzeko: bidaia gastuak, jokozaintza, materiala.… orotara 43 260 € inguru.

10 000 €ko ezohiko dirulaguntza batek lagunduko lioke elkarteari horri guztiari aurre egiten.

Honako hau proposatzen dizuet:

  • EMAN DIEZAIOGUN 10 000 €ko ezohiko dirulaguntza bat Stade Hendayais Eskubaloia elkarteari.

AHO BATEZ ONETSIA-

TXOSTENGILEA: Michelle MOUNIOS ADURRIAGA and.

174.2022 – 2023ko KULTURA PROIEKTUAK – DIRULAGUNTZA ESKAERAK

Mme MOUNIOS ADURRIAGA : Urtero bezala, hainbat dirulaguntza eskatuko zaie Eskualdeko Kontseiluari, Departamenduko Kontseiluari eta Euskal Elkargoari kultur sasoia, Antzerkiaren Maiatza eta Guitaralde festibala diruztatzeko.

Honako hau proposatzen dizuet :

  • urterako, Eskualdeari 23000 € eskatzea «Scènes de territoire» eta «Saison sans lieux» delakoen kontura; 12000 € Antzerkiaren Maiatzerako, eta 5000 € Guitaralde festibalerako,
  • urterako, Departamenduari 7000 € eskatzea Antzerkiaren Maiatzerako, eta 5000 € Guitaralde festibalerako,
  • Euskal Elkargoari, oraindik zehazteko diren kopuruak eskatzea,
  • Auzapez jaunari kultura proiektu horiei loturiko zeinahi dokumentu sinatzeko baimena ematea.

AHO BATEZ ONARTUA –

TXOSTENGILEA: Laurent TARIOL j.

175.2022 – BIZITEGI HUTSAK MERKATURATZEKO (BIZITEGI NAGUSI GISA) HENDAIAKO HERRIAREN PARTE HARTZEA 12 HILABETEZ ENTSEATZEA

Zerga oinarriek emaniko estatistika datuek Hendaia herrian 1000 inguru bizitegi huts direla diote. Hautetsiek lekuan egin lehen lanek erakusten dutenez, badirudi hutsik diren bizitegiak nabarmen gutxiago direla.

Halarik ere, herrian bizitegia eskuratzeko den zailtasunaren aitzinean, Hendaiako Herriak bultzatu nahi lituzke hutsik diren bizitegien jabeak bizitegi huts horiek alokairu eskuragarri batean bizitegi nagusirako alokatzera.

Bizitegi horiek hutsik izatearen arrazoiak hobe ulertu nahiz eta jabeei eskura litzazketen laguntza tekniko eta diruzkoen berri emateko, Herriak kalitate galdeketa bat emanen du abian bizitegi hutsen jabe guztien artean.

Galdeketa horrek emanen digu bizitegiak huts izatearen arrazoiak hobe ulertzeko eta ager litezkeen proiektu eramaileekin mintzatzeko aukera.

Bizilekuen berriztatzeko laguntzei dagokienean, Hendaiako Herriak diruz emendatzen du Euskal Hirigune Elkargoak daraman Guztion Intereseko Programa (ikus 2018ko urriaren 29ko Hendaiako Herriaren deliberamendua) honako xede hauekin:

  • Bizitegian bizi diren jabeak laguntzea, duintasun gabeko bizilekuen aurkako borroka diruztatuz, bai eta bizitegien energia berriztapena eta adinekoak eta ahalmen urritasunen bat dutenak beren etxean bizi daitezen laguntzea diruzko laguntza emanez (ANAH erakundeak eman dirulaguntza % 2,50ean emendatuz),
  • Hitzarmen bidezko eskaintza lagunduaren eta oso lagunduaren garapena laguntzea (ANAH erakundeak eman dirulaguntza % 2,50ean emendatuz).

Jadanik badiren laguntza guztien osagarri (Loc’avantages, PIG), Herriak alokatzaile diren jabeentzako diruzko sostengua areagotu nahi du honako bide hauek baliatuz:

  • Hutsik den bizitegi bat, lanik egin gabe, higiezinen merkatura berriz sartzea, ANAH erakundearekin hitzarmena eginez (hitzarmenaren gutxieneko epea, 6 urte): Bizitegi bakoitzeko 1500 €ko saria.
  • Hutsik den bizitegi bat, lanak eginez, higiezinen merkatura berriz sartzea, ANAH erakundearekin hitzarmena eginez (hitzarmenaren gutxieneko epea, 6 urte): Bizitegi bakoitzeko 2500 €ko saria.
  • Hutsik den bizitegi bat, lanak eginez, higiezinen merkatura berriz sartzea, ANAH erakundearekin alokairu oso lagunduko hitzarmena eginez (hitzarmenaren gutxieneko epea, 6 urte): Bizitegi bakoitzeko 3000 €ko saria.

Helburua 30 bizitegi lortzea da eta aurreikusten den gastua 70 000 eurokoa.

Honako hau proposatzen zaizue:

  • BAIMENA EMAN DIEZAIOZUELA auzapez jaunari esperimentazioa abian eman dezan, 2023ko urtarrilaren lehenean hasi eta 12 hilabetetarako, Hendaiako Herriak parte har dezan hutsik diren bizitegiak berriz merkaturatzeko,
  • ONAR DEZAZUEN honi loturiko “Bizilekua, bizitegi hutsen atala” araudia.

AHO BATEZ ONETSIA–

TXOSTENGILEA: Chantal KEHRIG COTTENÇON and.

176.2022 – DIRULAGUNTZA XERKATZEA HONDARRAITZ HONDARTZA HONDARREZTATZEKO ERAGIKETA ETA TXINGUDI BADIAREN DRAGAKETA DIRUZTATZEKO

Hendaiako Herriak, 2022ko ekainaren 27an jaso zuen Hendaiako Hondarraitz hondartza berriz hondarreztatzea ororen interesekotzat izendatzen duen, bai eta Txingudi badiaren dragaketa, horri loturiko murgilketak eta hondarreztatzea baimentzen dituen prefet agindua.

Honako helburu hauek ditu eragiketa horrek:

  • Hendaiako Hondarraitz hondartza itsasoratze ubidean dragaturiko hondarrarekin hondarreztatzea, horrela nabigatze baldintzen segurtasuna bermatuko da eta higadura prozesua mugatuko,
  • Florida kaian, arrantza profesionaleko ontziak hartzeko baldintza onak eta arrantza zona teknikorako sarbidea atxikitzea,
  • Laket portuan, portuaren erabiltzaileak hartzeko baldintza onetara itzultzea,
  • Arrantza eta laket jardunak atxikitzea, herriaren ekonomia eta erakargarritasunerako elementuak baitira.

2022ko irailaren 21eko deliberamendu batez, Herriak eta Departamenduak erabaki zuten obralaritza partekatua osatzea hondartza hondarreztatu eta badia dragatzeko eragiketak elkarrekin egiteko, bai eta horretan Hendaiako Herria izendatzea obralari nagusi.

Eragiketak diruztatzeko dirulaguntzen xerkatzea.

Departamenduak eta Herriak dragaketa eragiketen diru zamaren banaketa erabaki dute; eragiketarako aurreikusi kostua 10 516 000 € ZG da. Herriari dagozkion kostuak 7 040 800 € ZG dira.

Eragiketa horretarako izan litezkeen dirulaguntzak abian emateko, Herriak zenbait partzuer deituko ditu, besteak beste honako hauek:

  • Euskal Hirigune Elkargoa;
  • Europar Batasuna;
  • Estatua;
  • Akitania Berriko Eskualdea;
  • Frantziako Garraio Azpiegiturak Diruztatzeko Agentzia (AFITF).

Dirulaguntza eskaria EHEri, itsas hegiko arriskuen kudeatzeko tokiko estrategiaren barnean

Euskal Hirigune Elkargoak (EHE) darama itsas hegiko arriskuak kudeatzeko tokiko estrategia euskal kostaldeko herriekin elkarlanean.

Egun, EHEk estrategia horren eguneratzeari ekin dio, heldu diren 5 urteotarako egunera jarri ekintza plana proposatzeko xedez.

Estrategia horren barnean, EHEren dirulaguntza bat izan liteke, bereziki Bidasoaren ubidearen dragaketarako, Hondarraitz hondartzaren hondarreztatzeko, bai eta hondartzaren mendebaldean dagoen areamuino naturagune andeaerrazarren babes lanetarako ere, eragiketa horiek eguneratze bidean den estrategia berri horretan sartuz.

Halatan, bada, deliberamendu honek proiektua estrategia horretan sartzeko bidea ireki nahi du, Herriak EHEri ubidearen zatiaren % 10eko dirulaguntza eska ahal diezaion estrategia horren harira.

Honako hau proposatzen zaizue, hauteskide horiek:

  • BAIMENA EMAN DIEZAIOZUEN auzapez jaunari Hendaiako Hondarraitz hondartza hondarreztatzeko diruztapenak xerkatzeko egin beharrekoak egin ditzan,
  • BAIMENA EMAN DIEZAIOZUEN auzapez jaunari dirulaguntzak eskuratzeko diruztatzaileei eskariak egin diezazkien (besteak beste, Euskal Hirigune Elkargoa, Estatua, Europar Batasuna, Akitania Berriko Eskualdea, AFITF),
  • BAIMENA EMAN DIEZAIOZUEN auzapez jaunari Euskal Hirigune Elkargoari eska diezaion Hendaiako Hondarraitz hondartzaren hondarreztatze eragiketa sar dezan itsas hegiko arriskuen kudeatzeko tokiko estrategiaren barnean, bai eta ubidearen atalaren kostuaren % 10eko dirulaguntza ere eska diezaion.

AHO BATEZ ONETSIA-

177.2022 – URERTZAREN SENDOTZEA ITSAS ZENTROAREN PAREAN

KEHRIG COTTENÇON andreak: Inguru berean gara honetan ere, gaia itsas zentroaren parean dagoen urertza dugularik.

Txingudi badiak ur jarduera anitzetarako aukera ematen du eta horretarako azpiegiturak eskaintzen dizkio erabiltzaileei.

Itsas zentroaren aldean, hondartzaren goi partearen gibel egiteak areamuinoen higadura dakar bereziki Endaika eraikinaren parean.

Azterketa tekniko guztiek diote lekua egonkortu beharra dagoela Endaika eraikina arriskuan ez jartzeko. Orain dagoen arroka zatia eraikina arriskuan dagoen alderaino bakarrik luzatuko da. Obraren gainaldean eta hondartzaren gibelaldean lurra egonkortzeko teknika eztiak erabiliko dira (landareztatzea, ehun biodegradagarria kokatzea, erabileren egokitzea…).

Alde hori ez da aitzineko deliberamenduan aipatu ditugun datozen urteotarako proposatu portuaren eta badiaren mantentze eragiketei loturik. Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren adosturik, egin beharreko lanak, paisaian kokatze moldea eta ingurumen testuingurua zehazten dituen dosierra egin da Estatuaren zerbitzuek onar dezan.

Orain auzapez jaunari baimena eman behar diogu dosier hori DREAL erakundearen zerbitzuei aurkez diezaien.

Goian aipatu guztiak kontuan har eta honako hauek proposatzen zaizkizue:

  • BAIMENA EMAN DIEZAIOZUEN auzapez jaunari proiektua gauzatzeko behar den administrazio baimen eskari oro aurkez dezan,
  • BAIMENA EMAN DIEZAIOZUEN auzapez jaunari proiektua gauzatzeko sinatu beharreko dokumentu oro sina dezan eta dirulaguntza eska diezazkion partzuer eta kolektibitate eskudun orori.

AHO BATEZ ONETSIA–

178.2022 – LEHENTASUNEZ EROSTEKO AHALA BALIATUZ HOSTAILBIDEKO 8-10EKO MERKATARITZA LOKALA EROSTEA

KEHRIG COTTENÇON andreak: Hostailbideko 8-10 zenbakietan dagoen merkataritzarako ondasun bat besterentzeko asmoaren adierazpena bideratzean, Herriak EHEri eskatu dio Hirian Lehentasunez Erosteko Eskubidea utz diezaion, Herriak har ditzan lehentasunez erosteko eskubidea baliatzeko aukera emanen dioten neurriak eta entsegu saltegia edota saltegi iragankorra koka ahal dezan, Herriak Turismo eta Merkataritza bulegoarekin batera daraman merkataritza eta eskulangintza babestu eta begiratzeko ekintza planaren harira 2021/04/28ko 065.2021 zk. deliberamenduak finkatu merkataritza eta eskulangintza babesteko eremuan baikara bete-betean.

Jabetza partekatuaren 2. multzoa osatzen duen 71,65 m² zabal den ondasuna da. SCI PALMA sozietatearena da eta hutsik da. 1680 m² zabal diren 48 eta 724 zk. AN sekzioan kadastraturik diren lursailetan dago. Salneurria, DIA delakoan, 180 000 €tan finkatu da.

France Domaine erakundeari ondasunaren saltze balioa zehazt zezan eskatu zitzaion eta 173 000 €tan balioztatu zuen 2022ko abuztuaren 26an eman iritziaren bidez.

Lurralde Kolektibitateen Kode Nagusiaren L .2122-22 artikuluari jarraikiz, Herri Kontseiluak zenbait ahalmen auzapezari uztearen harira, 2020/07/23ko 071-2020 zk. deliberamenduak finkatu zuen 15. ordezkapena baliatuz, auzapez jaunak erabaki zuen, 2022/08/26an eman zuen 1717-2022 zk. udal aginduaz, ondasuna erosteari ekitea lehentasunez erosteko eskubidearen bitartez France Domaine erakundeak finkatu 173 000 €ko prezioan.

Erabaki horren berri 2022/08/29an eman zitzaion jabe saltzaile zen SCI PALMA sozietatearen ordezkari zen Salvador GAMON jaunari. Saltzaileak 2022/09/28an eman zion Herriari 173 000 euroko prezioan uzteko adostasuna azaltzen zuen erantzuna.

Halatan, bada, honako hauek proposatzen zaizkizue arrats honetan:

  • ONAR DEZAZUEN lehentasunez erosteko eskubidez eros dezagun 48 eta 724 zk. AN sekzioan dagoen eta jabetza elkargoan 2 zenbakidun multzoa osatzen duen 71,65 m² zabal den merkataritzarako lokal bat den ondasuna, SCI PALMA sozietatearena, haren ordezkari Salvador GAMON jauna ari delarik, 173 000 €tan (EHUN ETA HIRUROGEITA HAMAHIRU MILA EURO),
  • BAIMENA EMAN DIEZAIOZUEN auzapez jaunari proiektu horren gauzatzeari loturiko dokumentu eta agiri oro sina dezan.

GEHIENGOZ ONETSIA –

6 boz AURKA: MANTEROLA j., LEGARDINIER and., ARZELUS ARAMENDI j., NAVARRON and., MARTIARENA GARAT j., COTINAT and.

179.2022 – HENDAIAKO PORTU ALDEKO JABARI PUBLIKOA ALDI MUGATU BATEZ ERABILTZEKO HITZARMENA DECATHLON WATERSPORTS CENTER SOZIETATEAREKIN – 1. GEHIGARRIA

KEHRIG COTTENÇON andreak: 2003ko maiatzaren 27an, Hendaiako Herriak, Hendaiako Departamendu portuaren arrantza zonaren emakidadunak, baimen bat eman zion 306.138.900 zenbakidun matrikula duen DECATHLON SE sozietateari, lehengo arrain saltoki zaharraren eraikina 25 urteko aldi batean erabil zezan, bertan TRIBORD (egun WATERSPORT CENTER) markapean ustiatzen duen itsas gunea kokatzeko.

2015eko otsailean, hastapeneko baimen horren ordez, egiazko eskubideak osatzen zituen jabari publikoa aldi batean erabiltzeko hitzarmena eman zuen Hendaiako Herriak lehen arrain saltokia zen eraikinaren gainean eta eraikin berri bat kokatzeko ondoko zabaltzaren gainean; horrek emanen zion DECATHLON SE sozietateari bere itsas gunearen jarduna areagotzeko aukera.

2017an, DECATHLON SE sozietateak berriz ere eman zion Herriari lekuan duen jardunaren garapenaren berri eta, horri loturik, jabari publikoa erabiltzeko hitzarmen berria egin zezaten eskatu zion.

Hendaiako Herriak, eskari hori onartu eta jabari publikoa aldi batean erabiltzeko egiazko eskubideak dakartzan hitzarmen berria sinatu zuen 2017ko urriaren 02an, DECATHLON SA sozietatearekin, non 2015eko hitzarmena zekarren eremua sartzen baitzen, bai eta bi eremu gehiago, dagoen eraikinaren ekialderantz eta mendebalderantz.

Azken hitzarmen hori 35 urterako egin zen, indarrean hasi zen egunetik, hau da, 2017ko azaroaren 29tik, hasiz.

Hitzarmen horren bitartez onartu zen jabari publikoa erabiltzeko baimen hori DECATHLON SE sozietateari berari eman zitzaion. Halarik ere, hitzarmenean DECATHLON sozietateari baimena eman zitzaion, betiere Hendaiako Herriari eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduari jakitera emanez, eraikina nahi zuen hirugarren bati berralokatzeko, eman zitzaionerako erabiliz gero eta eraikia den gainazalaren % 25aren mugarekin.

Taldearen administrazio egitura sinpleago egiteko eragiketa batez, DECATHLON SE (DECATHLON SA sozietatearen eskubideak hartuz) kirol salgaien banaketa jarduna Lille hirian kokaturik den DECATHLON France SAS sozietatearen esku utziko du laster. DECATHLON SE sozietateak DECATHLON FRANCE SAS sozietatearen % 100 tituluak ditu.

Eskualdaketa hori Hendaiako portuan jabari publikoa erabiltzeko hitzarmenaren harira baimenduriko kirol eta aisialdi salgaien txikikako salmenta jardunari dagokio, salmenta gainazala 1.990 m² zabal delarik.

Barne berregituraketa horrek ez du, hortaz, portuan baimendurik diren jardunen izaeran eta kopuruan eraginik ukanen.

Horretarako, DECATHLON SE sozietateak, 2022ko ekainaren 13an Herriko Etxean sartu gutun batez, eskatu dio Herriko Etxeari jabarien erabiltzeko hitzarmenaren 15. artikuluaren berralokatzeko baimena emenda dezala, kontratu gehigarri baten bidez, eraikiak diren gainazalen % 50era.

Txikikako salmenta lekuak DECATHLON FRANCE SAS sozietateari berralokatu eta DECATHLON SE sozietatea izanen da Hendaiako Herriarekiko solaskide bakarra WATERSPORT CENTER entseinarekin taldeak ustiatzen duen portuko eremuari dagokionean; berak bermatuko du jabari publikoa erabiltzeko hitzarmenaren baldintza guztiak betetzen direla, eta berak ordainduko du erabiltzearen ordainsari osoa.

Horrez gain, DECATHLON SE sozietateak ez die berralokatuko jabari publikoa erabiltzeko hitzarmenean datorren gainazal eraikiaren % 25 baino gehiago Hendaiako Portuko jabari publikoa erabiltzeko hitzarmenaren harira baimenduriko kirol salgaiak banatzeko jarduna eskualdatuko zaion bere taldeko sozietateari ez den beste kanpoko partzuerrei, halatan bete dadin hasierako kontratu erabakietan bi aldeek adierazi zuten asmoa.

Erran dizuedan azalpen luze eta tekniko hau entzun duzuelarik, honako hauek proposatzen dizkizuet:

  • ONAR DEZAZUELA DECATHLON sozietateari 2017ko urriaren 02an lehenik eman eta 2017ko abenduaren 19an berretsi zitzaion jabari publikoa erabiltzeko hitzarmenaren lehen gehigarria;
  • BAIMENA EMAN DIEZAIOZUELA auzapezari lehen gehigarriaren proiektua sina dezan deliberamendu honen eranskinean datorren bezala.

ADIERAZI BOZ GUZTIEK ONETSIA –

6 ABSTENTZIO: MANTEROLA j., LEGARDINIER and., ARZELUS ARAMENDI j., NAVARRON and., MARTIARENA GARAT j., COTINAT and.

Gai zerrenda bururatua zelarik, auzapez jaunak biltzarrari eskerrak eman eta bilkura amaitutzat eman du 20:00etan.

HENDAIAN, 2022ko urriaren 20an

Auzapeza,
Euskal Hirigune Elkargoaren lehendakariordea
Kotte ECENARRO

HERRIKO ETXEAN AFIXATUA: 2022-10-20an